Aurkibidea
Aurkibidea
I. LEHENENGO JOKALDIA
(errejentak, pastoraletako ritualaz jokatuko du bere papera, bertako mugimenduekin ibiliaz eta pausoen ritmoa makilarekin adieraziaz. Estrofa bakoitza eszenaren erditik kantatzen du eta bukatzerakoan besoak jasoko ditu. Doinua eta musika pastorelatakoak dira).
ERREJENTA:
1.— Jainkoak deizutela
egunon guztieri
etorri zaretelako
eskerrak zueri.
2.— Euskadiko semeetarik
altuena dugu Loyola
bere biziaren berri izanen
duzute bereala.
3.— Bere berri emateko
atseginaz etorri gara
hainbeste maite dugun
............. * herrira.
(* jarri hemen antzerkia jokatzen den herriaren izena).
4.— Urte asko iragan dira
Azpeitian jaio zeneko
Loyolako Inazio izena
zuena Eneko.
5.— Euskalduna izatez gainera
mundutar bilakatu zen
bere indarraren laguntzaz
oro zuzendu nahi zuen.
6.— Loyolaren historiak
badu denontzat zentzurik
euskalduna bait zen bera
hortaz ez dago dudarik.
7.— Loyolatik Katalunyara
Handik Jerusalemera
Castillatik Parisera eta
finean Erromara.
8.— Eleizaren denborako
hamaseigarren gizaldian
mundua korritu zuen
bere lagunen konpainian.
9.— Pekatari izan ondoren
bilakatu zen fededun
ahaztu arte eragabe
jaio zela euskaldun.
10.— Kontatzen dugun historia
gertatua da benetan
berak zioena besterik
ez dugu jartzen ahotan.
11.— Bakoitzak erabaki beza
fededun izateak
euskaldunontzat lekarzken
opari hala kalteak.
12.— Gure ustea hau duzu:
euskaldun behar dela izan
mundu guztia maitatuz
Euskal Herriaren baitan.
13.— Jadanik bada garaia
jasotzeko ohiala
ikus dezagun denok
nor izan zen Loyola
(errejenta bere tokian jartzen da).
(Ohiala jasotzean frances beaumont bakarrik aurkitzen da eszenan. Batetik bestera dabil. Kezkaturik dago. Urduri. Denbora asko baino lehen kapitaina sartzen da. Presaka dator eta militarki agurtzen du frances, hau eszenaren erdian dago eta bere alboan kapitaina).
FRANCES BEAUMONT: Zer berri kapitain jauna?
KAPITAINA: Berri txarrak jauna.
FRANCES BEAUMONT: (Keinu samin bat eginaz) Mila demonio! Oraindik txarragoak?
KAPITAINA: Bai Jauna! Albrit-ekoaren tropak gainean ditugu. Garazitik Erronkari barru Mayako gaztelua lagun dutelarik Iruiņeako ateetan ditugu bereala. Sekulako jendetza omen dator eta ez bakarrik Agramontdarrak... badirudi Nafarroa guztia ailtxatu dela. Atzo, Sanguesa eta Casedako herriek Nafarroko erregetzat hartu dute Albrit-eko Endrike.
FRANCES BEAUMONT: Nola? (asarre eta bortizki) Sanguesa eta Caseda kontra ditugula?
KAPITAINA: Bai Jauna. Eta Gallipienzo-ko herria ere ailtxa da.
FRANCES BEAUMONT: (Ate ondora hurbilduaz)
Hona soldaduak! (Eta beste soldadu biak sartzen dira militarki agurtuaz) Fite! (Paper batetan zerbait idazten du presaka). Hi! (soldadu bati).
Har zak zaldirik askarrena eta oha Birregearena. Eskura eman nere eskutitza! Oha! Prest!
KAPITAINA: Beaumont jauna...
(Eta ez da ausartzen aurrera jarraitzea, soldaduak ez dira mugitu frances beaumont-ek zaratak eta bullak egin dituenean; kapitainari eta elkarri so gelditu dira).
FRANCES BEAUMONT: Zer duzu kapitain jauna?
KAPITAINA: Beaumont jauna! Nafarroako Birregeak... Najerako Duke Jaunak ihes egin du.
FRANCES BEAUMONT: Nola?
KAPITAINA: Bai jauna Iruiņeako herria ere Castillako erregearen aurka ailtxa da. Nafarroak bere askatasuna berreskuratu behar duela ohiukatzen du herriak... Duela ordu bete, ihes egin du Birrege jaunak.
FRANCES BEAUMONT: Madarikatua! (Asarre) Koldar handia! Non ditu potroak?
KAPITAINA: Otoi, Beaumont jauna. Ez diezaiozula koldar deitu Jaun Dukeari, ezaguna baita bere ausardia eta frogatua bere leialtasuna. Oroit zaitez Najerako matxinada nola suntsitu zuen. Nire ustez taktikaz egin du atzera. Indar guttiegi ditugu etsaiak garaitzeko.
SOLDADU BAT: (Apal eta urduri)
Egia dio Kapitain jaunak. Ni neroni Najeran aurkitzen nintzen bertako herria bentzitu eta sarraskitu genduenean Iņigo Loyolakoari jarraituz.
FRANCES BEAUMONT: Ixo! Etsaiari ipurdia emateak izen bakarra du eta beldurra da hori.
(Harat hunat hasten da frances beaumont pauso handiz).
KAPITAINA: Beaumont jauna!
FRANCES BEAUMONT: Zer?
KAPITAINA: Orain zu zara, Leringo kontearen anaia zarenez, Iruņeako nagusi.
FRANCES BEAUMONT: Herri setiatu eta ailtxatu baten nagusi.
(Dio tristezia bere hitzetan nabari delarik eta pausa ondoren eta ibiliz rezitatzen du).
Nafarroa...
bai herri arraroa
izanik bere errege
benturaz Castillakoa
“askatasuna” ohiukatuz
ailtxa da arraioa.
Ihes doa Najerakoa
galdurik du Castillak
Albako dukeak lortutakoa
Guztiak traizio eginik
hemen dago Beaumont Leringoa
presta gaitezen borrokarako
gurekin bait dugu Jainkoa.
(Eszenaren erdian amaitu ditu bertsoak eta handik hurbiltzen zaio kapitainari).
KAPITAINA: Zer egin dezakegu Baumont Jauna?
FRANCES BEAUMONT: Iruiņea defenditu!
KAPITAINA: (Aztoraturik)
Baina noren kontra? Herriaren kontra hala Labrit-eko troparen aurka? Denak ditugu etsai.
(Isilunea).
FRANCES BEAUMONT: Zenbat gizon ditugu?
KAPITAINA: Mila miliziar inguru.
FRANCES BEAUMONT: Zenbat kanoi?
KAPITAINA: Hemeretzi handi eta txikiak berriz ugari. Ballestak ere asko ditugu.
FRANCES BEAUMONT: Janaria ere ugari dugu... hainbeste koldar ihesi...
(Gelaz kanpo pausoen zarata sumatzen da eta hirugarren soldadua dator korrika).
SOLDADU HIRU: (Militarki agurtuaz) Beaumont Jauna! Zaldun gipuzkoar batek ekarri du gutun hau. Oso garrantzitsua dirudi. (Eskuratzen dio gutuna).
(frances beaumont-ek gutuna irakurtzen duen bitartean inguratzen zaizkio, guztiak gutunari so. Gutuna eskuan jasoaz dio).
FRANCES BEAUMONT: Hala ere! Denek ihes egiten badute ere Jainkoa gurekin dugu. (kapitainari). Hona hemen berri pozgarriak! Oņazko Martin gipuzkoarrak zuzentzen du gutuna. Bere anaia Iņigorekin batera Oiharzunen bildu omen dute arma-gizon ugari eta Irurzunen omen dira jadanik.
KAPITAINA: Gipuzkoarrak gurekin?
FRANCES BEAUMONT: Bai Kapitain Jauna! Iņigo eta Martin nire sendikoak eta lagunak dira. Gipuzkoako Ahaide Nagusitakoak dira. Betidanik izan ditugu harreman onak Beaumontdarrak eta Oņazkoak. Guri laguntzera datoz.
KAPITAINA: Iņigo ezagutzen dut... Najerako Dukearen kapitaina da.
FRANCES BEAUMONT: Horrek ez du bere nagusiaren antzarik. Ausart eta prest dator Castilla defenditzea.
(Kanpoan zarata entzuten da eta pauso otsa).
KAPITAINA: Hara! Hemen dira!
FRANCES BEAUMONT: Goazen bada gure lagunak agurtzera.
(Guztiak kanpora doazen bitartean errejenta bere makila eskuan duelarik eta Xuberoako pastoraletan egin ohi duen pausoarekin ekiten dio honoko bertso hauek kantatzeari. Estrofa bakoitzaren ondoren besoak jasotzen ditu buruaren gainetik).
ERREJENTA:
1.— Ahaide nagusiak ziren
Euskal Herriko nobleak
eta elkar hartzen zuten
defenditzeko senideak.
2.— Beaumont eta Agramontarrak
Borrokan Nafarroan
Oņaz eta Gamboarrak
berdin zirauten Guipuzkoan.
3.— Hara nola datozen
Iņigo eta anaia
borrokarako heldu zaie
sasoia eta garaia.
4.— Ohiartzunen bildu dute
Hainbat gipuzkoar xume
etxean triste utzirik
emazte eta ume.
5.— Hemen dator Loyola
txispaz harmaturikan
bihotza sukarretan
eta burua faltrikan.