Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

XII. HAMABIGARREN JOKALDIA

 

(loyola, etzanik datza ohean. Atea jo ondoren sartzen da polanco).

 

POLANCO: Zer gertatzen zaio Aita?

LOYOLA: Ez da ezer. Bero hau... Erromako bero honek minberatzen dizkit hankako hezurrak.

POLANCO: Nahi du medikuari hotsegitea?

LOYOLA: Zertarako! Lan egin behar dugu.

POLANCO: (Boza bajuagoan) Caraffa Kardenala heldu da. Esan diot ondo-ezik zegoela berorri. Nahi badu beste batean etortzeko esanen diot.

LOYOLA: Ez. Caraffa ez da edonor eta ez dut asar arazi nahi. Pablo iii.gna. heri dago eta badaiteke Caraffa Papa autatua izatea. Esaiozu pasatzeko, zu ere egon nirekin horrelakoekin hobea da lekukoak izatez.

 

(polanco badoa eta loyola ohetik nekez jeikirik errenka dabil mahai gainetik bere bastoia eskuratu arte. caraffa eta Polanco sartzen dira).

 

CARAFFA: Egun on Loyola!

LOYOLA: Egun on Kardenal jauna!

 

(loyola mahaiko kadiran jartzen da eta keinu egiten dio caraffari bera ere jar dadin. polanco loyolaren atzean zutik dago).

 

LOYOLA: (Zuri) Zerk dakar honuntz bere Eminentzia?

CARAFFA: Zenbait gaietaz nahigo dut Vatikanotik kanpo mintzatzea. Badakit, Erroma guztiak dakian bezala, Aita Santuaren faborea duzula. Bere animoan zuk agintzen duzula dirudi.

LOYOLA: (Ironiaz) Nonbait, bere Eminentziak fantasmak ikusten ditu. Zer dezaket nik, erren gaixo batek? Gehiegizko derizkiot berorrek dionari. Ni Aita Santuaren serbitzari apala naiz.

CARAFFA: (Zutik jarriaz eta paseatuz) Gertatzen da... urte guttiren barru botere handia hartu duzula. Handiegia esango nuke nik.

LOYOLA: Gauza guztiak Aita Santuaren gogoz eta esanera egin ditugu.

Gure egoera Bulaz baiestaturik datza.

CARAFFA: (loyolaren aurrez geldi) Zure Ejertzizioak irakurri ditut! Eta konpainiaren reglak ere bai!

LOYOLA: (Ironiaz) Ah, bai! Eta?

CARAFFA: Arma ikaragarri bat dira.

LOYOLA: (Ironiaz) Dakidanez oraindik ez da inor hil Ejertzizioak egiterakoan.

CARAFFA: Hil ez baina, edonori burua jan diezaiokete. Arma sotil bat dira. (Isilunea). Nire boneta kentzen dut (Boneta kentzen du) Onik erabili ezkero lanabes ederrak dira. Baina...

LOYOLA: (Serioski) Baina zer?

CARAFFA: Norberaren alde erabili ezkero zisma bat erakar dezakete. Reglatan esaten denez, Konpainiako partaide guztiek obeditu egin behar diote Aita Jeneralari. Zuri!

LOYOLA: Horrela erabaki genduen bai.

CARAFFA: Monarkia baten sustraia da hori.

LOYOLA: Monarkia da sistemarik hoberena.

CARAFFA: Baina horrek esan nahi du itsu-itsu hobeditu behar dizutela. Jainkoa bazina bezela.

LOYOLA: Horrela da bai, baina era berean Aita Santuari hobeditzeko boto berezia egiten dugu.

CARAFFA: (Sutsu) Baina zuk, Aita Santuari hobeditu ez baina agindu egiten diozu!

LOYOLA: (Otz) Gizon erren eta kaskar honek nolatan agindu diezaioke Aita Santuari?

CARAFFA: Aita Santua heri dago. Oso gaixo dago...

LOYOLA: Gaixotasun guztien gainetik Kristoren ordezkaria ikusten dut nik Aita Santuarengan.

 

(Isilunea).

 

CARAFFA: Entzun Loyola! (Behatzarekin mehatxuz) Ez naiz diplomazietan jostatzera etorri. Hortan ni baino trebeagoa zara. Badaiteke bihar beste norbait izatea Aita Santu... Nik ez dut azpi-jokorik maite.

LOYOLA: (Zutik jarririk eta fermuki) Nire xedea Jainkoaren gloria ugaltzea da. Ez zait besterik axola!

CARAFFA: Baina entzun Loyola: xede altu horrek ez du guztia justifikatzen.

 

(Isilunea. Zutik eta aurrez aurre daude biak elkarri so. Uzkur).

 

CARAFFA: Egin beharra dut. Banoa. Agur jaunak!

 

(polancok ateraino laguntzen dio caraffari).

 

POLANCO: Ez da gizon makala!

LOYOLA: Jelosturik dago gure indarraz.

POLANCO: Bazkaltzeko garaia da.

 

(Isilunea).

 

LOYOLA: Zer dago bazkaltzeko?

POLANCO: Sukaldetik pasa naiz eta oilo salda dagoela esan didate, gero eskalopeak ensaladarekin.

LOYOLA: Ez dut oraindik goserik. Lainez arratsaldean abiatzen da Trentora eta lehenik berarekin nahi nuke hitzegin. Esaiozu etortzeko.

POLANCO: Segituan, Aita Inazio.

 

(Badoa polanco eta loyola bere mahainean jartzen da ostera. Asperen luze bat egiten du eta gero gurutzeari begira gelditzen da. polanco eta lainez sartzen dira).

 

LAINEZ: Hemen naiz, Aita!

LOYOLA: Aurrera Lainez. Jarri.

 

(lainez jartzen da. Konbertsazioaren zehar polancok notak hartzen dihardu).

 

LOYOLA: Esan bezala zu eta Salmeron Trentora bialtzea deliberatu dut. Salmeron Florentzian aurkitzen da eta han topatuko duzute elkar. Orain esango dizkizudanak berarentzako ere balio dute.

LAINEZ: Berorren esana eginen dugu.

LOYOLA: Hasera batetan neroni joatea pentsatu nuen Trentora. Baina ni hizlari kaskarra naiz. Dakizutenez nire ama-hizkuntzatik kanpo ez dut besterik ondo menperatzen. Zuek iaioagoak zarete. Gainera... nire osasuna ez da oso ona.

LAINEZ: Dudarik gabe oso hizlari ona da berorri. Baina agian hobe berorri lehen planan ez agertzea.

LOYOLA: (Jesto batekin) Horra nire instrukzioneak. Lehenik eta beste gauza guztien gainetik gogor eraso behar duzute Erreformaren aurka.

LAINEZ: Badira Erreformarekin konponketa batetara iritxi behar dugula diotenak.

POLANCO: Hortaz argi dago Aita Inazioren pentsakera.

LOYOLA: Gauzak garbi gelditu behar dute eta Erromaren autoritatea guztien gainetik.

LAINEZ: Alemaniakoa ikusi ondoren orain zenbait eleiz nazionalen tentazioa dute.

LOYOLA: (Gogor) Eleizak ez du aberririk behar. Erroma da Kristau guztien aberria.

LAINEZ: Zuk erakutsi diguzu ez garela familiari lotu behar ez aberriari ere. Gorpu hilotzak bezala hobeditu behar diogula gure azken xedeari, eta munduan Kristoren ordezkari direnei.

LOYOLA: Eta ordezkari guztien gainetik Aita Santua dago, bere autoritatea garbi utzi behar duzute. Saiatu behar zarete, halaber, Aita Santuaren infabilitatea inposatzen.

LAINEZ: Sarri bidaliko dizkitzugu gure berriak.

LOYOLA: (polancori) Zoazte zuek bazkaltzera... ekar iezadazu oilo salda bat, oheratu egingo naizela uste dut.

 

(lainezengana hurbilduz).

 

LOYOLA: Benedikatzen zaitut.

 

(Gurutzearen seinalea egiten duen bitartean lainez belauneko jartzen da).

 

LAINEZ: Agur, Aita Inazio!

LOYOLA: Agur, Lainez.

 

(polanco eta lainez badoaz. loyola geldi geldi oherantz zuzentzen da eta bertan etzaten. errejentak ekiten dio bereari).

 

ERREJENTA:

            1.— Kunpliturik deseinua

                        hartu dezake bakea

                        gertu dakusa Loyolak

                        horrenbestez heriotzea.

            2.— Erromako zubiak

                        beltza du kolorea

                        sorterritik urrun

                        akabera tristea.

            3.— Hobedituko dio orain

                        gorputzaren legeari

                        begiak itzalirik

                        Amen. Dio heriotzari.

            4.— Urrun dira lagunak

                        gertu dauka atsedena

                        Xabier du buruan

                        samur zaio oroitzapena.

            5.— Loyolako Inazio

                        Inazio Loyolako

                        Joan zinen Erromatik

                        gugandikan betiko.