Miss Karaoke
Oier Guillan
Miss Karaoke
Oier Guillan
EHAZE, 2021

 

2. ATALA

Sormen prozesu baten erraiak

 

 

Pez Limbo taldea eta Edu Hernandori nire eskerrik sentituenak, haien konplizitatea eta ekoizpen ahaleginari esker egin ahal izan zelako muntaia hau. Adiskideok, jarraitzen dugu konplizitateak saretzen!

 

 

            Miss Karaoke antzezlanaren birak iraun duen bitartean, ahalik eta emanaldi gehienetara joan naiz. Ia guztietara. Kanpo begiradatik sentitu dudan atxikimendua erabatekoa izan da. Kuriosoa da emanaldi bat ikusten ez nekatzearen sentsazioa, aldiro aktoreek deskubritzen dituzten ñabardura berriez gozatzea, unetik unera sortzen den eskultura bat balitz bezala, edo zuzenean entzuten nekatzen ez garelako kanta bat, aldiro zure barrunbeetan nabigatzen laguntzen dizun emozioen eztanda. Emanaldi haietan, ia beti, Javi Barandiaran Barandi-ren alboan izan naiz, publikoaren atzeko ilaretan. Isilik biok, antzezlaneko une bakoitzari beha, publikoaren erreakzioei adi. Espero ditugun barreak edo isilune urduriak segundoka aurreikusten, bakoitza bere oroitzapen eta gomutetan murgilduta. Atzeko ilaretan eseri naiz gaur ere, emanaldia hastear dela.

            Iluna. Ahots bat entzuten da urrunean, eszenatokiaren hondoan, Mikel Laboaren kanta bat intonatzen, Joseba Sarrionandiaren letrarekin: “Nekez uzten du bere sorterria, sustraiak han dituena...” Argiak gora doaz. Pertsona bat ikusten dugu bizkarrez, eskuetan mikrofono bat izango balu bezala, baina ez dauka. Bere alboan, pentsakor, bi pertsonaia bitxi. Batek ilea solte eta nahasia dauka, begi sakonak, aire arraro bat. Besteak ile luzea du mototsean bilduta: zaila da atzematen nor ote den. Hitz egiten hasi dira, ahapeka. Laugarren bat sartu da, argala, burusoiltxoa; eszenatokiaren ahora doa eta infinituari begira jartzen da. Eserita daudenak haien artean hasten dira solasean, oraingoan ikusleek entzuteko moduan: “Nor da hori?”, “Poeta bat da", “Eta zertarako balio du poeta batek?”, “Ezer esan gabe dena esateko”. Laugarrenak, poetak, ipurdian ezkutatua zuen puxika askatu eta hegaka hasten da, eszenatokia puzker absurdo baten moduan zeharkatuz, publikoa ezustean hartuz. Lehenengo barreak entzuten dira besaulkietan.

 

            Gustukoa dut Miss Karaokek sortzen duen eragina lehen eskutik sentitzea, publikoko kide bakoitzaren taupada deszifratzearren. Obra hau hamaika aldiz ikusita ere, ez naiz nekatu. Behin eta berriz zabaltzen ditut arranpalo begiak, beti emozionatzen naiz, aldiro egiten dut barre. Sarritan egon izan naiz beste obra batzuetan, oholtza gainean, baina oso gutxitan sentitu naiz oholtzan presente egon gabe antzezlan baten parte. Nirea sentitzen dut eszenatokian gertatzen dena, fisikoki han ez banago ere. Neure bulkada batetik sortu zen aitonaren barrenak arakatu nahi nituen garaian. Ezustean, proiektuak laguntza bat jaso eta aurrera egiteko aukera eman zen. Ondoren hasi zen beste fase bat: nola kolektibizatu norberarena den bulkada intimoa. Kasu honetan, kanpo begiradan eta berridazketan une oro egon naizen honetan, lan oso pertsonala dela sentitzen dut. Baina, era berean, idazketa aktoreen gorputzak zeharkatuz egin dugu, kanpo begiradan une batean Javi ere gehitu zelarik. Esango nuke denok utzi dugula obra honetan gure zati bat. Ez hori bakarrik, sormen prozesuan zehar beste taldekide batzuen interferentzia kreatiboak bilatu ditugu etengabe. Nola edo hala parte hartu dugun guztiok sentitzen dugu, eszenaren batean edo bestean, mugimendu edo testu zatiren batean, gure sorkuntza propioko obra bat dela. Gogoan ditut Idoia Beratarbide eta Joseba Roldanen bisitak, kasu, haien telefonozko aholkularitza jarraia aktoreekin lehen egonaldian ginela; zeinen garrantzitsua izan ziren bisita haiek, eta Edu Hernando eta David Alkortaren ekarpenak ostera.

 

            Elkarrizketa hasi da oholtza gaineko lau pertsonaia bitxien artean. Kantuan bizkarrez zegoen aktoreak —Ziarrustak buelta eman du eta besteekin solasean hasi da. Aulkietan eserita daudenak Jabitxin eta Marina dira; poeta bitxi eta xarmagarria, berriz, Unai. Une batez badirudi elkarrizketa normal bat dela lauren artekoa, teatro naturalista bateko situazio tipiko bat, baina bada zeozer ondo ez dabilena, eta publikoak berehala sumatzen du. Obraren hasiera da eta oraindik eserlekuetan ikusminez daude, obraren nondik norakoa asmatu nahian. Eta bai, zaila da deskribatzen publikoak sumatzen duen inkonexio puntu hori, elkarrizketako esaldiek guztiz enkajatuko ez balute bezala: aipatzen dira gai batzuk pertsonaien ahotik, aipatzen dira genero kontuak eta ezbaiak, tarteka barre egiten dugu... Unaik mahaitxo batetik marra bat esnifatzearen ekintza simulatzen du eta lurrera erortzen da, Jabitxinek jasotzen du salto batez, eta badoaz aurrera. Ezustean, bat-batean, ilunera doaz, lau aktoreek ekintzak eta esaldiak lehor mozten dituzte, eta ihesi doaz alboetara. Bertan agertoki alboetako hankak jasoak daude, eta une oro ikusten ditugu bazterrean egiten dituzten mugimenduak, eszenatokiaren hondoa biluzik erakutsiz. Oraindik ere ilunetan gaudela, musika bizi bat hasten da bolumen altuan, eta argi guztiak kolpez pizten dira.

            Lau aktoreak korrika ateratzen dira eszenatokiko lehen lerrora, eskuetatik elkar hartu eta publikoa agurtzen hasten dira, obraren amaiera izango balitz bezala. Hemendik aurrera zoramen alai eta absurdo batean sartuko gara. Aktoreek antzezlanen amaieretan ikusten ohituta gauden errituala egiten dute, emanaldiaren hasiera izan arren. Ateratzen dira behin, bitan, hirutan, amaierako musika loriatsuarekin batera dituzte koreografiatuak agurrak, benetan obra bukatu dela ematen du. “Zer ari da gertatzen hemen?”, hasieran publikoarentzat deskontziertoa dena jolasa bilakatzen da apurka. Jendea sartu egin da proposamenean, txalotu egiten ditu aktoreek esku zartak jasotzera egiten duten irteera bakoitzean. Aldiro, zerbait ezberdina egiten dute agurretan, koreografia konplikatzen doa. Batean taldeka, bestean banaka, hurrengoan buruz behera pinuarena egiten, harako hartan airean txilinbuelta emanez, elkar musukatuz eta agurtuz. Publikoa zoratzen hasi da,jolas betean da. Baina, era berean, aktoreak kontua luzatzen ari dira, gehiegi: “Zenbat txalo jaso nahi dituzte hauek?”. Publikoak dardara sentitzen du, berehala ulertu du jolaserako gonbita dela, eta beraiek ere jolastu daitezkeela. Txaloz laguntzen dute irteera bakoitza, txistuka hasten dira sobera luzatzen ari den proposamenean. Azkenean, koreografia laguntzen duen kanta biziak amaitzera egiten du eta, orduan, orduan... ikusleek gutxien espero dutena, musika berriro hutsetik hasi eta aktoreek berriz ere ekiten diote agurren erritual berari. Publikoa barrezka hasten da, ezin sinetsirik, “Zer gertatzen ari da?”, “Benetan berriz hasiko dira?”, eta bai, berriro hasi da errituala. Txaloak gero eta zalantzatiagoak dira, “Zer ari da gertatzen, zeintzuk dira jolas honen arauak?”, eta publikoaren eserlekuetan zalantza giroa suma daitekeen unean bertan, aktoreek moztu egiten dute jolasa, eta haietako bat, Jabitxin, bakarrik geratzen da oholtzaren erdian. Esku keinua egiten dio kabinan dagoen teknikariari, eta hark musika mozten du lehor.

 

            Behin entzun nion publikoan zegoen ezagun bati, lehen emanaldiaren ostean, hasieran txaloen jolasean gustura sartu zela, bat-batean publikotik presente egoteko modua topatu zuelako. Erosoa eta dibertigarria zela iruditu zitzaion, baina aktoreek irteerak hain luzez mantendu ostean, hainbeste errepikapenen aurrean, zalantzan hasi zela, zein ote zen eszena honen pauta: “Akaso aktoreek eutsi egingo zieten irteerei, publikoak txaloka jarraitu bitartean? Akaso txalo egiteari uzten ez badiot, jarraitu egingo dute?”. Ez genuen, noski, pauta hori adostua, baina ederra izango zen hala izan balitz. Eta ederra da niretzat, publikoaren parte batek hori sentitu izana. Aktibatu egin delako, jokoaren parte sentitu delako, tarte batez eszena batek publikoa obraren parte bilakatu delako. Miss Karaoke ez da performance bat, baina handik gatoz, ekintza eszenikoa dugu inspirazio iturri, eta eszena batzuetan sentitzen dut akzioen mundura gerturatzea lortu dugula.

 

            Jabitxin bakarrik eszenaren erdian. Beste hirurak eszenako hanketan ikusten ditugu hari begira, hitzik gabe animoak emanez bezala, “kuraia!” esanez begiradarekin eta keinuekin. Publikoan berriz ere sumatzen dira irribarre herabeak, “zeren zain dago?” Ordu laurden bat darama obrak martxan, eta dagoeneko publikoa erdibitua dago, ez baitaki zer espero.

 

            Batzuk maitemindu egiten dira obrarekin nahasmen sentimendu horren aurrean, beste batzuk, berriz, hasieratik sentitzen dira kanpoan. Metrokoadrokak ekoiztu dituen obra ia guztietan sentitu dugun zerbait da: publikoa erdibitua geratzen da. Ez gara sekula joan arrakasta totalaren bila, nahiz eta gure ametsa beti izan ahalik eta jende gehienarekin konektatzea. Horretarako ez dugu biderik errazena sekula hartu. Oraindik gogoan dut Javik eta biok estreinaldiaren egunean genuen urduritasuna: zenbat sentitzen genuen jokoan, zer-nolako apustua egin genuen prozesuan, jasotako diru-laguntza dela-eta konpromisozko begi asko genituela gainean.

 

            Halako batean, Unaik bazter batean dagoen mikrofonoa hartu du, eta eraman egin dio Jabitxineri. Entzun ezin dugun zerbait esaten dio belarrira. Ipurdia ukitzen dio eta, ondoren, bizkarrean kolpea, gizonen moduan baina ironiaz. Jabitxinen jarrerak, aurpegiak, zoratuta gauzka eserlekuetan. Nahasketa bitxia da transmititzen duena, baina lotu egiten gaitu: gardentasuna baina bitxitasuna, inteligentzia baina arrarotasuna.

 

            Jabitxin. Ez nuen apenas ezagutzen berarengana jo genuenean. Gasteizko Principal antzokiak ekoiztu zuen Miss Karaoke, eta hortik abiatuta, Pez Limbo konpainiarekin elkarlanean bideratu Metrokoadrokak. Produkziorako eskakizunetako bat zen lantaldearen parterik handiena Gasteizkoa izatea. Gu ez geunden gure sareaz aparteko aktoreekin lan egitera ohituta, baina erronka gisa hartu genuen baldintza berria. Zorionez, urte asko daramagu antzerki-aktibismoan eta adiskidantzan. Sarritan, antzerkilarien arteko harreman sareei esker lortu izan dugu proiektuak aurrera ateratzea. Beraz, oraingo honetan ere, baiezkoa eman genion baldintzari, baina casting bat egin gabe, intuizioari jarraituz aukeratuko genituen izenak. Urte luzez La Monstrenka aretoa gure aliatu fidela izan da, asko zor diogu bertan egin ditugun emanaldiei. Bertan ibili ohi da Jabitxin baina, berez, prozesu honen hasieran nik ez nuen sekula antzezten ikusia. Gogoan dut entseguak hasi aurretik Idoiak eta biok bere pieza labur bat ikustera joan ginela. Piezak berak ez gintuen sobera harritu, baina bai haren sarrerak eta Jabitxinen presentziak berak: kalean errezibitzen zuen publikoa, bere zeregina guregan konfiantza sortzea zen eta bere pertsonaiatik gu pieza egingo zuten lekuraino eramatea. Lortu egin zuen, zinez sentitu nuen munduaren amaierara jarraituko niokeen pertsona bat zela.

 

            Jabitxinek oraindik ere Unai atzean duela sumatzen du. Horrek aurpegi arraroak jartzen ditu Jabitxinek bizkarra ematen dionean, eta publikoa barrezka hasten da. Iratxo bihurri bat dirudi. Jabitxinek publikoaren barrei esker daki Unai trufaka duela, eta berarengana joaten da atzera. Zeozer xuxurlatzen dio belarrira. Unaik begiratu egiten dio labur, airean bira oso bat eman eta bizkarra ematen dio Jabitxini, arin eta trebezia handiz. Mugimendu laburra izan da, baina publikoa sumatzen hasi da gero datorrena: Unaik umore handia duen pertsonaia jokatzeaz gain, abilidade fisiko ikaragarriaren jabe dela. Jabitxinek lortu du azkenean publikoarekin bakarka egotea. Ez du irribarrea galtzen, besaulkietatik desiratzen gaude zer arraio esango duen jakiteko. Berak poltsikoak arakatu eta zer edo zer ateratzen du: paper bat irakurtzera doala ematen du. Antzezlan bateko diptiko bat da, baina ez Miss Karaokekoa, beste lan batekoa baizik.

 

            Txiste txiki bat da, batzuetan izango da martxan dagoen beste antzezlan bateko diptikoa, Francoren bilobari gutuna adibidez, beste batzuetan antzokiko hall-ean hartutako beste edozein antzezlanarena.

 

            Gezurra badirudi ere, erratu egin da diptikoz, eta, antza, poltsikoz; suspensea areagotzen doa. Azkenean topatu du, beste poltsiko batean, bilatzen zuena: Miss Karaoke antzezlaneko diptikoa. Sinopsia irakurtzen du mikrofonotik, antzezlaneko trama ofiziala gogoraraziz: “Miss Karaokek abesti bat kantatzeko enkargua jaso du, eta urduritzen hasia da. Zer kantatuko du Ebento Handian, Antolatzaile Handiaren enkarguz, Jende Guztiaren aurrean? Are gehiago, zein hizkuntza aukeratuko du? Gutxiengo gutxitu, gehiengo gutxitu, gutxiengo gehiengotu edo gehiengo gehiengotuagotuentzat kantatuko du?”. Kito. Oraingoan bai. Badirudi obra benetan hastera doala, publikoak etortzear den horren inguruko arrastorik ez duen arren. Hemendik aurrera dena da posible. Lau aktoreak eszena hutsaren erdira joan dira. Erronbo formako lerrokatze batean jarri eta saltoka hasi dira, lekuan bertan. Salto, salto eta salto, laurak batera. Salto amaiezinak. Saltoen soinua entzun dezakegu eszenatokiko egurraren kontra, modu hipnotikoan. Argia aldatzen da, ilunera, urdinera. Momentu batetik aurrera beren siluetak ikusten ditugu soilik saltoka, eta haien gainetik, pixkanaka, off-eko grabazio batek jotzen ditu gure belarriak. Lau aktoreen ahotsak dira, eta bosgarren batenak. Inkesta moduko bat ari dira erantzuten, bakoitzak bere iritzi pertsonal eta intimoak emanez, modu labur eta tartekatuan. Galderak egiten dituen ahotsak, bosgarrenak, hainbat gai plazaratzen ditu test moduan, bakoitzaren aitonari buruzkoak gehienak.

            Momentu batetik aurrera Ziarrusta eta Unai saltoak egiteaz nekatu eta lurrean esertzen dira, lasai, bakean. Jabitxin da hirugarrena nekatzen, tarte batera. Marinak, berriz, saltoka jarraitzen du, egoera luzatuz. Beste hirurak hari begira daude, lagunkoi. Publikoa agian sumatzen hasia da honezkero obra honetan gauzen iraupena bestelakoa dela, teatroan oro har ohituta gaudenarekin konparatuta. Marinak erronka bota du, denok entzuteko moduan: “Eta... ez banaiz nekatzen?”. Irribarre herabeak entzuten dira publikoaren artean, enpatiaz; aktoreek ere energia berean begiratzen diote Marinari. Ziarrusta eta Unai altxatu eta joan egiten dira eszenako hanketara. Jabitxin zutitu eta Marinarengana joaten da. Maitasun handiz, sorbaldetatik heltzen dio eta saltoak geratzen laguntzen dio. Elkarri begiratzen diotenean atzealdearen erdia baino gehiago hartzen duen proiekzio bat azaleratzen da, oihal beltzaren kontra proiektaturik. Proiekzioan bi aurpegi ageri dira, hondo beltz baten aurrean, kamerari berbetan. Dokumental batean tartekatzen diren elkarrizketa horietako bat izan zitekeen. Gizon bat azaltzen da eskubian, ni neu, publikoaren eserlekuetan nagoen hau, nahiz eta publikoan jende askok ez dakien. Alboan emakume helduago bat, nire ama, gaztea hala ere. Emakumeak, amak, begiradarekin komentatzen ditu, berrirakurtzen ditu gizonak esaten dituen, ditudan, guztiak. Aitonari buruz ari naiz, bere aitari buruz oroitzapenak aletzen: nola egin zuen Andaluziatik Euskal Herrirako bidea, fabrikan lan egitera, nola ikasi zuen bertan euskaraz. Bitartean, bideoari begira, Jabitxin eta Marinaren siluetak sumatzen ditugu itzalean.

 

            Kuriosoa izan ohi zen bideo horien indar hipnotikoa. Saiatu nintzen oso modu zintzoan egiten, irudietatik oso modu biluzian hitz egiten, eta uste dut funtzionatzen zuela. Baina, era berean, bideo horietako benetako izarra nire ama zen. Ezagutzen ninduen jende askok galdetzen zidan emanaldiaren ostean senide ote nuen, antz ikaragarria genuela eta ea nire arreba edo —agian bai?— ama ote zen. “Bai, ama dut”. Jendea liluratua geratzen zen haren begiradarekin, tarteka pasatzen uzten zituen umore printzekin. Miss Karaoke antzezlanean gorputzen mugak arakatu nahi izan ditugu, gizonen gorputzen deseraikitze bat egiten saiatuz, queertasunera maskulinitatearen amilduetatik begirada luzatuz, deseraikitze horretan genero binomioak kuestionatuz. Horretarako aitonaren figura da erabili dugun metafora eta sinboloa: patriarka gorenaren, aitzindariaren figura deseraikia. Eta, zeregin horretan, neurea hartu nuen ardatz, betiere material autobiografikoak performancera eramanez, haiekin jolastuz eta fikzionatuz. Horrelako lanetan garrantzitsuena ez da biografia bera, baizik eta narrazioa nondik egiten den, gauzak nondik esaten diren: norberaren erraietatik, alegia, obra honetan parte hartzen dugun bakoitzaren egiatik. Hori da sarri bilatzen dugun presentzia eszenikoa: norberaren egiarena. Modu asko egon daitezke aktore bat oholtza gainean egiaz ari dela sentitzeko, eta hauxe da bat: material autobiografikoetatik abiatzen gara publikoarekin jolasteko. Kasurik onenetan publikoa eserlekura lotzen duen sentsazio bat lortzearren: ez dago argi oholtza gainekoek kontatzen duten guztia biografikoki egia den ala ez, baina izan zitekeen, zerbait ari dira jartzen jokoan, inplikatuta daude, eta lotzen gaituena ez da datua, sentsazioa baizik. “Hauek hemen daude hemen egoteko ‘behar’ bat dutelako; eskubidea aldarrikatzen dute hor egoteko, eta gu, publiko gisa, errepikaezina den momentu baten parte gara”: hori litzateke probokatzea bilatzen dugun ideala.

            Nire aitonari buruzkoek ez dute inporta. Esandako ia guztiak objektiboki egia dira, baina beti gordetzen dut, horrelakoetan, gezurrak filtratzeko lizentzia, neure buruari gogorarazteko une oro jolasean ari naizela. Hau antzerkia da, ez dezagun ahaztu. Nire aitonari buruzko egiazko anekdotek obra honen testuinguruan, gorputz biluzi horien alboan, beste esanahi bat hartzen dute, historia berridazten ari gara antzerkiaren collagean. Edo, agian, nire aitonaren anekdoten hondoan egia sakonago bat deskubritzen ari gara, berak bere buruari sekula aitortu nahi izan ez ziona. Agian bai, agian ez, ez du inporta: hemen axola duen bakarra publikoak berak collage hau begiratzean idazten duen istorio propioa da.

 

            Bideoa amaitu da. Argia aldatzearekin batera Jabitxinek eta Marinak silueta izateari utzi diote. Jabitxin ezkerraldeko hormara doa eta bertatik mikrofono bat ateratzen du, bere oinarekin. Publikoari begira, zutik eta zutun, esaldi solteak esaten hasten da. Zeintzuk diren, lan talde honentzat, karaoke momentuak: “Fake orgasm dokumentala ikustea karaoke momentu bat da...”. Fokua, ordea, Marinak dauka: bideoa amaitu denetik apurka bere gorputza ukitzen hasi da, igurzten, bortizki laztantzen. Marinak pixkanaka egiten dituen soinuek orgasmoaren ideiara garamatza, edota masturbaziora, gero eta gehiago parodiara gerturatuz. Hori da, hain zuzen ere, eszena honen pauta aktorearentzat: gorputzaren leku absurdoak masturbatuz iritsi behar da estasira: ukondoa, belauna, zilborreko zuloa, masaila, sudurra, buruko ilea... Marinak espazio osoa hartzen du bere mugimenduarekin eta, une gorenean, Jabitxin mikrotik aldentzera behartzen du mugimendu sutsu baten bitartez. Publikoan harridura da nagusi, baina irribarre batzuk entzuten dira herabe... ia beti emakumezkoenak, modu konplizean.

 

            Gogoan dut eszena honen oinarrian dagoena. Esango nuke hauxe hasieratik egon den eszenetako bat izan dela. Prozesuaren hasieran, lehen egonaldia Garaion gunean egin baino lehen, erreferentzia batzuk bidali nizkien emailez aktoreei: aipu batzuk, libururen bat, intuizioren bat edo beste..., filmaren bat, Mr. Lonely gogoratzen dut, adibidez. Garai hartan katigatzen hasia nintzen Leos Caraxen filmografiara, eta film hartan zuzendariak kameu bat egiten zuen aktore gisa, baina filma bera bere kolaboratzaile batek zuzendu zuen, Harmony Korine-k. Hori bai, Mr. Lonely filmean aktore nagusietako bat Dennis Lavant da, ordutik nire aktore faboritoetako bat dena. Jabitxinek, ordea, beste film batekin arrapostu zidan, dokumental batekin: Jo Sol-en Fake orgasm. Film hark K.o. utzi ninduen: genero eta sexu aurreiritziez ari zen oso modu zuzen eta kreatiboan. Hor sumatu nuen Jabitxinek hasieratik bikain ulertu zuela Miss Karaokeren arima. Gerora ere, prozesuan, Jabitxin erreferentzia iturri agorrezina bilakatu zen, batez ere film eta liburuei dagokienez. Gutxitan topatu dut ni besteko liburu irenslerik. Javi Barandiaran bera, agian. Prozesu osoan ohikoa bilakatuko da hiruron arteko film eta erreferentzia trafikoa. Fake orgasm inspiratzailea iruditu zait oso, eta Marinaren orgasmoaren eszena zorretan da harekin. Orgasmo antzeztuen lehiaketa batean balitz legez, Marinak dena emango du eszenaren gainean, orgasmo femenino mitikoaren ideia muturrera eramanez absurdoarekin nahasterakoan. Ez kasualitatez, emakume gorputz bat da ironiaz espazioa hartzen ari dena, esplizituki ezer esan gabe, hitzik gabe. Publikoan entzuten diren emakumezko irribarre ia pribatuek baieztatzen didate ironia ulertu dutela. Eta, ez kasualitatez, eszena honetan hiru gorputz maskulino ditu alboan, begira.

 

            Sasi-orgasmo saioa amaitu da. Marinak une batez arnas hartzen du, lasaitasunez altxatzen da, ilea korapilatzen du berriro ere atzean, publikoari zuzenean so egiten dio. “Zer?” galdetzen du, erronkari, “ondo?”. Jendeak, oraingoan bai, barre egiten du, ikusi berri duenaren inguruko tentsioa nolabait askatuz. “Ya...” dio Marinak, eta albo batetik Ziarrusta ateratzen da. Bere ondotik pasa eta bizkaieraz hitz egiten dio, abiadura bizian. Ikusle askok ez dute ulertu zer esan duen. Marinak ere ez, eta dialogo labur bat burutzen dute, trantsizioa egiten dugun bitartean. Ziarrustak gauza pare bat gehiago esaten dio, eta Marinak bizkaieraren doinuz erantzun ere, baina zer esaten ari den jakin gabe, soinua imitatuz, esandakoa asmatuz. Marina joaterakoan irteeraz okertzen da, eta agertokiko hanketan begira dauden Unaik eta Jabitxinek beste aldetik irten behar duela gogorarazten diote keinu batez: aktoreak, eszenako alboetan ezer egin gabe daudenean, agerian eta presente daude beti. Marina badoa. Ziarrustak mikrofonoa dauka eskuan. Lekutik mugitu gabe, bere bakarrizketa hasten da. Eskuin eskuan mikroa, bakarrizketa osoan ezker eskua mugitzen du soilik, tarteka bere gorputzeko atalen bat edo beste laztanduz, estutuz, ia modu atzemanezinean, “Miss Karaoke naiz ni...”.

 

            Bakarrizketa honekin aurkezten da dramaturgiako beste gakoetako bat: testu estatikoak. Obra osoan lau aktoreak mugimenduan ari dira etengabe, koreografia asko dago, obra luzea da eta beraientzat fisikoki exigentea. Era berean, obra honek aurretik idatzitako testu batean dauka jatorria, eta prozesuan erabat eraldatu dugun arren, argi genuen jatorrizkoa nolabait egon egon behar zela. Hastapenean Dramaturgia berriak deialdiaren barruan jasotako laguntza bati esker sortu genuen proiektua. Deialdi hura nahiko polemikoa izan zen antzerki zirkuluetan. “Dramaturgia berriak” terminoa azken urte luzeetan eszenako lengoaia berriei egiten dielako erreferentzia, idazkera ez ohikoei, gorputzetik abiatzen diren dramaturgia mota ez narratiboei gehienetan. Deialdi horrek, nolabait ere, ideia hori hartzen zuen baina teatro burgesean historikoki nagusitu den idazketa motara eramateko, hau da, idazketa ia literariora, idazle batek aurretiaz egindako lan batean guztiz oinarritua.

            Ikusi nuenagatik, deialdia bultzatu zuten eragileen artean batzuek argi zuten zeri esaten zaion “Dramaturgia berri”, baina bidean nonbait kontzeptuak nahastu egin omen ziren. Gure burua “Dramaturgia berri”en eremuan kokatzen dugun talde askok haserre hartu genuen kontua: ikerketa, kolektibitatea eta esperimentazioa oinarri duten lanek normalean bisibilizatuak izateko zailtasunak baldin badituzte, horrelako kontu batek ez duelako batere laguntzen. Zortzi idazle izan ginen lehen deialdian aukeratuak, eta taldean bertan ikus zitezkeen iritzi kontrajarriak zeudela “Dramaturgia berriak” definitzerakoan. Prozesuan, nolanahi ere, argi geratu zitzaigun literatur idazketara bideratua zegoela kontua. Hiru hilabetez egon ginen Victoria Eugenia, Arriaga eta Principal antzokietan idazketa laborategi bat egiten, eta esperientzia, edonola ere, zinez aberasgarria izan zen. Taldean giro ona egon zen, eta laborategiaren gidariak adituak ziren idazketa narratiboetan. “Dramaturgia berrien” inguruko afera une oro presente egon bazen ere, gozatu egin nuen laborategiaz eta adituen lanaz. Azkenean, idatzi ere egin nuen haiek bideratu nahi zuten Miss Karaokeren bertsioa eta, gerora, laborategia amaituta, espero nezakeenaren kontra, ekoiztua izateko aukeratua izan zen. Zortzitik hiru lan produzituko zituzten soilik, eta haien artean modu horretan idatzia izateko sortua ez zen nirea aukeratu zuten. Hau da hau ironia!

            Ekoizten hasi ginenean argi nuen baietz, hain modu literarioan idatzitako Miss Karaoke hura egin egingo genuela, baina “Dramaturgia berrien” galbahetik pasata. Horregatik, jatorrizko testuko ideiak presente daude, sinopsia hasierako bera da, baina testua guztiz desegituratua dago: dialogo logiko eta arrazionalak baztertu ondoren, haietan pertsonaietako bakoitzak zituen lerro guztiak moztu eta jarraian paratuta bakarrizketa bilakatu genituen. Arrisku handia hartu genuen erabaki horrekin, ez genuelako testua hainbeste eraldatzeko baimenik eskatu. Ardura handia sentitu genuen, halaber, erabaki harekin, obra amaitua egon arte ez zuelako deialdiko arduradunik egindako ezer ikusi. Jatorrizko testua, haiek erositakoa, muntatu egin genuen, baina jatorrizko testua bertsionatuta. Nola hartuko zuten erabakia? Nola eta den ere, jatorrizko testuarekin egindako Miss Karaokeren bakarrizketa-collagea hasierako ideia bera da, Ziarrustak modu ez-logiko eta ez-arrazionalean antzezten duena. Obra honetan, aktore bakoitzak pertsonaia baino ahots mota bat antzezten du, bere aktore izaera eta izen propioarekin uztartzen dena. Ahots mota ezberdinak antzezten dituzten lau aktore dira ikusten ditugunak, eta oholtza gainean Ziarrusta gisa izendatua den ahotsa Miss Karaoke litzatekeena da.

 

            Amaitu du Ziarrustak bakarrizketa. David Alcortaren argiak izan ditu lagun, obrako eszena guztiek bezala. Bakarrizketetan ilunera egiten duen argi intimo bat nagusitu da: lurra ondo ikus dezakeen antzokietan argi puntu borobil difuminatu batzuk barreiatzen direla sumatuko du publikoak. Argiek norbait enfokatu nahiko balute bezala, baina gorputza topatu gabe; argiak geldirik aktorearen alboan, inor zirkulu haietan sartuko ote den, zain. Ziarrustak obraren sinopsian sakondu du: kanta bakarra abestu behar du ebento handi batean, eta ez daki zein aukeratu, ezta euskaraz egingo duen ere. Zer suposatzen du zure momentu handia, agian zure ibilbidean jauzi egiteko aukera bakarra izango dena, publiko guztiak ulertuko ez duen hizkuntza batean kantatzeak? Euskara hutsez lan egitea erabaki dugun hamaika artistak sentitu izan dugun bidegurutzea da horixe, eta horrela islatu nahi izan dugu: euskararena aukera kontziente bat izan da askoren kasuan, erdal inguruetan hazi garenon kasuetan behintzat, nabarmen. Ziarrustak bakarrizketa luzea amaitu eta badoa albo bateko hanketara. Bertatik Miss Karaoke pertsonaia sinbolizatzen duen berokia hartu, denen aurrean jantzi, eta badoa. Jantzi bitartean prest jarri dira hurrengo eszenako hiru presentzia aktoralak. Unai ezkerraldeko alboan bular biluzik, haurrek eraman ohi dituzten piszinako manguitoak jantzita. Ziarrustak berokia hartu duen aldean Marina dago txano errusiarren gisako ile bola zuria eta betaurreko beltzak jantzita, eskuetan mendian ibiltzeko egurrezko makila bat duela. Jabitxin ere gerturatu da Unai dagoen ingurura. Ziarrustak guztiei labur begiratu eta badoa besaulkien artetik antzokitik kanpora. Ikusleek ez dute Ziarrusta begiradarekin jarraitzeko aukerarik, besteek berehala harrapatu dutelako haien arreta. Kale-argietatik datozen errainuek marraztutako hiru iratxo dirudite. Lehen planoan, publikotik gertu ezkerraldean, Jabitxin mikroarekin, beste behin. Eszenatokiaren erdian Unai, eskuan plastiko gogorreko edalontzi bat duela. Beste bazterrean, baina atzeko oihaletik gertu, Marina.

            Badoa eszena. Unaik edalontzia lurrean jarri du eta bertan igotzen saiatu da, oreka zailki mantenduz. Marina atzetik hasi da modu bitxian ibiltzen, makilan bermatuta, uso afoniko baten moduko soinuak eginez. Marina tarteka geratu eta Unairi hitz bakar bat jaurtitzen dio, beti berdina: “Kontuz!”. Orduan, Unaik basoaren gainean lortua zuen oreka galdu eta erortzeko imintzioak egiten ditu. Jabitxinek esaldi bat botatzen du aldi berean, beti lelo poetiko bat, norberak bere burua onartzeari buruz itauntzen duena: “Aukeratu ditzaket nire beldurrak? Zer aukeratu dezaket?”. Unaik esaldia entzun, bere buruari aurpegian masaileko zaratatsu bat eman, eta berriz saiatzen da edalontzian zutik jartzen, Marinak berriz ere “Kontuz!” esan eta oreka galdu arte. Dinamika hori hainbat alditan errepikatzen da: oreka-kontuz!-esaldia-begirada-masailekoa, oreka-kontuz!-esaldia-begirada-masailekoa, oreka-kontuz!-esaldia-begirada-masailekoa, oreka-kontuz!-esaldia-begirada-masailekoa. Azken esaldiarekin Marina eszenatokiaren beste aldera iritsi da eta Unaik hartu du foku guztia. Apurka, oso mantso, besoak altxatzen hasten da, gurutzean jarri arte. Mantso ere, publikoak bere begien aurrean sortzen ari den irudia ulertzen du, txiste bisual txiki bat: besoak gurutzean, burua apur bat albo batera okertu eta oinak ere gurutzatu egiten ditu. Kristo gurutzean. Irri herabe batzuk sumatzen ditugu publikoan, bana berehala beste zeozer gertatzen da. Bideo proiektorea jarri da martxan, eta atzeko oihalean ezustean hartu gaituen irudia azaldu da: Raffaella Carrà dantzan. Tamaina naturalean, agian apur bat handiago, Raffaella ikusten dugu, bakarka, traje gorri itsatsi batekin dantzan, “Para hacer bien el amor hay que venir al sur... ” kantatzen. Ziarrustak oihu egin eta argi bat pizten da publikoaren atzealdean. Bertan dagoen jendeak buruak biratu, eta Miss Karaoke topatuko du, irribarre zabal batekin, besoak airean mugituz. Berehala publiko artetik eszenatokiranzko bidea hartzen du, tarteka ukitu egiten ditu publikoan daudenak, umorez, eskuak hartuz, musu emanez. Miss Karaokek Raffaellaren ahotsari jarraitzen dio, play back egiten egongo balitz bezala, baina ahotsik gabe. Apurka eszenatokira iritsi, eta azkenean igo egingo da bertara. Goian dagoela proiekzioan sartuko da Raffaellarekin batera. Ziarrustak proiekzioari neurria hartua dio aurretik, eta gorputz osokoa den Raffaellaren proiekzioan sartzen da dantzara, biak tamaina naturalean. Raffaellaren koreografia bere egingo du Ziarrustak. Momentu batean Raffaella utzi eta publikorantz joaten da, irribarrez eta dantzan betiere. Berehala beste hiru aktoreak atzetik gerturatuko zaizkio, eta koreografia bat egiten hasiko dira lauren artean.

            Ez dugu inoiz oso argi korista batzuen parodia egiten ari diren edo guztiz serio landutako koreografia bat, baina edozein modutan ondo pasatzen ari direla eta oholtza gainean guztia ematen ari direla transmitituko dute. Ziarrustak tarteka solista papera betetzen du, era berean beste hiruekin txertatuz koreografia bakarrean. Mugimendu guztiak zehaztasunez ikasiak dituzte, eta aldiro publikoa harrituta geratzen da elkarri begiratu gabe nola hartu eta askatu dezaketen koreografia nahieran. Ikusi egiten da, parodikoa izanik ere, guztiz landuta dagoela momentua, eta jendeak txaloka amaitzen du gehienetan, erritmoari jarraituz. Ez hori bakarrik, publikoaren gozamenaren summuma izan ohi da konturatzen direnean Ziarrustak bideoko mugimendu guztiak zehaztasun osoz imitatzen dituela, bideoari bizkarra ematen dionean ere. Publikoaren eserlekuetan eserita, berehala sumatzen da zein unetan jabetzen diren horretaz. Birtuosismoa ez da ezer arimarik gabe, baina gorputzen zehaztasun matematikoak miresmena sortzen du beti: ironia gaineratu behar zaio soilik. Koreografiarekin jolasean kanta osoa eman ostean, azken akordeekin aurrerantz datoz. Nolabaiteko izar formazioan jarri eta amaierako konposizio epiko bat egiten dute, pose moduan, txaloak jasotzeko. Eta, bai, jendeak txalotu egiten du, sutsuki txalotu ere.

 

            Beti da zirraragarria oroitzea nola sortu den eszena bat. Batez ere ondo funtzionatzen duela ikusten duzunean, publikoa bete-betean jolasera sartzen dela sentitzen duzunean. Askotan, sormen prozesu batean erronkarik handiena ez da ideia bikainak edukitzea, jolasaren energiari eustea baizik, apaldu gabe. Normalean hori delako lehenago edo beranduago gertatzen dena. Hasieratik saiatu izan gara Metrokoadrokaren sormen prozesuetan lehen egunetik jolas kolektiborako giroa sortzen. “Jolas” hitza oso garrantzitsua da, alegia, “jokoa”, bertan bi gauza ematen direlako: batetik gozamena, bestetik aktorearen atentzio osoa egiten ari den horretan. Haurrei gertatzen zaien bezala, orain eta hemen egoteko gaitasuna: jolasari, uneari, dedikazio osoa. Niretzat lehen egunak oso garrantzitsuak izan ohi dira horretarako. Laneko lehen egunetan proiektu berri batekiko atxikimendua, lanerako gogoa, ideien freskotasuna eta gauzak probatzeko grina batzen dira. Balirudike ideiarik onenak handik denbora batera etorri beharko liratekeela, lehen egunetan lur-hartze jarrai batean sortu behar dela talde giroa. Eta hala da, bai, lehen egunetan taldea sortzen da proiektu berri baten inguruan, baina ez hori bakarrik. Lehen segundotik adi egonez gero, nire ustez, materialik onenak egun horietan sor daitezke, iruditeriaren oinarririk sendoenak ezarriz, jolasaren freskotasunak dakarren energia fresko horretatik. Bestenaz, arriskua izaten da taldea guztiz sortu den unea lehen neke zantzuekin elkartzea, eta hor dagoeneko berandu izatea aurreiritzirik gabeko sormen jolasak bideratzeko. Horregatik, tentsiorik gabe, aktoreei horren berri eman gabe, kanpo begiradan lehen segundotik ari naiz sortzen eta gertatzen den guztia jasotzen, denbora gehiago itxaron gabe. Nahiago dut entseguek, lan orduek, itxialdi egunek ekarritako lehen neke zantzuak iristerako sormen borborra gauzatu izana, hortik aurrera material berriak izan daitezela aurretik egindakoa osatu edo ñabartuko dutenak. Horrelako une batean sortu zen, hain zuzen ere, koreografia hau. Inspirazio iturri gisa 70. hamarkadako Raffaellaren bideoklipak eta emanaldiak ikusi eta aztertu genituen, gure begien eta karkailen gozamenerako. Haiek imitatzen hasi genuen bidea eta, beste eszena askotan bezala, Marinaren inplikazioa izan zen koreografia osatzeko gakoa. Koreografia honen konposizioa iritsi zenerako, dagoeneko neke zantzuak agertuak ziren, baina Javi eta biok une oro saiatu ginen aktoreei haien jolasaren emaitza balekoa zela adierazten, haiek sortzen zutena hartzen eta transformatzen, epairik gabe, jolas etengaberako eskubidea bermatuz. Koreografia sortzeko une hartan, nahiz eta nekatuak egon, magia beste behin ere gertatu zen. “Biharko koreografia bat ekarriko dut”, esan zigun Marinak antzokiko entsegu nekagarri baten ostean. Nola eskatu, ordea, tamainako inplikazioa entsegu orduetatik kanpo? Jolasarekiko gozamenean topatuko nuke nik soilik erantzuna. Esan eta egin. Hurrengo egunean han genuen Marina, erakusteko irrikan, Raffaellaren eszenan txertatua geratuko zen koreografia energetikoa.

 

            Koristak atzera doaz txaloen ostean eta Ziarrusta bakarrik uzten dute. Koreografiaren osteko gorakada suma daiteke publikoan. Ziarrusta oraindik ere arnasa berreskuratzen ari da. Denbora hartzen du horretarako. Badirudi zeozer esango duela. Oinetara begiratzen du etengabe; hitz egiten astera doa, baina ez du egiten. Azkenean, serio, afektazio ia erridikulu batekin, baina nolabait ahotsa aktorearen leku zintzo batetik datorrela transmitituz, bakarrizketa labur baten lehen esaldia ahoskatzen du: “Non dago hegoaldea, Raffaella?”. Jendeak segundo bat behar du ulertzeko esandako esaldiaren adiera guztia: Raffaellaren koreografiarekin eman ditugun minutu luzeek zentzu bikoitza hartu dute bat-batean. Publikoa barrez lehertzen da: Euskal Herrian gaude, agerikoa da ironia: “Non dago hegoaldea, Raffaella?”.

 

            Beti iruditu zait egun publikoa tontotzat hartzeko joera bat dagoela. Hau da, publikoari gauza ulergarriak egin behar zaizkio, dena ahalik eta murtxikatuena eman, jendeak ez du gauza konplikaturik nahi, istorio ulergarriak nahi ditu, narratiba ondo egituratuak, gauza komikoak, ahal dela txiste errazak, eta horiek guztiak bilduko dituzten programazioak. Badirudi horrelakoak esaterakoan, programazio lanpostuetatik, kultur teknikarien aldareetatik pentsatu, erabaki eta hausnartu behar dugula publikoak zer behar duen. Eta ez publikoak berak. Ematen ote zaio publikoari bere kabuz aukeratzeko, ikusteko, hausnartzeko, kritikatzeko aukera? Publikoak badu aukerarik denetik ikusteko, azkenean, gustukoa izateko ala ez? Nik nire irakurle edo ikusle historiografian atzera egiten dudanean, bai, noski, gozatu dut ikaragarri lan mota anitzekin, baina benetan oroitzen ditudanak, urte luzez hausnartu ditudanak eta eragin didatenak... uneren batean eskemak apurtu zizkidatenak izan ziren, nahiz eta unean bertan ez jakin nola ulertu, nahiz eta ez jakin nire deskontziertoa gustu kontua den ala ez. Ikusle aktiboaren ideia defendatzen dut nik, eta nire inguruko askok ere bai. Alegia, publikoak badakiela bere kabuz pentsatzen, ez dagoela publiko bakar bat, publikoa itsasoa bezalakoa dela: forma bakarra eta multiplea dauka aldi berean, eta ez da kontraesan bat. Nire uste-apal-ustean publiko aktibo hori animatu, bultzatu eta babestu ere egin daiteke, kasu askotan bere herrian zer-nolako programazioa nahi duen erabakitzeraino. Zer programatu aukeratzea ere lan sortzaile bat izan daitekeelako eta, bide batez, politikoa. Hori guztia etortzen zait burura antzezlaneko une honekin: Raffaellarekin egindako koreografia oso bat irentsi dugu eta, nahiz eta ondo pasatze hutsa segur aski merezi izan duen, bat-batean esaldi bakar batekin beste zentzu bat hartu du guztiak, oso gertukoa eta oso ironikoa. “Non dago hegoaldea, Raffaella?”. Publikoari ez zaio ezer gehiago azaldu behar. Publikoak erreferentziaz beterik dauka burua, Euskal Herrian bizi da, badaki zer ñabardura mota jarri behar dizkion txisteari eta, akaso, bakoitzak edukiko ditu bereak; baina guztiek funtzionatzen dute, hori da gag on baten indarra. Konfiantza eduki publikoarengan. Nik neuk ikusle gisa askotan sentitu izan dudan gauza bat da: hemen eserita garenak ez gara tontoak. Publikoaren ahalduntze bat behar dela sinesten dut nik.

 

            Eta Ziarrustak, bere oin biluziei begira, beste bakarrizketa bati ekiten dio.

 

            Zenbat alditan ez ote zion Javik esango Ziarrustari denbora hartzeko: lurrera jaisteko energia, barrua husteko, teatrorik ez egiteko. Hartzeko momentu bat eszena gainean ezer ez egiteko; bakarrizketa hau zertarako eta barrutik, bere egiarik xumeenetik esan ahal izateko. Agian hori da aktoreoi gehien kostatzen zaigun gauzetako bat: eszena gainean maskarak kentzea. Interpretazio kapak eranztea, bizitza osoan berrehun mila eskola eta ikastaroetan ikasi ditugun berrehun mila eta bat teknikak alboratzea eta egia xume bat agertzea. Barrutik hitz egitea. Aktorearengandik. Pertsonarengandik. Norberaren egiaraino jaitsi, eta esaldi bat modu xume eta zintzoan esan. Testua artifiziora bultzatu gabe. Eta, orduan, hori lortzean maskara berri bat sortzen da, niretzat maskara definitiboa dena: egiaren maskara. Teknika bat gehiago da azken batean, estilo bat, jolasteko modu bat. Niri gustatzen zaidan bidea, baina, esan gabe doa, bakarra ez dena. Ziarrusta aktore bikaina da, sekulako esperientzia dauka, maila fisiko ikaragarria, eta sentikortasuna. Bada, hori bera eranztea da eskatu dioguna, eta oso zaila da. Horregatik errepikatzen dio Javik, behin eta berriz, “begiratu oinetara”, fisikoki sentsazioak lurrera jaistera behartzeko: bere (edonoren) lokatzera, bere (edonoren) mediokritatera, bere (edonoren) ezintasunera, eta hortik esateko esan behar dituen guztiak. Ziarrustak ez du emanaldi guztietan lortzen hara jaistea, baina, lortzen duenean, bere xumean, bakarrizketa hau oso gora doa.

 

            Azken txiste batekin amaitu da bakar-solas laburra: “Maitasuna egiteko hegoaldera joan behar da. Eta nik, maitasuna egin nahi dut. Ondo edo txarto, berdin dost, baina egin, egin nahi dot”. Miss Karaokek bat-batean atzera egiten du publikoari bizkarra emanez, eta bidean Jabitxin sorpresaz hartzen du azken esaldiarekin. Hark eserleku txikia jarri du eszenatokiaren erdian segundo batzuk lehenago, eta “maitasuna egin nahi dut” horren oihartzunak izututa edo, badoa. Ziarrusta Jabitxinek erdian jarritako jarlekuan esertzen da, Miss Karaokeren beroki koloretsua luze zabalduz. Bere buru-soiltasuna eta berokia, besterik ez dugu ikusten. Une horretan bertan, atsedenerako tarterik gabe, Unai sartzen da energia oso altuarekin pinuarena eginez eta airean buelta emanez. Galtzontzilo zuri klasikoak daramatza jantzita, Freddie Mercury gogora ekartzen digun mostatxoa, eta alkandora retro bat. Hizkuntza asmatu batean hitz egiten du, etengabeko jarioan, publikoa zuzenean interpelatuz. Iratxo bitxi bat dirudi, deabru bat, auskalo zer. Ziarrusta eszenatokiaren erdian dago eserita, geldirik. Bere burua eta berokia ikusten ditugu estatua bat balitz bezala. Unai, une bakar batean ere geldirik egongo ez dena, Ziarrusta ikusi eta berarengana gerturatuko da, eta pixkanaka berataz barrezka hasiko da. Keinu egingo dio Miss Karaokeren berokiak daukan ile matazari, eta ondoren barre egingo du Ziarrustaren buru-soiltasunaz. Bere jario asmatuaren erdian zeozer ulertuko dugu: “Ziarrusta Lollipop!”. Adin batetik gorako publikoaren iruditerian berehala egin du oihartzun “Lollipop” hitzak, askok gogoratu dute haurtzaroko goxoki mitikoa. Unaik Ziarrustaren burusoilera gerturatuko du ahoa, musukatzen hasiko zaio, gero eta ozenago, goxoki baten moduan zupatuz, gero eta gehiago, gero eta nabarmenago, gero eta azkarrago eta ahozabalago. Higuin hotsak eta barreak publikoan.

            Amaitutakoan, danborra joko du segundo batzuez Ziarrustaren buruan, eta azken zaplaztekoa emanda, airean pinuarena eginez ikusleengana joango da, eszenatokiaren ertzera, eta hor beste behin ere hizkuntza asmatuan ariko da solasean. Unaik une oro adierazten du bere pertsonaia bakarrizketa zehatz batean ari dela: guk besaulkietatik ulertu ez arren, berak ederki daki zertaz ari den. Pinuarena behin eta berriz eginez bueltatuko da Ziarrustarengana. Berokia altxatuko dio tentuz, eserlekua hanka batetik heldu, mugimendu azkar batez tira egin eta Ziarrusta lurrera eroriko da. Aulkian eseri eta, Ziarrusta altxatzen hasten den bitartean —betiere bizkarka eta modu pasibo eta estatikoan— Unaik geratu egingo du eta hankak gainean jarriko dizkio. Horrela dagoela, Ziarrusta guztiz azpiratua, publikoarekin berbetan jarraitzen du. Une jakin batean, danborra jotzen dio oin zolekin Ziarrustari buruan, hankarekin bultzatu eta lurrera boteaz ondoren. Azkenean, Unai aulkitik altxatu eta Ziarrustari esertzeko gonbita egingo dio. Eskua luzatu eta lagundu egingo dio jarlekura gerturatzen, baina hark bertan ipurdia jarri behar duen unean hankarekin eserlekua kendu eta Ziarrusta lurreraino joango da. Gezurra badirudi ere, publikoa gozatzen ari da, Unaik Ziarrustari egiten dizkion aldrebeskeria guztiekin, clown jokaldi basati bat izango balitz bezala. Ziarrusta berriz ere aulkian eseri da, hasierako jarreran, betiere bizkarra emanez. Unaik hari erreparatu eta gaitzespen keinua egingo dio buruarekin. Ziarrusta hasieran bezala dago eserita, bizkarrez, baina ez zentroan. Berriro gerturatu, berriro heldu aulkiaren hankari, berriro tira egin eta berriro doa Ziarrusta lurrera. Unaik ere berriro laguntzen dio esertzen. Burusoila biratu, bere hatza ahoan sartuta listuz bete, eta Ziarrustari belarriko zuloa masturbatzen dio, gaizto aurpegia jarriz. Ondoren, salto egiten du luze airean, orkatilak bihurritzen ditu eta Ziarrustaren aurrean jartzen da, haren aurpegiari begira, nahiz eta guk hura ikusi gabe jarraitzen dugun. Haren belaunen gainera igotzen da, hankartea aurpegiaren altueran utziz. Unaik orain apalago darabil hizkuntza asmatua, alkandorako botoiak askatzen dituen bitartean. Guztiz askatzean, besoak airean zabaltzen ditu. Irudia aztoragarria bezain dibertigarria da. Publikoaren eserlekuetan era guztietako erreakzioak sumatzen dira, nahasian: sorpresa, beldur komikoa, barreak. Bi burusoil koadro bakarrean: Ziarrustaren bizkarra eta Unai, fakir baten moduan, mostatxoarekin, galtzontzillo zuriak jantzita. Pixkanaka jaisten hasten da hankartea Ziarrustaren aurpegian ondo enkajatuz, igogailu baten soinua imitatuz. Azkenean, buruan jotzen dio, “txiki-txiki-monki!” esanez. Salto batez jaitsi eta alkandora eskuarekin astinduz ospakizun dantza moduko bat egiten hasten da, “Unai!” oihukatuz tarteka.

 

            Bitxia da sorkuntza-lan kolektibo batean partaideok obrarekiko sentitzen dugun atxikimendua. Lan kolektibo baten hastapenean, obraren oinarrizko ideia modu askotan irits daiteke. Kasu honetan, neure kontakizun eta behar pertsonal batetik abiatu zen, prozesuaren hasieran enkarguzko testu bat idatzi behar izan nuen neurrian. Baina, gerora, kolektibizatzen joan zen. Prozesu hori ezberdin ematen da antzezlan bakoitzean. Miss Karaoke collage handi bat izanik, denon parte bat dago bertan, ideia datorren lekutik datorrela. Segur aski gutako bakoitzak, oholtza gainekoek zein azpikoek, errekonozitzen ditugu eszena baten erraietan norberaren arrastoak: “Esaldi hau niri bururatu zitzaidan”, “Irudi hau nire bulkada batetik sortu zen inprobisazioetan”, “Eszena hau proposatzean inspiratua egon nintzen”. Emanaldi bakoitzean prozesuko irudi eta oroitzapen guztiak dabiltza dantzan guregan, antzezlanaren esentzia emanaldiz emanaldi etengabe elikatuz. Ikusi berri dugun Unai eta Ziarrustaren arteko eszena hori da, nire taldekide intimitatean, obra osotik nireena sentitzen dudana. Nahiz eta aktoreek inprobisazio batean emandakoaren haritik etorri, hori izan zen kanpo begiradatik nire sinadura: aktoreek ematen zuten material zoroan eszena ero bezain eder baten hazia ikusten jakitea eta kanpotik unean-unean gauzak proposatuz partitura fisiko bat sortzen asmatzea. Hitzik gabeko eszena baten idazketa, gorputz batzuen luma soilarekin. Niretzat, antzerki idazle bezala, idazketarik gorena da hori. Ziarrustak bizkarra eman eta Unaik iratxo gaizto baten moduan jokatzen duen eszena honetan egia bat dagoela sentitzen dut; antzokietan ikusten dudan aldiro barrez lehertzen naiz, ondo pasatzen dut, antzerkia sortu izanaren magia nagusitzen zait. Unairi begiratu eta antzezlana sortzeko unean inspirazio iturri izan nituen filmak datozkit gogora: Leos Caraxen filmografia, Holy Motors batez ere, eta Tokyo!, edo Les amants du Pont-Neuf. Sarritan esan diot Unairi Denis Lavant ekartzen didala gogora. Bere presentzia fisikoa, aurpegia, begirada, akrobatikoki mugitzeko gaitasuna... Eszena horrek zoriontsu egiten nau aldiro.

 

            Unai alkandora erantzita dantzan eta, aspaldiko partez, behingoz, azkenean, Ziarrusta berpiztu egin da. Altxatu egiten da mugimendu ahaldunduekin eta Unai inguratzen du, Braveheart harro batek bere soldadua nola. Unai txiki egiten da, iratxoaren azpian haurra ikusten dugu bat-batean, hauskor, zaurgarri, alkandora berriro janzten duen bitartean Ziarrustak egingo edo esango dionaren beldur. Azkenean, Ziarrusta bere alboan jartzen da, lepotik heldu, jiratu, eta profilez jartzen dira kopetaz kopeta. Argia minimoraino jaitsten da. Atzeko oihalaren kontra daude ia. Hasieran eztanda egin behar zuen momentu bat izan behar zuena oso barruko une intimo bilakatu da, ezin jakin nola. Ziarrustak begirada altxatu eta publikorantz zuzentzen du. Aurpegia ikusten diogu aspaldiko partez. Begirada galduta dauka, urrun, oso urrun, ezin barrurago galtzen den so egite batean bezala. Une horretan Ziarrustak barruan ditu itsaso guztiak, eta haien ortzimugak. Begirada segundo bakar batean ere galdu barik ibiltzen hasten da, mantso, pausoak lurra ukitu gabe emango balitu bezala. Bere urratsekin batera beste bi gauza hasiko dira gertatzen aldi berean: batetik, musika bat entzuten hasiko gara, hasieran modu ia atzemanezinean: zalantza egin dezakegu musikarik badagoen ere. Blade Runner filmeko musika onirikoetako bat da, Vangelisena. Bestetik, aurreko eszenako deabrutxoaren gorpuzkera eta aritzeko modua gogora ekarriz baina ehundura sentikorragoan, Unai ere mugitzen hasten da. Dantza garaikidea egiten ari dela ematen du, Ziarrustaren pausoak inguratzen ditu mugimenduarekin bere ibilbide osoan, haren estatismoari mugimenduzko oihartzun poetiko bat emanez. Mugitu bitartean, une oro, Unaik abizenak esaten ditu, bata bestearen atzetik, euskarazko eta erdarazko abizenen paisaia kontrajarri bat sortzen, hedatzen, publikoarengan finkatzen: “Sagasti, Gonzalez, Suarez, Intxaurraga, Lopez de Aberasturi, Garaikoetxea, Solano, Zubizarreta, Zuazagoitia, Guillen, Lopez de Arkaute, Lauzirika...”. Modu horretan iritsi dira eszenatokiaren ertzeraino. Argia guztiz aldatu da eta, gero eta gehiago, gerritik gora ikusten ditugu. Berokia eta alkandora erantzi eta lurrean uzten dituzte, oraingoan biek dute begirada galduta, gerritik gora biluzik. Elkarri begiratu gabe bira ematen dute bata bestearen enborrean, eta berriro geratzen dira kopetaz kopeta, edo, hobe esanda, bularrez bular, elkar laztantzen hasiz. Ez dute modu ebidentean egiten, ferekarako ez dituzte apenas eskuak erabiltzen: bai ordea besoak, besaurreak, eskuturrak. Argia minimora jaisten da, gerritik gorako azala argiztatuz soilik eta, airea gorriz tindatuz, azalaren beroa markatzen da. Gutxien espero dugunean lau beso gehiago atera dira ezerezetik, eta bildu egiten dira laztan kontzeptualen festara. Orgia poetiko bat da. Blade Runner-eko musikak bolumen osoa hartu du, lau gorputz dira orain biluzik gerritik gora, argia hain dago baxu ezen gorputz masa bat bilakatzen baita ikusten duguna: inpertsonala, bizia, leuna. Haragia. Ez dugu apenas aurpegirik ikusten, noizean behin azaleratzen diren azal zatiak baizik. Dantza minimoa, haragiaren mudantza. Besarkada infinitua.

 

            Gogoan dut eszena hau sortu zen modua edo, hobe esanda, zein izan zen honetara iristeko inpultsoa. Javi Barandik berak esan zuen, egun batez, inprobisazioetan haragi asko zegoela, gorputz asko, baina bakarkakoa, ez zutela elkar apenas ukitzen. Eta obra honek hori eskatzen zuela. Orain ez dut gogoan nola iritsi ginen zehazki irudi honetara, baina hori izan zen bulkada: elkar ukitu, biluztasunak hitzik gabe elkarrizketan jarri, haragia sentitu. Baina kontrara egin genuen, ez genuen jo errazera, espero zitekeenera. Minimora, poetikora, intimora eginez sekulako bozgorailuan katapultatu genituen haien azalak, ikusleen barneraino. Momentu intimoa izan ohi zen beti zuzenekoetan, publikoko lagun askok esaten ziguten bizirik dagoen koadro bati begira egotea bezalakoa zela. Efektua lortzeko gakoa izan zen gauzen iraupena errespetatzea, ikusle begiek ohituta gauzkatena baino gehiago luzatzea irudia, ikuslea tentsioan jartzeko arriskua hartuz. Eszena honek, obra honetako beste askok bezala, asko irauten zuen, baina hori zen hain zuzen ere publikoak koadro horren barruan sentitzeraino behar zuen tartea: fisikoa, kasik izpirituala. Arriskua hartu genuen iraupenaren kontuarekin lan honetan, baina berau izan zen, segur aski, obraren dramaturgiako aurkikuntzarik interesgarrienetako bat.

 

            Musika badoa eta argia aldatzen da. Bilakaera horretan aktoreek besarkada desegiten dute, mantso; arropak hartu eta alboetara doaz argi oso xume baten pean. Musika desagertzean hurrengo bideoari zabaltzen zaio bidea. Oier eta bere ama datoz berriz ere, aitonaren kontakizunarekin. Bizi izan dugun eszenaren arrastoarekin beste modu batean sartzen da bideoko kontakizuna. Bideoak atera egiten gaitu besarkada biluziaren aura horretatik, baina, era berean, hitzak harriak nola erortzen dira ikusle-gogoen lakuan, nolabaiteko uhinak sortuz. Bideo zatiek efektu hori dakarte: konfidentzia, malenkonia, ezusteko irribarrea. Bideoa amaitzen ari den heinean, Jabitxinen silueta sumatzen hasi gara. Bideoa amaitu eta argia aldatzen da. Ziarrustak obraren hasieran, Miss Karaokeren azalean, mikroa eskuetan zuela bakarrizketa egin duen uneko argiztapen bera da: iluna, urdina, argi fokuak lurrean lekuz kanpo baleude bezala, bakarrizketa hasi duenak foku egokia topatu ahal izan ez balu bezala. Argi horiekin ageri zaigu Jabitxin, baina Ziarrusta ez bezala, eserleku batean eserita dago bera. Begirada finko iltzatua dauka lurrean, mikrofonoa eskuan, eta Miss Karaokeri zuzentzen zaio. Galderak egiten dizkio: “Zer kanta aukeratuko duzu, Miss Karaoke?”. Eskatzen dizutena egingo duzu, gizarteak zutaz espero duena, ala barruak eskatzen dizuna? Zarena zara? Diotena zara?

 

            Bakarrizketa bakoitzarekin lur sentsazioa dator. Publikoarentzat logikaren heldulekua. Informazioa. Diskurtsoa. Bakarrizketak irla moduan botatzeak, testuak ondo deklamatuta eta pieza bakarrean, dialogorik gabe, publikoari informazio dosi bat ematen dio, eta horri esker sartu ahal dugu ostera beste eszenetan nahi dugun poesia guztia nahi dugun moduan. Horregatik erabaki genuen bakarrizketa hauek modu isolatuan, inolako mugimendurik gabe, botatzea. Bakarrizketa luzeak dira, baina obrari buruz jakin behar den guztia esaten da haietan. Ziarrustaren bakarrizketan gatazka planteatzen zen, obraren sinopsiko motiboa: kanta aukeratu beharra, euskara, identitate-talka. Jabitxinen testu honetan, ordea, gorputz gatazka planteatzen da, binarismoa ezbaian jartzea, “inter”, “trans” hitzak azalduko dira, obrarentzat paisaia berri bat sortuz. Jabitxinek ahotsa barru-barrutik ateratzea lortzen du, samur, zintzo, sinetsi egiten dugu dioena. Talde osotik bera da gai hauen inguruan material gehien ekarri duena prozesura: hermafroditismoari buruzko liburuak, Fake orgasm dokumentala, mugako identitateekiko interesa eta maitasuna. Berak behar zuen izan bakarrizketa honen deklamatzailea. Eta lortu lortzen zuen... nahiz eta hitz batzuk euskaraz ahoskatzeko eta intonatzeko moduarekin etengabeko borroka eduki, afera gure arteko txiste bilakatzeraino.

 

            Bakarrizketa amaitutakoan Jabitxinek begirada altxatzen du, publikoa isiltasunetik itaunduz. Une horretan bertan Marina atera da beste aldetik, eta eszenatokian zehar solte dauden argi puntu horietako batean geratu da. Miss Karaokeren berokia jantzi du: Miss Karaoke izateko bere txanda da. Bere erritmora zeharkatu du eszenatokia, Jabitxinengana iritsi eta mikroaren alboan antzoki osoan entzun den muxu samurra eman dio aurpegian. Mikroa hartu dio ondoren eskutik, eta mikro-oin batean jarri du. Bizkarka kokatu da, hondoko oihalari begira, Miss Karaokeren berokia bere luzean agerian uzten digula.

 

            Javiren marka izan zen hau ere. Jabitxin hain da maitagarria, hain da bitxia baina gertukoa, gogoa ematen zigun denoi muxu ematea. Bizitza errealean, esan nahi dut. Ba, horixe egin zuten aktoreek oholtza gainean, horixe agindua: aktore guztiek eman beharko zioten uneren batean edo bestean muxuren bat Jabitxini obran zehar. Hori ere pertsonaia horren dramaturgiaren parte izango zen. Obra horrelako materialez beteta dago, batzuetan txikiak direnak, atzemanezinak, baina obra osoa ehuntzen dutenak.

 

            Marina mikroa prestatzen duen bitartean Jabitxinek, muxua jaso berria, eskua aurpegian pausatua duela joaten da besteengana. Unai eta Ziarrusta atera egin dira oholtzara, eta Jabitxinekin elkartzean lurrean eseri dira belauniko, hiruren artean lerroa eginez, makurtuta dagoen burusoilen koru bat bezala. Marinari begira. Berehala beste bideoklip bat hasiko da proiektatzen oihalean: Franco Battiatoren No time, no space. Lehen akordeekin batera Marina kantuan hasiko da. Ez du perfektu egiten, ez du ondo intonatzen... Hau, azken finean, karaoke bat da. Alegia, bere asmo eta pasio guztia jartzen du, baina garrantzitsuena ez da ondo egitea, egitea bera baizik. Battiatoren bideoklipak badu zerbait berezia, hipnotikoa. Harritzen zaituzten detailez beterik dago. Oholtza gainean Marinak Battiatoren ahotsari jarraitzen dio. Burusoilen korua hari begira dago belauniko eta izoztuta, esfinge arraro batzuen moduan. Errepika bakoitzarekin datoz aldaketa eta publikoa guztiz lotzen duen unea: Marina biratu egiten da, eta belarritik belarrira dihoakion irribarrearekin partekatzen du publikoarekin kanta; koruak ere publikoari begira kantatzen du, efektu oso komikoa sortuz. Errepika amaitzean lehengora bueltatzen dira. Kantak aurrera egin ahala paralelismoak ikusten hasten gara besaulkietatik aktoreen jarrera eta bideokliparen artean: Battiatok ere hiru lagunek osatutako korua dauka alboan eserita, eta orduan ulertzen dugu jolasa. Hiru burusoilek bideoklipeko korua imitatzen dute zehaztasun osoz; uneren batean bideoklipak korua jarriko du lehen planoan eta biak berdin kokatuak daudela ikusiko dugu. Bat-batean bideoklipak amaitze aldera egingo du, musikak jarraitzen du baina Battiatok bere lana amaitu duela ikusten dugu. Bideokliparen barruan Battiato lurretik altxatu, musikariak bakarrik utzi eta badoa. Hondoan eskailera batzuk ikusten dira, etxe batekoak diruditenak, eta haietatik badoa. Marina garrasika hasten zaio: “Franco, ez zaitez joan, ez nazazu utzi... ne me quitte pas...”, hizkuntzak anabasan nahastuz hitz egiten dio. Azkenean ozen egiten du oihu: “Franco!!!”. Momentu horretan Battiatok, eguzki betaurrekoak behin ere kendu gabe, zuzen begiratzen dio kamerari une batez eta, ondoren, badoa eskaileretan gora betiko. Une batez benetan dirudi Marinari begiratu eta kasu egin diola. Jendea barrezka hasten da, ederra da aspaldiko bideoak oraingo aktoreekin solastatzen ikustea. Marina korrika doa atzeko oihalaren albora, eta haserre botatzen dio Battiatori: “Franco! Zure bilobari gutun bat idatziko diot!”. Eta badoa haserre eszenatokitik kanpora.

 

            Marina bera izan da prozesu honetan obraren idazle handienetako bat. Gogoan dut bideoklip hau ekarri zuela lehenengo egonaldian bertan, Garaionen, eta liluratu egin gintuela. Sarritan harritzen gintuen ekartzen zituen erreferentziekin eta, oro har, bere iruditeriarekin. Inspiraziorako etengabeko bazka zen, gure bide kolektiboaren harian bilaketa artistiko oso pertsonal baten berri ematen ziguna. Marina sorkuntza eztanda jarraia izan da Miss Karaokeren prozesuan, kanpo begiradatik etengabe hartzen genuen bere irudimenak ematen zigunetik. Obrako koreografia, txiste, momentu, erreferentzia asko bere inprobisazioetatik sortu ziren, guk jolaserako emandako pautekin elkarrizketan. Zuzendaritzaren ikuspegitik, luxua benetan. Beti esaten genion Battiatoren eszena hau hari egin genion oparia zela, bere karaoke momentua zen, Miss Karaokeren berokia janztea egokitzen zitzaion unea. Beti aipatzen zuen kanta horrek subidoia ematen ziola eta bideoklipak berak beti obsesionatu izan zuela. Ez zen gutxiagorako. Benetan bitxia zen. Oro har, artista handia izan zen Franco Battiato, asko izan dira prozesuan ikusi ditugun bere bideoklipak. Bere garaiari aurrea hartu zion tipo izugarri sortzaile eta umoretsua.

 

            Marina bazterretik joan da oihuka, baina hiru burusoilen koruak hor jarraitzen du leloa kantatzen “No time, no space / Another race of vibrations / The sea of the simulation / ...” Hirurek publikoan dute begirada iltzatua. Ez dute jarrera segundo bakar batez ere aldatzen. Bideoaren irudiak badoaz, argi xumearekin geratzen dira hirurak lurrean belauniko, kantuan. Bat-batean, publikoa gertatzen ari denaz ohartzen da: ahozko fade out bat ari dira egiten, mantso, oso mantso, baina jaitsieraren kurba oso argi ikusten da. Barre ozenak beste behin ere: aktoreek oso serio hartutako jolas oso tonto batek sortzen duen konplizitatea, eta gozamena. Azkenean, ezpainak mugitzen dituzte soilik, eta geratu egiten dira. Unaik sinadura txiki bat egiten du, muxu moduko bat, baina publikoari gehienetan oharkabean pasatzen zaio. Barne keinu bat da, ia-ia antzezlanaren barrukoentzat den marka, sortze prozesuan sortutako txiste ia pribatu bat. Hirurak publikoari begiratzeari utzi eta, oraindik belauniko daudelarik, tente jartzen dira, hiru automata bailiran. Halako batean Jabitxinek apurtzen du zurruntasuna, beste biei begiratu, publikoari so egin eta altxatu egiten da korrika.

 

            Marina bazterretik desagertu den unea dut oraindik gogoan gordeta, hiru burusoilen koruak modu komikoan momentua luzatzen hasi baino lehen. Sortze prozesuan ere izan dira krisi momentuak. Beti izaten dira krisi momentuak sortze prozesuetan. Are gehiago, normalean beti egoten naiz une horien zain, ez dakidalako sekula nondik egingo duten eztanda. Normalean, sarritan, gutxien espero duzun momentuan izan ohi da: ustez kontrolatua dagoen egoera batean, ustez aldeko duzun norbaiten aldetik, ustez dena ondo dagoenean. Edo nekeak gain egiten duenean, tentsioa eta lan giroa orekatzen ezin asmatuz gero. Batzuetan ezinaren kontra egiten duzu borroka: ez dakizu sekula nola garatuko den taldea osatzerakoan ekipoarekin abiatu duzun sedukzio ahalegina. Gerta daiteke dena okertzea, ez egotea lan giro onik, ez asmatzea exijentzia eta zaintzaren arteko oreka zail horretan. Are gehiago talde lana bultzatu nahi duzunean. Horrelakoetan ez da aski soldata bat ordaintzearekin, ez da aski ekonomiak zedarritutako botere harreman batzuk inposatzearekin. Ondo kobratzen badute, ez dela beti hala izaten, soldatapekoek obedituko dute. Baina guk ez dugu sekula hori bilatu, dirua egon ala ez beti joan gara talde harremanen bila, proiektuaren ideia datorren lekutik datorrela parte-hartzaile bati bere protagonismoa, bere botere eremua, bere inplikazio maila bermatzearren, proiektua maila batean denona dela sentitzearren. Hori, noski, proiektuaren arabera hainbat mailatan ematen da.

            Batzuetan ardurak ez dira berak, kasu, proiektua enkargu batetik datorrenean. Miss Karaoken onartzen dut bulkada nirea izan zela, nik hartu nuela Dramaturgia berriak deialdian testua idazteko mandatua, neure iruditeria pertsonalarekin zipriztindu nuela guztia, neuk hartu nuela publikoki aurpegia eman eta hartutako erabakien ondorioen gainkarga. Baina gustura, esan gabe doa. Proiektua sozializatu egin zen, hala ere, sortze prozesuan. Proiektu bakoitzean da ezberdina barruko mekanismoen talka, antzezlan guztiak dira ezberdinak. Beste lan batzuetan guztiz orekatua egon izan da hartutako zamaren ardura, baina kasu honetan zama politikoa nirea da; kreatiboa, ordea, talde guztiarena. Horrek dakar, kasu batzuetan, mugak topatu behar izatea. Ez da erraza, ez dut gustuko, ezerosoa da, eta tirabiratsua. Marinak “Franco! Zure bilobari gutun bat idatziko diot!” oihu egin eta geroko inprobisazio batean sortu zen ideia: Marina atera eta talka egiten du albo bateko paretarekin, lurrera atzeraka eroriz. Oso pailazoa, oso tontoa, oso dibertigarria. Oso erridikulua pertsonaiarentzat. Gag bat, aurreko giro guztia apurtzen duena. Funtzionatzen zuen. Ni, ordea, ezezkoan tematu nintzen. Lehenbiziko aldiz, edo inoiz baino agerien, atera nuen beto eskubidea, taldean oro har aldekoa zen erabaki baten aurrean. Boterea. Kasu askotan gustu kontua da, eta azkenean norbaitek erabaki behar du. Kanpoan dagoenak, baina barrukoekin negoziatuta. Kasu honetan batzuk gaude kanpoan, batzuk barruan. Eta ezetz diot, tematurik. Justifikatu dut erabakia: ez da beti egongo hormarik, aurreko eszenako arrastoa ezabatzen du... Giroa txartu zen, zauria, haserrea. Uste dut hori gertatu zen unean nekea eta ardura sorbaldetan pilatuak geneuzkala. Errazegia zen eztanda, eta ezerosoegia. Oso gutxitan gertatu zitzaigun, oro har sormen prozesua bikain joan zen, baina esan bezala, uneren batean gertatu behar eta, hauxe izan zen unea. Humanoak gara!

            Ordea, nire erabakiaren azpian bada gehiago, une horretan besteei aitorrezina zaidan zerbait, taldekide guztiek konpartitzen ez duten kezka, hautu politiko bat izanda, eztabaida amaiezinak sortzen dituena: obra honek gizontasunaz eta gizonkeriaz hitz egiten du niretzat, aitonaren figuratik abiatuta, patriarkaren boterea desegituratu trans filosofia baterantz... eta maskulinitatea eta femeninotasunaren arteko muga arakatzen ari bagara ere, argi dago erabilitako gorpuzkera gehienak maskulinoak direla. Hori, sortze prozesuan aurrera egin ahala, zama izan da niretzat. Argi daukat erabakia zuzena izan zela, aktoreak haiek izan behar zirela eta ez beste batzuk, baina argi daukat baita ere kanpo begiradan gaudenak gizonezko izendatuak garela gainera, emakumezko bakarra dagoela lan taldean modu jarraian lanean, nahiz eta une jakin batzuetan beste taldekide emakumezko batzuk ere parte hartu duten, Idoia Beratarbidek batez ere. Kezkatu egiten nau Marinaren presentziak, bere pertsonaia eszenikoaren zaintzak. Ezin dugu gaizki tratatu, ezin dugu sobera erridikulizatu, asko zaindu behar dugu hiru gorpuzkera gizonezko oso presenteen alboan koadroak osatzean Marinaren gorpuzkerarekin transmititzen dena. Ez da erraza izan oreka topatzea eta energiak elkarrekin osatzea.

            Prozesu osoan izugarri kezkatu nau horrek. Arazo hori bera obraren parte bilakatzen saiatu naiz idazketatik horri buruz hitz eginez, gatazka hori bera izan dadin obraren zutabe. Baina Marina aretoko hormaren kontra jo eta barregarri geratzen den inprobisazioan argi eduki nuen: funtzionatzen du, baina ezin dugu bere pertsonaia une bakar batean ere horrela maltratatu. Eta banekien asko ez zirela ados egongo, besteek esango diotenari diodan beldurra salatuko zidatela eta abar, baina nik argi neukan ezetz, hautu politiko bat zela, eta Miss Karaokeren mezuak nik nahi bezala funtzionatzea nahi baldin banuen, emakumezko izendatu bakarraren rola oso definitua, pentsatua eta zaindua behar nuela. Idoiak berak nabarmendu izan dit hori prozesu osoan zehar entseguetara egin izan dituen bisitetan: hori dugu obra honetako marra gorria. Eta besteei ezin diet une oro kezka atera, baina argi neukan horrela izan behar zela. Beto eskubidea. Norena da obra? Barne gatazka. Nik hartu nuen azken erabakia. Bat-batean talde barruko botere mugak agerian geratu ziren. Muga otzanak, urrunak... baina mugak. Niretzat oso egun gogorra izan zen, baina berriz ere egin beharko banu, erabaki bera hartuko nuke.

 

            Jabitxinek burusoilen korua atzean utzi eta mikrofonora joan da: “Kaixo. Oso pozik nago gaur hemen egoteaz. Ni euskaldun berria naiz eta oso pozik nago euskaraz den antzezlan honetan parte hartzeagatik”. Eta, pixkanaka, beste bakarrizketa bat harilkatzen hasiko da, bere istorioa kontatzen, parte batean fikzioa dena eta parte batean erreala. Jabitxinek mikro bat eskuetan hartu eta hitz egiten hastean edozer bilakatu dezake egiazko. Hain da oholtzan egoteko bere modua. Bitartean, atzean, mini-eszenak gertatzen hasi dira. Sarritan jokatu gara obra honetan horretara: foku nagusi bat egon daiteke, baina batzuetan, aldi berean, beste gauza batzuk ere gertatzen hasten dira, akzio nagusia oztopatzen ez dutenak baina nolabaiteko mikro-istorioak kontatzen dituztenak. Unai altxatu eta Battiatoren eszenatik oholtzan geratu diren gauzak jasotzen ditu, aulkia eta mikroaren oina. Jabitxinen bakarrizketak aurrera egin ahala gero eta ozenagoak dira barreak, gero eta handiagoak direlako, halaber, bakarrizketan botatzen dituen komentario politikoki ez zuzenak. Momentu batean euskaldun berri periferikoa izanda egin duen ikerketa baten berri ematen du, zeinetan euskaldun zaharrak txinpantzeekin konparatzen dituen. Astakeria da, noski, euskararen esentzialismoaz barre egitera datorrena jendeaz baino gehiago, eta publikoak ulertzen du, eta bakarrizketa aurrera doa. “Txinpantze”, “gorila”, “bonobo” esatearekin batera, Ziarrusta altxatu eta gorilarena egiten hasi da atzean, animalia despistatu bat izango balitz bezala. Marina irten eta eraman egiten du, erdi errieta eginez, eta albo bateko hanka eszenikoen artean esertzen dira, agerian.

 

            Gorilarena Jabitxinen eszena prestatu bitartean aktoreek nekearen nekez tontoarena eginez sortutako mikro-gag bat da. Ziarrustak oso ondo egiten zuen gorilarena, inpresionantea zen. Entseguetan jolasean egindakoa emanaldian sartu eta betirako geratu zen, ordea. Horrela izaten dira gauzak sarritan gure sortze prozesuetan. Edozer gauza izan daiteke lanerako materiala, gutxien espero duzun hori geratu daiteke gidoian txertatua eta emanaldiaren partituran finkatua. Batzuetan ironiaz esaten diote aktoreek elkarri: “Kontuz zer egiten duzun, hauek berehala erabiliko dute eta...!”. Halaxe Ziarrustarena; eta oso ondo geratzen zen, egia esan. Baina une horretan benetako izarra Jabitxin bera zen. Gogoan dut inprobisazio sorta hau egiten genbiltzanean jarri genien pauta: “Egin politikoki oso inkorrektoa den zerbait”. Bakarkakoa zen ariketa. Taldeka lantzerakoan zuzentasun-ezaren pauta honek hobeto funtzionatu zuen, esango nuke banaka sortutakoen artean Jabitxinena izan zela gorde genuen bakarra. Inprobisazioaren egunean oso ondo pasa genuen atera zuenarekin, lurretik botata barrezka. Euskararen aldeko topiko guztiak hartu eta buelta eta erdi emanda, astakeriak esaten hasi zen bata bestearen atzetik. Hasieran oso normala zen esaten zuen guztia, edonork sinatuko genukeena, baina gero eta gehiago barre egiten hasi zen euskararen aldeko mezuekin politikoki korrektoak direnek —garenok— sarritan izan ohi dituzten —ditugun— planteamenduak batzuetan erridikuluak izateko arriskuaz. Zentzu osoa hartzen zuen horrek, gainera, Gasteizko aktore bat izanda. Sarritan izan genuen mintzagai gasteiztarrek, eta oro har arabarrek, euskararen ikuspegitik osatzen duten periferiaz, euskal kulturan pairatzen duten bazterketa sentsazioaz. Inprobisazioa egin zuenean barrez lehertu ginen, eta bera eszenan pertsona bezala oso presente zegoela ikusi genuen, nahiz eta fikzioa eta errealitate autobiografikoaren nahasketarekin jolastu etengabe. Bere bakarrizketa inprobisatuak bazuen egiatik zerbait. Segur aski une horretan ulertu genuen, hasieratik intuitua bagenuen ere, Jabitxinen presentzia obra honetan zubia izango zela publikoaren eta eszenan gertatzen denaren artean. Beti dago mikro bati itsatsia, testua botatzea da bere fuertea, pentsamendua taularatzea: atea zabaltzen dio ikusleari hitzaren bitartez, barrura sar dadin. Abegitsua da bere presentzia bakarrizketa honetan, eta patetikoa ere bai. Bere kontakizunak aurrera egin ahala, alkandora askatzen doa, bero jartzen du euskaraz hitz egiteak, eta batez ere ingurukoek egiteak. Ironiaz eta autoironiaz beteriko testua da, eta oso ondo funtzionatzen du gehienetan. Kurioski, Miss Karaoke antzezlanak berak oso modu ezberdinean funtzionatzen du antzezten dugun lekuaren arabera. Edo zehatzago esanda: antzezten dugun lekuko publiko euskaldun motaren arabera. Bakarrizketa honekin gehienetan daude barreak, baina publikoa ez hain euskalduna den kasuetan algarak ozenagoak dira, beste modu batean dekodifikatzen dutelako bakarrizketa honetako euskaldun berriaren komedia basa. Testua Jabitxinekin batera orraztu genuen kanpo begiradatik, eta bere horretan joan zen gidoian, Jabitxinek osotasunean idatzia. Kasu hau da adibide oso on bat ikusteko zergatik egiten zaidan hain zaila idazle gisa testu definitiboa nik bakarrik sinatzea.

 

            Jabitxinek bakarrizketa amaitu eta publikoari begira geratu da. Bitartean, eszenatokiaren beste puntatik Unai azaldu da, Miss Karaokeren berokia jantzita. Halako batean gorpuzkera aldatzen du, eta basurde baten soinuak imitatuz zeharkatzen du oholtza, ia lau hankatan. Mugimendu horretan Idoia Beratarbidek eta Maria de Bernardok egindako jantziak beste dimentsio bat hartzen du, lepoaldeko ile matazak animaliatasun sentsazioa gehitzen baitio. Unai Jabitxinengana heldu eta, basurdearen roletik, hanketatik bururaino hozka txikiak egiten dizkio, modu ia sentsualean. Komikoa da, arraroa da. Jabitxinek eutsi egiten dio barre egiteko gogoari. Unai, azkenean, bere aurpegiraino heltzen da, masailean ematen dio azkeneko hozka, basurde muxu goxo bat oraingoan. Mikroa oraindik ere piztuta dago eta muxuak Jabitxinen bizarrarekin topo egitean soinu zatarra helarazten dio publikoari. Muxuaren ostean Unai basurde moduan doa korrika oholtzaren erdira, eta Jabitxinek alde egiten du mikro oina berarekin eramanda. Unaik eszenatokiaren erdian lekua hartu ahala argia aldatzen da, ilunera egiten du, baina atzeko oihaletik eszenatokiaren ahoraino nolabaiteko pasabide laranja bat utzita, zahar koloreko giro bat. Musika hasten da, 2046 pelikulako soinu bandako kanta bat, Perfidia klasikoarekin jolasten duena baina letrarik gabe. Jatorrizko kanta horren erreferentzia publikoaren iruditerian dago. Unairen Miss Karaoke izateko momentua da, bere soloa. Aktore guztiek dute obra osoan zehar Miss Karaoke izateko momentu bat, berokia jantzita sinbolizatzen dutena: pertsonaiaren arima janzteko modu bat. Dantza da Unairen indarra, mugimendua. Basurdearen kutsuari utzi gabe bere gorputza eraldatzen doa, begiradan mantendu egiten du esentzia basa, begirada publikoari sakon eta lizun eutsita.

            Baina, bat-batean, konturatzen hasi gara agian basurde emea dela. Aurpegian begirada ia primitibo bat mantentzen duen arren, gorputzean dena da borobila, malgua. Dantza pieza baten modukoa da begien aurrera datorkiguna.

            Unairen mugimenduak une oro dira leunak, normalean —modu eztabaidagarrian, esan gabe doa— femeninotzat joko genituzkeenak. Publikoa beti geratzen da hemen harrituta, harrapatuta, mugimenduarekin. Obran zehar intuitu ahal izan diogu Unairi halako gaizto kutsu bat; bihurria da bere energia oholtzan: erakarpena eta higuina sortzen dizkigu bere presentziak, neurri berean. Baina solo honekin ezustean harrapatzen ditu beti ikusleak: ez du une bakar batean ere izaera basa abandonatuko, baina mugimendu aldetik beste muturrera doa, sentikortasun osora, dantzaren bidezko poesia batera. Ederra da, ez dago beste hitzik. Oholtzan dantzan ikusiko dugu denok barruan daukaguna: norberaren alde ilunaren edertasuna. Koreografia osoa Miss Karaokeren berokitik dator, eta berokira doa. Jantzi eta erantzi, berokiarekiko maitasun istorio bat da; beti tratatzen du errespetu handiz, tentuz, sentsualtasunez, guztiz jartzera iritsi gabe. Azkenean, kantuak aurrera egin ahala, lurrean etzanda harekin tapatu eta gero, guztiz janztera iritsiko da, publikoari begirada sexual leun bat luzatzearekin batera, jendeari deszifratzen kostatzen zaion begirada enigmatiko bat. Miss Karaokeren berokia jantzi eta besoak zabalik, gora begira, bere ardatzean bueltak ematen hasten da, Julie Andrews galdu bat bezala.

            Bat-batean musika eten egingo da, baina bortizki, teknikariaren akats bat izan balitz bezala. Unaik bueltaka jarraituko du, isilean. Publikoak zalantza egingo du, begirada heraberen bat sumatuko dugu teknikariaren aldera, baina Unaik gorputzak eskatzen dion arte jarraituko du. Bere arnasa sentitu dezakegu, estu. Azkenean geratu eta berokia laztanduko du apur bat; gorputzean doituko du, maitasun handiz betiere. Azkenean, publikoari begiratu eta azken esaldi parea botako du basurde soinuz, erraietatik egingo balu bezala; normalean Alien pelikulako munstroaren soinu karrankaria ekartzen dit gogora, baina tripetatik botatako poema bat balitz bezala. Sentsazio arraroa da, kontrajarria. Polita eta, era berean, komikoa. Proiekzioa dator berriz ere: Oier eta bere ama, hirugarren aldiz. Unaik proiekzioari begiratu eta badoa, ikusleak irudiei begira utzita. Bertan datorren kontakizuna, aitonari buruzkoa beste behin ere, arropaz mintzo da, aitona emakumez janzten zenekoaz. Bideo horietan bada beti amaieran errepikatzen den esaldi bat, publikoak dagoeneko ezagutzen duena: “Abuelo, siempre quisiste que te llamara aitona, y no fui capaz”. Oraingo honetan, ordea, ñabardura batekin gatoz emakumez janzten zeneko pasadizoa kontatu ostean: “Aitona, siempre quisiste que te llamara amona, y no fui capaz”. Barrea sumatzen da publikoaren artean; eta beroa, eta maitasuna.

 

            Unai berokiarekin dantzatzen ikusi genuen lehen aldia dut gogoan. Eszena honen ideia sortu zen unean obra nahiko aurreratua zegoen. Jarraian datorren azkeneko blokearen collagea dagoeneko marraztua genuen eskura geneuzkan materialekin. Azken bloke honetan, ordea, Unai ia desagertua zegoen eszenatik. Neurria bilatu behar genuen: lau aktoreen arteko presentzia eszenan oso orekatua da obra osoan, azken zati honetan izan ezik. Gogoan dut esan genuela, “bloke hau amaitu baino lehen Unairen solo bat behar dugu, publikoari arrastoa utziko dion solo indartsu bat. Hau izan daiteke berak Miss Karaokeren berokia janzteko une egokia”. Zein material erabili, ordea? Zalantza oroitzen dut, ez jakitea norantz egin tira. Unai oroitzen dut, kezkaturik bera ere. Material ia guztiak inprobisazioetatik sortu genituen, eta horrelakoetan zaila suertatzen da uneren batean faltan botatzen duzun material mota bat hutsetik sortzea, obraren behar batetik datorrelako, eta ez aktore baten bulkadatik. “Agian erantzuna aurretik sortutako materialetan dago”.

 

            Errepasatu genuen, berriz ere, Javik eta biok material zerrenda. Agortzen ari zitzaizkigun sortze prozesuko polaroid bisualak. Arakatu genituen inprobisazioetako bideoen karpetak, ideia eta zirriborro guztiekin gaiaren arabera intuizioz antolatuak genituenak ordenagailuan, “ez zaigu ia materialik geratzen”. “Eta basurdearena?”. Begiratu genion bideo horri atzera. “Beti eduki du zeozer interesgarria material horrek, baina ez dugu asmatu non sartu, ez dugu berarekin zer egin jakin”. “Ea ba, eman diezaiogun beste aukera bat, utz diezaiogun hitz egiten”. Javi murgildu zen material horren arakatzean, oso ona da horretan. Unaik aste batzuk atzera egindako inprobisazio hartan hitzik gabeko materiala zen nagusi, oso espresiboa, eta seguru geunden balio zuen zerbait ezkutatzen zuela. Material hura sortu zeneko inprobisazioaren unea oroitzen dut. Bigarren egonaldian izan zen, Baratza aretoan. Garaionen egindako lehen egonaldian dena izan zen jolasa, elkar topatzea, barrea eta lana. Javi oraindik ez zegoen taldean, eta nik neuk ariketak egiten nituen aktoreekin batera, talde giroa sortzen joatearren, haiek nire intuizio fisikoez zipriztintzearren. Joseba Roldan kolektiboko kidea eduki nuen une oro telefonoaren bestaldera konspiraziogintzan, ezinbesteko bidaide eta aholkularia izan nuen lehenengo fase hartan.

            Josebaren aholkuz, bigarren egonaldian ariketa fisikoetatik guztiz kanpora atera nintzen, eta zuzendari rola jokatzen hasi, material zehatzagoak sortze aldera. Nik intuitzen nuen bigarren egonaldi hartan oraindik ere freskotasunerako tartea egon zitekeela, eta materialik fisikoenak, biluzienak, probokatzaileenak atera nahi nituen. Egonaldi horretan etorri zen Unaik Ziarrusta iratxo baten moduan kolpatzen duen eszena, niretzat une magikoa izan zena. Baita ere Miss Karaokeren azkeneko blokean datozen gorputz biluzien eszena gehienak. Haiek sortzeko inprobisazioetan jarri nien gaia dut oraindik ere gogoan: “Genero lausoko bi minutu taularatu”. Lortu egin behar zuen bakoitzak minutu pare batez ekintza edo egoera fisiko batean bere generoa lausotzea, nahastea, estaltzea, birsortzea. Esango nuke egun hartan sortutako material guztiak erabili genituela, sortze prozesuan gehien disfrutatu dudan egunetako bat izan zen zalantzarik gabe.

            Egun hartan Unaik proposatu zituen materialen artean zegoen basurdearen eszena. Hasiera batean goitik behera estalita atera zen, musika techno bortitzaren erritmora, buru osorik estaltzen zion basurde maskara bat jantzita. Bere gorputza estilizatzen zuen traje espazial dirdaitsu eta estu bat jantzi zuen, bularraldeko borobiltasunak modu xumean nabarmenduz. Eta mugimendu femeninoak, edo femeninotzat jotzen ditugunak, egiten hasi zen. Sentsazioa kuriosoa zen: Unai aktorea den arren ia dantzari izatera eramaten duen maila fisiko eta koreografiko itzela dauka, eta apur bat abstraituz gero, modu oso sinesgarrian mugitzen da, iritsi egiten zinen emakume bat, edo emakumetzat jotzen duguna, dantzan ikustera. Buruan basurde maskara izateak sentsazio kontrajarria sortzen zuen, normalean gizonkeria jakin batzuekin lotzen dugun iruditeria delako animalia horrena, zatarrarena, zikinarena. Baina, berez, kasualitatearen ondorio zen maskara harena, berak bilatzen zuena mugimenduak bere kabuz hitz egitea zelako, aurpegiko espresioa kenduta, aurpegi batek duen informazio estra kenduta. Baratza aretoak badu ikasleekin antzerki ikastaroetan lan egiteko arropaz beteriko gela bat, eta maskara hori izan zen burua guztiz estaltzeko une horretan topatu zuen bakarra. Ez zegoen besterik. Kasualitatea, beraz. Eta, kurioski, basurdearen iruditeria geratu zitzaigun gogoan, gizonkeriari loturiko kontraste bat bezala. Hori ere bada sortze prozesuetan adi egoteko modu baten ondorio: kasualitateei hitz egiten uztea, eta dakartena onartzea. Unairen soloa behar genuen une horretan berreskuratu genuen material hori, eta probak egiten hasi. Berriro hartu genituen traje estua, basurde maskara, musika bortitza eta, gero, Javiren begiradapean betiere, ahalik eta urrunen eramaten saiatu ginen, ahalik eta mugimendu gehien sartuz, ahalik eta bortitzen, ahalik eta sentsualenen... gero kentzen, eraldatzen hasteko, material horrek eskatzen zuen leku zehatzera eramanez. Mugimendua ahalik eta urrunen eramanda, Javiren azkeneko erabakia izan zen maskara kentzea, basurdearen energia, mugimenduak, bortizkeria eta sentsualtasuna gordetzea baina Unairi bere aurpegia bueltatuta. Eta, bat-batean, beste behin ere, gure begien aurrean hunkitu gintuen eszena bat azaleratu zen. Azkeneko gauza mugimenduen kutsu zehatza zedarritzea izan zen: “basurdea femeninoa izan behar da une oro, eta trajea, Miss Karaoke bera den heinean, maitasun guztiarekin tratatu behar da, ez da inoiz izango trapu bat”.

 

            Idoia Beratarbidek eta Maria de Bernardok ez zuten Miss Karaokeren jantzia besterik gabe sortu: artelan bat egin zuten. Miss Karaokeren berokia bera da Miss Karaoke, arropak berak hainbesteko nortasuna hartu zuen ezen azkenean beste aktore bat bilakatu zen. Hori zen helburua, eta bete-betean asmatu zuten. Miss Karaoke sinbolizatuko zuen jantzi berezi bat nahi genuen; nahiz eta Iñaki Ziarrustaren presentzia izan, berez, Miss Karaoke, uneren batean guztiek jantziko zuten berokia, guztiak sartuko ziren Miss Karaoke kontzeptuaren azalean. Eta hala izan zen, zinez. Idoiak eta Mariak 2007an sortu zuten Marodi jantzigintza proiektua, eta ordutik Euskal Herrian oso ezagunak izan diren antzezlanak jantzi dituzte: Artedramarenak, Dejaburenak, Rouge Elearenak, Atx Teatroarenak... eta, noski, kolektiboko kideak izanda, Metrokoadroarenak. Haiekin ikasi dugu guztiok jantziaren lengoaia, dramaturgia, eta garrantzia. Haientzat ez da bigarren mailako kontu bat, jakin behar da jantzigileak entzuten eta sormen prozesuan beren espazioa uzten. Metrokoadrokak egin dituen lanetan espazio hutsera jo dugu ia beti, antzezlana aktoreen gorputzetan gauzatzera, teatro pobrea aldarrikatzera. Zentzu horretan, poesia bisualaren bidetik, arropa eta argiak izan dira gure aliatu nagusiak. Zutabe horiekin, aktoreekin egindako egiaren bilaketa lagun, kapazak izan gara antzoki erraldoietako espazio hutsak betetzeko. Hala izan da Miss Karaokerekin, baina aurretik ere hala izan zen, adibidez, Zertarako hegoak lanarekin. Gutxitan egon da hain hutsik gure lan bat eszena gainean eta, era berean, hain betea umorez, aktore jokoz eta koreografiez. Orduko hartan Marodik egin zituen jantziak, arropek beraiek osatzen zuten nolabaiteko eszenografia. Zertarako hegoak laneko arropa batzuk artelan txikiak ziren, eta miresmena sortzen zuten sarri ikusleengan. Antzera Miss Karaokerekin: Marodik ezin hobeki uztartu zituen aktoreen arropa bakoitzaren tonuak, Metrokoadrokaren marka den arropa retro kutsua trans izaera vintage batekin uztartua. Miss Karaokeren berokia, ordea, aparteko kasua izan zen. Hasiera batean beste beroki bat sortu zuten, antzekoa baina ezberdina, eta harekin hasi ginen lanean. Oso ondo funtzionatzen zuen, kanpo begiradatik emozionatuak geunden harekin. Idoia eta Maria, ordea, ez zeuden konbentzituak. Oraindik gogoan dut beroki hura suntsitu eta haren hondakinekin zeozer berria egingo zutela iragarri ziguten eguna. Ni dardarka hasi nintzen, ondo funtzionatzen zuen zerbait esku artean edukita ez nuelako arriskatu nahi, are gutxiago dagoeneko existitzen zen beroki hori bera zenean suntsituko zutena, beste bat sortu beharrean. Hala ere haiek oso argi zuten, eta zorrotz jokatu zuten. Miss Karaokek beste zeozer behar zuen: lana ondo egin edo ez egin. Urte hauetan guztietan Metrokoadrokan zeozer ikasi baldin badut neuk kontrolatzen ez ditudan gaietan besteengan delegatzea eta konfiantza izatea izan da. Eman dezaket iritzia kanpo begiradatik, baina puntu batetik aurrera konfiantza izan beharra dago, eta, batez ere, barneratu beharra dago besteen lana, nahiz eta unean bertan guztiz konbentzitua ez egon. Esan gabe doa, merezi izan zuen, emaitza berriak ere oso ondo funtzionatzen zuelako, are gehiago, aurrekoa gainditu egin zuen guztiz. Kosta egiten zait orain besterik imajinatzea. Neuk atsedenaldietan inoiz berokia jantzi izan dudanean mundu magiko bat janztearen sentsazioa izan dut. Macguffin poetiko bat bilakatu zen, Miss Karaokeren erritualeko talismana, aurreko berokia tira luzeetan zatitu ondoren, berriro beste modu batean josita, bere errautsetatik sortutako arropa fenix miresgarria.

 

            Bideoa amaitu eta norbait ari da eszenako ilunpetan mugitzen, ahapeka entzuten dugu mikrotik zurrumurrua “Non da... ai... uf... hemen...”. Marina oholtzaren erdian kokatu da ilunpean, eta aurretik Unairen eszenan txano iletsuarekin atera denean egiten zuen uso frikiaren moduko soinua errepikatzen ari da. Usoinuen erdian nolabaiteko oihutxoa egin du: argia sartzeko marka da. Foku zenital batek bete-betean jotzen du eszenatokiaren erdian, eta hankaz gora dagoen Marina bat erakusten digu, usoinu absurdo horiek egiten, komiki batean etxe-orratz batetik erori eta lurrean hankaz gora sartuta geratu den marrazki bizidun bat balitz bezala. Pixkanaka beste zerbait hasi da azaleratzen, ezkerraldetik ilaran datorren hiru gorputzen presentzia bat. Beste hiru aktoreak bular-biluzik agertu dira, ibilera zehaztasunez koreografiaturik, eszenatokia ilaran zeharkatuz. Haiek mugitzen hastearekin batera Also sprach Zarathustra doinu ezaguna hasi gara entzuten. Tximinoak dira? Armada bateko hiru gizonki hondartzarako bidean? Beren burua serioegi hartzen duten hiru intelektual? Gerlari grekoak ziruditela esan genuen entseguetan, eta hala esaten diogu eszenari ordutik: “grekoena”. Heldu dira arranditsu Marinarengana, elkar ukituz eta koadro klasiko moduko bat sortuz, epikotasunez beterik eta kamera geldoan ia. Marinak airean dituen oinetatik tira egin eta buelta ematen laguntzen diote. Hartzen dituzte oholtzan dauden objektu bakanak eta, gerla bateko ezpata sakratuak bailiran, berriro kokatzen dituzte, musikaren erritmora, beharrezkoa den denbora guztia hartuz, mugimenduak luzatuz, endorfinaz beteriko epikotasun itsuan murgilduta, hurrengo eszena egin ahal izateko. Marinak, bitartean, ironiaz begiratzen die, publikoarekiko zubia eginez, konplizitatez. Jabitxinek mikro oina, Unaik mikroa bera, Ziarrustak aulkia prestatu dizkiote Marinari, jarraian bere bakarrizketa egin dezan. Musika amaitzear dela, haien lana bukatuta, airean eskuak astinduz joaten dira, modu koreografiatuan betiere. Alboko hanketara iristean bularrak jotzen dizkiote elkarri, macho men harrotuen modura. Marina aulkian eseri eta orduan konturatzen da mikro oina ez dagoela ondo jarrita, altuegi dagoela. Ondo jarri eta berehala esaten du, “en fin”. Kutsu ironikoak dakartza lehenengo barreak, gertatzen ari dena ezin ulerturik dauden ikusleen artean. Erridikulua izan da grekoena, absurdoa izan da, eta batez ere, dibertigarria. Marinak, ironiak ematen dion energiaz botereturik, eskua luzatzen du airean, txano iletsu zuriari eusten diola. Unaik Jabitxin bultzatzen du eszenara sar dadin. Jabitxin, bat-batean lotsaturik, titiburuak tapatzen ditu, “Barkatu, Marina” esanez. Marinari txano zuria hartu, eta badoa. Hirugarren bakarrizketa hastera doa.

 

            Grekoen eszena munduko tontokeriarik handiena izan zen: trantsizio bat behar genuen eta ataskatuak geunden; entseguak nekearen nekez blokeatzen diren egun horietako bat zen, zeinean kanpo begiradatik proposatzen duzun guztiak ez zuen piperrik balio. Egun horretan entsegua amaitu eta garagardo bat hartzera joan ginen, sarritan egiten genuen bezala. Edu, Unai, Jabitxin eta Marina Gasteizkoak izanik, bertakoak ez ginenontzat hartua genuen alokairuan pisua. Pisukide izan ginen, beraz, Ziarrusta, Javi eta ni neu, gela banatan. Etxera joan aurretik, besteek beren hirian egonda, sarritan zereginak zituztela baliaturik, garagardo bat hartu ohi genuen etxerakoan, arnasaldi modura. Egun hartan hirurok ginen bakarrik, bederen. Javik eta biok burua oraindik ataskoan bahiturik genuen: zer egin, nola gauzatu, trantsizio madarikatua. Nola pasatu hurrengo blokera, antzezlana amaitze bidean jarriko gintuen horretara. Trantsizio bat besterik ez genuen behar, baina, une batez, beste aire bat ekarriko zuena, hurrengo blokeko eszena ilunetara pasatzeko zeharbide bat. Akordatu ginen Marinak hankaz gora jarrita inprobisazioetan eginda zuen poema bisualaz, baina... nola lotu hura zetorrenarekin? Terraza batean, garagardoak eta chaskisak. Ziarrusta gu bioi isilik entzuten, zur eta lur. Ez dut ondo gogoan zehatz-mehatz nola izan zen, baina bai sentsazioa: hasi ginela Javi eta biok elkarri mingainetik tiraka, tontakeriak esaten, barrezka, “eta hala jartzen baditugu...?”, “kar-karkar...”, “ona, ona, oso tontoa izan daiteke, horrela, gerlari moduan ateratzea edo...”, “kar-kar-kar”, “bai, eta imajinatu, 2001 pelikulako musika hori jar genezake, nola zen...”, “Also sprach Zarathustra”, “horixe bera”, bale, ba horixe probatuko dugu bihar”, “bale”. Eta lasai arraio amaitu genuen garagardoa. Ziarrustaren zilindro aurpegia oroitzen dut oraindik esaten, “Ya esta? Horrela erabakitzen dituzue zuek gauzak? Chaskis batzuekin? Jendeak jakingo balu...!”. “Aizu, garagardo momentuak ere prozesuaren parte dira”. Hirurok algaraka. Ordutik, Ziarrustak kontatzea gehien gustuko duen pasadizo horietako bat da egun hartakoa, “harrezkeroztik, nire sortze prozesuetan ataskatua nagoenetan, chaskisak erosten ditut”. “Grekoen eszena”ren sorrera. Lehen kontatu dut nola Ziarrusta eta Unairen artekoa zen nire eszena pertsonalena, eszena hori, non antzezlana den collage erraldoiaren erdian nik neure burua islatuen ikusten dudan, nireena sentitzen dudana, kanpo begiradatik ustez inspiratuen egon naizena. Grekoena, akaso, Javirena izan zen. Bere marka darama obra osoak une ugarietan, baina eszena harekin oso inspiratua egon zen biharamunean muntatzerakoan, disfrutatzen ikusten zitzaion aktoreen gorputzekin eszena marrazten; oraindik ere ez gara emanaldietan ikusteaz, barre egiteaz, eszena sortu zen unea oroitzeaz nekatzen.

 

            Marina bere testua botatzen hasi da, ahoa mikrora itsatsia. Ziarrustak bere bakarrizketan zalantza transmititu ohi zuen, Jabitxinek berean sentikortasun trans bat; Marinak ironia eta boterea islatzea nahi genuen, lerro bakoitzean. Jendeak tarteka barre egiten du, oso berarekin dago, esaten duenarekin topera. “Zeintzuk dira zure adjektiboak, Miss Karaoke: Feminista? Postfeminista? Maskulinista? Menoskulinista? Feminista ez praktikante buenrollista?”. Marinak amaitu du bakarrizketa, berriro jartzen du eskua, eskean bezala. Jabitxin sartu da berriz ere, oraingoan alkandora jantzita, txano beltz bat ematera. Mikrora gerturatzen du aurpegia eta Marinak muxu ematen dio; beste behin ere, mikrotik entzun da soinua. Jabitxinek harriturik bezala eraman du aurpegira eskua, eta bizkarra mikrorantz okerturik posizio arraroan geratu da, izoztua bezala, Marinari begira. Honek aulkia utzi eta eszenatokiaren erdia hartu du, lehen hankaz gora zegoeneko posizio bera, foku zenital beraren azpian. Jabitxinek, berriz, mikroan duen gorputz jarrera erdi makurtua alda lezake, ez dirudi erosoa, baina ez, horrela mantentzen da. Esaldiak esaten hasten da, “Aukeratu dezaket sarrera batetik irtetea? Zer aukeratu dezaket? Aukeratu dezaket nire sexuaren sintaxia? Zer aukeratu dezaket?”, eta bitartean, Marina, lurrean eserita, koadro estatiko biziak sortzen hasten da: bizkarrez gure inkontzienteak femeninotzat jotzen duen jarreran, alkandora mugitzen du sorbalda bat utziz agerian, sentsual; txano beltza buru osoa estaliz jarrita ondoren, alboz eseri da ezkerreko hormari begira, keinu txikia eginez sudurrean: ez dakigu neska edo mutila den. Testua amaitzen da, Jabitxin badoa alboko hormara mikroa eramanda. Marina zutik jartzen da oraingoan, bizkarka, eta alkandora askatzen du. Lurrera botatzen du, txanoa mantenduta; besoak gurutzatzen ditu estu, bular biluziak estaliz. Buelta ematen du eta infinituari begira geratzen da, publikoaren gainetik begirada galduta, guztiz geldirik, luze, oso luze, luzeago. Eta luzeago.

 

            Une hori izan zen obrako unerik arriskatuenetariko bat. Aldiro jartzen nintzen tentsioan publikoaren eserlekuetan. Kasik desio egiten nuen Jabitxinek guk emandako pauta saltatzea, eta tentsioa amaitzea. Marinak une honetan osatzen zuen koadro estatikoa antzerkian onartutzat edo egokitzat daukaguna baino gehiago irautea nahi genuen. Jabitxinek apurtu ohi zuen unea, agertokiko hanketatik esaldi bat esanez; gure pauta delikatua zen: “Sentitzen duzunean eszenak gehiegi iraun duela, orduan itxaron pixka bat gehiago, hori da neurria. Horren ostean hasi hitz egiten”. Luze. Oso luze. Eta luzeago. Erronka bat publikoari. Antzezlanaren martxa erabat geratzea koadro bati begira. Oroitzen dut Ziarrusta kezka puntu batez entseguetan, “hau publikoaren kontrako bortxakeria da”. Ez dakigu zergatik, baina horrela egin behar genuela sentitzen genuen. Marina gerritik gora biluzik, ilea txano beltzak estalita, bularrak estu tapatuta, frontaletik datorren argi horail itxi batek behartzen du gure begirada, batez ere aurpegian zentratzera behartuz. Oroitzen dut Ainhoa Alberdi kolektiboko kideak nola azaldu zidan estreinaldiaren egunean izan zuen prozesua eszena honetan: “Hasieran irudi polita zen, gero gehiegi irauten hasi zenean ezeroso sentitzen hasi nintzen, gero ezerosoago, ondoren haserre, azkenean haserreago, oraindik irauten zuen hala ere: amaierarako haserrea askatu egin nuen, koadroaren kontenplazioan galdu nintzen, gauzak ikusten hasi nintzen”. “Obra honetan bada gauzen iraupenarekin zerbait —esan ohi zuen Javik prozesuan— antzerkiko arauak apurtzearekin zerikusia duen zerbait, sozialki normala denari iskin egitearekin zerbait”. Eszena honek leherrarazten zuen hori, hasierako txaloen eszenak egiten zuen bezala. Publikoa interpelatzen dute eszena hauek, publiko gisa posizio bat hartzera behartuz: “Noiz amaituko da hau? Nire esku dago, gauden eserlekuetatik, amaitzea? Zertan ari dira gurekin?”. Batzuk, Ainhoak bezala, lortzen zuten fase batzuk pasatzea eta azkenean erlaxatzea, momentuaz disfrutatzea; beste batzuk ez, hasieratik haserrean murgildu eta, akaso obra osorako, ez ziren itxitura horretatik aterako. Baina zertarako antzerkia egin, ez badugu arriskurik hartzen, antzerkiaren normak jarraitzera mugatzen bagara, errebeldeak izaten saiatuz baina beti arauaren barruan? Ez dakit posible ote den intsumisio osoa, edo ez dakit ni neu ere gai ote naizen. Publikoaren alde ari garelako betiere, arauaren kontra baina publikoaren alde, eta amaieran dugun xedea modu batera edo bestera harekin konektatzea delako. Baina konexio hori arriskuak hartuz eman behar da, horra tentsioa eta ustezko kontraesana. Hori behar luke, gure iritziz, edo prozesu honetan sentitu genuenaren arabera, artistaren konpromisoa: arriskuak hartzea, oholtzara ateratzea jakinda agian ez duela apustuak bere helburua beteko, baina egin egin beharrekoa dela saltoa. “Koadro bat kontenplatzea izan da, azkenean”, dio Ainhoak. Eta hala da. Antzerkian beste denbora batean sartzea, akzioaren erritmoa apurtzea, John Cage gogoan, isiltasunaren musika entzutea. Eta oihua. Ez kasualitatez, hau Marinaren soloa da. Bere bakarrizketa zatiaren ostean dator koadro isil baina ozen hau, antzokiko paretak dardarazten dituen oihu baten moduan, oihu egitea bera baino ozenago.

 

            Eta badator koadro estatiko luzea apurtuko duen esaldia, mikrotik, eszenako hanketatik, Jabitxinen ahotsarekin: “Aukeratu dezaket ama izatea?”. Publikoak sentitu duen bortxak eztanda egiten du galderarekin, gustura egon ala ez eszenan zehar amaierako esaldiak guztia borobiltzen du kolpez, zentzu betea emanez. Oihua. Munchen koadroari luzez begira egotea bezala. Pintura erakusketa den antzezlana, koadro bizien antzerkia. Apurtu da, beraz. Marinak buelta eman, lurretik alkandora hartu, eta bizkarka berriz ere,jantzi egiten da. Bien artean, Ziarrusta atera da aurpegia osorik beltzez estalia, atzeko oihalaren ondotik. Aulki batean eseri eta Marinak eta biek elkarri begiratzen diote. Paralelismo bat sortzen da, Marinak Ziarrustaren irudi berri honi sarbidea emango balio bezala: biek dute txano beltza buruan. Begirada batekin uzten dio Marinak lekukoa, eta badoa. Ziarrustak publikoaren arreta hartzen du. Jarlekuan eserita, alboan dagoen kaleko argia pizten da, bere gorpuzkerari bolumena emanez. Miss Karaoke obrako blokerik barrukoena, intentsuena eta ilunena. Generoaren gaiarekin loturarik estuena duena; gaia obra osoan egon den arren, bloke honetan eztanda egitera doa. Badaramagu ordubete oholtzari begira, ez da erraza hemendik aurrerako denborari eta energiari eustea. Eta nik, publikoaren eserlekuetatik, badakit.

            Saiatzen naiz sentitzen publikoaren energia eta gogoa nola geratu diren Marinaren eszenaren ostean, publikoaren energiak datorrenari eutsiko ote dion igarri nahian. Zaila da asmatzen. Tentsio puntu batez begiratzen diot beti aktoreen lanari bloke honetan. Lortuko dute erritmoari eustea? Sartuko da publikoa barrunbe horretan? Datozen irudien erritmoak ez dira errazak. Aurrera goaz. Ziarrusta bere koreografiarekin hasten da. Beso bat luzatzen du airean, muskuluak tenk. Gerlari besoa da, biluzia, ukabila itxia duena. Ondoren, bat-batean, indar guztia askatzen du, malgutu egiten da eta mugimendu borobilak egiten hasten da airean. Jarraian altxatu egiten da, galdera bat dago bere gorputzean, ia modu atzemanezinean: gona altxatzen du, gure inkontziente kolektibo adostuan oso femeninotzat joko genukeen mugimendu batekin, eta bere hanka biluzi gihartsuak uzten ditu agerian ia gerriraino. Gona gerrialdean askatu gabe, espazioan mugitzen hasten da, pausoak luze nabarmenduz, estilo handiz, elegante, zikoina. Eszenatokiaren erdira iristean, argia aldatzen da. Gerrialdetik hankak mugituz, olatu oso estilizatu eta luzeak marrazten ditu, borobiltasuna bilatuz betiere, baina gorpuzkera sendo eta gihartsu batetik. Aurpegia beltzez estalia du une oro, eta publikoan galderak pilatzen hasten direla sumatzen da. Buelta ematen du, bere jantziaren goiko aldea askatzen du. Bizkar gihartsua nabarmentzen da, eta berak ere markatzera egiten du. Jabitxin esaldiak botatzen hasten da mikroan, zentzuz beteak baina umoretsuak eta absurdoak era berean, ikusten ari garen Ziarrustaren irudi potentearekin kontraste egiten dutenak: “Aukeratu dezaket datorren urteko udako kanta? Aukeratu dezaket Miguel Bosé nor den ez jakitea?”. Galdera bakoitzarekin Ziarrustak argazki bat eskaintzen digu, posizioak aldatuz, bere kirolari bularra une oro nabarmenduz. Aurpegia estalia duen heinean eskulturak dira eskaintzen dituenak, gerlari polaroidak, borrero sentikor batek ispiluaren aurrean egingo lituzkeenak... auskalo zer interpretazio sortzen den ikusleen begietan. Azken esaldiarekin bizkarka geratzen da eta gona askatzen duela ikusten dugu, kremailera txikia askatuz, lurrera erortzen utziz. Guztiz biluzik baina burua txano beltzak osoki tapatua duela musika onirikoa sartzen da, Blade Runner berriz ere. Ziarrusta jiratzen hasten da, gero eta ozenagoa den musika onirikoarekin batera; Jabitxinen azkeneko galdera dator, obrako galderarik ikonikoena: “Aukeratu dezaket nire gorputza? Zer aukeratu dezaket?”. Ziarrusta guztiz jiratu da eta bere hankartea ixa beltz handi batez tapatua duela ikusten dugu. Komikoa izan liteke, baina musika honekin, argi-ilun honekin, poetikoa da. Aldarri bat den galderaren unerik gorenenean, guretzat ikonikoenean: “Zer aukeratu dezaket?”.

 

            Zinta amerikarra tira parea prest agertokiko alboetan, Ziarrustak obraren amaiera alde honetan noiz jarriko zain. Barreak botatzen genituen entseguetan zinta jartzen zuen bakoitzean, kosta egin zitzaigulako modu zehatza topatzea. Huskeria dirudi, baina antzerkia hori ere bada: batzuetan xehetasun batek banatu dezake poetikotasun eta erridikulu absolutuaren arteko marra: “Ez dadila zakila hainbeste nabaritu, haren marka ezabatzea da kontua”. Oraindik gogoan dut bloke honetako irudi gehienak sortu ziren eguna, Baratza aretoan. Lehenago aipatu dut zein izan zen pauta, “Genero lausoko bi minutu taularatu”. Ariketa hartan magia egon zen, nik obra honekin generoaren gaiaren inguruan galdetu nahi nuen guztia hor sortu zen, modu basan. Gero Javi izan zen material bakoitzari behar zuen dirdira eta ozentasuna ateratzeko kapaz izan zena. Elkarren begiradaren pean forma hartzen ikusi nituen hain barrutik, denon gorputzetatik, sortutako irudiak. Egon ziren kanpoan geratu zirenak ere, batzuetan gertatzen da.

            Gogoan dut bereziki bat, Ziarrustaren eszena honetarako material osagarria zena: inprobisazio hartan argi mangera batez lagundurik osatu zuen ixaren irudia. Irudi are onirikoagoa zen, futuristikoagoa nolabait, biluztasun ezabatua gorputz osoa zeharkatzen zion argi hodi batez inguratuta. Hasieran kasualitateak ekarri zuen argi hodia, Baratzan bertan handik zebilelako trasteen artean, eta beste behin ere kasualitateari kasu egitea erabaki genuen. Antzokian entseatzeari ekin genionean denetik probatu genuen irudia mantentzearren: erosi genuen hodi berria, probatu genuen hamaika modutan. Argi korrontea behar zuen, noski, hodiak, sartu egin behar zen nolabait eszenara momentu oso delikatu batean, atera egin behar zen ostera... Zatarra geratzen zitzaigun mugimendua, arazoak besterik ez zizkigun ematen, gorputzean zehar lotuta, mugimenduaz lagunduta, hodiaren zatiak izorratu egiten ziren sarritan. Ez zegoen modurik. Batzuetan latza da ideia on bati, edo gustuko dugun bati bederen, agur esatea; baina erabakia hartu eta sekulako liberazioa sentitu genuen halako batean. Arazo bat gutxiago. Agur ideia ederrari, entseguak bizi izan ditugunon gogoan geratuko da; ongi etorria, askatasuna, batzuetan “gutxiago gehiago da”. Menos es más, behin eta berriz errepikatu dugu sortze prozesuan zehar. Menos es más. Eta, beste batzuetan, komeni denean, aurrekoa apurtzeko, mas es más, baina ia beti ezin hobeto funtzionatzen duen leloaren salbuespen bezala.

 

            Azkenean musikak alde egin du. Hankarteko ixa erakutsiz bere ardatzean buelta batzuk eman eta gero, Ziarrusta azken irudiak pausatu da, besoak erlaxatuak eta zabalik, publikoari ixarako begirada eskainiz. Iluntasun osoa dator orduan eta, berehala, eskubiko hormatik linterna bat, esku dardarti batek sostengatua, Ziarrustaren biluztasuna zelatatzen hasten dena, bila bezala. Marina da, edo Marinaren presentzia, Ziarrustaren presentziarekin solasean jarraitzen duena: “Non dago? Zer da? Zerk definitzen du?”. Marinak bere bakarrizketarekin zabaldu du eszena batzuk lehenago bloke hau, eta bere azken galderekin ixtera doa. Mikrotik linterna eskuan duela, galderak egiten amaitu eta gero, Ziarrustarengana gerturatzen da, eta berokia soinean duela musika berri bat hasten da: Blade Runnereko gaia Raffaella Carràren Para hacer bien el amor hay que venir al sur kantarekin modu subliminalean nahastua. Marinak Ziarrusta argiztatuz inguratzen du, alderantzizko faro bat bezala. Azkenean, Miss Karaokeren berokia ematen dio Ziarrustari. Bloke iluna amaitzera doa: Ziarrustak berokia jantzi eta Marinak haren bizkarrean modu zenitalean jartzen dio linterna. Ziarrustak aurpegia estali dion txanoa eranzten du azkenean. Obra osoan ikusi dugun Miss Karaokeren irudi ikonikoa azaltzen da, berriz ere, gure begien aurrean, berokia janztearekin batera. Diskurtso bat itxi da, hemendik aurrera hainbat izango dira amaierak, epilogo luzea osatuz. Hasteko eta behin, argia guztiz zabaltzen da, aspaldiko partez eszenatoki guztia hartuz. Ziarrusta eta Marina bizkaierazko kutsuko hitz ulertezinak trukatzen dituzte obraren hasieran egin duten bezala. Ziarrustak gutxi-asko galdetzen dio “Zelan ikusi dozu?”, eta Marinak Ondarroa aldeko espresio batekin erantzun, “Famau!”. Unai gurutzatzen dute eszenara datorrela, “Famau!” esaten dio hari ere Marinak. Unaik espresioa jaso, eszenara begiratu eta barrura dator. Bere hitz asmatuen kalakan sartu da, baina berehala eraldatu egingo da. Obraren hasieran deabrutxoaren eszena egin duenean guztiz ulergaitza baldin bazen zioena, oraingo honetan hitz batzuk ulertzen hasiko gara, hizkuntzen collage frenetiko batean, hitz jokoz eta azpi-txistez josia, erritmo bizikoa. Testua collage handi bat izan arren, puskaz osatuta ere, zentzua dauka, edo zentzu bat hasten da marrazten publikoaren begien aurrean. Unairen bakarrizketa da, laugarrena eta azkena.

 

            Kosta egin zitzaion Unairi testua buruz ikastea. Hasiera batean paper batean itsasten zuen, edo kartulinazko txarteltxo batzuetan. Gogoan dut oraindik Marina niri esaten, “ikasteko kapaza da, ez dadila potrohandia izan; intsistitu iezaiozu”. Bai, buruz ikastea da ideala, badakigu, baina berarengandik ateratzea nahi genuen, bere ekimena izan behar zen. Barrutik atera behar zitzaion bakarrizketa gorputz osoz esateko bulkada. Guk bidea erraztu genion subliminalki, antzerkia bada hori ere. Aktore bakoitza ondo eta sakon ezagutzea edo, hobe esanda, aktorearen azpian dagoen pertsona ezagutzea, eta zaintzea. Bere onena eman lezake akaso aktore batek hura inposatuta eta erreprimituta, hari oihu eginda soldata on baten aitzakian, hori bada eskola zabala zuzendarien munduan, nik pertsonalki batere partekatzen ez dudana. Unai zaintzen saiatu naiz, maitatzen saiatu naiz, eta badakit azkenean berak bere kabuz emango duela bere onena, bere erabakimenez, bere ahalegina irabazi egin dudalako, erabakitzeko espazioa utzi diodalako, eta hori energia garaiezin bat da, lan baldintzetatik, soldatapeko eskakizunetatik haratago doana. Ikasi du testua azkenean, eta horrek eszena fisikoki koreografiatzeko askatasuna eman dio. Testua erritmo bizian doa, musikal esperimental bat dela ematen du. Unaik bete egiten du eszenatokia, testua esan bitartean korrika, saltoka, imintzioka. Berea da oholtza osoa. Testuak atzera kontu bat islatzen du, azkenean iritsi baita unea: Miss Karaokek erabakia hartu behar duen unea, bere gorputza aukeratu behar duen unea, euskaraz kantatu ala ez hautatu behar duen unea. Eta Unaik, beste behin ere, bere onena emanez leherrarazten du une hori. Aurretik intuitua genuen, “generoari loturiko bloke ilunaren ostean energia igo eta argiz bete behar dugu”. Hori da Unaik egiten duena, publikoa berriz ere ilunetik argira dakar, umorera, energia altu batera. Ezin baitugu behean bukatu. Eta ni, haren interpretazioaren xehetasun guztiekin disfrutatzen nuen emanaldi bakoitzean, pozik, sortze prozesuko lehen egunetan egindako promesa bat bete izanaren sentsazioarekin: gogoan dut Unairen kezka euskararekin, kapaz izango ote zen hizkuntzarekiko sentitzen dituen muga edo segurtasun eza haien erdian euskarazko testu batekin lan egiteko. “Lasai, hemen ez du inork egiten ez dakien ezer egingo, topatuko dugu modua”, eta hala izan zen. Bere bizitzako momentu pertsonala errespetatzen duen papera da berea, bere mugak onartuta haiek gainditzen laguntzen diona, bere neurrira egindako trajea. Eta bakarrizketa hau ere horixe da, hizkuntzen anabasarekin jolasten duen zatia, euskara oinarri duena eta euskarara doana baina beste bide batzuk erabiliz. Energia goian, oso goian utzi ohi zuen Unaik.

 

            Eta horrekin batera, azkeneko bideoa. Despedidakoa. Ixtera goaz aitonaren narrazioa amak eta biok, eta adierazten duena bete-betean dator kontura: norbera da erabakia, erabakitzearen ekintza bera aldarria ere bada. Proiekzioa dagoen bitartean prestatzen dute aktoreek hurrengo eszena, azkenaurreko epilogoa. Bideoa amaitu eta Jabitxin sartzen da, Miss Karaokeren berokia jantzita. Berokia erantzi eta goitik behera biluzik dagoela ikusi dugu. Lurrean luze eta bizkarka etzaten den heinean, argia ia desagertu arte jaisten da. Lurrean haririk gabeko mikroa du zain. Etzan da guztiz, ipurdi bistan. Belaunak doi bat tolestu ditu, eta, mikrotik xuxurlaka, barnerakoi, hitz egiten hasi da. Bien artean, argia publikoaren begiak onartzen duen mugaraino jaitsi da da. Azkeneko poema entzun bitartean irudia begiratu besterik ezin dugu egin. Eta begiratu ahala, lehen Marinaren aurpegiarekin gertatu bezala, difuminatzen hasi eta formak mugitzen hasi dira: iraupenaren iraupenaz, begiak beste gauza batzuk marrazten dituen efektu optiko bat da. Bizkar biluzia da? Haragi puska bat? Animalia hila?

 

            Eszena hau obra osoaren oinarrian egon den almendra izan zen, eta presente egotea nahi izan genuen. Parte batean apustu arriskatua zen, honezkero obrak iraun duelako ia bere ordu eta erdia, hemendik aurrera publikoaren pazientziaz apur bat abusatzera goaz. Baina eszena hau egotea nahi genuen. Mr. Señora errezitaldirako sortutako irudi bat zen hauxe, eta emanaldi hartan nik neuk egiten nuen. Errezitaldia hasi aitzin, atriletan kokatu baino lehen, ordu laurden eskaseko performance fisikoagoa egiten genuen Joseba Roldanek, Ainhoa Alberdik, Amaia Corralek eta laurok. Eta irudi hori zen ardatza. Hasieratik, irudi hori izan da mamia. Batzuetan urteak irauten dituen bulkada, proiektu, ikerketa ildo baten oinarrian dagoena oso gauza xumea da: poema bat, irudi bat, norberaren barruan oihartzun egiten duen intuizio bat. Norbait biluzik ikusten nuen nik nire baitan, argi oso xumearekin, generoa difuminatzen eta oso barrutik hizketan, diskurtsorik gabe, galderak eginez. Ez dagoelako galdera objektiborik, galderak beti datoz nonbaitetik, ideologiaz kargatua, intentzio batekin, baina era berean hartzaileari ez diote bidea guztiz ixten, erantzun askorekin gertatu ahal den bezala. Galdera bat zen, beraz, ikusten nuena, eta bizkar biluzi difuminatu bat. Femeninoa? Maskulinoa? Ez bata ez bestea? Zer da zer, nor da nor, nola habitatzen da gorputz bat xxi. mende honetan? Hari horretatik tiraka sortu zen dena, Miss Karaoke oholtza gainera bi urtez eraman duen abentura. 2016ko Mr. Señora liburua errepresentatzen zuen polaroid fisikoa taularatu genuen irudi honen bitartez, eta 2019ko udaberriraino heldu da. Oholtzaz oholtza, ehunka begirengan galderak pausatuz. Garaioneko lehen egonaldi hartan hauxe bera izan zen gorpuztasunen atea zabaldu zigun irudia, nik aktoreei inspiratzeko zuzenean eskaini niena, haien biluztasunak eta gorputz-galderak kutsatuz. Eta orain Jabitxin da lurrean datzana, nire begien aurrean, neuk nire buruari egiten dizkiodan galderak gorpuzten: “Aukeratu dezaket nire gorputza? Zer aukeratu dezaket? Aukeratu dezaket nire ama hizkuntza? Zer aukeratu dezaket?”. Borroka umoretsua genuen bion artean, horrelako une eder eta barnerakoi batean nahi gabe ekartzen duelako sarri bere ahoskeraren gasteiztasuna: “Ez da intonatzen banaiz, banaiz baizik” esaten nion sarri, eta muturtzen zen, eta akitzeraino saiatzen zen... lortu gabe gehienetan, kar-kar.

 

            Altxatu da Jabitxin, eta Miss Karaoke jantzi du atzera ere. Une batez publikoari begiratzen dio, argazki baten barrutik bezala, eta badoa. Alboko hormara iristearekin batera kontrako argiak piztu dira, David argiztatzaile eta bidaideak obra honetan hainbeste maite dituenak: urdinak, horiak, berdeak... eta musika hasten da. Azkeneko akordeak. Mantso hasi da kanta, soinu ezberdina duen arren, doinua ezaguna da. Jabitxin agertokiko hanketan ari da korrika janzten, publikoak ikusi ez arren. Kanta ezagunaren doinuarekin beste hiru aktoreak ikusi ditugu agerian prestatzen, haien artean modu erlaxatuan hitz egiten, diotena entzuten ez dugun arren. Halako batean kantaren introa amaitu da, eta argiek gora egiten dute kolpe batez. Queen taldearen Dont stop me now doinu ezaguna da, baina euskaraz, Egan taldeak kantatua: Ez geldi orain. Lau aktoreak, argiak bezala, piztu egin dira, eta oholtza osoa hartzen duen koreografia abiatu da. Banaka lehenik, Jabitxin inkorporatzen da azkena, ezkutuan korrika jantzi ondoren. Umorea dago haien mugimenduetan, bizitasuna, dirdira. Gero eta gehiago mugimendua taldekako bilakatzen da, ikusleek berehala ulertzen dute amaiera dela; txalo egin dezaketela parte hartuz musikaren erritmora, kantak “Ez geldi orain...!” dioen arren, antzezlana bai, gelditzera doala. Momentu batean kantak behera egin du, aktoreek bilera moduko bat egiteko erabiltzen dute erritmo aldaketa, baina berehala apustua bikoizten dute musikarekin batera: gero eta akrobatikoago daude, gero eta koordinatuago eta umoretsuago. Akrobaziek aktoreak bakarka txalotzeko aukera ematen diote publikoari. Festa giroa nagusitzen da antzokian. Kanta amaitzera doanean, Ziarrusta falta da besteek airean hartu eta akrobazia pertsonalizatu bat egiteko, baina ezustean kanta amaitzen da erabat, eta azken akordeekin batera Unaik, Marinak eta Jabitxinek erdian bakarrik uzten dute Ziarrusta, haien esperoan. Azken akordeak beherantz doaz, tristatzen, kanta agurtzen. Ziarrustak alboetara begiratzen du, desagertu diren lagunen bila. Miss Karaoke ikusten dugun azken unea da: despedidako keinua, azken txistea. Ilun osoa. Txalo zaparrada.

 

            Batzuetan sentitzen dut gure aurreko obra guztietako oihartzunak daudela lan honetan. Metrokoadroka osatu izan dugun komunitatearen baitan inkontziente kolektibo bat egongo balitz bezala, irudiz osatua. Miss Karaoken ikus ditzaket Poza antzezlanaren oihartzunak: Asier Sarasola eta bion arteko laztantzea Miss Karaokeko lau aktoreen arteko besarkada biluzian; Su izan nahi antzezlanean akitu arte egiten genituen saltoen eszena, hasierakoan; Zertarako hegoak antzezlaneko irudi —guretzat— ikonikoa antzezlan honetako Raffaella Carràren koreografiaren osteko aktoreen izar formako agurrean; Mr. Señorako biluztasun fisiko hauskorra... Guztia dago hemen, nolabait. Mistiko jar ninteke eta esan, eta galdetu, eta kuriositatea sentitu, agian osatzen dugun komunitate honek irudi batzuk, sentsazio oniriko batzuk, intuizio fisiko batzuk kanporatu, azaleratu, partekatzeko beharra daukala. Guk beste bizitza batean, beste pertsonaia batzuen azalean, edukitako amets sorta bat berriz ere kanporatzeko beharra edukiko bagenu bezala, gure hauskortasuna, gure mina hainbat interpretaziotan zehar senda dadin. Baina ez naiz mistiko jarriko. Gustatzen zait ideia, baina ez naiz horrelakoa. Agian ideia faltan gauden jendarte bat besterik ez gara (kar-kar-kar...). Edo, politago esanda, bizitza oso bat irauten duen bilaketa bateko bidaideak.