Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

XIII. HAMAIRUGARREN JOKALDIA

 

(errejentak bukatzean iluntasun totala egiten da eszenan. Gero hemeki-hemeki argitasun sotil bat pizten da ohearen inguru. Agian argitasun hori kandela baten bitartez egin daiteke. Argiak ez dira piztuko polanco eszenan sartu arte. loyola ohean etzanik datza. Esnai dago zeren asperenak eta ahienak entzuten dira aldiz. Bizpairu haien garbi egiten ditu loyolak “Ai ene!” eta “Jesus!” esanaz. Halako batetan loyolak ohean jartzeko ahalegin neketsu bat egiten du, baina bere gorputza zerraldo erortzen da ohean. Honek guztiak aspergarri gertatzeke minutu pare bat iraun dezake).

 

LOYOLA: (Hasperen artean) Polanco! ...Fabro!

 

(Isilunea. Harnas hots azkarrak nabari dira).

 

LOYOLA: Polanco!

 

(Isilunea. Pausoak. polanco sartzen da).

 

POLANCO: (Urduri) Zer du, Aita Inazio? Oso goiz da!

LOYOLA: (Ahieneka) Akabo... Polanco! Ni banoa.

POLANCO: (loyolarengana auspez hurbildurik) Baina, zer dio Aita? Ez esan horrelakorik.

 

(polancok ohean eserita jartzen laguntzen dio loyolari).

 

POLANCO: Bart hain ongi zegoen eta... afaldu ere poliki egin zuen.

LOYOLA: Antzematen diot Polanco... heriotzea da. Ni banoa.

POLANCO: Bego lasai. Fabroren bila noa.

 

(Laisterka irtetzen da polanco, bereala fabro sotana erdi jantziarekin igorri arte).

 

FABRO: Aita, Aita. Zer gertatzen zaio?

LOYOLA: Polanco!

POLANCO: Hobe du ez nekatzea. Ez beza hitzegin.

LOYOLA: Ez. Denbora gutti dut. (Isilunea) Zein egunetan bizi gara?

POLANCO: 1556.ko uztailak hogeitatnaika egun ditu. Sargori dago oso.

LOYOLA: Jadanik hogeitamaika dauka eskutik.

POLANCO: (Ez dio ulertzen) Zer esan du Aita?

LOYOLA: Ezer ez.

 

(Isilunea).

 

LOYOLA: Etorri al da Xabier?

POLANCO: (Harriturik) Ez Aita. Xabier ez da etorri. Indietan dago.

LOYOLA: Ah!

 

(Kanpai hotsak entzuten dira kanpoan).

 

POLANCO: Eguna zabaltzera doa. (Pausa). Nahi badu lehioa zabalduko diot.

LOYOLA: Bai ireki mesedez.

 

(polancok lehioa zabaltzen du).

 

LOYOLA: Zer moduz dago Lainez?

POLANCO: Hobeto. Baina ohean jarraitzeko esan dio medikuak. Jeitxi zaio kalentura. (Pausa) Nahi badu ekarriko dugu honera.

LOYOLA: Ez. Ez dio axola. (Isilunea) Aizu Polanco.

POLANCO: Zer Aita?

LOYOLA: Orain ni hiltzean ez dut zuen artean sesiorik nahi nire kargua dela eta.

POLANCO: Gauzak ondo joango dira. Ez bedi kezkatu. Ez beza hitzegin. Segituan dator Fabro.

LOYOLA: Polanco, zu zara konpainiaz berri zehatzena duzuna. Sekretu guztien jabe zara... Ni bezain organizatzaile ona zara.

POLANCO: (Hitza moztuaz) Utzi beza kontu hori.

LOYOLA: Ez. Entzun ondo. Dena konpondurik utzi nahi dut. Nire ordezkorik hoberena zu ziņake... Baina zu judua zara eta hori nekez onartuko du zenbaitek.

POLANCO: Ulertzen dut Aita. Lainez egokiagoa da.

 

(loyolak hasperen bat egiten du. Isilunea).

 

LOYOLA: Otza dut.

 

(polanco ezer esan gabe ateratzen da laisterka. Bereala dator manta batekin eta berarekin estaltzen du loyola. loyola etzanik datza berriro eta konortea galdua du. Astiro eta ozenki polanco auspez hurbiltzen zaio. Bihotzean jartzen dio belarria. Gero eskuko pultsoa hartzen dio. Bitartean fabro sartzen da, polancok isiltzeko keinua egiten dio. Boza isilean).

 

FABRO: Nola dago?

POLANCO: Ez dakit... Lo dago edo konortea galdu du. Harnasa ba du behintzat.

FABRO: Korrika nator Aita Santuaren bedeinkazioarekin. Ez zuen sinetsi nahi. Bere atsekabeak benetakoa zirudin.

POLANCO: Auskalo... (Isilunea) Burua joaten ari zaio. Arestian Xabier hemen dagoen galdetzen zidan.

 

(Orain fabro hurbiltzen zaio auzpez loyolari eta bedeinkazio jestoa egiten dio).

 

FABRO: (polancorekin ohetik zerbait apartatuaz) Egin dezagun otoitz.

 

(Mar-marka “Aita Gurea” errezatzen hasi bezain laister loyolak dio).

 

LOYOLA: Xabier! (besteak mar-marrean jarraitzen dute beren errezoa eta azken finean dio loyolak).

LOYOLA: Ama!

 

(Eta bat-batean gorputza abandonatzen du loyolak, bere burua almohadaren saiets batera aldaratuz. polancok zutik jarririk pultsoa hartzen dio. loyola hilotz dago. errejenta oherantz hurbiltzen da eta begiak hersten dizkio loyolari eta gero eszenaren erdira doa bere bastoiarekin kolpe geldo eta bortitzak joaz. Ondorengo kanta hau abesteari ekiten dio errejentak eta aktore guztiak korro bat osatzen dute bere inguruan honek bukatzean guztien artean polifonikoki errepikatzeko).

 

ERREJENTA:

                        Loyolako Inazio

                        hil zara betikoz

                        zure barne-muinetan

                        zerua itxaroz.

 

                        Mundak berdin dirau

                        zu joan zelakoz

                        ezin bestez zaude orain

                        gorpu eta hilotz. (bis)

 

(Astiro erortzen da ohiala)

 

azken fina