Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
[aurkibidea]

 

15

1637. GALILEOREN “DISCORSI”-EK
ITALIAKO MUGA ZEHARKATZEN DUTE

 

 

Lagunok, istorio hau egiazkoa da:

Zientziak alde egin zuen mugatik.

Gu, jakituriaz egarri oraindik,

Geratu behar izan genuen, nahigaberik.

Gorde, ba, Zientziaren zuzia

Eta ez inoiz erabili urduritasunez.

Bestela, sutea lehertuko da

Eta suntsituko ditu denok batez

Bai, denok batez.

 

 

 

Italiako mugan dagoen hiri txikia, goizean goizik. Mugako langaren ondoan HAUR BATZUK ari dira jolasean. ANDREA gurdizain baten ondoan dago zain MUGAZAINEK bere paperak aztertu arte. Kutxatxo baten gainean jezarrita dago eta GALILEOren eskuizkribua irakurtzen du. Langaren beste aldean dago gurdia.

 

HAURRAK: (Kantari.)

                        Maria zegoen jezarrita gizatsu

                        Soinean zeraman bere atorra arrosatxu.

                        Alkandora zegoen zikintxu.

                        Baina negua hastean

                        Mariak bere atorra atera

                        Zikinak ez du adierazten beroa ez dela.

MUGAZAINA: Zergatik alde egiten duzu Italiatik?

ANDREA: Zientzilaria naiz.

MUGAZAINA: (IDAZKARIAri.) Idatz ezazu “bidaiaren arrazoia”-ren azpian: jakintsua. Zeure ekipaia aztertu behar dut. (Horixe egiten du.)

LEHEN MUTILA: (ANDREAri.) Ez zenuke hor jezarri behar. (Txabola bat erakusten du, ANDREA haren aurrean jezarrita dago hain zuzen ere.) Hor sorgin bat bizi da.

BIGARREN MUTILA: Marina zaharra ez da sorgina.

LEHEN MUTILA: Baietz besoa bihurtu?

HIRUGARREN MUTILA: Bada. Gauez hegan egiten du airean.

LEHEN MUTILA: Eta sorgina ez bada, zergatik ez diote ematen hirian pitxar bete esne ere?

BIGARREN MUTILA: Nola egingo du hegan airean? Hori ezin du inork egin. (ANDREAri.) Ahal da?

LEHEN MUTILA: (Bigarrenari mintzatuz.) Giuseppe da hori. Ez daki ezer ez delako eskolara joaten, galtza bat ere ez du osorik eta.

MUGAZAINA: Zein liburu da hori?

ANDREA: (Begiak jaso gabe.) Aristoteles filosofo handiaren liburu bat.

MUGAZAINA: (Mesfidati.) Nor da hori?

ANDREA: Hilda dago honezkero.

 

(MUTIKOAk, ANDREAz iruzur egiteko, toki batetik bestera doaz, ibiltzerakoan liburuak irakurriko balituzte bezalako itxurak eginez.)

 

MUGAZAINA: (IDAZKARIAri.) Begiratu ea zerbait esaten duen erlijioari buruz.

IDAZKARIA: (Orriak begiratuz.) Nik ez dut ezer aurkitzen.

MUGAZAINA: Bilaketa guztiok ez dute ezertarako balio. Inork ez luke horren agerian utziko ezkutatu nahi duen zerbait. (ANDREAri.) Dena aztertu dugula baieztatu behar duzu. (ANDREA jaiki egiten da astiro eta irakurtzeari utzi gabe, etxean sartzen da MUGAZAINAz batera.)

HIRUGARREN MUTILA: (IDAZKARIAri, kutxa erakutsiz.) Hor zerbait gehiago dago, ikusten duzu?

IDAZKARIA: Lehen ere ez al zegoen hor?

HIRUGARREN MUTILA: Deabruak jarri du. Kutxa da.

BIGARREN MUTILA: Ez, atzerritarrarena da.

HIRUGARREN MUTILA: Ni ez nintzateke hor sartuko. Horrek Passi gurdizainaren zaldiak sorgindu zituen. Elur ekaitzak sabaian egindako zulotik begiratu, eta eztulka entzun nituen.

IDAZKARIA: (Ia kutxaren ondoan zegoena, duda-mudatan agertzen da eta itzuli egiten da.) Deabruaren gauza, e? Tira, ezin da dena kontrolatu. Noraino helduko ginateke?

 

(ANDREA pitxarra bete esne eskuetan duela itzultzen da. Jezarri berriro kutxaren gainean eta irakurtzen jarraitzen du.)

 

MUGAZAINA: (Bere atzetik doa agiriak eskuan dituelarik) Itxi berriro kutxak. Dena dago?

BIGARREN MUTILA: (ANDREAri.) Zu jakintsua zara. Esaidazu. Hegan egin daiteke airean?

ANDREA: Itxaron pixka batean.

MUGAZAINA: Joan ahal zara.

 

(GURDIZAINAk ekipaia hartzen du. ANDREAk kutxa hartu eta joatekoa egiten du.)

 

MUGAZAINA: Geldi! Zer daramazu hor?

ANDREA: (Bere liburua ateratzen du berriro.) Liburuak.

LEHEN MUTILA: Sorginaren kutxa da.

MUGAZAINA: Lelokeriak. Hola sorginduko du kajoi bat?

HIRUGARREN MUTILA: Deabruak laguntzen badio...

MUGAZAINA: (Barreka.) Hori ez da hemen gertatzen. (IDAZKARIAri:) Zabal ezazu.

 

(Kutxa zabaltzen dute. MUGAZAINA, umore txarrez:)

 

            Zenbat daude?

ANDREA: Hogeita hamalau.

MUGAZAINA: (IDAZKARIAri.) Zenbat denbora behar izango duzu?

IDAZKARIA: (Gainetik aztertzen hasi da kutxan) Dena dago inprimaturik. Edozein modutara ere, esaiozu agur gosariari, eta noiz joan behar dut nik Passi gurdizainaren etxera atzeratutako bidesaria ordain diezadan, bere etxea enkantean saltzen denean? Liburu hauek begiratu behar baditut...

MUGAZAINA: Egia da, diru hori kobratu behar dugu. (Ostikoa ematen die liburuei.) Tira, zer egon daiteke hor hain garrantzitsurik! (GURDIZAINAri:) Eramaitzazu!

 

(ANDREAk muga igarotzen du kutxa daraman kotxe gidariarekin. Beste aldean bere bidai zorroan sartzen du GALILEOren eskuizkribua.)

 

HIRUGARREN MUTILA: (ANDREAk utzi duen pitxarra erakutsiz.) Begiratu!

LEHEN MUTILA: Eta kutxa ere desagertu da! Ikusten duzue deabruaren gauza zela?

ANDREA: (Itzuli eginez.) Ez, neu Izan nauk. Begiak Irekitzen ikasi behar duk. Esnea ordainduta zegok eta pitxarra ere bai. Atsoarentzat dituk. Hara, oraindik ez zioat hire galderari erantzun Giuseppe. Makila baten gainean ezin zitekek hegan egin. Makina bat behar litzateke gutxienez. Baina horrelako makinarik ez duk oraindik. Eta ez dituk inoiz izango behar bada, gizona astunegia delako. Hala ere, jakina, ezin duk jakin. Gutxiegi zekiagu oraindik, Giuseppe. Egia esan, hasieratan baino ez gaudek.