Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

Alua alegia

 

            Alegia, aluaz ari zaizkigu Intujaiko lagunak. Alegia, aluaren alegia moderno bat osatu dute Intujaiko lagunek. Badira urteak elkarren berri dugula; behin baino gehiagotan gonbidatu naute ipuin-kontaketari buruz egin ohi dituzten jardunaldi interesgarri horietara, hitzaldia ematera gainera; baina nik gehiago ikasi dut haiengandik, haiek nigandik baino.

            Itzul gaitezen, ordea, alura. Lurraren aluak ekartzen gaitu bizitzara, lurraren aluak lurperatzen gaitu amaieran. Antzinaroan, Ama Lurraren emankortasunaren sinbolo ziren hala alua nola bular handiak, Elcheko Dama eta antzeko irudi ugari lekuko; antzinako kulturetan behin eta berriz irudikaturik agertzen dira aluak. Sinbolo falikoak ere ugari dira. Aluak eta zakilak lurra eta zerua lotzen dituzte; hori lehen musika-tresnen sinbologian argi ageri da; eltzagor xume batek horixe bera adierazten du, biolin finenaren pare. Hots, aluaren eta zakilaren ugaltze eta eraberritze indarra musika sortzen du, plazera, bizi-nahia, lurretik zerura eta zerutik lurrera, etengabeko bidaian. Ez da harritzekoa hortik pentsamendu magikoa ernetzea, eta pentsamendu magikotik erlijioa eta poesia, eta hortik jakintza eta filosofia, alutik aldenduz, lurreko mamirik gabe zeruko sabaia jo nahian. Aluaren mamirik gabe ez dago, ordea, ez zerurik, ez izarrik, ez ilargiaren ferekarik. Horren haritik, oso hitz-joko polita darabilte antzezlan honetan, A Liia galegozkoa aluarekin lotuz. Gure zibilizazio iturri emera itzultzeko gonbitea?

            Platonen arreba Potoneren irudiak ere indar handia du antzezlan honetan. Zer diren gauzak; Platonek asmaturiko irudirik indartsuenetako bat Kobazuloaren Mitoa da, non errealitatea beste zerbaiten ispilu ageri baita, mundu ideal baten ispilu; agian Potone ez zegoen ados, agian bazekien kobazulo hura Ama Lurraren alua zela, eta munduko antzerkiaren errepresentazioaren jatorrian alua zegoela, baita ideien beren jatorrian ere. Beharbada Sokratesek sumatzen zuen halakorik, maieutika (ideiak erditzea, jaioaraztea) asmatu zuenean, bere ama emaginagan inspiratuta.

            Bestalde, alua da lurraren ahoa, alutik jaiotzen da ipuin eta antzerki oro, aluak garamatza A Liia-ren mundura, irudimenaren mundura. Alua jolastoki. Alua aldare. Alua, alegia.

Juan Kruz Igerabide