Aurkibidea
Sar hitza ehaze
Hitzaurrea Edurne Azkarate
1. ATALA - Miss Karaoke: antzeztutako testua
2. ATALA - Sormen prozesu baten erraiak
3. ATALA - Miss Karaoke: antzeztu gabeko testua
Hitzostea Javier Barandiaran
Aurkibidea
Sar hitza ehaze
Hitzaurrea Edurne Azkarate
1. ATALA - Miss Karaoke: antzeztutako testua
2. ATALA - Sormen prozesu baten erraiak
3. ATALA - Miss Karaoke: antzeztu gabeko testua
Hitzostea Javier Barandiaran
14.
AHOTSA 1: Oso ondo, oso polita, baina oraindik ez dut ulertzen: zergatik hitz egiten duzu hizkuntza gutxitu batean zure familiako inork ezin badu ulertu esaten duzuna?
MISS KARAOKE: Berriro galdera hori? Zergatik tematzen zara? Zergatik da arazo bat zuretzat?
AHOTSA 1: Tira, ez al da ba kontraesan bat?
MISS KARAOKE: Nire amak ez daki zer kantatzen dudan. Nire aitak ez daki zeri buruz hitz egiten dudan. Nire aitona-amonek ez zuten inoiz jakin zer jartzen zuen kantatzen ditudan hitz gutxituen barruan. Nire izeba-osabek periodikoetan agertzen naizela dakite, baina ez dute ulertzen argazkien ondoan ageri diren letrak. Nire familiak ezin du irakurri bere historia nire hitzetan. Baina guztiei iruditzen zaie zoragarria nik kantatzea: “Hain dirudi polita kantatzen duzun horrek” esaten didate denek. “Gustatuko litzaidake ulertzea esaten duzuna, baina...”.
AHOTSA 1: Orduan? Zergatik tematzen zara? Ez baduzu zure familiarentzat kantatzen, norentzat egiten duzu?
(ahotsak beraien artean korapilatuko dira beste behin.)
AHOTSA 2: Zer bilatzen duzu?
AHOTSA 1: Onarpena?
AHOTSA 2: Integrazioa?
AHOTSA 1: Hizkuntzartekotasunaren Stockholm sindromea duzu?
AHOTSA 2: Mary Poppins sindromea duzu?
AHOTSA 1: Michael Jackson linguistikoa zara?
AHOTSA 2: Zuria izan nahi duzu?
AHOTSA 1: Nola belztu behar zuria?
AHOTSA 2: Zer demostratu nahi duzu?
AHOTSA 1: Autoestimu arazoak dituzu?
AHOTSA 2: Zeozer frogatzeko zara horrelakoa?
AHOTSA 1: Lotsatu egiten zara zure jatorriaz?
AHOTSA 2: Euskal grafiaz idazten dituzu zure abizen erdaldunak?
AHOTSA 1: Zergatik izan nahi duzu gutxiengo baten parte, jatorriz gehiengo batekoa zarenean?
AHOTSA 2: Gutxiengo gutxitu baten parte zarela esatean, ez al zara ari zure sustraiak ukatzen?
MISS KARAOKE: Nahi nizueke manifestu batekin erantzun.
AHOTSA 1: Kontuz, youtubera igoko dugu.
MISS KARAOKE: Nahi nizueke segurtasun osoz erantzun, zalantzarik gabeko esaldi arranditsuez.
AHOTSA 2: Kontuz, txostenean sartuko dugu.
MISS KARAOKE: Nahi nizueke politikariek bezala adierazi sentitzen dudana.
AHOTSA 1: Kontuz, ez ditugu gustuko gustuko ez ditugun gauzak.
MISS KARAOKE: Nahi nizueke ikusarazi sentitzen dudana, ezertaz konbentzitu gabe, baina uler dezazuen.
AHOTSA 2: Kontuz, gu txostengileak gara, ez poetak.
AHOTSA 3: Halarik ere intu de beri kaustik pipol zzztrefstik zzzzpolenfik!?
MISS KARAOKE: Baina ez naiz gai. Zalantza handiak ditut. Kontraesanean erortzen naiz etengabe. Nire familia maite dut, baina, era berean, arrotza sentitzen naiz. Nire aurrekoen sustraiak badira nolabait nireak, baina, era berean, ez dute zerikusirik nireekin. Nahi nizueke esan ez zaidala inporta, guztiz hemengoa naizela, baina egia izanik ere, ez da egia osoa. Nahi nizueke esan nire arbasoen memoriaren parte direla bertako mendiak, baina pentsatu orduko zeozerk egiten dit kra!. Nahi nizueke adierazi nola esaten zuten nire aitona-amonek “baso, zirimiri, mendi, itsaso”, baina haien hiztegietan ez zegoen horretarako hitzik.
AHOTSA 1: Aski da!
AHOTSA 2: 24 minutu geratzen dira Ebento Handia hasteko.
AHOTSA 1: Kanta bakarra aukeratu behar duzu. Zein aukeratuko duzu?
MISS KARAOKE: Orain argi daukat: ez da existitzen Jende Guztia aseko duen kantarik.
AHOTSA 2: 23 minutu falta dira Ebento Handiko eszenatokira ateratzeko.
AHOTSA 1: Jakin behar dugu zer kantatuko duzun!
AHOTSA 2: Txostena bete behar dugu!
AHOTSA 3: In de beri guelkom to tijuana aiam sorri!
MISS KARAOKE: Ez da existitzen nik maite dudan jende guztia aseko duen kantarik.
AHOTSA 1: Uko egiten diozu kantatzeari?
MISS KARAOKE: Ez.
AHOTSA 1: Modu bakarra dago bakean egoteko: uko egin iezaiozu Ebento Handian kantatzeari.
MISS KARAOKE: Ez dut nahi.
AHOTSA 2: Modu bakarra dago guztiok bakean egoteko: utz ezazu beste baten eskuetan Ebento Handia.
MISS KARAOKE: Derrigortuko nauzue?
AHOTSA 1: Hori inoiz ez, demokrazia batean gaude...
AHOTSA 2: ...baina ez gara zuk diru-laguntzak bizitza osoan galtzeko arriskuaren erantzule.
MISS KARAOKE: Hori xantaia da.
AHOTSA 2: inola ere ez. Aholku bat da.
AHOTSA 1: Ez dakigu zer kantatu nahi duzun. Ez dakigu nori kantatu nahi diozun. Ez dakigu zergatik kantatu nahi duzun. Funtsean, ez dakigu nor zaren. Zer esango diogu Antolatzaile Handiari?
AHOTSA 2: 22 minutu falta dira Ebento Handia hasteko!
AHOTSA 1: Zer kantatuko duzu nola-zergatik?
(ahotsak beraien artean korapilatuko dira beste behin.)
AHOTSA 2: Ez luke kantatu behar. Ez luke! Zalantzak dituzten pertsonak arriskutsuak dira.
AHOTSA 1: Gauzak kuestionatzen dituzten pertsonak arriskutsuak dira.
AHOTSA 2: Kontraesanak dituzten pertsonak arriskutsuak dira.
AHOTSA 1: Adjektibo argiak ez dituzten pertsonak arriskutsuak dira.
AHOTSA 2: Zeintzuk dira zureak?
AHOTSA 1: Nire adjektiboak?
AHOTSA 2: Zure adjektiboak.
AHOTSA 1: Ebento Handiko Antolatzaile Handiak kontratatutako Deabruaren Abokatu Txikia naiz ni, abokatu hibernatu, maskulinizatu, estabilizatu, moderatua. Eta zureak?
AHOTSA 2: Nire adjektiboak?
AHOTSA 1: Zure adjektiboak.
AHOTSA 2: Ebento Handiko Antolatzaile Handiak kontratatutako Idazkari Txikia naiz ni, txostengile sasiatsegin, sasiperformatibo, sasifeminizatua, sasilizuna. Eta moderatua.
AHOTSA 1 (miss karaoke ri): Zu, berriz..., moderatua zara?
MISS KARAOKE: Zer esan nahi duzu horrekin?
AHOTSA 2: Oso garrantzitsua da hori jakitea guretzat, txostenarentzat.
MISS KARAOKE: Ez dakit. Pentsatu beharko nuke.
AHOTSA 1: Hori ezerosoa da. Gauzak gehiegi pentsatzen dituen oro da ezerosoa.
AHOTSA 2: Beraz, erradikala.
AHOTSA 1: Beraz, erradikala.
MISS KARAOKE: Ez dakit moderatua naizen. Ez dakit zeintzuk diren nire adjektiboak.
AHOTSA 1: Ezkertiarra?
AHOTSA 2: Eskuindarra?
AHOTSA 1: Mantxurrianoa?
AHOTSA 2: Etorkina?
AHOTSA 1: Maketoa?
AHOTSA 2: Frikia?
AHOTSA 1: Hipsterra?
AHOTSA 2: Borrokilla?
AHOTSA 1: Ez badakizu argi zeintzuk diren zure adjektiboak, nola egingo dizugu iseka? Zalantzak baldin badituzu, nola epaituko zaitugu politikoki? Gauzak kuestionatzen badituzu, nola kondenatuko zaitugu irmoki? Zalantzak baldin badituzu, nola eskatuko dizugu iritziz beste egiteko? Adjektibo argiak ez badituzu, nola egingo dugu barre haietaz?
MISS KARAOKE: Etsigarriak zarete. Oso moderatu intoleranteak zarete.
AHOTSA 2: 19 minutu falta dira Ebento Handirako.
AHOTSA 1 (konbentzitu nahian): Parte hartzen ez baduzu, beti kantatu ahal izango duzu tabernetan. Hor dena da posible, tabernetako giro idealista, erromantikoa, undergrounda..., baina ez Ebento Handian.
AHOTSA 2: Ez Ebento Handian.
AHOTSA 1: Ebento Handian pertsona seguruak behar ditugu.
AHOTSA 2: Segurtasunaren garaia da hau.
AHOTSA 1: Pertsona seguruak nahi ditugu.
AHOTSA 2: Seguru sentiaraziko gaituzten pertsona seguruak.
AHOTSA 1: Imajina dezakezu aseguru saltzaile inseguru bat? Se-guru mota da seguru es dena?
AHOTSA 2: Hori txiste bat izan da...!?
MISS KARAOKE: Seguru zaudete jende segurua segurua dela?
AHOTSA 1: Seguru sentitzen den norbait behar dugu Ebento Handian kantatzeko. Egiten duena zergatik egiten duen dakien norbait.
AHOTSA 2: Zure kasua al da hori?
AHOTSA 1: Ba al dakizu zergatik aukeratuko duzun aukeratuko duzun kanta?
AHOTSA 2: 17 minutu falta dira Ebento Handia hasteko.
AHOTSA 1: Are gehiago, hel diezaiogun negoziazio honen alderik gatazkatsuenari: zergatik kantatuko duzu hizkuntza gutxitu batean zure familiako inork ezin badu esaten duzuna ulertu?
MISS KARAOKE: Nire arbasoen sustraiak maite ditudalako, maite ditut nireak.
AHOTSA 2 (geldiunea. Ondoren txosteneko orrialdeak apurtzen hasten da): Oraingoan bai, akabo.