Loyola
Luis Haranburu Altuna
Loyola
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986

 

IV. LAUGARREN JOKALDIA

 

(loyola, frances beaumont, kapitaina eta hiru soldaduak sartzen dira eszenara. errejentak bere tokian dirau. soldaduak ate ondoan gelditzen dira eta frances beaumont-ek eszenaren erditik hitzegiten die loyola eta kapitainari).

 

FRANCES BEAUMONT: Une batetik bestera erasoko digute nafarrek. Bakoitzaren zeregina garbi dago eta denengandik ausardia eta kuraia espero dut. Setiaturik gaude baina ez dut uste etsaiek beren kanoiak erabiliko dituztenik. Ez dira ausartuko Iruiņeko herriaren kontra tiratzea, bestela sarraski bat eginen dute herriarengan. Najerako Dukearen tropa berriak etorri arte iraun behar dugu. (loyolari) Zu Iņigo ez zaitez niregandik aldendu.

LOYOLA: Ondo da Beaumont jauna. Baina ez dezagun kupidarik itxaron nafarrengandik. Agian, kanoiak ere erabiliko dituzte.

FRANCES BEAUMONT: Ikusiko dugu hori. (kapitainari). Instant honetatik hertsi ditzatela gazteluko ateak.

KAPITAINA: Bai Jauna.

 

(kapitaina badoa).

 

FRANCES BEAUMONT: Jainkoak lagun gaitzala.

SOLDADUAK: Amen.

FRANCES BEAUMONT: Bakoitza bere postura!

LOYOLA: Barkatu Beaumont jauna...

FRANCES BEAUMONT: Zer duzu Loyola?

LOYOLA: Ez da ezer. Bakarrik... konfesatu egin nahi nuke... heriotza arte iraun behar dugu.

FRANCES BEAUMONT: (Harriturik) Konfesatu?

LOYOLA: Bai jauna!

FRANCES BEAUMONT: Hemen ez dago prailerik!

 

(Isilunea. loyolak pentsatzen dihardu).

 

LOYOLA: Berdin dio. Horrelako kasuetan... irakurria dut, apezik ez balego konfesa daitekela beste edonorrekin.

FRANCES BEAUMONT: (Irrizka) Zuk ikusi.

 

(loyola, soldaduengana hurbiltzen da eta banan-bana begiratu ondoren beraietako bati dio).

 

LOYOLA: Zurekin konfesatuko naiz.

SOLDADUA: (Aztoraturik) Nahi ba duzu...

LOYOLA: Mesedez Beaumont jauna. Bakarrik gelditu nahi nuke soldadu honek nire konfesioa entzun dezan.

FRANCES BEAUMONT: Goazen guztiok.

 

(Badoaz guztiak eta eszenan soldadua errejenta eta loyola bakarrik gelditzen dira. soldadua kadira batetan jar arazten du loyolak eta bere alboan belaunikatzen da. errejenta zutik jarri ondoren loyolarengana hurbiltzen da —apuntadoretza eginen dio— Isilunea. Argiak itzaltzen dira eta foko soil batek argitzen du loyola dagoen zokoa).

 

LOYOLA: (Zutik jarriaz eta dudatan) Promesa egin behar didazu.

SOLDADUA: Zein promesa?

LOYOLA: Hemen entzundakoak ez dizkiozula inoiz inori esanen.

SOLDADUA: Bai jauna, prometitzen dut.

 

(Ostera belaunikatzen da loyola).

 

LOYOLA: Aitortzen dut ni, Iņigo Lopez Loyolakoa naizela. Azpeitian jaio nintzen duela hogeitamar urte. Loyolako gazteluan jaio nintzen eta noblea naiz jatorriz. (Isilunea) Ez naiz oroitzen azkenekoz konfesatu nintzenekoa. Agian ez naiz neoiz orobat aitortu. Baina orain heriotzearen ateetan aurkitzen naizenean aitortu nahi ditut nire bekatu guztiak. Egibarko andrearen ditietan iastatu nuen lehenengoz bizia. Hamabi urterarte bizitu nintzen Azpeitian eta aitortzen dut ttikitandik harro eta zital hazi nintzela. Euskara besterik ez nekiela Arevalora bidali ninduen aitak. Erregearen gortean ikasi nuen idazten eta irakurtzen. (Isilunea). Tristan, Perzebal eta Floristanen gertaerak han irakurri nituen. Arma-gizona nahi nuen izan betidanik. Nire aitzinekoak ere hala izanak dira. Bortxaz ukan dugu oro. Gaztetan Perzebal edo Tristanen antzeko zalduna izan nahi nuen. Dama bat ere ezagutu eta maitatu nuen eta oraindik ere maitatzen dut. (Isilunea). Damaren izena ez nezake aitortu, hain bait da jatorri altukoa. Isabel erreginaren gortean ezagutu nuen eta Erregearen alaba berbera da. (Isilunea). Beraz, errege Katolikoaren gortean hezia naiz. Handik Loyolara oso guttitan etorri ohi nintzen, baina ahal nuen guztitan neskame hala dontzelakin haragizko bekatuetan iharduten nuen. Bekatu asko egin dut baina ez bakarrik haragiarenak. (Isilunea). Behin... Pero nire anaia apeza eta nik, karnabal eguna zelarik traizioz eta gordeka eraso genion Antxietar bati... Azpeitiako eleizaren benefizioak nahi bait zizkigun ebatsi. (Isilunea). Bekatu asko egin dut. Konta ezin ahala. Hala ere nire bekaturik nagusiena nire harrokeria da. Emakume eta gizonak oro eta batipat nik maitatzen dudana nitaz ohar daitezen ekintza sonatuak egin beharrean aurkitzen naiz. (Isilunea). Azken finean gaur Iruiņeako gaztelu honetan aurkitzen banaiz ere ez da hemen armaz eztabaidatzen denarengatik, izena eta gloria lortzeko okasio bat delako aurkitzen naiz hemen. (Isilunea) Neri bost axola zaizkit aberria eta gainontzekoak. Militar naizenez garaipena besterik ez zait axola. Ene bizi zehar bortxaz lortu dut guztia, armaz, nola amorea hala plazerea. (Isilunea). Joari zen urtean Najerako matxinada zapaldu nuen nire soldaduen aurrean jarririk. Aitortzen dut Najeran zenbait gehiegikeria kometitu zela. Harrabotsa nahi nuen lortu. Nitaz hitzegin zezaten... Hazienda bat etzen osorik gelditu ez eta dontzela bat ere puzel. (Isilunea). Aitortzen ditut bai nire bekatuak eta beldur naiz Jainkoak barkatuko ote didan. Iruiņean hiltzen banaiz bederen ez dut bekatu gehiago egiterik izanen. Beldurra diot bai... Jaungoikoari... (Isilune luzea).

SOLDADUA: Bukatu duzu?

LOYOLA: Bai. Bukatu dut.

SOLDADUA: Orduan... Amen.

 

(soldadua altxa eta badoa eszenatik. loyola bere hartan datza, baina bereala jarraitzen dio. Eszenan bakarrik gelditzen denean errejentak bere ritualari ekiten dio. Argi guztiak pizten dira ostera).

 

ERREJENTA:

            1.— Gizonaren bekatuak

                        libertadearen fruituak

                        Loyolak aitortu ditu

                        bere biziaren ardurak.

            2.— Ez diote jarri ordea

                        Loyolari penitentzia

                        heriotzea gertu du

                        lortu nahi du gloria.

            3.— Bala batek dakarkio

                        herio lazgarria

                        dagoneko entzuten da.

                        gatazkaren garraixia.

(Gatazkaren hotsak entzuten dira).

            4.— Iruiņeako harresian

                        topatuko du geroa

                        han dastatzen du berak

                        odol gorriaren beroa.

            5.— Bizirik aterako ote

                        hori Loyolaren nekea

                        hobe zukeen aukeratu

                        nafarrekin bakea.