Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
[aurkibidea]

 

10

HURRENGO HAMARKADAN GALILEOREN TEORIA
HERRIAN ZABALTZEN DA.
IRAIN IDAZLE ETA BALADA KANTOREEK
TOKI GUZTIETATIK BILTZEN DITUZTE
IDEIA BERRIAK.

1632KO INAUTERIETAN
ITALIAKO HIRI ASKOTAN
ASTRONOMIA AUKERATZEN DA
BERE LAGUNARTEKO KONPARSA GAITZAT

 

 

AZOKA-KANTARI BIKOTE BAT, gosehilik, bost urteko neskatxoa eta besoetako ume txikiarekin, azoka plaza batera heltzen da zeinetan jendetza baitago mozorrotu antzean inauteri martxaren zain. Pardelak dakartzate arrastaka, danbolina eta bestelako tresna batzuk.

 

 

 

BALADA KANTARIA: (Danbolinari eraginez) Herritar agurgarriok, jaun-andreok! Lagunarteen Inauteri martxa handiaren aurretik, aurkeztuko dizuegu florentziar abestirik berriena, Italiako iparralde osoak kantatzen duena eta guk gastu handiak eginez ekarri duguna. Bere izena: “Galileo Galilei, gorteko fisiko jaunaren teoria eta iritzi izugarria, edo etorriko denaren aurrikuspen bat”. (Kantuz hasten da)

 

                        Aita Jaungoikoak, zeinaren ahotsak izutzen gaituen,

                        Esan zion Eguzkiari, bere agindua entzutean

                        Bere argia eman zezan Lurraren inguruan

                        Begiramen handiko dontzeila bailitzan

                        Berak nahi zuenez gero denok egon zitezen biran

                        Gehiago direnen itzulian.

 

            Eta horrela hasi ziren biraka.

 

                        Ahaltsuen inguruan ahulak.

                        Aurrekoen inguruan atzekoak.

                        Hala Lurrean Zeruan bezala.

                        Eta Aita Sainduaren inguruan kardinalak.

                        Eta kardinalen inguruan apezpikuak.

                        Eta apezpikuen inguruan idazkariak.

                        Eta idazkarien inguruan zinegotziak.

                        Eta zinegotzien inguruan artisauak.

                        Eta artisauen inguruan otseinak.

                        Eta otseinen inguruan, zakur, oilo eta eskaleak.

 

            Hori da, herritar zintzoak, Ordena Nagusia, ordo ordinum, teologo jaunek esaten duten bezala, regula aeternis, Arau guztien Araua, baina lagun maiteok, zer gertatu zen? (Abesten du:)

 

            Galilei jauna jaiki zen.

 

            (Biblia bota, anteojua atera eta begirada bat bota zion Unibertsoari).

 

                        Eta esan zion Eguzkiari: geldi hadi!

                        Hemendik aurrera creatio Dei

                        Izanen da atsegin zaidanez neri.

                        Andre gorena lege berriz

                        Neskameaz egingo du honela itzuli.

                        Benetan da hori? Jakina ez da zoraturik!

                        Otseinek erantzungo dute gaizki

                        Egia. Zinez barre gutxi:

                        Nork ez luke bere jabe izan nahi?

 

            Herritar agurgarriok, teoria horiek erabat ezinezkoak dira. (Abesten du:)

 

                        Otseina alperra da, neskameak oxka egiten du

                        Zakur lodiak inor ez du ikaratzen.

                        Meza-mutila ez doa mezatara

                        Eta ikaslea ez da jaikitzen.

                        Ez! Bibliaz ez da jolasik zigorrik gabe!

                        Urka-bihurra apur daiteke!

                        Egia da, barre gutxi. Zinez:

                        Nork ez du nahi bere jabe izanen?

 

            Herritar maiteok bota begirada bat etorkizunari, Galilei Dotore jakintsuak iragartzen duen bezala. (Kantuka hasten da:)

 

                        Atsotxo bi azokan

                        Ez dakite zer gertatzen dan.

                        Arrain saltzaileak atera du arraina

                        Eta jaten du etxean bailitzan!

                        Igeltseroak oinarriak ditu jartzen

                        Eta etxegilearen harria erabiltzen.

                        Eginbideak dituenean amaitzen

                        Etxean jainko legez da bizitzen!

                        Neurrikoa ote da hori? Ez, zoramena baizik!

                        Urka-bihurra daiteke hautsi.

                        Egia da. Zinez, barre gutxi

                        Nork ez du bere jabe izan nahi?

 

                        Ugazabari, bete-bete ipurdian

                        Maizterrak ostiko

                        Eta nekazariaren sendiak

                        Markesaren esnea du edango.

                        Herritarrok! Bibliaz ez da jolasik zigorrik gabe!

                        Urka-bihurra hauts daiteke!

                        Egiaz, barre gutxi. Zinez:

                        Nork ez du bere jabe izan nahi?

 

            KANTOREAREN EMAZTEA

                        Gurdia bere bidetik atera nuen behin

                        Eta esan nion nire senar zenari:

                        Ikus dezagun ea aldi batez

                        Beste batek egin nahi duen zure orde.

 

            BALADA KANTOREA

                        Ez, ez, ez eta ez! Galilei, aski da!

                        Muturrekorik gabe txakurrak hozka.

                        Barre gutxi, astirik ez da. Benetan.

                        Nork ez luke nahi bere jabe izan?

 

            BIEK

                        Neke eta doloretan bizi zaretenak

                        Saia zaitezte ikasten

                        Galileirengandik ikasi, izerditan

                        Lurreko zorionaren ABC:

                        Lehen edo gero, izango naiz negarretan!

                        Nork ez luke nahi izan haren jabe?

 

            BALADA KANTOREA: Herritar agurgarriok, begira ezazue Galileiren aurkikuntza izugarria: Lurra biraka Eguzkiaren inguruan!

 

(Danbolinari eragiten dio gogor. EMAZTEA eta NESKATOA aurreratu egiten dira. EMAZTEAk Eguzkiaren irudi zaharra du eta NESKATOA, bere buru gainean kalabaza bat duela, Lurraren irudira, bira ematen ari da EMAKUMEAren inguruan. KANTOREAk gehiegizko keinua egiten du NESKATOA erakutsiz, honek benetan jauzi arriskutsua egitera balihoa bezala, baina atzeraka egiten du astiro-astiro danborraren kolpe bakoitzeko. Gero danbor tarrapata entzuten da urrunean.)

 

AHOTS ILUN BAT: (Oihuka.) Martxa!

 

(GIZON BI sartzen dira jantzi zarpailak soinean, gurditxo batetik tiraka. Erretaulki barregarri baten gainean Florentziako “DUKE GORENA” dago jezarrita, kartoizko koroa eta zirikoz jantzia dagoen irudi bat teleskopiotik begira. Erretaulkiaren gainean idazki bat dago “Nahigaberen baten bila”. Atzean mozorrodun HIRU GIZON daude oihal handi bat eramanez. Gelditu eta kardinalaren irudia adierazten duen panpina astintzen dute burusiaren gainean. NANO BAT jartzen da albo batean beste idazki bat daramala: “Aro berria”. Jendetza artetik ESKALE BAT agertzen da, bere makuluak jasota dantzan hasten da behea gogor joaz oinekin, iskanbila handia eginez behera jausten den arte. Gizon bat baino handiagoa den panpin bat sartzen da Galileo Galileiren itxuraz eta ikusleen aurrean gur eginez. Bere aurrean, mutiko batek Biblia erraldoi bat darama, zabalik, orriak ezabatuta.)

 

BALADA KANTARIA: Galileo Galilei, Biblia suntsitzailea!

 

(Jendetzaren barre algarak.)