Larru Haizetara
Patxo Telleria
Larru Haizetara
Patxo Telleria
Artezblai, 2010

 

MARITXU TA BARTOLO

 

PATXO: Euskalerrian ez dugu, jakina, Romeo eta Julietarik. Hemen “Maritxu eta Bartolo” daukagu.

MIKEL: Baina “Maritxu eta Bartolo” kanta, metaforaz josita dago, eta hor dago arazoa.

PATXO: Imajina dezagun egoera. Maritxu eta Bartolo. Oraingoan nik egingo dut...

 

Erreakzionatzeko astirik eman gabe, mikelek Maritxuren papera hartu du jada, peluka bat ipiniaz. patxo protestatzera doa, baina ez daki nola. Azkenean amore emango du.

 

PATXO: ...Bartolorena.

 

Bartoloren karakterizaioa jantziko du.

 

PATXO: Eta nire mutil kuadrillarekin nago mutilen kontuetaz hitzegiten: futbola, la ostia, game boy, jode, patatin patatan...

MIKEL: Ni Maritxu naiz, eta neska kuadrilarekin nago, nesken gauzetaz hitzegiten: euskal poesia kontenporaneoa, hirurogeigarren hamarkadako zine txekiar hiperrealista...

PATXO: Baina bion begiradak gurutzatu dira. Elkarrengana joatea erabaki dute.

 

maritxu erdira hurbiltzen da. Fondoan “Pasacalle” melodia entzuten da, oso tinbre alaiarekin. Ondoren bartolo doa, “Iturrira Bartolo nahi baduzu etorri” entzuten dugu, tono grabean, eta bartolo hurbiltzen da.

 

PATXO: “Maritxu nora zoaz eder galant hori?”

MIKEL: “Iturrira Bartolo, nahi baduzu etorri”.

 

patxok lelo aurpegiarekin begiratuko dio mikeli. Ez du ulertu. mikelek publikoari.

 

MIKEL: Munduko edozein artaburuk ulertuko luke, Maritxuk “Iturrira Bartolo, nahi baduzu etorri” esaten duenean, esan nahi duela: “Ohera Bartolo, nahi baduzu egingo dugu”. Baina Bartolok ez ditu metaforak ulertzen.

BARTOLO: Eh?

MARITXU: (bartolori) “Iturrira, Bartolo...” “I-TU-RRI-RA (kakotxen artean ipintzeko keinua egiten du)

BARTOLO: “Iturrian zer dago?”

MARITXU: Jode... (Publikoari) Hemen Maritxuk ardoaren metafora erabiliko du, metafora unibertsal bat. Hor dago, Esate baterako erderazko “¿Subes a tomar la última copa?” famatua. Baina hori atzerrian da.

BARTOLO: Iturrian zer dago?

MARITXU: “Ardautxo txuria”.

BARTOLO: Nola?

MARITXU: Jode, Bartolo! (Keinu nabarmenak egiten) “¡¡¡Ardautxo txuria, koño, ardautxo txuria de toda la vida!!! ¡¡¡Biok edango degu nahi degun guztia!!!

BARTOLO: Aaaaah!! Bagoaz “de botellón”?

MARITXU: Agur, ben hur.

 

Badoa.

 

BARTOLO: Dios! Poltsikoan neukan!!

MIKEL: Ikusten? Euskeraz ez ditugu metafora sexualak ulertzen.