Aurkibidea
Sar hitza ehaze
Hitzaurrea Edurne Azkarate
1. ATALA - Miss Karaoke: antzeztutako testua
2. ATALA - Sormen prozesu baten erraiak
3. ATALA - Miss Karaoke: antzeztu gabeko testua
Hitzostea Javier Barandiaran
Aurkibidea
Sar hitza ehaze
Hitzaurrea Edurne Azkarate
1. ATALA - Miss Karaoke: antzeztutako testua
2. ATALA - Sormen prozesu baten erraiak
3. ATALA - Miss Karaoke: antzeztu gabeko testua
Hitzostea Javier Barandiaran
2.
(Karaoke-espazioan daude pertsonaia guztiak. Aulki huts batzuk albo batean, atzealdean karaokea proiektatzeko pantaila. Mikro batzuk bere oinekin han-hemen sakabanatuak.)
AHOTSA 1: Bravo! Bravissimo!
AHOTSA 2: Are gehiago esango nuke nik, bravo, bravissimo!
AHOTSA 3: Are gehiago, hau da, alegia, diot, are “issimo” gehiago ere!
MISS KARAOKE: Zuek! Nortzuk zarete? Nortzuk zarete zuek? Nortzuk? Nortzuk zarete zuek?
AHOTSA 1: Entzuleak gara gu.
AHOTSA 2: Laguntzaileak gara gu.
AHOTSA 3: Juntagailuak gara gu: eta, edo, baina.
MISS KARAOKE: Entzuleak... edo espiak? Laguntzaileak... edo kontrolatzaileak? Juntagailuak... edo... edo... baina zer arraio da juntagailu bat? Zergatik? Zertarako? Nork bidali zaituzte?
AHOTSA 1: Hemen gaude. Zer inporta du zergatik.
AHOTSA 2: Etorri gara. Zer inporta du zertarako.
AHOTSA 3: Eta hala ere, hala eta guztiz ere, hargatik.
(ahotsak haien artean korapilatuko dira eztabaidan. ahotsa 3ri buruz harriduraz mintzatuko da lehenik ahotsa 2.)
AHOTSA 2: Nor da hau?
AHOTSA 1: Ez dakit. Poeta bat.
AHOTSA 2: Zuk ekarri duzu?
AHOTSA 1: Ez, nik ez. Ni bertara azaldu naizenean bera ere hemen zegoen. Kontratua dauka. Curriculuma dauka. Hizkuntzak dakizki.
AHOTSA 2: Hau da hau, ni azaldu naizenean zu ere hemen zinen.
AHOTSA 1: Baita zu ere.
AHOTSA 2: Poeta dela esan duzu? Zertarako behar dugu poeta bat gure lana betetzeko?
AHOTSA 1: Ez dakit.
AHOTSA 2: Zertarako balio du poeta batek?
AHOTSA 1: Ez dakit. Ezer esan gabe guztia esateko?
AHOTSA 2: Hau da, erantzun politikoak emateko.
MISS KARAOKE: Aski da! Nortzuk zarete zuek? Zein da zuen lana? Zer bilatzen duzue hemen? Zer ari zarete hemen? Zer nahi duzue nitaz? Ez duzue ikusten lanpetua nagoela?
AHOTSA 1: Ba egia esan... ez.
AHOTSA 2: Ez dugu ikusten.
AHOTSA 1: Horregatik gaude hemen.
MISS KARAOKE: Tira, ba... erabaki bat ari naiz hartzen.
AHOTSA 1: Hara! Eta zein da hartzen ari zaren erabakia?
MISS KARAOKE: Oraindik ez dut erabaki.
AHOTSA 1: O.
MISS KARAOKE: Bai.
AHOTSA 3: Honenbestez, horrenbestez, hainbestez.
AHOTSA 2 (ahotsa 3ri arraro begiratzen dio. jarraitzen du): Eta zer behar duzu zer erabaki behar duzun erabaki ahal izateko?
MISS KARAOKE: Ez dakit. Blokeatuta nago. Ebento Handian karaokea kantatzeko enkargua jaso dut. Azkenean karaokeak lekua izango du arte eszenikorik prestigiotsuenen artean, teatroa, opera, performancea eta haurrentzako antzerkiaren pare. Kanta bat kantatu ahal izango dut Ebento Handian. Jende Guztia egongo da hor, ni entzuten.
AHOTSA 3: Ordea berriz ostera aldiz aitzitik?
AHOTSA 2 (ahotsa 3ri begira berriro): Baina zer arraio dio honek? Nork ekarri du poeta bat hona?
AHOTSA 3: In de beri guei tu de pipol. Strantzen bantzen!
AHOTSA 1: Eta zergatik karaokea? Hau da, alegia, diot, zergatik karaokea?
AHOTSA 3: Hortaz, hortaz, bada, vulevu?
MISS KARAOKE: Ebento Handian kantatzeko kanta bat aukeratu behar dut. Jende Guztia egongo da han. Jende Garrantzitsu Guztia, eta Jende Ez Garrantzitsu Guztia; nik ez dakit zein den zein, baina berdin dio, ni han egongo naiz karaokea kantatzen. Miss Karaoke naiz ni, eta Ebento Handian kantatzeko kanta bat aukeratu behar dut, Antolatzaile Handiaren enkarguz.
(Pentsakor.)
Nortzuk zarete zuek? Antolatzaile Handiak bidali zaituzte ni bijilatzera? Ez da nitaz fio? Nortzuk zarete zuek? Zein da zuen lana? Nortzuk zarete? Hiru mosketariak zarete? Hiru moskiterak?
AHOTSA 1: Ez.
MISS KARAOKE: Gabonetako hiru mamuak? Atzoko, gaurko, biharko gabonak ikusaraziko dizkidazue?
AHOTSA 2: Ez.
MISS KARAOKE: Bermudetako triangelua? Bermudak janzten dituzue? Bermudez abizena duzue?
AHOTSA 3: Ez, beraz, izan ere, ez. Ajlamabajlama ndu!
MISS KARAOKE: Zertara etorri zarete? Ni bijilatzera? Ni espantatzera? Ni konprobatzera? Edo okerrago, ni subentzionatzera? Nortzuk zarete zuek?
AHOTSA 1: Gu... idazkariak gara.
MISS KARAOKE: Idazkariak?
AHOTSA 2: Idazkariak.
AHOTSA 1 (ahotsa 2ri buruz): Bera txostengile profesionala da.
AHOTSA 2 (ahotsa 1i buruz): Bera deabruaren abokatua.
AHOTSA 1(ahotsa 3ri buruz): Eta bera poeta.
(Hemendik aurrera hiru ahotsak beste behin haien artean korapilatu.)
AHOTSA 3: Alabaina, alafede.
AHOTSA 2: Baina ez dakigu zer egiten duen hemen poetak.
AHOTSA 1: Nork bidali duen.
AHOTSA 2: Gure enpresako bulegokoen akatsa izango da.
AHOTSA 1: Zertarako bidali ote dute gurekin?
AHOTSA 2: Guztia esanda ezer ez esateko. Politikari guztiek behar dute poeta bat alboan.
AHOTSA 3: Alabaina, alafede.
AHOTSA 1 (miss karaokeri): Zer aukeratu behar duzun aukeratzen laguntzera etorri gara gu. Labela gara.
AHOTSA 2: Bermea gara.
AHOTSA 1: Kotoiaren froga gara.
AHOTSA 2: Nazioarteko begiraleak gara.
AHOTSA 1: Zer aukeratu aukeratzen laguntzera edo zer erabaki erabakitzen laguntzera gatoz, Antolatzaile Handiaren enkarguz eta mirariz, Ebento Handiak ezusteko ezusterik gabe aurrera egin dezan.
AHOTSA 2 (emozionaturik): Eta ondo aterako ez balitz ere, berdin dio, txosten eder eta mardul bat izango genuke, argazkiekin... fakturekin... prentsako aipamenekin... ai, emozionatu egiten naiz!
MISS KARAOKE: Baina, orduan..., ezagutzen duzue?
AHOTSA 2: Ezagutu nor?
MISS KARAOKE: Antolatzaile Handia.
AHOTSA 1: Ezagutu Fidel Castro? Ezagutu Barack Obama? Ezagutu Angela Davis?
AHOTSA 2: Ezagutu nor?
AHOTSA 1: Ezagutu Iρigo Urkulluren idazkaria? Ezagutu Pablo Iglesiasen idazkaria? Ezagutu Bob Geldofen idazkaria?
MISS KARAOKE: Ezagutu... Antolatzaile Handia!
AHOTSA 1: Fidel Castro, Barack Obama, Angela Davis, Iρigo Urkullu, Pablo Iglesias, Bob Geldof eta nire ama Antolatzaile Handiak dira!
MISS KARAOKE: Bai, baina Ebento Handiko Antolatzaile Handia esan nahi dut nik, karaokea kantatzea enkargatu didana esan nahi dut nik!
AHOTSA 1: O! Antolatzaile Handi hori!
AHOTSA 2: O! Antolatzailea Handi hori hori?
(Geldiunea.)
MISS KARAOKE: Horia da?
AHOTSA 1: Zein?
MISS KARAOKE: Antolatzaile Handi hori. “Antolatzaile Handi hori hori” esan duzu.
AHOTSA 1: Ez, guk dakigula hori ez da horia.
AHOTSA 2: Baina ez dugu sekula ikusi.
AHOTSA 1: Internet bidez kontratatu gaitu.
AHOTSA 2: mgit elkarteko kideak gara gu: Mugarik Gabeko Idazkari Txostengileak, bisitatu gure weba nahi baduzu.
Visa bitartez ordaindu daitezke gure zerbitzuak. Baina avisa-tu lehenago, kar-kar!
AHOTSA 1: Hori txiste bat izan da...?! (Isilunea) Ez dugu, ez, bere aurpegia sekula ikusi.
MISS KARAOKE: Baina, orduan... zer eskatu dizue Antolatzaile Handiak? Zertan ari zarete hemen? Zer nahi du nitaz? Zein da zuen helburua?
(ahotsek ez dakite zer erantzun.)
AHOTSA 2: Poeta, erantzun iezaiozu.
AHOTSA 3: Honenbestez, horrenbestez, hainbestez, halatan, hala zeren, zergatik, alabaina, bada, izan ere...
AHOTSA 2: Uau, joder, azkenean bai, benetan praktikoa izango zaigu poeta hau.
AHOTSA 3: Beraz, barren, badarik ere, de sanxain is niar llu mai lof.
MISS KARAOKE: Ados, ados..., berdin dio... Ez dakit zer aukeratu, hori da inporta duena. Ez dakit zer kantatu Ebento Handian, Ez dakit nola erantzun Antolatzaile Handiaren enkarguari. Ez dakit nola izan Jende Guztia hunkituko duen kanta bat.
AHOTSA 2: 71 minutu falta dira Ebento Handia hasteko. (Dramatikoegi, zinikoegi) Inflexio puntu bat behar dugu egoera tamalgarri honetan. Gure txostena amaitu ahal izateko kanta zein den jakin behar dugu! Zer diozu zuk, deabruaren abokatu txit gorena?
AHOTSA 1: Nik zera esango nuke eta diot, hau da, alegia eta abar, nik badut egoera tamalgarri honetatik ateratzen hasteko gogoeta ezeroso bat zuei eskaintzeko. (miss karaokeri) Miss Karaoke jaun, andere, jaundere edo ez bata ez bestea: ez badakizu nola hunkitu besteak, kanta ezazu lehenik eta behin zu zeu hunkituko zaituen zerbait. Horrela, agian, lortuko duzu besteak hunkitzea. Paulo Coelhoren liburu batean irakurri nuen hau: “Manual cariρoso para un performer principiante cariρoso”.
MISS KARAOKE (pentsakor): Horrek badu zentzurik niretzat. Bai! Hori bilatu behar dut, hori izan daiteke bidea, bai! Ni neu hunkitzen nauen zerbait topatzen badut, agian besteak hunkitzea lortuko dut! (Blokeatua berriro) Ados, baina... zerk hunkitzen nau ni? (Etsituta, pentsakor) Egia esan, ez dakit.
AHOTSA 1: Tamalgarria.
AHOTSA 2: Are gehiago esango nuke nik: tamalgarria.
AHOTSA 3: Eta abar.