Aurkibidea
Aurkibidea
VII. ZAZPIGARREN JOKALDIA
ERREJENTA:
1.— Xabier espero zuenean
Inkisizioa etorri
Loyolak ez dio, ordea
beldur handirik horri.
2.— Dagoeneko badaki
Jainkoak duela deitu
Konpania osatzeko
bera du aukeratu.
3.— Frantsesak harriturik
Loyolaren portaeraz
bere berri bazuten esamesaren
benturaz.
4.— Orain dator Xabier
Nafarroako zalduna
abertzale fina da
osoro euskalduna.
5.— Loyolak antzeman dio
oso dela azkarra
konpainiarako nahi du
irabazi nafarra.
(errejenta bere tokian jarri bezain pronto xabier dator eszenara).
XABIER: Arratsaldeon Fabro!
FABRO: Kaiko. Xabier. Lehenago espero zintudan.
XABIER: (Farrez) Alajaina! Dama baten kulpaz nator berandu.
FABRO: (Maitekiro) Ah Xabier! Xabier!
XABIER: Eta non da gure gizon famatua?
FABRO: Nor? Loyola?
XABIER: Noski. Bera.
FABRO: Zure zai egon da, baina atera beharra izan du.
(xabier, gela aztertzen ari da batetik bestera).
XABIER: Horra! Hau da orduan zuen gaztelua. (Algara bat) Badira gela apainagoak... baina tira. Gustatzen zait ostatua.
FABRO: Lan eta lo egiteko aski da.
XABIER: Noiz etorriko da Loyola?
FABRO: Laister.
XABIER: Ba dut gogoa ezagutzeko. Historia asko entzun dut berataz.
Eta euskalduna dela diozu?
FABRO: Bai! Zu bezala. Bera Azpeitiakoa da.
XABIER: Gu baino zaharragoa ez da?
FABRO: Bai, zaharragoa da. Hogeitahemezortzi urte dituela uste dut. Asko bizitako gizona da. Militarra izan zen elbarri gelditu arte, orduan konbertitu zen.
XABIER: (Harriduraz) Konbertitu? Zer zen ba lehen? Judua?
FABRO: Ez. Kristaua zen baina orain bere fedetik kanpo ez zaio besterik axola. Askorentzat santu bat da.
XABIER: (Mesfidaz baina alegre) Ez dakit. Ez dakit nik zer pintatzen dudan hemen. Ni ere kristaua nahiz baino fedeaz kanpo beste gauza asko inporta zaizkit. Batipat hemen Parisen bada zer maitaturik.
(Pauso hotsak eta bozak entzuten dira).
FABRO: Hara! Hemen dela uste dut.
(loyola eta lainez sartzen dira).
LAINEZ: Kaixo. Hemen gara.
(loyola xabierrengana hurbiltzen da).
LOYOLA: Nahi eta nahi ez, zu zara Xabier!
XABIER: (loyola agurtuaz) Bai hala naiz. Franzisko Jatsu eta Azpilikueta naiz. Xabierko semea. Xabier esaten didate lagunek.
(lainezek ere agurtzen du xabier).
LAINEZ: Nik Lainez izena dut.
FABRO: (loyolari) Nola joan da zuen bisita?
LOYOLA: Gero hitzegingo dugu horretaz.
(loyola xabierri so dago. Pentsakor).
LAINEZ: (Jesto alegre bat eginaz) Konponduko da Fabro!
(loyolak ez dio begirik kentzen xabierri).
LOYOLA: Jatsu... Jatsu, izena duzula esan duzu eta Xabierkoa zara? (Pausa bat) Duela zenbait urte ezagutu nuen nik Jatsu zeritzan beste Xabierko bat. Migel izena zen.
XABIER: (Harriturik) Migel nire anaia da. Nire anaia ezagutzen duzula zuk?
(loyola harat-hunat hasten da erren nabarmena eginaz).
LOYOLA: (xabierri) Ah zer komeria! (Pausa bat) Iruiņean zauriturik gertatu nintzen hango gatazka batetan, eta zure anaiak jarri ninduen sendatzeko bidean. Etsaiak ginen orduan baina anaikiro portatu zen nirekin.
XABIER: Beraz zu, Iruiņea defenditzen zenuelarik gertatu zinen zauritua? Iņigo Kapitaina zara?
LOYOLA: Bai horrela da. Iņigo Kapitaina izan nintzen.
XABIER: Sarritan mintzatu ohi zen Migel gertakizun haietaz. Kontatu izan digu zurekin gertatua. Ah! Zein urruti ikusten ditudan egun haiek! Ni haurra nintzen. Ama eta biok geunden Xabierren. Nire anaiak gerlara joan ziren Nafarroa askatzeko. Lortu zuten beren ametsa. Baina bereala zapaldu zituzten berriro Carlos Enperadorearen tropek. (Pausa bat) (fabrori) Ez didazu esan norengana netorren! (loyola adieraziz) Gizon hau nire eta nire familiaren etsaia da.
(Isilunea. fabro eta lainez harriturik begiratzen dira elkar. loyola xabierri so dago).
LOYOLA: Entzun Xabier...
XABIER: (Asarre aterantz joanaz) Ez dut ezer entzun beharrik!
(loyolak besotik eusten dio atzetik joanaz eta batbatean auspez jartzen da xabierren ohinetan).
LOYOLA: Entzun, arren, Xabier... Zuk hain biziki gorrotatzen duzun Loyolako Iņigo ez da jadanik existitzen. Hura hil zen. Soldadu harro hura Iruiņeako harresian gelditu zen. Han datza. Orain beste bat naiz, izena ere aldatu dut. Inazio izena dut eta ez Iņigo... Inoiz zuri edo zure sendiari miņ edo samiņ egin badiot apalki eskatzen dizut barkazioa. Otoi! Gizon bekataria izan naiz, baina orain zure serbitzari apal besterik ez nuke izan nahi. Kristok ukitu nau eta gizon berri bat jaio da niregan.
(Negarrez hasten da loyola. Isilunea. Guztiak unkiturik daude. xabierrek zutikatu nahi luke loyola).
XABIER: (Lagunkiro) Tira! Tira! Isildu zaitez. Ahaztu dezagun guztia. Nafarrok jenio bizia dugu eta zu nor zaren jakiteak ustekabean hartu nau.
(Bortxaz zutik jartzen du loyola).
XABIER: Hemen duzu nire eskua. Ez dizut gorrotorik gordetzen.
LOYOLA: Xabier! Zabala da zure bihotza!
(loyolak xabier benedikatzen du).
XABIER: Tira! Fabro! Lagun iezadazu nire gauzak ekartzen. Kalean utzi ditut.
(fabrok begiradaz konsultatzen ditu loyola eta lainez. lainezek gelditzeko keinua egiten dio).
FABRO: Segi Xabier! Segituan naiz zurekin. Enkargu bat eman behar diot Inaziori.
(xabier ba doa).
FABRO: Zer? Nola joan dira gauzak Mateo Ori-rekin?
LAINEZ: Ondo uste dut.
(xabier irten denean loyola ateari begira gelditu da, eta orain hurbiltzen da besteengana).
LOYOLA: (Atea seinalatuaz) Bihotz zabala benetan... Jainkoak bidali digu. Urrea balio du mutil horrek. Ahalegindu behar gara gureganatzen.
FABRO: Bai, balio handiko gizona da eta oso azkarra.
LOYOLA: Gure etsenpluarekin eta otoitzarekin irabazi behar dugu. Horrelako soldaduak behar ditu eleizak.
FABRO: Baina esan zaidazute zerbait Inkisidoreataz.
LOYOLA: Nire ustez ez dugu beldurrik izan behar. Mateo Ori gizon jakituna da. Arretarik handienarekin jaso ditu gure kezkak eta asmoak.
LAINEZ: Hala ere Inazioren Ejertzizioak berarekin gorde ditu, astiroago aztertzeko eta herejiaren bat aurkitzen duen ikusteko.
LOYOLA: Fabro, zoaz Xabierrengana eta gu Lainez otoitz egin dezagun Xabier irabaz dezagun eta Inkisizioak pakean utzi gaitzan.
(fabro badoa eta lainez eta loyola gurutzearen aurrean belaunikatzen dira. errejenta beti lez hasten da kantatzen).
ERREJENTA:
1.— Malkoak errez dira
Loyolaren begietan
negarrez kontsolatzen da
nonnahi eta sarritan.
2.— Xabier bereganatzeko
zerbait behar asmatu
Xabierren bihotza
jadanik du unkitu.
3.— Militar izatean
Loyolak du ikasi
xedeak lortzeko gogor
behar dela hasi.
4.— Nafarroako askaziak
loratu du aritza
Xabierko gazteluak
eman du bere emaitza.
5.— Loyola eta Xabier
Xabier eta Loyola
topatu zuten elkar
Parisean behin hola.