Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

III. HIRUGARREN JOKALDIA

 

(frances beaumont eta loyola sartzen dira eszenara. errejenta jarririk dago bere tokian. Eszenaren zehar mugituaz hitzegiten dute).

 

LOYOLA: Gutti izateaz aparte, koldarrak gainera! Diruagatik gerla egiten duen soldadua ustela eta alferra da. Ideien nobleziak dignatzen du gerla.

FRANCES BEAUMONT: Bortxaz etorritako soldaduak dira guztiak. Alde batetik herri arro eta bizia dugu etsaitzat eta bestetik mertzenario mordo bat.

LOYOLA: Halako soldaduek ez dute konpainia bat eraikitzen, koadrilla bat baino.

FRANCES BEAUMONT: Begira Loyola, nik ez dakit onik aterako garen hontatik baina garbi utzi behar dugu gure ohorea.

LOYOLA: Oraindik ez dago dena galdua. Iruiņeako harresiak sendoak dira eta gaztelu hau irmoa, aurre emango diegu etsaiei. Nahiz eta setiaturik, luze iraun genezake Nafarroako Birregea indar berriekin etorri arte.

FRANCES BEAUMONT: (Samur) Aizu Loyola! Oso ausart eta arerioz betea ikusten zaitut baina agian baikorragia zara gure indarretaz. Hamasei kanoi eta mila gizon kobarderekin ez dezakegu gauza handiagirik egin ondo prestaturik dagoen ejerzito baten aurrez. Agian...

LOYOLA: (Fermuki) Leringo Frances Beaumont! Ez jarrai arren! Eraso gogorra datorkigu gainera baina ez gaitu horrek beldurtu behar, pentsa zazu, hobe, hain gutti izanik eta hain peril handiak garaitu beharrak leporatuko digun glorian eta ospean!

FRANCES BEAUMONT: (Dudaz) Baina Iņigo... Mundu guztiak ulertuko luke.

LOYOLA: Otoi!

 

(loyola eszenaren erdian jartzen da publikoari so).

 

LOYOLA: Luzaro itxaron dut honelako parada bat izen bat eta itzala lortzeko. Gipuzkoatik nator eta aski nuen han gelditzea etsaien aurrean beldur banitz. Nire anaiak bere arrazoinak zituen jokatu duen bezala jokatzeko, nik lagundu niezaioken desohorerik gabe, baina gerla hau neronek aukeratu dut (ezpata airean jasoaz) eta ezpata honen berri jakingo dute Castillako gortean. Munduak ezagutuko du Loyolako Iņigoren izena.

 

(kapitaina sartzen da presaka).

 

KAPITAINA: (Aztoraturik) Beaumont jauna! Loyola! Hemen daude!

LOYOLA: Nor da hemen?

KAPITAINA: Etsaia! Errendi gaitezen parlamentariak etorri dira.

FRANCES BEAUMONT: Non daude?

KAPITAINA: Gazteluko atean eta herriak oihu egiten die agurtuaz.

FRANCES BEAUMONT: Sar daitezela. Entzungo diegu.

 

(Badoa kapitaina).

 

LOYOLA: (Erreguz) Arren Beaumonteko Frances! Geroak ez dezala esan Iruiņea saldu genduenik. Eutsi behar diegu gogor.

FRANCES BEAUMONT: Denbora... denbora falta zaigu!

 

(frances beaumont harat-hunat dabil malerus eta pentsati, pausoak sumatzen direnean eszenaren erdira joaten dira loyola eta biak. xabierko migel eta andre de foix, kapitainarekin sartzen dira).

 

ANDRE DE FOIX: Agur jaunak!

FRANCES BEAUMONT: Agur.

ANDRE DE FOIX: Foix-eko Andre naiz ni. Albriteko erregearen ordezkaria. (Keinu batekin adieraziaz) Migel Jatsu Azpilikueta duzute hau, Xabierko semea. (Eskuaren jesto batez agurtzen ditu xabierkoak).

XABIERKO MIGEL: Zuekin parlamentatzera gatoz. Ez dugu sarraski bat egin nahi eta Iruiņeako herria salbu nahi genduke ikusi. Hobe duzute amor ematea eta duintasun guztiarekin tratatuak izanen zarete.

LOYOLA: (Arro) Errenditzeak ez du duintazunik inoiz!

 

(Keinu batekin isil arazten du frances beaumont-ek loyola).

 

FRANCES BEAUMONT: Jaunok! Ni Beaumonteko Frances nauzute eta plaza honetako buruzagi (adieraziaz) eta Loyola kapitainak dioen bezala ez dugu errenditzeko asmorik.

ANDRE DE FOIX: Begira Jaunok! Asko gara eta Europako kanoi handienak gurekin ditugu. Setiaturik zaudete eta ez genioke Iruiņeako herriari kalterik egin nahi.

XABIERKO MIGEL: Zuen buru-gogorkeria ez dezake Iruiņeako herri xumeak ordaindu!

LOYOLA: Iruiņeako herria ez da hemen hauzitan dagoena. Zuek arma-gizonak zarete eta gu ere bai.

FRANCES BEAUMONT: (Denbora irabazi nahiz) Ez zarete ausartuko kanoiekin tiratzea.

ANDRE DE FOIX: (Ironiaz) Hartarako ekarri ditugu kanoiak, jaunak! ...erabiliak izateko.

LOYOLA: Gatazkaren aurretik, jadanik irabazi bazenute bezala portatzen zarete. Harrokeria! Gainera, lege guztien kontra ari zarete. Nafarroako erreinu hau Castillako erregearena da. Hau Castilla da eta Albriteko erregeak ez du hemen ezer ikusirik. Bidegabeki sartu zarete Castillako erregearen lurretan.

FRANCES BEAUMONT: Bai... Egia da hori.

XABIERKO MIGEL: (Asarre bizian) Gezurra! Gezur ustela! Fernando katolikoak armaz eta engainuz hartu zuen Nafarroa. Orain Nafarroak bere askatasuna nahi du. Ez dugu ezer jakin nahi Kastillako erregearekin. Nafarroa askatzera dator jatorriz hemengo errege den Albriteko Endrike.

ANDRE DE FOIX: (Patxaraz) Egia dio Xabierkoak. Nafarroako erreinua legez dagokio Albriteko Endrikeri.

FRANCES BEAUMONT: Nafarroak onartu zuen erregetzat Fernando Katolikoa.

XABIERKO MIGEL: Gezurra! Gezur hutsa hori ere! Beaumontekoek ekarri zenuten Albako Dukea eta bortxaz zapaldu zenuten Nafarroaren libertadea.

FRANCES BEAUMONT: Ezagutzen zaitut Migel Jatsu. Zure aita izan zen aurre eman zuten bakarretakoa. Gizon zitalak zarete Xabierkoak!

 

(Ezpata atera nahi du Xabierko Migelek baina andre de foix ek eusten dio besotik).

 

XABIERKO MIGEL: Zuek! Leringoak! Zuek saldu zenuten Nafarroa!

FRANCES BEAUMONT: Guk ez genduen ezer saldu. Aita Santuak berak ere bularen bitartez onartu zuen Nafarroa Fernando Katolikoarena izan zedin.

XABIERKO MIGEL: Aita Santua ere erosi zenuten!

 

(xabierko migel-ek txistua botatzen du frances beaumonten ohinetara).

 

LOYOLA: Errege Katolikoaren pean jartzeak ez dio Nafarroari ona besterik ekarri. Orain munduko erreinurik handieneko parte da. Kastillako erregeren gloria, Nafarroaren gloria da.

XABIERKO MIGEL: (Gartsuki) Guk ez dugu besteren gloriarik nahi ez eta handi izan nahi. Gure askatasuna nahi dugu. Hori besterik ez: askatasuna!

ANDRE DE FOIX: (Patxaraz) Tira! Tira, jaunak! Gu ez gara honuntz politikaz hitzegitera etorri... bakea eskeintzera baino. Zuen azken hitza jakin nahi genduke. Gerla hala bakea?

XABIERKO MIGEL: Jadanik Nafarroako hiri gehienak Albriteko Endrikeren alde daude. Eta Iruiņeako herria bera ere askatasuna ohiukatuz dabil.

ANDRE DE FOIX: Dakigunez, hemen ez zarete asko eta gu berriz hogeimilatik gora gara. Ez duzute onik aterako eta batipat Iruiņeako herri xumeak sufrituko du zuen buru-gogorkeria.

 

(frances beaumont paseatzen hasi da urduri. Isilunea. Kanpoan “Gora Nafarroa” eta “Askatasuna” ohiuak entzuten dira).

 

XABIERKO MIGEL: Izan zaitezte burutsu. Gauzak horrela daude. Utz zuen armak eta lehial izango gara zuekin. Ez dugu sarraski bat egin nahi.

 

(loyola frances beaumont-engana doa eta bere joan etorrian geldi arazten du; besotik eutsi eta erdira dakar).

 

LOYOLA: Jaunok, hona gure azken hitza. (Ezpata atereaz eta buruz gainetik aurkeztuaz dio). Honuntz soldaduak!

 

(soldaduak korrika sartzen dira).

 

ANDRE DE FOIX: Garaia duzute oraindik!

FRANCES BEAUMONT: Garaia... Denbora...

LOYOLA: (soldaduei fermuki) Lagundu jaun haueri gazteluko ateraino. (xabierko migel eta andre de foix-eri). Borrokan ikusiko gara jaunok eta Jainkoak lagun diezaiola hoberenari. Agur Jaunak!

 

(loyola eta frances beaumont ez beste guztiak erretiratzen dira).

 

FRANCES BEAUMONT: (Pentsakor) Zein egunetan bizi gara, Iņigo?

LOYOLA: 1521eko Maiatzak hogei ditu gaur, jauna. Bihotzak dio, egun oroitgarria izanen dela gaurkoa.

FRANCES BEAUMONT: Goazen Loyola. Presta dezagun guztia.

 

(Erretiratzen dira).

(Eszena hutsik gelditu bezain laister errejentak bere ritualari ekiten dio ondoko bertso hauek kantatuz).

 

ERREJENTA:

            1.— Migelek nahi zuen

                        gerla hau ebitatu

                        beraren kontra ordea

                        Loyola da harrotu.

            2.— Begira Loyolari

                        gerlarako prestatzen

                        bere buruaren glorian

                        besterik ez du pentsatzen.

            3.— Gloria eta ohorea

                        gau bateko landarea

                        hobe zukeen bakea

                        bertan bera lortzea.

            4.— Nafarroaren gutizia

                        askatasunaren lorea

                        arantzak ordea ugari

                        baita ere dolorea.

            5.— Jatsu eta Xabierreko

                        Migel, Juanen semea

                        pentsa zein den garestia

                        Nafarroaren askea.

 

(Bere tokira doa errejenta).