Miss Karaoke
Oier Guillan
Miss Karaoke
Oier Guillan
EHAZE, 2021

 

11.

 

AHOTSA 1: Oso polita, baina ez dut letra ulertu.

MISS KARAOKE: Ez dago ulertzerik. Baina ulertzen ez dena ere sentitu egin daiteke. Horrela kantatu zuen Mikel Laboak Jacques Brelen kanta hau, frantsesa jakin gabe kanta lehenengo aldiz entzun zuenean sentitu zuena islatuz, lehenengo aldi hartan jaso zuen soinua eta sentimendua adieraziz.

AHOTSA 3 (Pozik): Alajaina, zenizkiokeen, gintzaizkiokeen! La meg se une xanxon populag avec le salxixon!

AHOTSA 2: Txostenean apuntatuko dut. Zure diru-laguntza jasotzeko gaitasunaren indizea modu interesgarrian handitzen ari da.

AHOTSA 1: Bale, ados. Ulertzen ez dena ere ulertu daiteke.

MISS KARAOKE: Eta nahiz eta besteek ez ulertu esaten duzuna, nahiz eta hizkuntza asmatu batean izan, modu sentituan behar duzu esan, eta ulertuko da. Horregatik batzuetan besteek ulertzeko moduko hitzekin esanda ere ez da ulertzen, sentimendurik ez dagoelako. Horrela sentitzen naiz ni karaokean hizkuntza gutxitu batean kantatzen dudanean.

AHOTSA 1: Et-et-et. Zer esan nahi duzu? Ez dakit ondo ulertu dudan, edo ondo ulertu dudan arren ez dudan ulertu nahi, edo ulertu arren ez dudan konprenitzen: gutxiengo baten artea praktikatzen duzu, jende gutxi agertzen den garitoetan, goizeko ordu gutxituetan, eta gainera hizkuntza gutxituak erabiltzen dituzu kantatzeko?

MISS KARAOKE: Gutxiegitan, baina bai.

 

(ahotsen artean eskandalu giroa.)

 

AHOTSA 1: Gutxiegitan, zergatik?

MISS KARAOKE: Nekagarria delako. Maite ditudalako txaloak. Maite dudalako maitatua izatea, edonork bezala. Eta jendeak errazago maite zaituelako ulertzen bazaitu. Eta jende gehiagok maitatzen zaituelako ulertzen bazaitu.

AHOTSA 2: Zure diru-laguntzak jasotzeko gaitasunaren indizea modu arriskutsuan ari da jaisten oraintxe bertan.

AHOTSA 1: Hizkuntzek elkartu egin behar gaituzte, hizkuntzek ez dute jendea separatu behar. Zer du txarra ahalik eta jende gehienarekin komunikatu ahal izatea?

AHOTSA 3: Luk at mi, ai jaf no problem tu spik in oder lenguexex.

MISS KARAOKE: Maite ditut hizkuntzak. Guztiak. Ez da hori arazoa. Baina nola sentitu berdin nire bizipenen memoriak kargatu ez dituen berbak? Eta nola sentitu berdin desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza eta ez dagoena?

AHOTSA 1: Jarrera horrek jendea separatzen du.

MISS KARAOKE: Ez. Diferentziak existitzen direla ez onartzeak separatzen du jendea. Kultur aniztasuna ez da guztiok nahastu eta berdinak izatea. Kultur aniztasuna bakoitza den bezala izanik beste edonoren eskubide berak izatea da.

AHOTSA 2: 33 minutu Ebento Handia hasteko. Oso arriskutsua da planteatzen ari zarena. Oso arriskutsua da planeatzen ari zarena. Oso arriskutsua da eta zara.

MISS KARAOKE: Komunikazioa maitasun ekintza bat da, eta ezin dut naizena izan gabe inor maitatu. Ezin naiz naizena izan gabe maitatua izan.

 

(ahotsa 2k ahotsa 1i bat-batean.)

 

AHOTSA 2: Zuk muxu ematen diezu zure lagunei ezpainetan?

AHOTSA 1: Barkatu?

AHOTSA 2: Ea lagunei “kaixo” edo “agur” esatearekin batera muxu ematen diezun ezpainetan? Zure sexu berekoei muxu ematen diezu ezpainetan? Zure senitartekoei “kaixo” edo “agur” esatean muxu ematen diezu ezpainetan?

AHOTSA 1: Ba, tira, bai. Batzuei bai. Konfiantzaren arabera. Giroaren arabera. Testuinguruaren arabera.

AHOTSA 2: Jende asko oraindik ere eskandalizatu egiten da inork lagun bat ezpainetan muxu emanda agurtzerakoan.

AHOTSA 1: Bai, absurdoa da, ez muxua ematea bera, baizik eta zeinen erraz eskandalizatzen garen halako huskeriekin, baina... zertara dator hori?

MISS KARAOKE: Bai, zertan ari zara?

AHOTSA 2: Gaiaz aldatzen. Ez zait gustatzen zurekin dugun elkarrizketak hartu duen bidea.

MISS KARAOKE: Deserosoa zaizu esaten dudana?

AHOTSA 2: Deserosoa ez. Aspergarria. Bizitza guztia daramat hizkuntzartekotasun kontu horiei bueltaka, eta nekatuta nago. Ez da dibertigarria.

AHOTSA 1: Hitz egin dezagun argi!

AHOTSA 2: 32 minutu Ebento Handia hasteko.

AHOTSA 1 (miss karaokeri): Nik pertsona zentzuzkoa zinela uste nuen. Nik pertsona irekia zinela uste nuen. Nik pertsona demokratikoa zinela uste nuen. Nik pertsona malgua zinela uste nuen. Nik pertsona moderatua zinela uste nuen.

MISS KARAOKE: Ezer ez dago moderazioa erradikalki defendatzen duena baino erradikalagorik. Hizkuntza guztiak maite ditudala esan dizut, horregatik nahi nukeela hizkuntza gutxitu batean kantatu. Hizkuntza guztiekiko maitasunagatik, aniztasuna bermatzeagatik.

AHOTSA 2: Baina hori ez da ondo geratzen txostenetan!

MISS KARAOKE: Eta gainera, hizkuntza gehiengotuagotuek ez dute nire beharrik. Badute nahiko jende eta komunikabide eta canciσn del verano existitzeko.

 

(Eskandalu giroa ahotsen artean.)

 

AHOTSA 1: Diferentzia defendatzea peligrosoa da. Berdinak izatea da demokrazia. Beraz zu, antidemokratikoa izateko arrisku bizian zaude.

MISS KARAOKE: Zer esan nahi duzu horrekin?

AHOTSA 1: Demokraziari esker gara berdinak. Ahalik eta berdinago, ahalik eta demokratikoago.

MISS KARAOKE: Baina nik ez dut uste denok berdinak izatea ona denik.

 

(Eskandalu giroa ahotsen artean.)

 

AHOTSA 2: Zer iritzi duzu existentzia plano ezberdinei buruz?

AHOTSA 1: Zer esan nahi duzu?

AHOTSA 2: Zure ustez, heriotzaren ostean bizitza dago?

AHOTSA 1: Ba ez dakit badagoen, eta egia esateko, ez dakit batere inporta zaidan.

AHOTSA 2: Jende bati heriotzaren ostean bizitza dagoela jakitea lasaigarria egiten zaio.

AHOTSA 1: A bai, zergatik?

AHOTSA 2: Horrela ez dutelako autobiografiarik idatzi behar. Heriotzaren ostean bere bizitza oroitzen jarraitu ahal izango dutelako.

AHOTSA 3: No jodas. Not fuck. Strantzen bantzen. (Mantra bat esaten hasi da.)

AHOTSA 2 (ahotsa 3ri buruz): Zer gertatu zaio honi?

AHOTSA 1: Elebitatzen hasi da berriro.

AHOTSA 2: Biziki kezkatzen nau heriotzaren osteko existentziak.

AHOTSA 1: Zergatik?

AHOTSA 2: Perfekzioa iradokitzen duelako. Bakea. Dena zuria, biguna, kotoizkoa, hilerokorik gabekoa izatea. Kezkagarria egiten zait.

AHOTSA 1: Kezkagarria paradisuaren existentzia?

AHOTSA 2: Kezkagarria bai. Paradisua gauza izugarri aspergarria baldin bada, ez ote da hobe hemen geratzea, nahiz eta gerren kontra borrokatu behar izan etengabe?

AHOTSA 1: Oso gauza artegagarriak ari zara esaten.

AHOTSA 2: Artegagarria niri perfekzioaren eta bake infinituaren ideia iruditzen zait.

AHOTSA 1: Ulertzen dut, baina, baina... zertara dator hori?

MISS KARAOKE: Bai, zertan ari zara?

AHOTSA 2: Gaiaz aldatzen. Ez zait gustatzen zurekin dugun elkarrizketak hartu duen bidea.

MISS KARAOKE: Deserosoa zaizu esaten dudana?

AHOTSA 2: Deserosoa ez. Aspergarria. Bizitza guztia daramat hizkuntzartekotasun kontu horiei bueltaka eta nekatuta nago. Ez da dibertigarria.

MISS KARAOKE: Beste adibide bat jarriko dizut: begira emakumeak eta gizonak. Demokrazietan ustez eskubide berdintasuna dugu. Baina soldata berdinak ditugu? Ardura berdinak ditugu? Eskubide berdintasuna dugu legearen aurrean, baina bada legetik haragoko errealitate bat. Errealitatea ez da legea, ez da egitura politikoa, ez da alderdia. Errealitatea eguneroko elkarbizitza da. soilik emakumeen eskubideak eguneroko bizitzan errealak izatean hitz egin ahal izango dugu berdintasunaz. Ba, hizkuntza hautuekin berdin. Bien artean, legea dugu soilik. Eta legea ez da errealitatea.

AHOTSA 1: Oso ondo, oso polita, baina galdera ezeroso bat egingo dizut, deabruaren abokatua naizenez kontratuz, mandatuz eta Antolatzaile Handiaren enkarguz: zergatik hitz egiten duzu hizkuntza gutxitu batean zure familiako inork ezin badu ulertu? Zergatik kantatu nahi duzu hizkuntza gutxitu batean inporta zaizun jende gehienak ezingo badu ulertu? sentimenduaz ari zara, baina diozun guztia ez al da ba gezurra? Ez al zara hipokrita hutsa? Zergatik aukeratuko zenuke benetan hizkuntza gutxitu batean kantatzea, Jende Guztiarentzat kantatu nahi duzunean, eta ez zure familiak ez gehiengoak ere ulertuko ez duenean?

MISS KARAOKE (blokeatu da): Galdera ona. Ez dut erantzunik.

AHOTSA 1: Agian topatu dugu erabaki honen erraietan dagoen zeraren zeraren zera.

AHOTSA 2: Zer?

AHOTSA 1: Gakoa.

MISS KARAOKE: Ez dut erantzunik, ez, ez dut erantzunik, ez, ez dut erantzunik!!! Galderak, galderak, galderak... zer kantatu erabaki... erabaki xume, sinple, erraz bat hartzeko, hainbeste gauza hartu behar al dira ba kontuan? Nola da posible? Ni hunkitzen nauelako agian besteak hunkituko dituen zerbait kantatuko dut? Maite dudan eta dagoeneko hemen ez dagoen jendeari eresia? Zein hizkuntzatan kantatu behar dut? Pertsona bakar bat hunkitzeko gai izango naiz, eta haren bitartez beste guztiak? Zer sortu nahi dut Jende Guztiarengan? Nor da niretzat Jende Guztia? Noren memoria gorde nahi nuke kanta batean? Kanta bat kantatu, besterik ez dut nahi. Nik erantzun bat nahi nuen, baina erantzun bakar batek hamaika galdera dauzka. Erabaki batek, erabaki xume batek, hainbeste galdera ote ditu barruan?

AHOTSA 1: Utz ditzagun digresio alterofilikoak! Gatozen harira!

AHOTSA 2: 25 minutu Ebento Handia hasteko!

AHOTSA 3: In de beri guei tu de pipol!

AHOTSA 1: Galdera errepikatuko dizut: zergatik aukeratuko zenuke benetan hizkuntza gutxitu batean kantatzea, Jende Guztiarentzat kantatu nahi duzunean, eta ez zure familiak ez gehiengoak ere ulertuko ez duenean?

MISS KARAOKE: Badirelako norberarenak bakarrik ez diren norberaren ametsak.

AHOTSA 2 (zur eta lur): Akabo txostena.