Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

VIII. ZORTZIGARREN JOKALDIA

 

(errejenta jarri da bere tokian eta lainez eta loyola otoitzean ari direlarik sartzen dira fabro, xabier eta d’etxepare).

 

XABIER: Hara! Hori suertea! Begira nor topatu dugun kalean. Bi euskaldun ez ezik hiru ere bagara hemen, Inazio! (Bitartean zutikatuak dira loyola eta lainez) Honoko hau (d’etxepare adieraziz) Bernart D’Etxepare da. Aurreko batean ezagutu ginen elkar eta nire aitaren hirikoa da, Donibane Garazikoa!

D’ETXEPARE: Agur jaunak!

 

(guztiak agurtzen dute. Baina loyola uzkur agertzen da).

 

LOYOLA: Zure jantziaz nabari dut apeza zarela.

D’ETXEPARE: Horrela da St. Jean le Vieux-eko erretora naiz.

XABIER: Esaiezu! Esaiezu, zertara etorri zaren Parisera!... (Besteeri) D’Etxepare poeta da. Euskaraz egiten ditu bere poemak!

 

(loyolak mesfidaz beteriko begiradaz ikusten du d’etxepare).

 

D’ETXEPARE: Gertatzen da liburu bat idatzi dudala eta orain argitaratu egin nahi nuke. Baina hori ez da gauza erreza. Euskaraz ez da inoiz libururik argitaratu eta nik nahi nuke izan lehena.

LOYOLA: (Kortesiaz) Gauza txalogarria benetan. Luterok ere alemana erabiltzen du eta ez latina bere jarraitzaileeri gaizki erakusteko. Guk ere erabili behar ditugu tokian tokiko hizkuntzak jendea konbertitu dedin.

LAINEZ: Zer poesia gisa egiten duzu?

D’ETXEPARE: Denetarik, maitasunezkoak, erlijiozkoak...

XABIER: Neri amodiozkoak zaizkit atseginenak.

LOYOLA: (Uzkur) Harrigarria benetan apez batek poemak egiteko denbora aurkitzea.

D’ETXEPARE: Sobera ere ez dut denbora problema handirik izan. Politika arazo bat dela eta preso egona nauzue eta espetxean konposatu ditut poema gehienak.

 

(loyola, fabro eta lainez, d’etxepareren hitzak entzutean korro bat osatu dute zerbait apartatuaz. Bistan da d’etxepare ez zaiela atsegin. Honek xabierrekin dihardu alegre).

 

XABIER: Beņat! ... Beņat, irakurri irakurri mesedez poemaren bat.

D’ETXEPARE: Orain eta hemen?

XABIER: Bai, noski. Baina amodiozkoa izan dadila.

D’ETXEPARE: (Besteak adieraziaz) Ez dakit jaun haueri atsegin izango zaien.

XABIER: Seguru baietz! Irakur zazu bat edo beste.

 

(d’etxeparek eskuan duen makutotik koaderno baten antzeko paper sorta bat ateratzen du eta astiro aukeratu ondoren dio).

 

D’ETXEPARE: Poema hau atari gisa egin dut.

 

            Heuskara,

            ialgi adi kanpora.

            Garaziko herria

            benedika dadila,

            heuskarari eman dio

            behar duien thornuia.

 

            Heuskara,

            ialgi adi plazara.

            Bertze jendek uste zuten

            ezin eskriba zaiteien

            orai dute phorogatu

            enganatu zirela.

 

            Heuskara

            ialgi adi mundura.

            Lengoajetan ohi inzan

            estimatzen gutitan;

            orai aldiz hik behar duk

            ohoria orotan.

 

            Heuskara,

            habil mundu guztira

            (...)

            Baskoak orok preziatzen,

            heuskara ez iakin harren;

            orok ikhasiren dute

            orain zer den heuskara.

 

XABIER: Bai gauza ederrak euskarari buruz esandakoak!

D’ETXEPARE: (Apal) Ez da beste munduko gauza, baina euskaraz ere egin daiteke gauza politarik.

LOYOLA: Polita da bai... baina gauzak ez daude munduan hizkuntza batetaz edo bestetaz kezkatzeko. Europan zehar zabaltzen ari da Erreformaren mugimendua eta zenbaitetan Renazimenduarekin bat eginik agertzen zaigu. Hobe zenduke D’Etxepare gauza Jainkotiarraz poemak egitea.

D’ETXEPARE: Arrazoi duzu Loyola. Baina sorterriaz ez bagara arduratzen nekez ikasiko dugu urrutiko gauzetaz kezkatzen.

XABIER: Arren! Utz orain erretolikak eta irakurri beste bat. Baina orain amodiozko bat izan dedila Beņat.

 

(Ahoan irri malizios bat duelarik prestatzen da urrengo poema irakurtzea).

 

D’ETXEPARE: Honoko hau maitemindu batena da.

 

            Irudi zait, emaztia dela gauza eztia

            donario guzietan guziz gauza emia;

            gaoaz eta egunaz ere badu plazer handia;

            harzaz gaizki erraitia bilania handia.

 

            Munduian ezta gauzarik hain eder ez plazentik

            nola emaztia gizonaren petik buluzkorririk;

            beso biak zabaldurik dago errendaturik

            gizonorrek dagiela harzaz nahi duienik.

 

            Io badeza dardoaz ere gorputzaren erditik,

            ainguriak bano oboro ez larrake gaizkirik,

            bana dardoa ematurik, zauri ere sendoturik,

            bere graziaz ezarteintu elgarreki baketurik.

 

            Nor da gizon modorroa harzaz orhit eztena

            eta gero halakoa gaitz erraiten duiena?

            Ezta gizon naturazko hala egiten duiena

            Zeren eztu ezagutzen hala hongi egina?

 

(Poema irakurtzen den ehinean loyola gero eta asarrego sumatzen da, xabierrek aldiz irrikitan jarraitzen du poemaren irakurketa. d’etxeparek bukatzean xabier txaloka hasiko da).

 

LOYOLA: (Asarre) Aski da! Xabier konporta zaitez.

 

(xabierrek harriturik begiratzen dio loyolari).

 

D’ETXEPARE: Xabier, bistan da zure lagun gipuzkoarrari ez zaiola nire poema atsegin. Gusto kontuetan jakina da...

LOYOLA: (d’etxepareri hitza kenduaz) Ez da gusto kontua. Nola lezake apez batek irakurri duzuna bezalako poema lizun bat egin? Bertso politen aitzakiarekin zikinkeriak idatzi dituzu.

D’ETXEPARE: (Lasai eta ironiaz) Ez nuen uste maitasuna lizunkeria zenik.

 

(Orain ate joka sumatzen da norbait. lainez doa aterantz).

 

D’ETXEPARE: (xabierri) Adiskide. Nora arraio ekarri nauk! Bisita bat datorrela zirudik eta nik ez nikek inorentzat oztopo izan nahi. Beste bat arte. Agur.

 

(xabier triste dago eta harridurazko begiradak egiten dizkio loyolari. d’etxepare irtetzerakoan lainez eta mateo ori-rekin topo egiten du. Pasalekua utzi ondoren badoa).

 

LOYOLA: (Berarengana aurreratuaz) Mateo Ori Jauna. Ez zindugun espero.

 

(loyola hurbildu zaionean, mateo ori belauneko jartzen da eta eskuan muin ematen dio loyolari).

 

MATEO ORI: (loyolak zutik jar arazten duen bitartean) Barkatu nire bisitaz abisu ez badizuet eman. Baina zuen Ejertzizioak irakurri ondoren ezin izandu dut bihar arte itxaron.

LOYOLA: Zure etxean aurkitzen zara Ori Jauna.

MATEO ORI: Zure bisitarekin garbi gelditu da ez dela zuengan ezer arbuiagarririk. Baina zure Ejertzizioak irakurtzearekin batera jabetu naiz, gure eleizak baduela lehenengoz arma ikusgarri bat. Erreformari aurre egiteko zure Ejertzizioak dira lanabes egokienak.

LOYOLA: Poztutzen naute zure hitzek Ori Jauna, baina esames asko dago guri buruz eta bidezko litzateke agiri batetan gure fede ona eta gure portaera garbi uztea.

MATEO ORI: Egingo dut agiri hori. Konta dezakezue nirekin edozertarako. (xabier aho zabalirik dago eta harriturik begiratzen ditu loyola eta mateo ori).

FABRO: Goazen denok eleizara!

LAINEZ: Goazen bai! Egin dezagun otoitz Jainkoaren gloria handiagotzeko.

 

(loyolak besotik hartzen du mateo ori eta guztiak irtetzen dira. Eszena hutsik gertatzean errejentak bere kantuari ekiten dio).

 

ERREJENTA:

            1.— Kortesau izana da

                        Loyola gaztaroan

                        orain ez da ordea

                        irririk bere ahoan.

            2.— D’Etxepareren poemak

                        ez zaizkio atsegin

                        mundua kantatzeak

                        ematen bait dio min.

            3.— Xabier gaztea da

                        bihotza irrikiz dauka

                        Loyolarekin beldur da

                        noiz sartuko duen anka.

            4.Loyolarengan ikusten du

                        Xabierrek zuhurtzia

                        ordea oraindikan

                        berak nahi du irria.

            5.— D’Etxepare gizajoak

                        ez du ezer entenditu

                        ez zuen Loyolataz

                        horrelakorik kabilatu.