Miss Karaoke
Oier Guillan
Miss Karaoke
Oier Guillan
EHAZE, 2021

 

8.

 

MISS KARAOKE: Kanta honekin jendearen oinak berotuko lirateke!

AHOTSA 1 (zur eta lur): Baina ez ditu jende guztiaren hizkuntza eskubideak errespetatzen, beraz, ez da kanta unibertsal bat!

AHOTSA 3: Edo ala baizik eta nahiz zein baina baizik eta hala ere! Aspirina, spidifen, termalgin mon dieu! (Mantra lasaigarri bat egiten hasi da Buda jarreran).

AHOTSA 2: Niri gustatu zait ba! Arren, otoi eta kotoi, amai dezagun behingoz txostena...

AHOTSA 1: Jendeak ez du dantzatuko.

AHOTSA 2: Hau izan daiteke bilatzen ari garena!

AHOTSA 1: Jendeak ez du ulertuko.

AHOTSA 2: Berritzailea da, garaikidea da, Guggenheim da!

AHOTSA 1: Jendeak ez du parte hartuko.

AHOTSA 2: Zergatik diozu hori?

AHOTSA 1: Parte hartzea mito bat da.

AHOTSA 2: Deabruaren abokatua zara, edo pesimista profesionala? “Pesimista” apuntatuko dut nire txostenean...

AHOTSA 1: Ikusi duzu sekula inon inor inoiz berea ez den bizitza batean parte hartzen?

AHOTSA 2 (pentsakor): Ez.

AHOTSA 1: Ba horixe. Benetako parte hartzea utopia bat da, demokrazia bezala. Beti jarraitu eta sekula iristen ez den ideal bat.

AHOTSA 2: Baina... hori ere txostenean jarriko dut? Ez da oso polita geratuko. Antolatzaile Handiari ez zaio gustatuko! 46 minutu falta dira Ebento Handia hasteko.

AHOTSA 1: Ez. Demokraziaz ez dugu txostenean ezer jarriko. Hori jartzea egia esatea litzateke. Eta txostenetan egiazko gezurrak jartzen dira soilik. Munduko kulturgintzako txostenak, memoriak eta balantze ekonomikoak egiazkoak balira, mundu zoragarria litzateke hau!

AHOTSA 2: Horregatik maite dut txostenak egitea. Zoragarria da txostenak egitea. Baina txostenak ez dira (t)xostengatzen.

AHOTSA 1: Hori txiste bat izan da...?! Ba txistea ere ez da (t)xostengatzen.

AHOTSA 3: Halarik ere, le peti dogggxan ze mon pagti de puag.

MISS KARAOKE: Zuek ez zarete laguntzaile batere lagungarriak.

AHOTSA 2: 44 minutu Ebento Handia hasteko.

MISS KARAOKE: Erabaki bat hartu behar dut, ulertzen duzue? Autodeterminatu egin behar naiz kontu honetan. Oso zaila da karaoke kontuetan autodeterminatzea. Nola autodeterminatzen da bat karaoke kontuetan eta kantuetan?

AHOTSA 1: Agian, diot, agian soilik, esan nahi dut, erran nahi baita, agian eta again agian again agian again, ez duzu galdera aproposa topatu.

MISS KARAOKE: Zer esan nahi duzu?

AHOTSA 1: Galdera aproposa behar du autodeterminazio prozesu txukun batek. Karaoke kontuetan eta kantuetan autodeterrminatu nahi baduzu, erabaki nahi baldin baduzu, Ebento Handian kantatzeko moduko kanta topatu nahi baduzu, galdera aproposa egin behar duzu.

MISS KARAOKE: Eta zein da galdera aproposa?

 

(Isilunea, guztiak pentsakor.)

 

AHOTSA 1: Hori al da galdera?

MISS KARAOKE: Zein?

AHOTSA 1: Oraintxe egin duzuna.

MISS KARAOKE: Ze galdera egin dut?

AHOTSA 1: “Eta zein da galdera aproposa?”, galdetu duzu.

MISS KARAOKE: Eta?

AHOTSA 1: Hori al zen galdera?

MISS KARAOKE: Ze galdera?

AHOTSA 1: Galdera aproposa.

MISS KARAOKE: Galdera aproposa zertarako?

AHOTSA 1: Karaoke kontuetan eta kantuetan autodeterminatzeko galdera aproposa al zen hura?

MISS KARAOKE: Zein?

AHOTSA 1: Lehen egin duzun galdera.

MISS KARAOKE: Baina zein galdera?

AHOTSA 1: Lehen egin duzuna: “Eta zein da galdera aproposa?”, galdetu duzu, eta hori galdera bat da.

MISS KARAOKE: Hori esan dut?

AHOTSA 1: Ba bai, hori esan duzu.

MISS KARAOKE: Eta zer jakin nahi duzu?

AHOTSA 1: Ba hori ote zen galdera.

MISS KARAOKE: Barkatu, baina apur bat nahastuta nago, ez dakit zertaz ari garen hitz egiten. Zer da jakin nahi duzuna?

AHOTSA 1: Zer?

MISS KARAOKE: Zer den jakin nahi duzuna.

AHOTSA 1: Galdera zein den jakin nahi dut, hori jakin nahi zenuen?

MISS KARAOKE: Jakin zer?

AHOTSA 1: Erantzun aproposa topatzeko zure galdera aproposa “Eta zein da galdera aproposa?” ote den jakin nahi nuen nik.

MISS KARAOKE: Ba ez dakit zer erantzun. Errepikatu dezakezu galdera?

AHOTSA 2: Aski da! 42 minutu falta dira Ebento Handia hasteko!

AHOTSA 3: Segurik, behinik behin, bederen, bederik.

AHOTSA 1: Erantzun egokiak topatzea baino zailagoa da galdera egokiak topatzea. Beste modu batean galdetuko dizut beraz: norentzat kantatu nahi duzu karaokea Ebento Handian.

AHOTSA 2: 41 minutu falta dira Ebento Handia hasteko!

AHOTSA 1: Norentzat kantatu nahi duzu? Agian hori jakiteak lagunduko dizu erabakia hartzen. Zer nahi zenuke publikoak eramatea etxera? Zein sentsazio? Zer sortu nahi duzu publikoarengan? Barrea, zoriontasuna, gogoeta, malenkonia, harridura...

MISS KARAOKE: Ez dakit-ez dakit-ez dakit... Zer sentsazio sortu nahi dut publikoarengan? Ez dakit. Horretarako publikoa nor den jakin behar dut lehenik. Norentzat kantatu nahi dut? Ba, horretan argi dut erantzuna: Jende Guztiarentzat kantatu nahi dut.

AHOTSA 2: Jende Guztia? Hori txostenean jartzeko oso garrantzitsua izan daiteke.

AHOTSA 3: Are gehiago, daiteke, liteke, zintezke, zintezkete, zintezketeten, in de beri.

AHOTSA 1: Zehaztu dezakezu gehiago?

AHOTSA 2: Bai, nor da Jende Guztia?

 

(Apurka miss karaokez ahaztu eta ahotsek beraien artean amaituko dute korapilatuak beste behin.)

 

AHOTSA 1: Gehiengoa da Jende Guztia?

AHOTSA 2: Zuk buruan duzun jendea da Jende Guztia?

AHOTSA 1: Bozkatu dezakeen jendea da Jende Guztia?

AHOTSA 2: Paperak dituena da Jende Guztia?

AHOTSA 1: Barizela duena da Jende Guztia?

AHOTSA 2: Errefuxiatuak jende dira?

AHOTSA 1: Haurrak jende dira?

AHOTSA 2: Zaharrak jende dira?

AHOTSA 1: Nor da jende guztia?

AHOTSA 2: Herria?

AHOTSA 1: Hautesleria?

AHOTSA 2: Bizirik daudenak?

AHOTSA 1: Arbasoak?

AHOTSA 2: Kaleko eskale gero eta ugariagoak,jende dira?

AHOTSA 1: Haientzat kantatuko duzu?

AHOTSA 2: Ipar Euskal Herriko erdaldunentzat?

AHOTSA 1: Telebistan agertzen direnentzat?

AHOTSA 2: Presoak jende dira?

AHOTSA 1: Ospitaleetan daudenak jende dira?

AHOTSA 2: Klausurako komentuetan daudenak jende dira?

AHOTSA 1: Bizkartzainekin dabiltzan emakumeentzat kantatuko duzu?

AHOTSA 2: Bizkartzainik eduki ez eta eduki behar luketen emakumeentzat kantatuko duzu?

AHOTSA 1: Hiltzaileak jende dira?

AHOTSA 2: Gizartearentzat kantatuko duzu?

AHOTSA 1: Jendartearentzat kantatuko duzu?

AHOTSA 2: Queer artearentzat kantatuko duzu?

AHOTSA 1: Polizia jende da?

AHOTSA 2: Pelikuletako pertsonaiak jende dira?

AHOTSA 1: Munduko populazioaren erdia jende guztia da?

AHOTSA 2: Eta munduko populazioaren beste erdia jende guztiaren erdia da?

AHOTSA 1: Munduko populazioaren erdia gehiengoa da?

AHOTSA 2: Gutxiengo baten barruko gehiengoarentzat kantatuko duzu?

AHOTSA 1: Edo gehiengo baten barruko gutxiengoentzat?

AHOTSA 2: Gutxiengo gutxituek osatzen duten gehiengoentzat kantatuko duzu?

AHOTSA 1: Edo gehiengo gutxituentzat?

AHOTSA 2: 38 minutu Ebento Handiari hasiera emateko.

MISS KARAOKE: Ezin dut honekin, ezin da hain zaila izan erabaki bat hartzea. Zer kantatuko dut Ebento Handian, Antolatzaile Handiaren enkarguz, Jende Guztiaren aurrean? Ni hunkitzen nauelako agian besteak hunkituko dituen zerbait? Maite dudan eta dagoeneko hemen ez dagoen jendeari eresia? Zein hizkuntzatan kantatu behar dut? Pertsona bakar bat hunkitzeko gai izango naiz, eta haren bitartez beste guztiak? Zer sortu nahi dut Jende Guztiarengan? Nor da niretzat Jende Guztia? Nik erantzun bat nahi nuen, baina erantzun bakar batek zortzi galdera dauzka. Ez zaizkit kontuak ateratzen...

AHOTSA 2: 35 minutu Ebento Handia hasteko.

MISS KARAOKE: Lehen bakarrik zer kantatu nahi nuen zen zalantza, orain zer kantatu nahi dudan, nola kantatu nahi dudan eta norentzat kantatu nahi dudan ere pentsatu behar dut?

 

(Pentsakor denak.)

 

AHOTSA 1: Zer esan duzu?

MISS KARAOKE: Errepikatzea nahi duzu? “Lehen bakarrik zer kantatu nahi nuen zen zalantza, orain zer kantatu nahi dudan, nola kantatu nahi dudan eta norentzat kantatu nahi dudan ere pentsatu behar dut?”.

AHOTSA 1: Horra.

MISS KARAOKE: Horra zer?

AHOTSA 1: Horra karaoke kontuetan eta kantuetan autodeterminatzeko gakoa.

MISS KARAOKE: Zer kantatu? Nola kantatu? Norentzat kantatu?

AHOTSA 1: Ez, zer kantatu nahi dut, nola kantatu nahi dut, norentzat kantatu nahi dut esan duzu. Agian ez duzu Jende Guztiarentzat kantatu behar. Agian ahaztu egin behar dituzu besteak. Une batez bada ere. Aukeratzeko bada ere. Zuretzat balio badu egin duzun aukerak, agian besteentzat ere balioko du.

MISS KARAOKE: Ez dakit ulertu dudan.

AHOTSA 1: Ezta nik ere. Baina polita geratu zait. (Geldiunea) Egin dezaket galdera ezeroso bat?

MISS KARAOKE: Egizu.

AHOTSA 1: Zergatik erabaki zenuen zure bizitza karaokea kantatzera dedikatzera?

MISS KARAOKE: Besteen oinak berotzea lortzen dudalako.

AHOTSA 1: Horregatik bakarrik?

MISS KARAOKE: Ez. Horregatik bakarrik ez. Memoria ez-historikoa gordetzeko modu bat delako ere.

AHOTSA 1: Bada arrazoi gehiagorik?

MISS KARAOKE: Bai. Tarteka garagardoak oparitu eta ipurdia ukitzen didatelako.

AHOTSA 1: Bale. Bueltatu gaitezen memoriaren gaira... Zuretzat baliagarria baldin bada egiten duzunak, une oro oroitzen baduzu zergatik egiten duzun, agian topatuko duzu kantatu nahi duzun kanta. Noren memoria ez-historikoa salbatu nahi zenuke kanta baten bitartez?

MISS KARAOKE: Ez dakit. Edonorena. Historiak oroituko ez duen edonoren historia gorde nahi nuke kanta batean.

AHOTSA 1: Ados. Esadazu bat. Kanta batean betirako gorde nahi zenukeen pertsona bakar bat. Kanta batekin ahanzturatik salbatu nahi zenukeen pertsona bat.