6
1616: ERROMAKO ELKARGOAK,
BATIKANOKO IKERKETA ISTITUTUAK,
GALILEOREN IKERKETAK EGIAZTATZEN DITU
Ez da sarritan ikusten
Jakintsu bat ikasi nahiez
Jainkoa debozioz zerbitzatzen zuen Claviusek
Berretsi zuen Galileo arrazoi emanez.
Erromako Elkargoaren egongela Erroman. Gaua da. Elizako BURUZAGI GORENAK, FRAIDEAK, eta JAKINTSUAK taldeka. Bazter baten, bakarrik GALILEO. Bozkario handia dago. Eszena hasi baino lehenago barre algarak entzuten dira.
PREL. LODIA: (Barrearen barrez sabela eutsiz.) Halako tentelkeriarik! Halako tentelkeriarik! Noizbait sinestua izan ez den baieztapenen bat aipa diezadaten nahi nuke!
JAKT. BATEK: Adibidez, jatekoaren aurrean nazka gaindiezina hartzen duela berorrek, monsinore!
PREL. LODIA: Sinestuko dute, sinestuko dute. Zentzuzkoa da sinesten ez duten bakarra. Deabrua badela ere zalantzatan jartzen dute. Baina Lurrak itzulipurdika egiten duenik harri txintxarrak errekastoan bezala, hori bai sinesten dute. Sancta simplicitas!
MONJE BAT: (Pailazoarena egiten.) Zorabioak jota nago. Lurrak arinegi egiten du bira. Utz biezat bere besotik eusten, irakasle. (Balantzaka dabilenarena egiten du eta jakintsu baten besoari eusten dio.)
JAKINTSUA: (Jolasa jarraituz.) Bai, gaur Lur zaharra mozkor-mozkor eginda dago berriro. (Beste baten besoari eusten dio.)
MONJEA: Geldi, geldi! Jausiko gara eta! Geldi esaten diet!
BI. JAKINTS.: Venus guztiz okerturik; dago jadanik. Poparen erdia baino ez diot ikusten. Lagundu! Arren!
LEHEN MON.: Eta ez begiratu beherantz. Dena nahasirik ikusten dut.
PREL. LODIA: (Ahotsa nahita goratuz GALILEO dagoen tokirantz.) Ezinezkoa! Gauza nahasiak Erromako Elkargoan!
(Barre algarak. Sakoneko ate batetik Elkargoko ASTRONOMO BI sartzen dira. Isiltasuna.)
MONJE BAT: Ikertzen jarraitzen duzue? Gaizpidea da!
LEHEN ASTR.: (Haserre bizian.) Guk ez!
BI. ASTRON.: Nora iritsi nahi du? Ez dut Clavius ulertzen... Ontzat emango balitz azken berrogeitamar urteotan baieztatu dena! 1572ean esferarik gorenenean, zortzigarrenean, izar finkoen esferan, izar berri bat argitu zen, inguruko izar guztiak baino handiago eta distiratsuago eta, sei hilabete igaro baino lehen, berriro desagertua zen, ezerezean. Galdetu behar diogu geure buruari: zer gertatzen da orduan betikotasunaz eta Zeruaren aldagaiztasunaz?
FILOSOFOA: Uzten bazaie, ortzi osoa suntsitzen bukatuko dute.
LEHEN ASTR.: Bai, nora helduko gara! Bost urte geroago Tycho Brahe daniarrak kometa baten ibilbidea zehazten du. Ilargia baino gorago hasten zen eta bata bestearen ostean, esfera-bilkura guztiak zeharkatzen zituen, mugitzen diren gorputz zerutiar guztien euskarri sendoak. Ez zuen aurkakorik aurkitzen eta bere argiak ez zuen desbideraketarik jasaten. Beraz galdetu behar dugu: non daude esferok?
FILOSOFOA: Hori ez da eztabaidatzen! Nola lezake Christopher Claviusek, Italiako eta Elizako astronomorik handienak holako zerbait ikertu ere?
PREL. LODIA: Hau gaizpidea!
LEHEN ASTR.: Ba ikertzen jarraitzen du! Hor barruan dago jezarrita, deabruzko tutu horretatik tinko begiratuz!
BI. ASTRON.: Principiis obstat! Duela urte batzuk, gauza asko kalkulatu genituen, eguzki urtearen iraupena esaterako, Eguzki eta Ilargi eklipseen datak eta zerutar gorputzen tokiak Copernico heretiko horren taulak erabiliz, hortik dator dena.
MONJE BAT: Zera galdetzen diot neure buruari: zer da hobe, ilargi eklipse bat egutegiak dioen baino hiru egun beranduago ikusi, ala betiko zorionbiderik inoiz ez lortu?
MON. ARGAL: (Aurreratzen da Biblia zabalik duela, pasarte baten atzamar batez fanatikoki jotzen.) Zer diote Idazki Sakratuek? “Eguzki, geldi zaitez Gabaon gainean eta zu, Ilargi, Ayalongo aranaren gainean!” Nola geldituko litzateke Eguzkia mugituko ez balitz, heretiko horiek dioten bezala? Gezurrik al diote Idazki Sakratuek?
LEHEN ASTR. Ez, eta horregatik bagoaz.
BI. ASTR.: Badira astronomooi zailtasunak jartzen dizkiguten fenomenoak, baina guztia ulertu behar al du gizonak? (BIAK irteten dira.)
MON. ARGAL: Gizakiaren aberria alderrai dabilen izar baten parean jartzen dute. Gurdi berean sartzen dituzte, piztiak, landareak eta mineralak, eta biraka jartzen dituzte hutsik dagoen zeruaren zehar. Bere ustez, ez dira jada Lurra eta Zerua. Lurra, Zeruko astro bat delako, eta Zerua, lurrez osaturik dagoelako. Ez dago desberdintasunik goikoa eta behekoaren artean, betikoa eta iragankorraren artean. Gu hilko garela, badakigu. Baina orain esaten digutena zera da: Zerua ere deuseztuko dela. Esaten zen, eta idatzirik dago, Eguzkia zela, Ilargia eta izarrak zirela, eta gu Lurraren gainean bizi ginela; baina orain, bere ustez, Lurra ere izar bat da. Izarrak baino ez daude! Helduko da eguna gizonak eta piztiak ez direla esango digutena, gizona ere piztia dela, piztiak baino ez dira!
LEHEN JAKIN.: (GALILEOri) Galilei jauna, zerbait jausi zaizu behera.
GALILEO: (Bitartean poltsikotik bere harria atera du eta jolasean lurrera jausten utzi du azkenean. Eskuratzeko makurtzen den bitartean) Gorantz, monsinore. Gorantz jausi zait.
PREL. LODIA: Lotsagabeko gizona!
(KARDINAL OSO ZAHAR BAT sartzen da fraide baten sorbaldari eutsiz, eta lekua egiten diote begirunez.)
KARD. ZAHA.: Hor barruan jarraitzen dute oraindik? Ezin dute arin bukatu txotxolokeria horrekin? Clavius horrek bere Astronomia ezagutu behar luke. Entzun dut Galilei horrek, gizona, Unibertsoko erdigunetik bazter batera aldatzen duela. Beraz, gizadiaren arerioa dal Eta horrela hartu behar da. Gizona Kreazioaren errege da, edozein umek daki hori, Jaungoikoaren izakirik gorenena eta maiteena. Nola jarriko luke Jaungoikoak mirari hori, hainbeste ahaleginen ondorioa, baztertua eta beti ihesean dagoen astro txiki batean? Bere Semea halako toki batera bidaliko luke? hola egon daiteke bere kalkulu taulen esklabuei sinesteko bezain gizaki doilorrik! Ba al da horrelakorik onartuko duen Jaungoikoren izakirik?
PREL. LODIA: (Ahotsa apalduz) Jauna hementxe bertan dago.
KARD. ZAHA.: (GALILEOri) Zeu zara, beraz? Badakizu? Ez dut jada oso ondo ikusten, baina gizon haren antza izugarria duzula bai ikusten dut —nola zuen izena?—, erre genuena.
MONJEA: Berorren Gorentasuna ez litzateke asaldatu behar. Osagileak...
KARD. ZAHA.: (Baztertu egiten du eta GALILEOrengana jotzen du.) Zuk lizundu egin nahi duzu Lurra, bertan bizi eta berarengandik dena hartzen duzun arren. Zeure teilatuari botatzen dizkiozu harriak! Baina ez dut onartuko. (MONJEA baztertu eta batetik bestera ibiltzen hasten da harro.) Hi ez naiz edozein izaki, epe labur batez, edozein tokitan biraka ari den edozein astro txiki baten gainean. Lur finkoaren gainean nabil, pausu ziurraz, eta bera geldi dago, bera da Unibertsoaren erdigunea, ni bere erdigunean nago eta Sortzaile Handiaren begia nigan finko dago, nigan bakarrik. Nire inguruan biraka, kristalezko zortzi esferatara loturik, izar finkoak daude, eta Eguzki ahaltsua, inguruan duen guztia argitzeko sortua. Eta ni ere bai, Jaungoikoak ikus nazan. Honela ikusgarri eta ezeztaezin, neure gainean, gizonaren gainean datza, Jaungoikoaren ahalegina, izakirik garrantzitsuenarengan, Jaungoikoaren irudi hilezkorrean, eta... (Zerraldo erortzen da.)
MONJEA: Berorren Gorentasuna gehiegi fidatu da bere indarretan!
(Une horretan sakoneko atea zabaltzen da eta, bere astronomoen buru legez, CLAVIUS handia sartzen da. Isilik eta azkar egongela zeharkatzen du, alboetara begiratu gabe eta, irtetean, esaten dio MONJE BATi: “Arrazoi du”. Irteten da ASTRONOMOAK atzetik dituela. Sakoneko atea zabalik geratu da. Isiltasun osoa. KARDINALE OSO ZAHARRA bere senera dator.)
KARD. ZAHA.: Zer gertatzen da? Badakigu erabakirik?
(Inor ez da esatera ausartzen.)
MONJEA: Berorren Gorentasunak etxerajoan behar du.
(Lagundu egiten diote AGUREAri irteten. Hunkiturik, egongela uzten dute denek. Claviusen ikerketa komisioko MONJE TXIKI BAT GALILEOren ondoan geratzen da.)
MONJE TXIKIA: (Ezkutuka.) Galilei jauna, aita Claviusek joan baino lehen esan zuen: orain teologoek ikusi behar dute nola berregiten dituzten zeruko esferak! Irabazi egin duzu. (Irteten da.)
GALILEO: (Geldiarazten saiatzen da.) Irabazi duzu! Ez nik, baizik eta Arrazoiak!
(MONJE TXIKIA irten da dagoeneko. GALILEO ere irteten da. Atarian garaiera handidun prelatu bat aurkitzen du, KARDINALE INKISIDOREA. ASTRONOMO BATek laguntzen du. GALILEO makurtu egiten da. Irten baino lehen galdera bat xuxurlatzen dio ATEZAINAri.)
ATEZAINA: (Xuxurlatuz bera ere.) Bere Gorentasuna, Kardinale Inkisidorea.
(ASTRONOMOAk anteojuraino laguntzen dio KARDINALE INKISIDOREAri.)