ERRIMAK ETA PORROTAK
PATXO: Ba horrela gabiltza euskaldunak. Eta errua euskerarena da.
MIKEL: Ez gaizki ulertu, eh? Euskera oso hizkuntza ona da gauza batzuetarako. Esate baterako bertsoak egiteko.
PATXO: Beno, euskera hain da moldagarria ze bokal bakar batez hitz egin daiteke nahi ezkero.
MIKEL: Jode Patxo, pasatu zara. Hori ezinezkoa da.
PATXO: Baietz ba.
MIKEL: Mesedez...
PATXO: Aizu, Mikel, benetan ari naiz.
MIKEL: Ez.
PATXO: Bai.
MIKEL: Ezetz ba. Beno, ez gaitezen haritik urrundu.
PATXO: Kagoendiez. Oraintxe bertan erakutsiko dizut. Edozein bokalekin, A-rekin, Esate baterako.
Txanpona botatzen du aidera.
MIKEL: Et, et, et! Zeuk aukeratu duzu, ez du balio. Ziur zerbait prestatu duzula A-rekin.
PATXO: Ondo da, aukeratu zuk bokal bat, a, e, i, o edo u?
MIKEL: Eh?
PATXO: Aukeratzeko bokal bat.
MIKEL: Ah!
PATXO: Bale, “A”.
patxok mikroa hartzen du.
PATXO: Ea ba... “Arantxa dama galanta da”. Ikusten?
MIKEL: Baina hori oso laburra da! Luzeagoa!
PATXO: Luzeagoa? Ondo da. “Arantxa Lasa dama galanta eta argala da”.
MIKEL: Patxo, mesedez, hori edozeinek egin dezake. Ez ez... Luze hitz egin behar duzu, gai baten inguruan... Tira, nik esango dizut zer esan behar duzun. Ea ba: (Inprobisatuz) Emakume edadetsu bat... kalean gora doa... bakarrik, gauez, mesfidati. Izan ere, kutxatila batean dirua dauka... Orduan... lapur bat irtetzen zaio bidera, kutxilo bat eskuan, eta dirua eskatzen dio. “Emaidazu dirua, bestela...” Halako batean, lapurrak gutxien uste duenean, amonak pistola bat atera eta tiro egiten dio. Beno ba... Orain esan hori guztia, A-rekin.
PATXO: (Larri) Eh?
patxo mikrora hurbiltzen da. mikel barrez.
MIKEL: (Isekaz) “Arantxa Lasa...” Ea, ea zer diozun orain.
patxo taularen erdira doa. Geratu eta pentsatzen hasiko da. mikelen irribarrea ezabatuko da, patxok egiteko itxura duela ikusiaz. patxo hastera doanean, mikelek moztuko dio.
MIKEL: Eta euria ari du!
patxo hastera doanean...
MIKEL: Eta emakumea amerikarra da!
patxo hastera doa.
MIKEL: Eta beltza!
PATXO: Alabaman, hamarrak pasak. Andra bat, dama bakarra, baltza arrazaz, zaharra, amama bat. Kaxa bat darama. Halatan, txaparrada bat, barra barra. Andra baltz zaharra aldapan arrapaladan tapa tapa, baldar xamar. Baña hartan, han makarra zantar bat, labana daramala. “Paxa kaxa, amama zaharra!” Makarra zantarrak amama zaharragana darama labana. Traza txarra! Hartan, amama baltz zaharrak arma bat atara, bala bat karga, makarragana darama... ta danba. (mikeli) Har tzak ta jan zak!! (Publikoari) “Ta hala bazan, sar nazala kalabazan”.
MIKEL: Orain “E”rekin.
PATXO: Et, et, et, et... Ez gaitezen haritik urrundu. Esaten ari ginen euskera ona dela bertsoetarako.
MIKEL: Hori da. Eta zer? Zuek ligatu duzue inoiz bertsotan? Ez, ezta? Saiatu zaitez bertsotan ligatzen, eta porrot egingo duzu.
PATXO: Elegantementean, baina porrot. Horrela: imajinatu diskoteka karrozero bat, eta bertan berrogei urtetako neska ta mutilzaharrak azken aukeraren bila:
Diskotekako musika entzungo da. patxok erreakzionatzeko betarik izan gabe, mikel neska jantziko da.
MIKEL: Beasainen.
PATXO: (Dantzan, mikelen ondoan, jendeari agurka) Epa, Luis Mari! Zer mouz, Pedro Mari!! Gora Euskadi Migel Mari! (mikel ikusten du) Koño, neska bat, a ze mirari! (Hurbildu da eta bere burua aurkeztu) Eup, ni Jose Mari.
MIKEL: Ni ez, gudari.
PATXO: Zertan ari?
MIKEL: Ez al dek nabari?
PATXO: Dantzari?
MIKEL: Bingo, lehendakari. Eta hi, zer “de Safari”?
PATXO: Ja... Beno, bai, ea pozgarri bat ematen diogun gorputzari.
MIKEL: Eta zer iruditzen zaiok hire emazteari?
PATXO: Nola jakin dun? (...) Tira, eraztuna kendu ta agur problemari.
MIKEL: Izorradi.
PATXO: Nahi al den zerbait, janari edo edari?
MIKEL: Bazeukaat ugari.
PATXO: Beno, hire etxean ala nirean, non ekingo zionagu parrandari?
MIKEL: Hara hor hire emaztea, galdetu berari.
PATXO: (Atzera begira) Ostia! Aupa, Ana Mari!!
MIKEL: Agur eta eutsi goiari.
PATXO: Orduan... gaizki deritzon txortan egiteari?
Etena.
MIKEL: Tuteran.
PATXO: Epa korderiko!
MIKEL: Zer nahi duzu, mutiko?
PATXO: Maiteminduta nago zurekiko.
MIKEL: Ez zaitez jarri patetiko.
PATXO: Ez nauzu begiko?
MIKEL: Ezetz ba, sasiko!
PATXO: Zugatik lorik gabe daramat bi aste ta piko!!
MIKEL: Galdu zaitez betiko.
PATXO: Nola asetuko dut nire grina erotiko?
MIKEL: Zoaz bideoklubera eta alkilatu “Instinto Basiko”. (Badoa)
PATXO: Orduan, txortan egitearena, ez dizut adieraziko?
Etena.
MIKEL: Altzürukün
PATXO: Aupa, zer dtigti?
MIKEL: Orain arte untsa, aintzina ez nago segurü.
PATXO: A ze giro, eh? Hau da jende kopüru!
MIKEL: Bai, jendez dago mükürü.
PATXO: Nesketan politena zu, hori da nere abürü.
MIKEL: Mutiletan ez dago zu bezain txoribürü.
PATXO: (Eskua eskeiniz) Ni Beñat Mendibürü, Donapalueuko Artabürü.
MIKEL: (Kasorik ez) Eta zein da zure helbürü?
PATXO: Zurekila gaua pasa bürüz bürü.
MIKEL: Agur zuberoa. (Badoa) Eta beroaldia arintzeko astindu zure pürü.
PATXO: Orduan, txortan egitearena komentatuko ere ez dügü?
Etena.
MIKEL: Negurin.
PATXO: Epa, ketal?
MIKEL: Petral.
PATXO: Bai, ezta? Giroa da mortal.
MIKEL: Mortal total.
PATXO: Eta edaria, pattal.
MIKEL: Kriminal.
PATXO: Anal.
MIKEL: Benetan, nago ahozabal.
PATXO: Uf, a ze pedal.
MIKEL: Normal.
PATXO: Konbinatua egin dute zital.
MIKEL: Literal.
PATXO: Gaur ikusten zaitut espezial.
MIKEL: Ideal?
PATXO: Gernital, y tal.
MIKEL: Ba genial.
PATXO: Zera jarri zait bertikal.
MIKEL: Natural.
PATXO: Orduan zure etxean ala nirean? Gauza bat... informal.
MIKEL: Eske nire karta astral...
PATXO: Sexual?
MIKEL: Ez, gaur izpiritual.
PATXO: Tamal.
MIKEL: Agur y tal.
PATXO: Orduan, txortan egitearena, fatal?
Etena.
MIKEL: Eta Euskaltegitan.
PATXO: Epa, zer moduz pasachen?
MIKEL: Piska bat aburrichen.
PATXO: Ez duzu danchachen?
MIKEL: Ez musika gustachen.
PATXO: Bai, d.j. hori ez aklarachen.
MIKEL: Eta gainera moskardon pilloa inguruan belarria berochen.
PATXO: Hori gertachen. Plasta bat agerchen, eta giroa izorrachen.
MIKEL: Bai, ni igual laster pirachen.
PATXO: Nahi baduzu ni lagunchen.
MIKEL: Ez: “hobe bakarrik que mal akonpañachen” (Badoa)
PATXO: Orduan, txortarena ez dugu komentachen?