Aurkibidea
Aurkibidea
XI. HAMAIKAGARREN JOKALDIA
(Mahainean lanean ari da loyola. Bera eta errejenta bakarrik daude eszenan. Betiko ritualaz dihardu errejentak).
ERREJENTA:
1.— Loyola Erromara
etorri deneko
onartua izandu da
Aita Santuarekiko.
2.— Konpainia harmatu du
mundua konbertitzeko
dena presto du berak
etsaiak zanpatzeko.
3.— Politika alorrean
gogoz dihardu Loyolak
mundu hontako handiak
lagunak ditu gehienak.
4.— Aztikeri eta egi-erdiak
sarri ditu erabiltzen
Jainkoaren gloriak dena
bait du permititzen.
5.— Bihotza zuhurra du
ez du errez maitatzen
Xabier du ordea
biziki preziatzen.
(errejentak bukaturik, polanco sartzen da).
POLANCO: Egun on, Aita Inazio!
LOYOLA: Egunon, Polanco!
POLANCO: Goiz jeiki da gaur berorri.
LOYOLA: Bai Polanco. Goiz jeiki naiz oso. (Isilunea) Lan asko dugu Xabierren bidaiarekin eta guztia prestatzen ari nintzen.
POLANCO: Zer moduz egin du lo?
LOYOLA: Lo apur bat egin dut baina ez asko. (Eskua sabelan jarriaz) Tripa hauek ez didate atseden handirik ematen. Hanka ez denean tripak... ematen didate nahiko lan.
POLANCO: Xabier eta beste guztiak gosaltzen ari dira. Indietaz hitzegiten ari dira.
(Idazten ari da loyola. Isilunea).
LOYOLA: Portugaleko erregeari ari nintzen idazten. Jarri zaitez eta diktatuko dizut gutuna.
(polanco, loyolaren mahain hertz batetan jartzen da, idazten hasteko prest).
POLANCO: Prest nago.
LOYOLA: (polancori) Dakizunez, Portugaleko erregeak Inkisizioa ezarri nahi du Portugalen eta bere xede bakarra juzgaturikoen haziendak eta ondasunak bereganatzea da.
POLANCO: Bistan dago hori. Bost axola zaio berari fedearen garbitasuna!
LOYOLA: Bestalde, Paulo Hirugarrenak ez dio hortan amorrik eman nahi. Erregea asarre dago oso. (Isilunea) Begira Polanco! Portugaleko Erregea mundu erdiaren jabe da eta oso begi onez ikusten gaitu. Jesuitak bidaltzeko erregutu dit eta nik bidaltzen dizkiot Indietara joan daitezen... bide batez nik ere espero ditut berarengandik zenbait mesede.
POLANCO: Horrela da, Aita Inazio!
LOYOLA: Aita Santuari esan diot ez derizkidala on inkisizioa Portugalen ezartzeari, baina Erregeari besterik adierazi behar diogu. Afera guztiaren argia beste gutun pertsonal batetan esplikatuko diot Rodrigez Portugaleko nere ordezkariari.
POLANCO: Ulertzen dut, Aita.
LOYOLA: Horra bada gutuna.
(loyolak diktatzen duen ehinean idazten du polancok).
LOYOLA: (Paseatuz eta astiro diktatuz) Ene Maiestate handi eta Katolikoa. Jaungoikoa lagun dezazula. Inkisizioaren arazoa dela eta txalotu behar dut zure arreta santua. Pozgarria da benetan mundu honetako printzeak fedearen garbitasunaz hain kezkaturik ikustea. Ahaleginak egiten ari naiz Aita Santuak Portugalen Inkisizioa sartzearen fabore delibera dezan. (Isilunea) Gutun hau daramakiena Xabier da. Euskal Herriko familiarik nobleenetariko semea. Berari diodan maitasunagatik aukeratu dut zure Indietan Ebanjelioaren berri ona predika dezan. (Isilunea).
(Norbaitek atea jo du eta loyolak dio).
LOYOLA: Aurrera!
(lainez sartzen da).
LAINEZ: Barkatu, Aita Inazio! Baina Xabier prest dago Napolesera abiatzeko. Bera agurtzeko garaia da.
LOYOLA: Itxaron! Gutun bat idatzi behar dut lehen.
LAINEZ: Ondo da. Hotsegin biezaigu berorrek.
(lainez irtetzen da).
LOYOLA: (polancori) Zein egun da gaur?
POLANCO: 1540. urteko Martxoak hamasei egun ditu gaur.
LOYOLA: Ondo da. Buka dezakezu ohi den bezala eta gero idatzi Rodrigezen gutuna.
(polancok idazten duen bitartean. loyola lehiotik begira jartzen da. Halako batean polancok dio).
POLANCO: Bukatu dut. Sinatu beza mesedez.
(Gutunak irakurri ondoren, sinatzen ditu).
LOYOLA: Zoaz eta esaiezu etortzeko.
(polanco ateratzen da eta bereala sartzen dira lainez, fabro, polanco eta xabier).
XABIER: Egun on, Aita Inazio!
LOYOLA: Egun on!
XABIER: Iritxi da eguna, aita! Napolesen hartu behar dut Portugalera eta gero handik Indietara joateko.
LOYOLA: (Triste) Bai... iritxi da.
XABIER: Berorrek erakutsi digu ez dugula toki eta pertsonekiko loturarik gorde behar, eta kontentu noa. Jainkoaren gloria handiagoak bakarrik mugitzen nau. Berorrek erakutsi dit.
LOYOLA: Ondo da, Xabier.
(Isilunea. loyola urduri paseatzen hasten da. guztiak berari begira dauzka).
LOYOLA: Nola pasatzen den denbora...! Duela gutti, lau katu baino ez ginen han, Parisen eta orain gure anaiak lanean ari dira Frantzian, Alemanian, Portugalen, Espainian eta hemen Italian. Alde guztietatik eske ari zaizkit erregeak eta printzeak soldadu berriak bidali ditzadan. Eta orain... zu Xabier Indietara zoaz... mundu zabala konbertitzera.
XABIER: Pozgarria da hori, aita!
LOYOLA: Bai, pozgarria. Baina zama aztunak ekarri dizkigu. Oraindik hobeto organizatu behar gara. Ejertziturik hoberenaren antzera.
POLANCO: (Gutunak emanaz) Hemen dituzu Portugaleko erregearentzat gutunak eta hemen Txinako Enperadorearentzat Aita Santuak idatzi duena.
(Gutunak gordetzen ditu xabierrek).
LOYOLA: Mesedez utz gaitzazute bakarrik. Xabierrekin hitzegin behar dut bakarka.
LAINEZ: Gero arte. Bagoaz.
(guztiak irtetzen dira. xabier eta loyola aurrez-aurre gelditzen dira).
LOYOLA: Xabier... bazoaz eta agian ez zaitut gehiago ikusiko.
(Isilunea. loyola harat-hunat hasten da.
Geldituz eta xabierri so).
LOYOLA: Gogoratzen zara Parisen ezagutu ginen egunaz?
XABIER: Bai, Aita Inazio gogoratzen naiz berorri ezagutu nuen egunaz.
LOYOLA: Mesedez, Xabier ez zaidazu berorrika hitzegin. Hitzegin iezadazu zuka.
XABIER: Nahi duzun bezala.
LOYOLA: (Maitekiro) Egun hartan asarre agertu zinen Nafarroa zela eta. Asko maite duzu zure herria ez da?
XABIER: Berorrek... barkatu, zuk erakutsi zenidan ez dela maitatu behar ez familiarik eta ez aberririk.
LOYOLA: Bai Xabier baina nekeza da hori. Neroni eta orain zahartzaroan sarritan gogoratzen zaizkit Loyolako gaztelua eta Gipuzkoako mendiak. Polanco judua da eta horiek ez dute aberririk... Zu euskalduna zara, ni bezala... agian horregatik zaitut maiteago.
(Isilunea).
XABIER: Nik ere maite zaitut, Aita Inazio.
LOYOLA: Oroit zaitez nitaz Xabier. Egunero eginen dut otoitz zuretzako.
XABIER: (Unkiturik) Aita, benedika nazazu.
(xabier belauneko jartzen da. loyolak bedeinkatzen du eta gero lurretik altxa araziaz luzaro eta maitekiro besarkatzen du).
LOYOLA: Agur, Xabier.
XABIER: Agur, Aita.
(Joaten da xabier. Argiak itzaltzen doaz eta foko batek bakarrik argitzen du loyola. loyola, aterantz begira gelditzen da, gero gurutzearen aurrean belauneko otoitzean hasten da eta finean negarrari ekiten dio. Orduan errejentak, betiko prozeduraz, kantari hasten da).
ERREJENTA:
1.— Trentoko kontzilioa
eleizaren habea
Loyola hortan ere
izandu zen jabea.
2.— Lainez eta Salmeron
Salmeron eta Lainez
Bidali zituen Loyolak
gogor jokatzeko esanez.
3.— Eleiza banatu zen
parte ugarietan
Lutero eta Calvino
ez zebiltzen berriketan.
4.— Papa Santua baina papago
agertu zen konpainia
herejeak harrezkero
izan zuten komeria.
5.— Loyolak lortua du
botere dezentea
harriturik dauka
Vatikanoko jendea.