12
AITA SAINDUA
Vaticanoko egongela bat. Urbano VIII AITA SAINDUAk (Barberini kardinale ohia) KARDINALE INKISIDOREA hartzen du. Entzutegia gertatu bitartean jantzi egiten dute. kanpotik oinots ugariren zarata entzuten da.
AITA SAINDUA: Ez! Ez! Ez!
INKISIDOREA: Orduan Berorren Gorentasunak esango die fakultate guztietako doktoreei, orden sakratu guztietako ordezkariei eta hemen bildu den apaizgo guztiari, zeina bildu baita Berorren Gorentasunak Jaungoikoaren hitzan duten fede tolesgabean, Idazteunetan islatzen den horretan, onets ditzan, Idazki horiek ezin direla jada egiazkotzat hartu?
AITA SAINDUA: Ez ditut kalkulu taulak apur araziko! Ez!
INKISIDOREA: Egiaz kalkulu taulak direla eta ez iraultzaren eta kezkaren izpiritua da jendetza guzti horrek dioena. Baina ez dira kalkulu taulak arazoa. Baizik eta munduan sortu den larridura izugarri hura. Bere burmuinen larridura da Lurrari ezartzen diotena, Lur geldi honi. Eta oihu egiten dute: Zenbakiek hitz egiten dute! Baina nondik datoz zenbaki horiek? Mundu guztiak daki zalantzatik datozela. Gizon horiek edozer gauza jartzen dute zalantzatan. Gizartea zalantzan oinarritu behar dugu eta ez fedean? “Nire jauna zara, baina zalantzatan nago hori ona ote den ala ez”. “Zure etxea da hori eta beste hori zure emaztea, baina zalantza egiten dut ez ote luketen nireak izan behar”. Beste alde batetik, Berorren Saindutasunak arteekiko duen maitasunak, zeinari horren bilduma ederrak zor baitizkiogu, Erromako etxe-aurreetan irakur daitezkeen gisako adierazpen iraingarriak merezi ditu: “Barbaroek egin ez zutena, Barberinitarrek egin zuten”. Eta atzerrian? Jaungoikoak tliri Saindua egoera larrian jarri nahi izan du. Berorren Saindutasunak Espainiarekiko izan duen politika ez dute ulertu irizpide gutxikoek, eta tamalgarritzat jotzen da Enperadorearekiko gatazka. Duela urte bete eta erdi, Alemania herritarrek elkar zatikatzen duten haragi mahaia da, Bibliako aipamenak ahoan dituztelarik. Eta izurriak, gudak eta Erreformak kristau herria zenbait talde sakabanatutara mugatu duen honetan, Berorren Saindutasunak Suetzia luteroarrarekin Enperadorearen boterea ahultzeko hitzarmena egin duelako esamesa dabil. Eta orduan, badoaz matematiko ziztrin horiek eta beren anteojuak zerurantz zuzentzen dituzte eta esaten diote munduari han ere, berorren boterea eztabaidatzen ez zen toki bakarrean, egoera zaila dela. Galdetu behar litzateke: zergatik Astronomia bezain urruna den zientziagatiko ardura hori bat-batean? Ez al da berdin nola egiten duten bira esfera horiek? Baina ez da inor Italia osoan, ez eta azken zamaltzaina ere —florentziar horren eredu okerra dela eta—, Venusen aldeei buruz hitz egiten ez duenik eta aldi berean eskoletan eta beste leku batzuetan aldaezintzat aldarrikatzen diren hainbat gauzatan eta hain gogaikarriak direnak pentsatzen ez duenik. Zer gertatuko litzateke horiek guztiak, haragi ahulekoak eta edozein gehiegikeriarako joera dutenak, zentzugabeko horrek ekite bakartzat jotzen duen, bere-berea den arrazoian baino ez balute sinestuko? Behin dudatan jarriz gero Eguzkia Gabaonen geratu zenik, bere zalantza zikin hori zabal lezakete Elizako diru-bilketetara! Itsasoak gurutzatzen dituztenetatik —eta ez dut ezer horren aurka— konpasa deitzen duten letoizko esfera batean jartzen dute beren itxaropena, eta ez Jaungoikoarengan. Galilei horrek, gazte zela oraindik, makinei buruz idatzi zuen. Mirariak egin nahi dituzte makinekin. Zein mirari? Edozein kasutan ere, ez dute honezkero Jaungoikoa behar, baina zein mirari motaz ari dira? Ez dira jada goia eta behea izango. Ez dituzte behar. Aristotelesek, zeina zakur gizaxotzat duten, bestalde, zera esan zuen —eta hori bai aipatzen dute—: “Anezkak bakarrik ehunduko balu oihala eta ziriak zitara joko balu, maisuek ez lituzkete ofizialik behar ezta otseinik ugazabek”. Eta horretara heldu direla uste dute. Nardagarri horrek badaki zer egiten duen bere astronomiari buruzko idazkiak latinez idazten ez dituenean arrain-saltzaileen eta artile-merkatarien hizkuntzan baizik.
AITA SAINDUA: Horrek heziketa falta erakusten du; esan egingo diot.
INKISIDOREA: Batzuk akuilatu eta beste batzuk okertu egiten ditu. Italiako ipar-itsasertzeko hiriek geroago eta lehia handiagoz eskatzen dituzte Galilei jaunaren astronomia kartak bere itsasontzietarako. Eta amore eman behar izango dugu, merkatal ardurak baitaude tartean.
AITA SAINDUA: Baina astronomia karta horiek bere baieztapen heretikoetan oinarriturik daude. Bere teoria baztertuz gero ezinezko liratekeen astro batzuen mugimenduetan hain zuzen ere. Ezin da bere teoria gaitzetsi eta kartak onartu.
INKISIDOREA: Zergatik ez? Ezin dena da, beste gauza bat egin.
AITA SAINDUA: Oinots zarata horrek urduri jartzen nau. Barkatu ezin badiot entzuteari utzi.
INKISIDOREA: Agian nik ahal dudana baino gehiago esango dizu, Saindutasun. Kezka bihotzean dutela alde egin behar ote dute horiek guztiok hemendik?
AITA SAINDUA: Azken batean, gizon hori garai honetako fisikorik handiena da, Italiako argia, eta ez edozein ameslari. Lagunak ditu, hor dago Versaille. Hor dago Vienako Gortea. Niri Saindua aurriritzi ustelen urtzulotzat joko dute. Ez da ukitu behar!
INKISIDOREA: Egintzetan ez genuke oso urrun joan behar. Alproja hutsa da. Laster etsiko luke.
AITA SAINDUA: Ezagutzen dudan beste inork baino hobeto daki guztiaz disfrutatzen. Pentsatzen badu, sentsualitate hutsagatik da. Ez litzateke gai izango ardo zahar baten aurrean ezetz esateko ez eta ideia berri baten aurrean ere. Baina ez dut gai fisikoen gaitzespenik nahi, ez dut borroka oihurik nahi “Nire alde Eliza!” ala “Nire alde Arrazoia!” bezalakoak. Bere liburua onartu dut azken batean, adierazten bazuen azken hitza ez zegokiola Zientziari baizik eta Fedeari. Eta horretara mugatu da.
INKISIDOREA: Bai, baina nola? Bere liburuan artaburu batek, Aristotelesen iritziak adierazten dituena, eta bizkor batek, Galilei jauna adierazten duena, jakina, eztabaidatzen dute, eta azken zehaztapen hori, Saindutasun, nork egiten du?
AITA SAINDUA: Zer gertatzen da, ba? Nork adierazten du gure iritzia?
INKISIDOREA: Bizkorrak ez.
AITA SAINDUA: Hori lotsagabekeria hutsa da, jakina. Oinots zarata hori pasabideetan jasanezina egiten zait. Mundu guztia etorri al da?
INKISIDOREA: Guztia ez, baina bai alderik hoberena.
(Isilunea. AITA SAINDUA guztiz jantzita dago.)
AITA SAINDUA: Gehienez ere tresnak erakuts dakizkiola.
INKISIDOREA: Nahikoa izango da hori, Saindutasun. Galilei jaunak asko daki tresnez.