Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
[aurkibidea]

 

14

1633-1642. GALILEO GALILEI
FLORENTZIA INGURUKO LANDETXE BATEN BIZI DA,
INKISIZIOAK ATXILOTUA BERE HERIOTZA ARTE.
“DISCORSI”-AK. 1633-1643

 

 

Mila seiehun eta hogeita hamahirutik

Mila seiehun eta berrogeitabira arte

Galileo Galilei da Elizaren menpeko

Bere heriotza arte.

 

 

 

Egongela handi baten mahaia, narruzko besaulkia eta lur-bola. GALILEO, agureturik eta ia itsututa, egurrezko pilota txiki bat eta baita egurrezkoa den karril uztaituaz ari da esperimentatzen, eta egongela aurrean MONJE BAT jezartzen da, zaindari. Atera deitzen dute. MONJEAk zabaltzen du, eta NEKAZARI BAT sartzen da lumaturiko antzar bi eskuetan. VIRGINIA sukaldetik irteten da. Berrogei bat urte ditu orain.

 

NEKAZARIA: Hona ekartzeko esan didate.

VIRGINIA: Noren partez? Nik ez dut antzarrik agindu.

NEKAZARIA: Bidaian doan baten partez direla esan behar dut. (Irteten da. VIRGINIAk harriturik begiratzen ditu antzarrak. MONJEAk eskutik kentzen dizkio eta aztertu egiten ditu mesfidantzaz. Gero, lasaiturik, itzuli egiten dizkio, eta hark GALILEOri, egongela nagusira, eramaten dizkio samatik oratuta.)

VIRGINIA: Bide batez igaro den baten batek opari hau bidali digu.

GALILEO: Zer da?

VIRGINIA: Ezin duzu ikusi?

GALILEO: Ez. (Hurbildu egiten da.) Antzarrak. Ez dago izenik?

VIRGINIA: Ez.

GALILEO: (Eskuetatik antzar bat hartzen diolarik.) Pisua du. Zerbait jan nezake oraindik.

VIRGINIA: Ezin zara berriro gose izan, afaldu berri zara. Eta zer gertatzen da zure begiekin? Mahaitik ikusi behar zenituzkeen.

GALILEO: Ilunpetan zaude.

VIRGINIA: Ez nago ilunpetan. (Antzarra eramaten du.)

GALILEO: Jar iezaiezu ezkai-belarra eta sagarrak.

VIRGINIA: (MONJEAri.) Okulista ekarri behar dugu. Hire aitak ezin zituen mahaitik antzarrak ikusi.

MONJEA: Lehenago monsinore Carpula-ren baimena behar dut... Hasi al da zerbait idazten berriro?

VIRGINIA: Ez. Bere liburua diktatu dit, badakizu. Zuk 151 eta 152. orrialdeak dituzu, azkenak.

MONJEA: Azeri zaharra da.

VIRGINIA: Ez du ezer egiten agindu zitzaionaren aurka. Bere damua benetakoa da. Zelatan egiten diot nik. (Antzarrak ematen dizkio.) Esan sukaldean gibelak erreta jartzeko sagarra eta tipulaz. (Egongela nagusira itzultzen da.) Eta orain geure begietan jarriko dugu arreta eta laster utziko dugu pilota hori eta, beste apur batez, asteroko gutuna hasiko gara diktatzen artzapezpikuarentzat.

GALILEO: Ez nago oso ondo. Irakur iezadazu Horatio-ri buruzko zerbait.

VIRGINIA: Joan den astean, hainbeste eskertu behar diogun —barazkiak berriro, duela gutxi— Carpula monsinorek esan zidan, artzapezpikuak beti galdetzen diola atsegin zaizkizun bidalitako galdera eta aipamenak. (Jezarri egiten da dikta diezaion.)

GALILEO: Zertan geunden?

VIRGINIA: Laugarren atala: “Veneziako Armategiaren inguruan gertatutako iskanbilatan Eliza Sainduak izandako Jarreraz, erabat ados nago Spoletti kardinalak sokagile iraultzaileenganako hartu zuen joeraz... “

GALILEO: Bai. (Diktatu egiten du.) ... erabat ados nago Spoletti kardinalak sokagile iraultzaileenganako hartu zuen joeraz, hau da, hobe dela ondokoarenganako kristau maitasunaren izenean zopak banandu kanpai eta itsasontzietarako soken truke gehiago ordaintzea baino. Egokiago baitirudi bere fedea sendotzea diruzaletasuna baino. San Paulok esaten du errukiak ez duela inoiz huts egiten... Zer deritzozu?

VIRGINIA: Zoragarria, aita.

GALILEO: Ez duzu uste ironiatzat har daitekeela?

VIRGINIA: Ez, artzapezpikua pozarren egongo da. Hain da praktikoa...

GALILEO: Zeure iritziaz fida naiz. Zer dator orain?

VIRGINIA: Esaera bikaina: “Ahul naizenean naiz sendo”.

GALILEO: Ez dago zer esanik.

VIRGINIA: Zergatik ez?

GALILEO: Eta gero?

VIRGINIA: “Uler dezazuen Kristoren maitasuna edozein ezagutzaren gain dagoela”. San Paulok Efesiotarrei, III, 19.

GALILEO: Bereziki eskertu behar diot Berorren Gorentasunari Efesiotarrei Gutuna-ren aipamen bikaina. Haren eraginez geure “Imitatio” imitaezinean honako hau aurkitu nuen: Buruz esaten du. “Betiereko Hitza entzuten duena galdera askotatik aska daiteke”. Hori dela eta hitz egin nezake neure kasuari buruz? Oraindik ere zerutar gorputzei buruz merkatuko hizkuntzan idaztea aurpegiratzen zait. Horrekin ez zen nire asmoa izan gai askoz ere garrantzitsuagoei buruz, Teologiari buruz esaterako, gozogileen hizkeran idazteko adieraztea ala onartzea. Ofizio saindua latinez egitearen aldeko argudioa, zeinak esaten baitu, hizkuntza honen unibertsaltasunaren bidez, herrialde guztiek entzuten dutela Meza Saindua era berean, ez zait horren egokia iruditzen, gaizki-esale setatsuok esan bailezakete, era horretara gertatzen dena zera dela: inongo herrialdek ez duela testua ulertzen. Hik uko egiten diot gogo onez gai sakratuen ulermen errazari. Pulpituko latinak, Elizaren betiereko egia ezjakinen jakinminetik babesten duenak, itxaropena bizten du herri hizkerako berezko doinuaz erabiltzen dutenean herri xeheko seme diren apaizek... Ez, ezabatu hau.

VIRGINIA: Dena?

GALILEO: Gozogileen ostean datorren guztia.

 

(Atea jotzen dute. VIRGINIA egongela aurrera doa. ANDREA SARTI da. Orain adin ertaineko gizona da.)

 

ANDREA: Gabon. Italia uzteko zorian nago Holandan lan egiteko zientzia gaietan, eta bide batez bisitatzera etortzeko eskatu didate, txosten bat egin ahal izateko.

VIRGINIA: Ez dakit ikusi nahi izango zaituen. Inoiz ez zara hemendik etorri.

ANDREA: Galdeiozu. (GALILEOk ahotsa ezagutu du. Geldi jarraitzen du, jezarrita. VIRGINIA sartu eta berarengana doa.)

GALILEO: Andrea al da?

VIRGINIA: Bai. Joateko esango diot?

GALILEO: (Isilune baten ostean.) Esaiozu sartzeko.

 

(VIRGINIAk sartzeko keinua egiten dio ANDREAri.)

 

VIRGINIA: (MONJEAri.) kaltegabekoa da. Bere ikaslea izan zen. Eta horregatik da orain bere arerioa.

GALILEO: Utz nazazu berarekin bakarrik, Virginia.

VIRGINIA: Esaten duena entzun nahi dut. (Jezarri egiten da.)

ANDREA: (Hotz.) Zelan zaude?

GALILEO: hurbil hadi. Zer egiten duk? Hitz egidak hire lanaz. Hidraulikari buruzkoa dela entzun diat.

ANDREA: Amsterdamgo Fabrizius-ek zure osasunaz galdetzeko eskatu dit.

 

(Isilunea).

 

GALILEO: Ondo nagok. Arreta handiz zaindua.

ANDREA: Pozten nau ondo zaudela esan ahal izateak.

GALILEO: Fabrizius poztuko duk jakitean. Eta nolabaiteko erosotasunez bizi naizela ere esan diezaiokek. Nire damu sakonaren ondorioz, nire nagusien babesa gorde ahal Izan diat, neurri apalean bada ere, apaizgoaren zaintzapean, ikerketa zientifikoak egiteko heineraino.

ANDREA: Hala da. Guk ere jakin dugu Eliza pozik zegoela zutaz. Zeure erabateko menpekotasunak ondorioak izan ditu. Esaten dute, zure nagusiek atseginez baieztatu dutela, zeu menera jarri zinenetik, ez dela Italia osoan teoria berririk duen idazlanik.

GALILEO: (Arretaz entzuten du.) Zoritxarrez Elizaren babesetik kanpora dauden herrialdeak ere badituk. Beldur nauk ez ote diren ari oraindik ere gaitzetsitako teoriak ikasten.

ANDREA: Han ere, zeure damuaren ondorioz, Elizaren gogoko izan zen atzera pausua gertatu zen.

GALILEO: Benetan? (Isilunea.) Ezer ere ez Descartes-i buruz? Ezerez Paris-i buruz?

ANDREA: Bai. Zure atzera pausu berriaren aurrean, kutxa baten sartu zuen argiaren izateari buruzko lana.

 

(Isilune luzea.)

 

GALILEO: Erratu bidetik eraman nituen zientzia-gizon lagunek arduratzen naitek. Ikasi ote ziaten nire atzera pausuaz?

ANDREA: Zientifikoki lan egin ahal izateko joko dut Holandara. Ez zaio idiari uzten Jupiterri uzten ez zaiona.

GALILEO: Ulertzen diat.

ANDREA: Federzonik lenteak leuntzen ditu berriro Milango dendaren batean.

GALILEO: (Barreka) Ez zekik latinez.

 

(Isilunea.)

 

ANDREA: Fuljentziok, monje txikiak, uko egin dio ikerketari eta Elizaren magalera itzuli da.

GALILEO: Bai. (Isilunea.) Nire nagusiek ere nire arimaren sendotzea itxaroten ditek. Espero zitezkeen baino aurrerakuntza handiagoak egiten ditiat.

ANDREA: Hara.

VIRGINIA: Goraipatua izan bedi Jaungoikoa.

GALILEO: (Zakar.) Zoaz antzarrei begirada bat egitera, Virginia.

 

(VIRGINIA haserre bizian ateratzen da. Pasatzerakoan, MONJEAk hitz egiten dio.)

 

MONJEA: Gizon hori ez da nire gogokoa.

VIRGINIA: Ez dio kalterik egingo. Entzuten duzu. (Irteterakoan.) Gazta freskoa oparitu digute.

 

(MONJEA bere atzetik doa.)

 

ANDREA: Gau osoa egingo dut bidean, muga bihar goizean goizik igaro ahal izateko. Joan naiteke?

GALILEO: Ez zekiat zergatik etorri haizen, Sarti. Ni kezkaraztearren? Hemen nagoenetik, zuhurtziaz bizi nauk eta zuhurtziaz egiten diat gogoeta. Hala ere baditiat nire jausialdiak.

ANDREA: Hahiago nuke zu ez urduritzea. Galilei jauna.

GALILEO: Barberinik hazteria esaten zioan. Bera ere ez zagokan guztiz salbu haren eraginez. Idazten hasi nauk berriro.

ANDREA: Tira.

GALILEO: “Discorsi”-ak amaitu ditiat.

ANDREA: Zer? “Bi zientzia berriren gaineko hitzaldiak: Mekanika eta grabitazio legeak”? Hemen?

GALILEO: Papera eta luma ematen naitek. Nire nagusiak ez dituk tentelak. Bazekitek sakon sustraituriko ajeak ezin direla gauetik goizera ezabatu. Eta ondorio desatseginez babesten naitek, orriz orri bilduz...

ANDREA: Jainkoarren!

GALILEO: Zer diozu?

ANDREA: Itsasoan goldarazten zaituzte! Papera eta luma ematen dizute lasai zaitezen! Nola idatz dezakezu begi aurrean horrelako etorkizuna izanik?

GALILEO: Tira, nire ohituren meneko nauk.

ANDREA: “Discorsi”-ak monjeen eskuetan! Eta Amsterdam eta Londres eta Praga, haien egarriz

GALILEO: Fabrizio etortzen zaidak burura, dolutuz eta beretzako den giza haragi libera eskatuz Amsterdamen guztiz babesturik dagoen artean.

ANDREA: Ia-ia galdurik ziren zientzia berri bi!

GALILEO: Bera eta beste batzuk asaldatu egingo dituk, dudarik gabe, nire erosotasunaren hondakin ziztrinak jokatu ditudala jakitean, kopia bat egitearren, nire bizkar, nolabait esateko, gau argietako azken argi tanta erabiliz sei hilabetetan zehar.

ANDREA: Kopia bat baduzu?

GALILEO: Nire harrokeriak suntsitzea galarazi didak orain arte.

ANDREA: Non dago?

GALILEO: “Zeure begiak kalte egiten badizu atera ezazu”. Hori idatzi zuenak nik baino gehiago zekian erosotasunez. Kopia hori ematea zoramenaren akabua dela iruditzen zaidak. Baina ikerketa zientifikoetatik at geratzea ezinezko egin zaidanez, har dezakek. Kopia lur-bolan zegok. Holandara eramateko ustetan egongo bahintz, ardura guztia heure gain hartu behar huke, jakina. Ofizio Sainduan dagoen jatorrizko idatzia eskuratzeko era zuen baten bati erosiko hiokeen.

 

(ANDREA lur-bolarantz doa. Kopia ateratzen du.)

 

ANDREA: “Discorsi”-ak! (Eskuizkribua begiratzen du.) “Nire asmoa da zientzia oso berri bat aurkeztea gai oso zahar bati buruz: mugimendua. Saio batzuen bidez bere ezaugarrietako batzuk aurkitu ditut, zeintzuk ezagutu beharrekoak baitira.”

GALILEO: Zerbait egin behar nian nire denboraz.

ANDREA: Honek Fisika berri bat ezarriko du.

GALILEO: Sar ezak jakaren barruan.

ANDREA: Eta guk uko egin zeniola uste genuen! Nire ahotsa izan zen zeure aurka gogorren egin zuena!

GALILEO: Horrela izan behar zuan. Hik Zientzia irakatsi nian eta uko egin nioan egiari.

ANDREA: Honek dena aldatzen du. Dena.

GALILEO: Bai?

ANDREA: Zuk egia ezkutatzen duzu. Arerioarengandik. Etikaren arloan ere mendeetako aurrerapena zeneukan gure aldean.

GALILEO: Azal iezadak hori, Andrea.

ANDREA: Herrikoek bezala, guk ere zera esan genuen: Hil egingo da, baina ez du atzera egingo... Zu itzuli egin zinen eta esan zenuen: uko egin diot baina bizirik iraungo dut... Eskuak lohi ditu, esan genuen... Zuk esan zenuen: hobe eskuak lohi eta ez hutsik.

GALILEO: Hobe eskuak lohi eta ez hutsik. Benetakoa ematen dik. Hirea zirudik. Zientzia berria, Etika berria.

ANDREA: Nik beste inork baino lehenago jakin behar nukeen! Hamaika urte nituen zuk Veneziako Senatuari beste gizon baten anteojua saldu zenionean. Tresna horren erabilera hilezkorra egiten ikusi zintudan. Zure lagunek buruari eragiten zioten zu Florentziako haur haren aurrean makurtzen zinenean, baina Zientziak arreta irabazten zuen. Heroiei barre egiten zenien beti. “Pairatuz bizi den jendeak aspertu egiten nau”, esaten zenuen. “Zoritxarra kalkulu okerrei darie”. Eta: “Oztopoen aurrean, lerro borobildua izan daiteke bi punturen arteko biderik laburrena.”

GALILEO: Gogoratzen nauk.

ANDREA: Hogeita hamahiruan zeure teoriaren arlo errex bati uko egin zenionean, jakin behar nukeen borroka politiko etsiari atzerakada egitea baino ez zela, benetako Zientziari ekiteko.

GALILEO: Zeina honetan baitatza...

ANDREA: Makina-tresnen ama den mugimenduaren ezaugarriak ikertzean, horiek bilakatuko baitute lurra horren zoragarri, ezen Zeruari ere uko egin ahal izango diogun.

GALILEO: Horixe bera.

ANDREA: Astia irabazi zenuen zuk bakarrik idatzi ahal zenuen zientzia lana idazteko. Sutean, suzko koroiaz inguraturik bukatu bazenu, besteak gertatuko ziren irabazle.

GALILEO: Eurak dituk irabazle. Eta ez zegok gizon bakar batek idatz dezakeen zientzia lan bat ere.

ANDREA: Orduan, zergatik atzera egin?

GALILEO: Minari beldur niolako egin nian atzera.

ANDREA: Ez!

GALILEO: Tresnak erakutsi zizkidatean.

ANDREA: Orduan, ez zen plan bat izan?

GALILEO: Ez huen izan.

 

(Isilunea.)

 

ANDREA: (Ozenki.) Zientziak agindu bakar bat baino ez du ezagutzen: ekoizpen zientifikoa.

GALILEO: Eta hori, egin diat. Ongi-etorria kale gorrira Zientzian anaia zaren hori eta traizioan lehengusu! Atsegin al duk arraina? Hik arraina diat. Kiratsa dariona ez duk nire arraina, ni baino. Nik saldu egiten diat, hi eroslea haiz. Oi liburuaren ikuspegi jarkiezina, salgai sakratua! Ahoa urturik zeukaat eta irainak ito egiten dituk. Babilonia Handiak, pizti hiltzaileak, gorriminak, bere izterrak zabaltzen ditik eta, dena aldatzen duk! Bedeinkatua izan dadila gure gizatalde tratalaria, bere salerosia zuritu eta heriotzaren beldur den hori!

ANDREA: Heriotzaren beldur izatea giza ezaugarria da! Gizakiaren ahuleziak ez zaizkio Zientziari ardura.

GALILEO: Ez...! Sarti lagun maitea, nire oraingo egoeran ere gai nauk heure burua opatu dioan Zientzia horri zerk ardura dion adierazteko.

 

(Isilune laburra).

 

(Doinu akademikoa erabiliz, eskuak sabel gainean gurutzaturik.)

 

            Nire aisialdi orduetan, eta ugariak dira, nire kasua berrikusi dut eta pentsatu dut nola epaituko duen jadanik nirea ez den Zientzia munduak. Artile merkatari batek ere, merke erosi eta garesti saltzeaz gain, arduratu behar du artilearen merkataritza oztoporik gabe gara dadin. Zientziagintzak, horri dagokionean, bere biziko adorea eskatzen duela iruditzen zait. Zientzia jakituriaz ari da salerosketan, zalantzan oinarritutako jakituriaz. Guztioi gauza guztiei buruzko jakituria zabaldu nahi izatean, gizaki guztiek zalantzak izan ditzaten asmoa du. Hori bai, biztanlegoaren alderik nagusiena bere printzeek, lurjabeek eta apaizek elikatua da bere azpikeriak estaltzen dituen sineskeria eta ipuinez beteriko nakar antzeko lurrin batean. Gehiengoaren lazeria mendia bezain zaharra da, eta pulpitutik eta katedratik mendi hori bezain suntsiezin aldarrikatzen da. Zalantzaren gure arte berri horrek entzulego zabala liluratu zuen. Teleskopioa eskuetatik kendu eta bere torturatzaileengana zuzendu zuen: printzeak, lurjabeak eta apaizak. Zientziaren emaitzez leiaz baliatu ziren gizon berekoi eta ankerrek, nabaritu zuten denok Zientziaren begirada hotzak mila urteko lazeriarantz jotzen zuela, lazeria artifiziala baina ken zitekeena beraiek ezabatuz gero. Izpiritu ahulentzat jarkiezinak ziren mehatxu eta koipekeriaz josi gintuzten. Baina uko egin al diezaiokegu jendetzari eta zientzilari izaten jarraitu? Zerutar gorputzen mugimenduak susmagarriagoak bihurtu dira, baina asmaezinak dira oraindik herritarrentzat bere nagusi eta erregeen mugimenduak. Zeruaren neurgarritasunari buruzko borroka, zalantzaren bidez irabazi da; bere fedearen ondorioz, Erromako etxekoandreek bere esneagatik burutzen duten borroka egunero galduko da. Zientziak, Sarti, borroka biekin du zerikusia. Gizadia, zalantzakor sineskeria eta ipuinez beteko nakar antzeko lurrinean, ezjakinegia bere indarrak garatzeko, ez da gai izango zuek agertzen dizkiozuen Izadi indarrak garatzeko. Norentzat ari zarete lanean? Zientziaren helburu bakarra giza izatea nekeetatik arintzea dela baieztatzen dut nik. Zientzialariek, boteretsu berekoiek beldurturik, Zientzia, Zientzia hutsagatik pilatuz nahikoa badute, murriztu egingo dute, eta zuen makina-tresna berriek pairamen eta neke berriak baino ez dituzte erakarriko. Denboraz aurkituko duzue agian aurkitzeko dagoen guztia, baina zuen aurrerapena ez da izango Gizadiagandiko arian ariko urrunketa baino. Halako baten, hain handia izan daiteke zuen eta beraien arteko amildegia, ezen lorpen berriaren ondorioz eginiko poztasun oihuek orotariko laborri oihuz erantzungo baitira... Zientzilari legez, berebiziko aukera izan nuen. Nire garaian, Astronomia herriko plazara heldu zen. Baldintza berezi horietan, gizon baten sendotasunak istilu ikaragarriak sor zitzakeen. Hik eutsi izan banio, natur zientzietan ari ziren gizonek medikuen antzerako Hipokratesen zina legezkoa gara zezaketen: Zientzia Gizadiaren onurarako soilik erabiltzeko agindua! Arazoak dauden bezala, itxaron daitekeen hoberena, edozertarako aloka daitezkeen ņaņo asmatzaileen leinua da. Gainera, Sarti, uste osoan nago, sekula ere ez nintzela benetako arriskutan izan. Urte batzuetan agintea bezain indartsua izan nintzen. Eta nire jakituria boteretsuei eskaini nien, erabil zezaten, ez zezaten erabil ala hartaz abusu egin zezaten, bere helburuetarako komenigarrien ikusten zuten bezala.

 

(VIRGINIA sartzen da erretilu bat eskuetan duela eta geldi geratzen da.)

 

            Traizio egin diot nire lanbideari. Hik egin dudana egiten duen gizona ezin daiteke onar Zientziaren inguruan.

VIRGINIA: Baina sinestunen ondoan onartua izan zara.

 

(Erretilua mahai gainean jartzen du.)

 

GALILEO: Horixe da... . Eta orain jan egin behar dut.

 

(ANDREAk eskua luzatzen dio. GALILEOk eskua begiratu baina ez dio berea ematen.)

 

            Orain zuk zeuk Irakasten duzu. Hirea bezalako esku bat estu dezakezu?

 

(Mahaira doa.)

 

            Bide batez zetorren baten batek antzar hauek bidali dizkit. Ondo jatea gogoko dut oraindik.

ANDREA: Orduan, ez duzu uste garai berri bat hasi denik?

GALILEO: Bai... Kontuz ibili Alemaniatik igarotzerakoan egia zeure jaka barruan duzularik.

ANDREA: (Joateko jalki da.) Aipatu dugun idazleari buruz duzun iritzia dela eta, ez dakit zer erantzun. Baina ezin dut sinestu azterketa suntsitzaile hori izan daitekeenik azken hitza.

GALILEO: Eskerrik asko, jauna. (Jaten hasten da.)

VIRGINIA: (ANDREA kanpora lagunduz.) Ez ditugu atsegin aspaldiko bisitariak. Urduritu egiten dute.

 

(ANDREA joan egiten da. VIRGINIA itzultzen da.)

 

GALILEO: Ez dakizu nork bidali ote dizkigun antzarrak?

VIRGINIA: Andreak ez.

GALILEO: Agian ez. Nolakoa da gauaroa?

VIRGINIA: (Leiho ondoan.) Argia.