Larru Haizetara
Patxo Telleria
Larru Haizetara
Patxo Telleria
Artezblai, 2010

 

AURKEZPENA

 

Musika bat entzungo da. patxo eta mikel sartuko dira eskenatokira, boxeolarien “bata” koloredunekin.

offeko abotsa entzungo da, txalo eta bitoreen artean:

 

OFF: Jaun andreak, ongi etorriak larru-saio honetara!! Gaurko larrukideak irtetzeko prest ditugu jada!! Eskubian, 50 urte, 70 kilo, Mikel “Kamasutra” Martinez!! Bost sexu saio. Horietatik lau gatillazo, eta coitus interruptus bat. Jaio zenean medikuak esan zion bere aitari: “ahal genuen guztia egin dugu baina... jaio egin da”; Hala ere, oraindik badu birginidadea galtzeko esperantza.

 

mikel sartuko da. Buelta eman eta bere bataren atzekaldean idatzita: “Ba duzu planik gaurko?”

 

OFF: Ezkerrean, 45 urte, 95 kilo, Patxo “Sex Machine” Telleria!! Bederatzi sexu saio. Bost telefonoko linea erotikoan, eta lau interneten. Jaio zenean erizainak idatzi zuen bere fitxan: “gizonezkoa, hiru kilo laurehun gramo, soltero”. Hala ere, oraindik badu birginidadea galtzeko esperantza.

 

patxo sartuko da. Buelta eman eta bere bataren atzekaldean idatzita: “Zure etxean ala nirean?”