7
BAINA INKISIZIOAK COPERNICOREN TEORIA
JARTZEN DU GAI-ZERRENDAN
(1616KO MARTXOAK 5)
Erroman gauzak astiro doaz
Eta Galileo bizi da ia palazioan
Janaria ematen diote,
eta ardo ona
Baina ez dute onartzen bere zoroa
BELARMINO kardinalaren etxea Erroman. Dantzaldia dago. Barreran, ELIZA-IDAZKARI BI xakean jolastu eta gonbidatuei buruzko oharrak hartzen dituzten tokian, GALILEO txaloka hartzen du mozorrodun ANDRE-GIZON TALDETXO BATek. Bere alaba VIRGINIA eta honen ezkongaia den LUDOVICO MARSILI lagundurik heldu da.
VIRGINIA: Ez dut beste inorekin dantzan egingo, Ludovico.
LUDOVICO: Sorburuko orratza askatu zaizu.
GALILEO: “Errezel hori, Thais, zure bularretik labaindua
Ez apaindu. Zeren atseginez erakusten baitikit.
Baita besteei ere, anabasa sakonagoak.
Egongela alaiko kandelen argitara
Agian pentsa dezakete zain den
Lorategiko txoko ilunetan.”
VIRGINIA: Begira nire bihotza.
GALILEO: (Eskua bihotzaren gainean jarriz.) Taupadaka ari da.
VIRGINIA: Eder agertu nahi nuke.
GALILEO: Horrela agertu behar duzu, bestela dudatan jarriko dute mugitzen den ala ez.
LUDOVICO: Egia esan, ez da mugitzen. (GALILEOk barre egiten du.) Erroman zutaz baino ez da hitz egiten. Gau honetatik aurrera, jauna, zure alabaz hitz egingo dute.
GALILEO: Esaten dutenez erraz da eder agertzea Erromako udaberrian. Nik ere Adonis lodi bat emango dut agian.(IDAZKARIEI.) Kardinale jaunari itxaron behar diot hemen. (BIKOTEAri.) Ondo ibili!
(Barruko dantzaldira joan baino lehenago, VIRGINIA itzuli egiten da korrika berriro.)
VIRGINIA: Alta, Via de Trionfo-ko ile-apaintzaileak lehena pasarazi ninduen eta lau dama utzi zituen zain. Zure izena berehala ezagutu zuen. (Irteten da.)
GALILEO: (Xake jokoan ari diren IDAZKARIEI.) Nola jolas dezakezue oraindik joko zaharrean? Mugatua da, mugatua... Orain pieza nagusiak lauki guztietatik zehar mugituz jolasten da. Dorrea honela —(erakutsi egiten du)— eta alfilak honela eta erregina honela eta honela. Toki zabalagoa dago era honetara eta planak egin daitezke.
IDAZKARI BAT: Hori ez dator bat geure soldata apalekin, badakizu? Honela mugitzen baino ez dakigu. (Mugimendu txiki bat egiten du.)
GALILEO: Bestela da, adiskide, bestela da! Luze zabalean, mugimendu handiz mugitzen denari erosten dizkiote oinetakorik hoberenak! Denborekin batera aurreratu behar da, jaunok! Ez beti kostaldearen inguruan: noizbait atera behar da itsaso handira.
(Aurreko eszenako KARDINALE OSO ZAHARRAk eszenatokia zeharkatzen du FRAIDEAk lagundurik. GALILEO ikusten du, bere ondotik igaro, buelta ematen du gero kili-kolo eta agurtu egiten du GALILEO. Dantza-gelan Lorenzo de Medicis-ek giza arazoei buruzko banitateaz eginiko poemaren hasiera entzuten da HAURREK kantaturik.)
“Arrosak hiltzen ikusi ditudan honek
Eta bere orriak lurrera erortzen
Kolorge eta hozturik, arras ongi dakit
Alferrikoa dela gaztaroaren gorabeherarik!”
GALILEO: Erroma... Jai paregabea?
LEHEN IDAZKARIA: Izurrite urteen osteko lehen haratuzteak. Italiako familia handi guztiak daude berton gau honetan. Orsini, Villani, Huccoli, Soldanieri, Cane, Lecchi, Estensi, Kolonbinitarrak...
BIGARREN IDAZKARIA: (Eten egiten du.) Berorren Gorentasunak Bellarmino eta Barberini kardinalak.
(BELLARMINO kardinala eta BARBERINI kardinala sartzen dira, nork bere aurpegi aurrean artxo eta uso maskara dituela.)
BARBERINI: (Hatz erakusleaz GALILEO seinalatuz.) “Eguzkia jaikl eta etzaten da, eta bere jatorrira itzultzen da”. Hori dio Salomonek, eta zer dio Galileik?
GALILEO: Ni honelako txikia nintzenean (eskuaz erakusten du), Gorentasun, itsasontzi batean egon nintzen eta itsasertza urruntzen zihoala oihukatu nuen. Orain badakit itsasertza geldi zegoela eta urrunduz zihoana itsasontzia zela.
BARBERINI: Zuhurra zara, oso zuhurra. Ikusten duguna, Bellarmino, hau da ortzia biraka dabilela, ez da egia agian, ikus bestela itsasontzia eta itsasertza. Baina egia dena, hau da, Lurra biraka ari dela hain zuzen ere, ezin daiteke nabari! Zuhurra. Baina Jupiterren ilargiak oso sinesgaitz gertatzen dira gure astronomoentzat. Zoritxarrez nik ere irakurri dut zerbait astronomiari buruz, Bellarmino. Hazteria bezain gogor itsasten da norbere azalera.
BELLARMINO: Garaiekin batera ibili behar dugu, Barberini. Hipotesi berri baten oinarritutako astronomia kartek nabigazioa errazten badiete gure itsasgizonei, erabil ditzatela. Idazki Sainduen aurka dauden teoriak baino ez ditugu gaitzesten.
(Goraintzi keinu bat egiten du dantza-gelarantz.)
GALILEO: Idazteunak... “Baina garia beretzat pilatzen duen hori herriak madarikatuko du”. Salomonen esaera zaharra dugu.
BARBERINI: “Jakintsuak bere jakituria ezkutatzen du”. Salomonen esaera zaharra.
GALILEO: “Idia den tokian ikuilua lohi. Baina handia da idiaren indarraren abantaila.”
BARBERINI: “Arrazoia menderatzen duenak balio handiagoa du hiri menderatzaileak baino”.
GALILEO: “Ezpirituak behea jotzen duenean, hezurrak ihartzen dira.” (Isilunea.) “Ez al du Egiak ozenki oihukatzen?”
BARBERINI: “Ibili ote daiteke txingarren gainean orpoak erre gabe?” Ongi etorria Erromara, Galilei adiskidea. Badakizu zein den Erromaren jatorria? Ele zaharrak dioenez, bi ume txikik esnea eta babesa izan zuten otso-eme batengandik. Ordutik hona Otso-emearen kume guztiek ordaindu behar izan zuten bere esnearen truke. Baina ordean otso-emeak era guztietako gozamenak eskaintzen ditu, zerutiar eta lurtarrak; nire lagun Bellarminorekin hizketaldiaz hasi eta nazioartean izen ospetsuaren jabe diren hiru-lau dama gerokoan, utziko al didazu erakusten?
(GALILEO sakoneko tokirantz eramaten du dantza-gela erakusteko. GALILEOk gogo txarrez jarraitzen du.)
Ez? hizketaldi serioari ekin nahi diozu. Ziur al zaude, Galilei laguna, zuek, astronomoek ez duzuela zuen Astronomia erosoago egin nahi, eta kito? Aurregelarantz eramaten du berriro. Zirkulu edo elipseetan pentsatzen duzue eta abiadura erregularretan, zuen buruetarako errazak eta egokiak diren mugimenduetan. Eta Jainkoak bere astroak honela mugiarazteko gogoa izan balu? (Bere atzamarrez abiadura irregularreko ibilbide oso korapilatsua irudikatzen du airean.) Zer gertatuko litzateke orduan zuen kalkuluekin?
GALILEO: Gorentasun, Jainkoak mundua horrela egin izan balu —(BARBERINIren norabidea errepikatzen du)—, gure burua ere horrela irudikatuko zukeen —(norabide berbera errepikatzen du)— eta honek, beraz, errazak legez hartuko lituzke norabideok. Nik Arrazoian sinesten dut.
BARBERINI: Nik ez dut Arrazoia nahikotzat jotzen. Ez du ezer esaten. Begiratuegia da nire Arrazoia ez-nahikotzat jotzeko.
(Barre egiten du eta balaustradarantz jotzen du.)
BELLARMINO: Arrazoiaz, laguna ez da oso urrun heltzen. Gure Inguruan errakuntzak baino ez ditugu ikusten, bidegabekeriak eta ahulezia. Non dago egia?
GALILEO: (Sumindurik.) Nik Arrazoian sinesten dut.
BARBERINI: (IDAZKARIEI.) Ez duzue idatzi behar, lagunarteko elkarrizketa zientifikoa baino ez da.
BELLARMINO: Pentsa ezazu une batez zenbat ahalegin eta hausnarketa behar izan duten Elizako nagusiek, eta beste askok beraien ondoren, honelako mundu bati zentzua emateko. Ez al da arbuiagarria? Pentsa ezazu Canpanian nekazari erdi-biluziak jipoitzen dituen ankerkerian, eta ordainetan haren oinak musukatzen dituzten nekazarien ergelkerian.
GALILEO: Bidegabekeria hutsa! Honanzko bidaian ikusi dut...
BELLARMINO: Ulertezin egiten zaizkigun ekintza horien (bizitzaren osagai diren gertaeren) zentzuaren ardura, Izaki nagusi bati egotzi diogu, eta haiekin halako xedeak betetzen zirela, eta guztia plangintza nagusi baten arabera gertatzen zela. Ez dut esan nahi horrela edozein kezka baretzea lor zitekeenik, baina orain zuk Izaki Nagusiari egozten diozu mundua eta astroak nola mugitzen diren ezjakitearen errua, zuk zeuk, ordea, oso ondo dakizuna. Zentzuduna al da hori?
GALILEO: (Aitorpen bat egitera oldartuz.) Ni Elizaren seme zintzoa naiz...
BARBERINI: Gizon honekin ezinezkoa da. Xalotasun osoz, Jaungoikoak errakuntza astronomikorik baldarrenak egin dituela erakutsi nahi du! Ez al zuen Jaungoikoak astronomia nahikoa eta sakon ikasi Idazteunak idatzi baino lehen? Lagun maitea!
BELLARMINO: Ez al zaizu gertagarri iruditzen Sortzaileak bere izakiek baino gehiago jakitea sortu duenaz?
GALILEO: Baina, jaunok, azken batean gizakiak gaizki uler dezake, ez soilik astroen mugimendua, baizik eta Biblia ere!
BELLARMINO: Bibliaren interpretazioa Eliza Sainduaren teologoei dagokie soilik! Ez al da honela?
(GALILEO isilik.)
Ikusten duzu: Isilik zaude orain. (Keinu bat egiten die IDAZKARIEI.) Galilei jauna, bart Ofizio Sainduak erabaki du Eguzkia geldirik dagoela eta Unibertsoaren gunetzat hartu beharrekoa, eta Lurra mugitu egiten dela eta Unibertsoaren erdigunea ez dela adierazten duen Copernicoren teoria, erabat eroa, burugabea, heretikoa dela. Zuk iritzi hori bazter dezazun aholka diezazudan agindu zait. (LEHEN IDAZKARIAri.) Errepikatu.
LEHEN IDAZKARIA: Berorren Gorentasunak, Bellarmino kardinalak, aipatutako Galileo Galileiri: Bart Ofizio Sainduak erabaki du Eguzkia geldirik dagoela eta Unibertsoaren erdigunetzat izan, eta Lurra mugitu egiten dela eta Unibertsoaren erdigune ez dela adierazten duen Copernicoren teoria, erabat eroa, burugabea, heretikoa dela. Zuk iritzi hori bazter dezazun aholka diezazudala agindu zait.
GALILEO: Zer esan nahi du honek?
(Dantza-gelan, umeak abestuta, poemaren beste ahapaldi bat entzuten da.)
“Nik esan nuen: laster igaro da sasoi ederra
Loraila ez da burutu oraindik, baina arrosa moztu du”
(BARBERINIk isiltzeko keinua egiten dio GALILEOri abestiak dirauen artean. Denok daude adi.)
Baina, eta egitateak? Collegium Romanum-eko astronomoek nire azalpenen zehaztasuna onartu zutela uste nuen.
BELLARMINO: Bere poztasunik handiena, zuretzako erarik ohoragarrienean adieraziz.
GALILEO: Baina Jupiterren sateliteak, Venusen aldiak...
BELLARMINO: Kongregazio Sainduak zehazkizun horiek kontutan izan gabe hartu du bere erabakia.
GALILEO: Horrek esan nahi du ondorengoko ikerketa zientifiko guztia... .
BELLARMINO: Erabat ziurtaturik dago, Galilei jauna. Eta ados nago Elizaren iritziaz, hau da, ezin dugula jakin, baina zilegi dugula ikerketaz jarraitzea. (Dantza-gelako GONBIDATU BAT agurtzen du berriro.) Teoria hori askatasun guztiz erabil dezakezu baita matematika hipotesi bezala. Zientzia Elizaren alaba legitimo eta maite-maitea da, Galilei jauna. Gutariko inork ez du benetan sinesten Elizarengan dagoen konfidantza ahuldu nahi duzunik.
GALILEO: (Suturik.) Konfidantza agortu egiten da gehiegi eskatzen zaionean.
BARBERINI: A, bai? (Barreka, txaloka egiten dio bizkarraldean. Gero finko begiratu eta esaten du, ez adeitasunik gabe.) Errealista izan zaitez, Galilei laguna. Geu ere bagara. Zu behar zaitugu zuk gu baino gehiago.
BELLARMINO: Zuganako estimurik handiena duen Ofizio Sainduko Komisarioaren aurrean Italiako matematikorik handiena aurkezteko irrika bizian nago.
BARBERINI: (GALILEO beste besotik oratuz.) Eta hau esanez artxo bilakatzen da berriro. Zuk ere ezarritako dotrinaren doktore onaren mozorroz agertu behar zenuke hemen, laguna. Gaur askatasun pixka bat ematen didan mozorroa da. Honelako soinekoaz honako hau murmuriatuz entzun nazakezu: Jaungoikorik ez balitz, asmatu egin behar litzateke. Ondo da, jar ditzagun berriro geure maskarak. Galilei gizagaixoak ez du.
(GALILEO erdian jarri eta dantza-gelara eramaten dute.)
LEHEN IDAZKARIA: Baduzu azken hitza?
BIGARREN IDAZKARIA: Horretan nago.(Ekinean daude.) Baduzu Arrazoian sinesten zuela esan duen hura?
(KARDINAL INKISIDOREA sartzen da.)
INKISIDOREA: Izan da elkarrizketa?
LEHEN IDAZKARIA: (Mekanikoki.) Lehenengo Galilei jauna etorri da bere alabarekin. Berak ezkon-hitza eman du gaur... (INKISIDOREAk axolarik ez zaiola adierazten du keinu batez.) Galilei jaunak orduan xake jokoan egiteko beste era bat erakutsi zigun, zeinaren arabera, jokoaren arau guztien kontra, piezak lauki guztietan zehar mugi baitaitezke.
INKISIDOREA: (Keinu berbera egiten du.) Akta. (IDAZKARIETAKO BATEK akta ematen dio, eta KARDINALA irakurtzen jezartzen da berehala. MOZORRODUN DAMA GAZTE BIK eszenatokia zeharkatzen dute eta gur egiten diote KARDINALAri.)
BAT: Nor da?
BESTEA: Kardinal Inkisidorea.
(Barretxoa egin eta irten egiten dira. VIRGINIA sartzen da, norbaiten bila ari balitz bezala begiratzen du.)
INKISIDOREA: (Bere txokotik.) Norbaiten bila ari zara, alabatxo?
VIRGINIA: (Apur bat ikaratu egiten da, lehenago ez duelako ikusi.) Oi Gorentasun!
(INKISIDOREAk, begiak jaso gabe, eskuin eskua luzatzen dio. Berak, hurbildu eta, belaunikatuz, eraztuna musukatzen dio.)
INKISIDOREA:Gau zoragarria! Zoriona opa nahi nizuke zure ezkontzagatik. Senargaia familia ospetsuaren seme da. Erroman geratuko al zara, gurekin?
VIRGINIA: Oraingoz ez, Gorentasun. Hainbeste gauza prestatu behar dira ezkontzarako!
INKISIDOREA: Beraz, aitarekin joango zara berriro Florentziara. Pozten nau horrek. Zure aitak behar zaituela iruditzen zait. Matematika laguntza hotza da, ezta? Hezur-haragizko lagun batek dena alda dezake horrelako giro batean. Hain da erraza astroen mundu neurrigabean galtzea, gizon handia izaki.
VIRGINIA: (Arnasarik gabe.) Oso bihozbera zara, Gorentasun. Egia esan, nik ez dut holako gauzez ia ezer ulertzen.
INKISIDOREA: Ez? (Barre egiten du.) Errementariaren etxean zotza burduntzi, e? Zure aitari barregura emango dio astroen munduaz dakizuna nigandik ikasi duzula jakiteak, alabatxo. (Akta begiratzen du.) Hemen irakurtzen dudanez, gure berritzaileek, zeinen nagusi onartua mundu osoan zeure aita baita, gizon handia, handienetarikoa, pixka bat gehiegizkotzat jotzen dituzte gure Lur maitearen garrantziaz gaur egun ditugun usteak. Hori bai, Ptolomeoren garaietatik, Aintzinako jakintsua hau, gaur arte, kalkulua egin zen kreazio guztirako, hau da, Lurra erdigunea den kristalezko esferarako, hogei mila bat lur-diametro. Hedadura nahikoa, baina oso txikia, txikiegia berritzaileentzat. Hauen ustez, hala esaten digute, hedadura, egiaz, imajinatu ezinezko zabaltasunekoa da, eta Lurretik Eguzkirainoko tartea, oso tarte garrantzitsua, beti iruditu zaigun legez, hain txiki geratzen da gure Lur gaixoa izar finkoetatik, azken esferetara loturik dauden horietatik banatzen duen tarteaz konparatuz, ez dela beharrezko kalkuluetan sartzerik. Eta ez direla handiki bizi diote oraindik ere berritzaileok!
(VIRGINIAk barre egiten du. INKISIDOREAk ere barre egiten du.)
Izan ere Ofizio Sainduko jaun batzuk asaldatu egin dira aspaldi honetan Unibertsoaren irudi hori dela eta, zeinarekin alderatuz orain arte genuenak neskatila baten idunetik zintzilika jar daitekeen miniatura baten itxura ematen baitu. Arduratu egiten dira, zeren hain tarte itzeletan, prelatu bat, eta are gehiago, kardinala ere gal baitaiteke. Aita Saindua ere gal dakioke Guztiz Ahaltsuari begi aurretik. Bai, dibertigarria da, baina pozik nago zuk, denok hainbeste estimatzen dugun aitarengandik hurbil jarraituko duzula jakiteaz, sein maitea. Zure aitorlea ez ote dudan ezagutzen pentsatzen ari naiz...
VIRGINIA: Santa Ursulako aita Christophorus.
INKISIDOREA: Tira, pozten nau zu aita laguntzen joateak. Behar izango zaitu, kostako zaizu imajinatzea, agian, baina horrela izango da. Hain gaztea zara oraindik, hain haragizkoa... eta handitasuna ez da beti eramangarria Jaungoikoak hala eskaini dien haientzat, ez beti. Ez dago gizakirik otoitzean ez aipatzeko bezain nagusi denik. Baina luzaroan gelarazi zaitut berton, alabatxo maitea, eta zure senargaia jeloskor egongo da nitaz, eta zure aita maitea ere bai apika, astroei buruz agian zaharkitua dagoen zerbait azaldu dizudalako. Zoaz arin dantza egitera eta ez ahaztu aita Christophorus-i goraintzi egiten nire partez.
(VIRGINIA arinki irteten da, gur handia egin eta gero.)