Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
[aurkibidea]

 

5

IZURRIAREN BELDURRIK GABE,
GALILEOK BERE IKERKETAK
JARRAITZEN DITU

 

 

a)

 

Goizean goiz. GALILEO makurtuta dago bere oharren gainean, anteojuaren ondoan. VIRGINIA sartzen da bidai poltsa bat hartuta.

 

GALILEO: Virginia! Zer gertatu da?

VIRGINIA: Komentua itxi dute eta etxera etorri behar izan dugu arineketan. Arcetrin bost legendun daude.

GALILEO: (Dei egiten du.) Sarti!

VIRGINIA: Hemen ere merkatuko kalea itxi dute atzo gaberik. Auzo zaharrean hildako bi daudela diote eta eritetxean hiru daudela hiltzorian.

GALILEO: Dena estali dute berriz ere, betiko legez, azken momentura arte,

SARTI ANDREA: (Sartzen.) Zer egiten duzu hemen?

VIRGINIA: Izurria.

SARTI ANDREA: Jainko maitea! Fardelak egingo ditut. (Jezarri egiten da.)

GALILEO: Utzi fardelak. Eraman Itzazu Virginia eta Andrea! Nire oharren bila noa.

 

(Presaka itzultzen da bere mahaira eta paperak biltzen hasten da arinki. SARTI ANDREAk berokia jartzen dio korrika datorren ANDREAri eta gero oherako arropa apur bat eta janariaren bila doa. Duke Gorenaren OTSEIN BAT sartzen da.)

 

OTSEINA: Berorren Gorentasunak, eritasunaren hondamena dela eta, hiritik alde egin du Boloniara joateko. Hala ere Galilei jaunari ere onik jartzeko aukera emateko tematu da. minutu bi barru, zalgurdi bat izango duzue ate aurrean.

SARTI ANDREA: (VIRGINIAri eta ANDREAri.) Tira, goazen kanpora azkar. Eutsi, eraman hau.

ANDREA: Baina zergatik? Ez badidazu esaten zergatik, ez naiz joango.

SARTI ANDREA: Izurria duk, seme.

VIRGINIA: Aita itxaron behar dugu.

SARTI ANDREA: Galilei jauna, prest zaude?

GALILEO: (Anteojua mantel barruan bilduz.) Eraman itzazu Virginia eta Andrea zalgurdira. Laster joango naiz.

VIRGINIA: Ez, ez gara zu gabe joango. Zure liburuak biltzen hasten bazara, ez duzu inoiz bukatuko.

SARTI ANDREA: Heldu da zalgurdia.

GALILEO: Zentzuzkoa izan zaitez, Virginia: igotzen ez bazarete, zaldizaina joan egingo da. Izurria ez da lelokeria.

VIRGINIA: (Protestaka, SARTI ANDREAk ANDREArekin batera kanpora eramaten duen bitartean.) Lagundu liburuak batzen, bestela ez da etorriko!

SARTI ANDREA: (Deika etxeko atetik.) Galilei jauna! Zaldizainak esan du ez duela itxarongo.

GALILEO: Sarti andrea, uste dut ez dudala joan behar. Dena dago nahasirik, badakizu, hiru hilabetetako oharrak bota beharko ditut ez baditut gau baten ala bitan jarraitzen. Eta izurri hori alde guztietatik dago.

SARTI ANDREA: Galilei jauna! Zatoz oraintxe bertan! Zoratuta zaude!

GALILEO: Joan behar duzu Virginia eta Andrearekin. Uik jarraituko dizuet.

SARTI ANDREA: Ordu bete barru ezin izango du inork irten. Etorri behar duzu! (Entzuten geratzen da.) Badoa! Gelarazi behar dut.

 

(Irteten da.

GALILEO batetik bestera dabil. SARTI ANDREA itzultzen da zurbil-zurbil eta pardelik gabe.)

 

GALILEO: Zer egiten duzu hemen? Umeek hartu duten zalgurdia zu gabe joango da.

SARTI ANDREA: Joan dira. Virginia lotu behar izan dute. Bolonian arduratuko dira umeetaz. Baina nork egingo dizu jatekoa hemen?

GALILEO: Zoratuta zaude. Hirian geratu jatekoa egiteko! (Bere oharrak hartzen ditu.) Ez pentsa zoratuta nagoenik Sarti andrea. Ezin ditut ohar hauek utzi. Arerio boteretsuak ditut eta frogak batu behar ditut baieztapen batzuetarako.

SARTI ANDREA: Ez duzu desenkusatu behar. Baina ez zara zentzuduna, gero.

 

 

b)

 

GALILEOren etxe aurrean, Florentzian. GALILEO irteten da eta kalean behera begiratzen du. MOJA BI pasatzen dira.

 

GALILEO: (Haiei mintzatuz.) Barkatu, arrebok, non eros dezaket esnea? Gaur goizean ez da etorri esne saltzailea eta nire etxeko giltzaria joan egin da.

MOJA BAT: Dendak Beheko Auzoan baino ez daude irekita oraindik.

BESTE MOJA: Hortik irten da? (GALILEOk baietz egiten du.) Hau da kalea!

 

(MOJA BIOK aitaren egin, agur maria otoitz egin eta korrika joaten dira. GIZON BAT pasatzen da.)

 

GALILEO: (GIZONAri mintzatuz.) Ez ote zara zu ogi zuria ekartzen digun okina? (GIZONAk baietz egiten du.) Ez al duzu ikusi nire etxeko giltzaria? Atzo gauez joango zen. Gaur goizean goizik ez zegoen etxean.

 

(GIZONAk ezetz egiten du buruaz. Aurreko aldean leiho bat zabaltzen da eta EMAKUME BAT agertzen da.)

 

EMAKUMEA: (Oihuka.) Zoaz arin! Aurreko horiek izurria dute!

 

(GIZONA, korrika doa izuturik.)

 

GALILEO: Badakizu zerbait nire giltzariari buruz?

EMAKUMEA: Zure giltzaria erori egin zen hor goian, kalean. Jakin behar zenuke. Horregatik joan zen. Hau begirunerik eza! (Danbada batez ixten du leihoa.)

 

(UME BATZUK datoz kalean behera. GALILEO ikusi eta oihuka alde egiten dute. GALILEO itzuli eta SOLDADU BI ikusten ditu korrika etortzen bular-oskola eta guzti.)

 

SOLDADUAK: Sar zaitez berehala etxean!

 

(Bere astamakila luzeekin etzerantz bultzatzen dute GALILEO. Bere atzean atea atalangaz ixten dute).

 

GALILEO: (Leihotik.) Esan diezadakezue zer gertatu zaion emakumeari?

SOLDADUAK: Herri hilobira daramatzate.

EMAKUMEA: (Berriro agertzen da leihoan.) Atzeko kale osoa kutsatuta zegok. Zergatik ez duzue ixten?

 

(SOLDADUEK soka bat jartzen dute kalean zehar.)

 

            Baina honela gure etxean ere ezin izango duk sartu! Hemen ez duk beharrezko ixtea, denok gaudek osasuntsu. Geldi! Geldi! Hire senarra hirian zegok eta ezin izango duk sartu! Pizti alenak!

 

(Barruan bere oihu eta negarrak entzuten dira. SOLDADUAK badoaz. Beste leiho batean atso bat agertzen da.)

 

GALILEO: Hor atzean zerbait dago sutan.

ATSOA: Ez dituzte suteak itzaltzen izurri susmorik badago. Izurriaz baino ez dute pentsatzen.

GALILEO: Ohiko bezala. Horrelakoa da bere gobernu sistema osoa. Fruiturik eman ezin duen pikondoaren adar gaixoa legez mozten gaituzte.

ATSOA: Ez duzu hori esan behar. Ezintasunak jota daude.

GALILEO: Bakarrik zaude etxean?

ATSOA: Bai. Hire semeak ohar bat bidali dit. Jainkoari eskerrak, atzo gauez jakin zuen hor atzean norbait hil zela eta ez zen etxera itzuli. Bart hamaika gaixotu egon dira auzoan.

GALILEO: Damu dut nire giltzaria hiritik kanpo lehenago ez bidaltzea. Hik lan larria nuen, baina berak ez zuen arrazoirik geratzeko.

ATSOA: Gu ere ezin gara joan. Nork hartuko gintuzke? Ez diozu zeure buruari ezer aurpegiratu behar. Heuk ikusi nuen. Gaur goizean goizik atera zen, zazpiak inguruan. Gaixorik zegoen ezen atetik irteten ikusi ninduenean ogia hartzeko, itzulingurua egin zuen niri itzuri egiteko. Dudarik gabe, ez zuen nahi zeure etxeari giltza eman ziezaioten . Baina beraiek denaz jabetzen dira. (Karraka hotsa entzuten da.)

GALILEO: Zer da hori?

ATSOA: Zarata horrekin izurriaren hoziak dauden hodeiak desagertarazten saiatzen dira.

 

(GALILEOk barre algarak egiten ditu.)

 

            Barre egiteko gogoa izatea oraindik ere!

 

(GIZON BAT dator kalean behera eta sokaz itxita aurkitzen du.)

 

GALILEO: Adizu! Hau itxita dago eta etxean ez dago ezer jateko.

 

(GIZONA korrika joan da.)

 

            Ezin gaituzue gosez hiltzen utzi! Adizu!, Adizu!

ATSOA: Zerbait ekarriko dute agian. Bestela, ate aurrean esnetupina utzi ahal dizut, baina gaua egiten denean bakarrik, beldur ez bazara.

GALILEO: Adizu! Adizu! Entzun behar digute!

 

(Bat-batean ANDREA agertzen da soka ondoan. Aurpegia negarrez beterik du.)

 

ANDREA: Zer egiten duk hemen?

ANDREA: Egon naiz gaur goizean. Atera deitu dut baina zuk ez didazu ireki. Jendeak esan ditze...

GALILEO: Baina ez hintzen zalgurdian joan?

ANDREA: Bai. Baina bidean salto egin nuen. Virginiak jarraitu egin zuen. Ezin naiz sartu?

ATSOA: Ez, ezin duk. Ursulinen komentura joan behar duk. Han egongo duk hire ama, agian.

ANDREA: Egon naiz bertan, baina ez didate sartzen utzi. Oso gaixorik dago.

GALILEO: Oso urrutitik hator? Hiru egun dituk joan hintzenetik.

ANDREA: Denbora guzti hori behar izan dut, ez zaitez haserretu. Behin harrapatu egin ninduten.

GALILEO: (Zer egin jakin gabe) Ez negarrik egin. Badakik? Denbora oso honetan era guztietako gauzak asmatu ditiat. Hahi duk esatea? (ANDREAk baietz egiten du negar zotinka.) Entzun ondo, bestela, ez duk ulertuko eta. Gogoratzen haiz Venus planeta erakutsi niala? Ez egin kasurik zarata horri, ez duk ezer. Badakik zer ikusi dudan? Ilargia bezalakoa dela! Esfera erdia gisa ikusi diat eta igitaia gisa ikusi diat. Zer iruditzen zaik? Pilota bat eta argi bat erabiliz erakutsi ahal dizkiat. Horrek frogatzen dik planeta horrek ere ez duela berezko argirik. Eta eguzkiaren inguruan dabilela biraka, zirkulu erraz bat eginez, ez al duk miragarria?

ANDREA: (Negar zotinka.) Noski baietz, eta hori egitatea da.

GALILEO: (Ahopeka.) Hik ez nian bertan geldiarazi.

 

(ANDREA isilik geratzen da.)

 

            Baina, jakina, geratu ez banintz, ez zuan halakorik gertatuko.

ANDREA: Sinestu behar dizute orain?

GALILEO: Orain froga guztiak ditiat. Badakik? Hau guztia igaro eta gero, Erromara joango nauk eta erakutsiko zieat.

 

(Kalean behera txanodun GIZON BI datoz, makila luzeak eta pertzak eramanez. Makilen bidez ogia hurbiltzen dute leihoetara, lehenengo GALILEOri eta gero ATSOAri.)

 

ATSOA: Han aurrean emakume bat dago hiru haurrekin. Emaiozue zerbait hari ere.

GALILEO: Ez dut edatekorik. Etxean ez dago urik. (GIZON BIEK sorbaldak jasotzen dituzte.) Etorriko zarete bihar ere?

GIZON BATEK: (Ahots itoaz, ahoan zapi bat jarri baitu.) Nork daki zer gertatuko den bihar?

GALILEO: Etortzen bazarete, ezin diezadakezue nire lanerako behar dudan liburutxo bat ekarri?

GIZONA: (Barre sorra eginez.) Liburu batek orain garrantzirik balu bezala. Pozik egon zaitezke ogia baduzu.

GALILEO: Nire ikaslea den mutiko honek emango dizue niretzako. Merkurioren biraketa periodoa duen karta duk, Andrea, galdu egin diat. Lortuko al didak eskolan?

 

(GIZONEK bere bidea jarraitu dute.)

 

ANDREA: Noski. Bila joango naiz, Galilei jauna. (Irteten da. GALILEOk ere alde egiten du. Aurreko etxetik ATSOA ateratzen da eta tupina uzten du GALILEOren ate aurrean.)