Aurkibidea
Aurkibidea
Mari Karmeni
LOYOLAZ
“Loyola” idazterakoan euskal antzerki historiko baten premiaz jabeturik ihardun naiz. Euskal literaturaren zehar, gutxitan, kasik pastoraletan soilik, aukeratu dituzte autore euskaldunek bere herriko pertsonai historikoak literaturaren bitartez gorpuzdura berri bategaz jazteko. Agian, literatura fikzio soil delako, beti ere, errealitatetik gertuegi legokeen hurbiltasunaren ihesi. Ez euskal nobela ez eta euskal antzerkia ez dira gure antziņako pertsonaietaz arduratu. Behar bada euskaldunok geuron historiarekiko dugun beldur-amodiozko sentipenaren bertutez. Ahalkea edo ikara sumatu izan ohi dugu betikoz normaturik dauzkagun pertsonaiak berikusteko.
Komunzki, euskal antzerkietako pertsonaiak arketipoak izan ohi dira eta agian gure antzerkiaren pedagoji senari zor zaio hori. Pertsonaiak eskema soil izan ohi dira toki eta denbora jakin batetako adierazgarri gertatuz. Gehienetan gure idazle “kultoak” euskal historia guztiaren bizkarretik sorketa deshistoriko batetan murgildurik kreatu izan ohi dute, urrutienez ere norberaren autobiografiaren landatik irten gabe. Zorionez, badugu euskaldunok hain “kulto” ez den beste literatura bat ahoz eta ez idatziz sortu eta hedatu dena, zeinetan Euskal Herriaren historia eta bere pertsonaiak gaitzat autatuak diren. Antzerkian ere ahozko produkziotik hurbilen ibili diren maskaradak, xaribari eta pastoraletan asko dira euskal historiarekiko erreferentziak.
Halabeharrez, Loyola idazterakoan pastoralak nituen gogoan eta saiatu ere saiatu Xuberoko iturri fresko horretan edaten eta amua botatzen. Ez dut nahi izan —ezina bait zait— pastoralen teknikaz probetxaturik antzerki klasiko bat egokitzea. Hori izanen da agian euskal antzerkiak bere burua aurkitzeko ibili beharko duen bidea eta zihur naiz etorriko direla trebeagoak bide hori ibiliko dutenak. Ebatsi dut ordea zerbait gure antzez-kulturaren altxor preziatu eta baliotsuena osatzen duten pastoraletatik.
Brecht-ek Alemaniako erdi-haroko antzerki moduak ezagutu eta maitatu ondoren bere teknikaz baliatu zen neurri handi batetan bere obra unibertsala sortzeko. Halaber, P. Weis-ek Brecht-en bideari jarraituz eta antzinako grekoen teknikak eskuratuz astindu ditu teatro klasikoaren molde eta kanon zaharkituak.
Euskal antzerki propio bat gaur egun eraiki nahi badugu ezin izanen dugu inolaz ere mugaz bestaldeko antzerki-moetarik ahaztu; aitzitik pastoralak izan behar dute euskal antzerki berriaren ernalgarri. Ez dugu urrutira joan beharrik ez eta modako zenbait expresio-bide gaizki eta komeriz kopiatu beharrik euskal teatro jator eta gaurko bat egiteko. Murgil gaitezen geurea dugun tradiziorik hoberenan eta bertan aurki hainbat teknika eta antzez-iturburu beti berriak. Izan ere non lotu eta uzkaltzen dira hain grazios eta maisuki dantza, kanta, musika eta jokoa antzerki total bat osatuaz Xuberoko pastoraletan baino?
Esku artean duzun libreto honetan “errejenta” deritzan pertsonaia dakart eszenara. Errejenta, pastoral guztietan agertzen den pertsonaia dugu, eta “pertsonaia” diot zeren ez bait da, ene aburuz, antzerki beraren kanpotik dihardun norbait edo eta hobeto esateko bere fontzioa: kanpotiar izanik antzerki jokoaren fikzioa adierazten duen erreferentzi eszenikoa da.
Pastoraletan, errejentak “apuntadore” lana egiten du eta koroak abesten duenean bere inguruan biltzen dira kantari guztiak, gainera errejenta da antzerkiaren gidaria pertsonaiei sarrera emanaz eta musikari bere pautak jarriaz; mahai batetan jarririk eta bandera bi eskuetan dituelarik pastoralaren zuzendari bezala eraikitzen da. Zenbaitetan gainera, errejenta pastoralaren egile berbera izan ohi zen.
Errejentak bere fontzioa jokatzen du, bere papera egiten du errealki eta bidebatez artifiziotasuna ukatzen dio antzerkiari, finean, errealitate bilakatuz antzerkiaren izaera. Errejenta publikoaren (herria) ordezko eta lekuko da. Aktore eta ikusleen arteko lokarria korapilatzen du. Eta era berean fikzio eta ereralitatearen arteko dialektika eta etendura adierazten ditu.
Pertsonai honek unkiturik eta bere potentzial dramatikoaz oharturik ekarri dut antzerki honetara Loyolaren salatari eta lagun izan dadin.
Agian, errejentaren erakartzea Loyolaren nortasunak ematen zidan ahalkeaz gordetzeko eskutu bat besterik ez da. Zeren eta aitortu behar dut Loyolak betidanik nauela biziki aztoratu. Errejenta eszenara ekartzean, berak ezarririko distanzia bilatu dut.
Antzerkia xvi.gn gizaldian lekutzen da. xvi.gn gizaldian, inoiz gure historian elkartu ez diren pertsonai andana bat izan zen Euskal Herrian. Loyola, Urdaneta, Xabier, d’Etxepare, Axular, St. Cyran, Leizarraga, Albrett-eko Jeanne erregina, Bela... guztiak xvi.gn gizaldian dute beren tornuia. Gizaldi honetan gertatzen da gaurko Euskal Herriaren sortea. Eta guztien artetik Loyola agertzen zaigu kezkagarrien. Bere nortasun hitsak bere portaera eta ekintza guztia estaltzen du. Ekintza-gizona da Loyola, baina bere ekintzek nortasun torturatu bat gordetzen dute. Esana da gaizki idazten zuela Loyolak, eta berak aitortzen digunez nekez mintzatzen zen euskaraz ez bestelako hizkuntzetan. Baina ekintzak dira bere ele eta hitzak. Eta erlijioaren arlotik bere ekintza gehienak ulergarriak badira ez dira errez konprenigarriak, bestalde, azpeitiarraren zenbait jarrera. Gure egunetan “anbiguitate” hitza leporatzen zaio zenbaiti, hemen, Euskadin. Hainbatek esana du gauza berbera Loyolataz... Baina ekintzaren arloan eta politikarenean, finean, ba ote daiteke beste garbitasunik bere hitstasuna baizik? Guztitara ere Loyola gizon prototipo bezala oso euskalduna den izaera baten trazak ditu, zeinak bere ekintzen luzeroa nekez adieraz dezake hitzaz. Hortik datorkie halakoei bere kriptikotasuna.
Horrenbestez, errezegia litzateke atzeraka extrapolatuaz gaurko euskal politikagintzan eztabaidatzen diren arazoak Loyolarengan aurkitzea, baina adierazi behar dut bere biziaren gira-biran aurkitzen diren zenbait arazo oso gaurkoak direla, zeren nolatan ahaztu Loyolaren kontradizioak bere garaiko Nafarroaz, eta indarkeriari buruzko bere ikuspegia eta finean aberriari buruzkoa eta politikaren arloko etikaz zuen ideia?
Antzerki hau prestatzerakoan Loyolaz burutu dudan ikerketa lanean ezin izandu dut Loyola deskubritu, baina bere zenbait ekintza portaera hobeto ulertu ditut. Eskapo egin dit pertsonaiak baina maitatu dut gizona.
“Lizentzia” zenbait hartu izateak ere behar du, azkenik, bere justifikapena. Izan ere ez da gauza frogatua Loyolak Parisen Calvino eta Rotterdamneko Erasmo topatu zituenik, nahiz eta urte berdinetan hirurak, inoiz, Parisetik ibili. Are guttiago gertatu zen sekula Etxepare eta Loyolaren arteko solasaldia, baina... handiegia zen tentazioa eta ugariak dira antzerkiaren bentajak antzeko topaketa bat ez amesteko. Denbora, toki eta ekintzaren batasunak sufri dezake zerbait plazeraren fabore, eta plazereetarik ez da txikiena norberaren albredioz zenbait asmakizun kontatzea. Antzerkia ez da gezurra, asmakizuna baino.
1985.ko Irailak 16