3
1610-EKO URTARRILAK 10:
KATALEJUAREN BIDEZ COPERNICOREN SISTEMA
BAIEZTATZEN DUTEN ZENBAIT FENOMENO
AURKITZEN DITU GALILEOK ZERUAN.
LAGUNAK OHARTURIK BERE IKERKUNTZEK
IZAN DITZAKETEN ONDORIOEZ, GIZA ARRAZOIAN
DUEN FEDEA AGERTZEN DU GALILEOK.
Mila seiehun eta hamarreko,
urtarrilaren hamarrean
Galileok ikusten du Zerua egiazkoa ez dela.
GALILEOren langela Paduan. Gauez. GALILEO eta SAGREDO beroki lodiak jantzita, katalejuaren ondoan.
SAGREDO: (Katalejutik begiratuz, ahots apalez.) Igitaiaren ertza oso irregularra da, koskaduna eta laztasunez betea. Alde ilunean, ertz argidunetik hurbil, argidunak diren puntuak ere badaude. Bata bestearen atzetik agertzen dira. Puntu horietatik argia barreiatzen da, geroago eta inguru zabalagoetatik, argiturik dagoen inguruaz bat egin arte.
GALILEO: Mola azaltzen dituzu puntu argidun horiek?
SAGREDO: Ezinezkoa da... .
GALILEO: Bai. Mendiak dira.
SAGREDO: Izar batean?
GALILEO: Izugarrizko mendiak. Eguzki berriak urre kolorez argitzen dituen gailurrak, bere inguruan, maldan behera, gaua nagusitzen den bitartean. Ikusten duzuna goiko mendi tontorretatik aranetara jaisten den argia da.
SAGREDO: Baina hori mende bitako Astronomiaren aurka dago!
GALILEO: Hori da. Ikusi duzuna ez du beste inork ikusi, nik izan ezik. Zu bigarrena zara.
SAGREDO: Baina Ilargia ezin daiteke izan mendi eta aranez osaturiko Lur bat, Lurra izar bat ezin izan daitekeen bezala.
GALILEO: Ilargia mendi eta aranez beteriko Lur bat izan daiteke, eta Lurra izar bat izan daiteke. Zerutar gorputz arrunta, bat milaren artean. Begira ezazu berriro. Ikusten duzu Ilargiaren alde iluna guztiz ilun?
SAGREDO: Ez, orain arretaz begiratuta, argi motela ikusten diot gainetik, errauts kolorekoa.
GALILEO: Eta zein eratako argia izan daiteke hori?
SAGREDO: ¿?
GALILEO: Lurrarena da.
SAGREDO: Burugabekeria da hori. Nola eman dezake argia Lurrak, bere mendi, baso eta urekin, gorputz hotz batek?
GALILEO: Ilargiak bezala. Astro biak daudelako Eguzkiak argiturik, horregatik distiratzen dute. Guretzat Ilargia dena gara gu Ilargiarentzat. Eta berak ikusten gaitu batzuetan igitaia bezala, beste batzuetan borobil erdia bezala, beste batzuetan betea eta beste batzuetan ez gaitu ikusten.
SAGREDO: Orduan ez litzateke desberdintasunik izango Ilargia eta Lurraren artean?
GALILEO: Dirudienez ez.
SAGREDO: Hamar urte ez dira oraindik Erroman gizon bat erre zutena. Giordano Bruno zuen izena, eta horixe bera baieztatu zuen.
GALILEO: Horixe bera. Eta gu ikusten ari gara. Ez kendu begia tutu horretatik, Sagredo. Lurra eta Zeruaren artean desberdintasunik ez dagoela ikusten ari zara. 1610eko urtarrilaren 10 da gaur. Gizadiak bere egunerokoa idazten du: Zerua deuseztaturik geratu da.
SAGREDO: Ikaragarria da.
GALILEO: Beste gauza bat aurkitu dut. Oraindik harrigarriagoa agian.
SARTI ANDREA: (Sartzen da.) Idazkari jauna.
IDAZKARIA: (IDAZKARIA arinki sartzen da.) Barkatu beranduko ordua. Zurekin bakarka hitz egitea eskertuko nizuke.
GALILEO: Priuli jauna, Sagredo jaunak nik entzun behar dudan guztia entzun dezake.
IDAZKARIA: Baina agian ez zaizu atsegin izango jaun honek gertatu dena jakiterik. Zoritxarrez, guztiz gauza sinestezina.
GALILEO: Badakizu? Sagredo jauna ohituta dago nire aurrean gauza sinestezinak aurkitzen.
IDAZKARIA: Beldur naiz... (Anteojua erakutsiz.) Hemen dago traste ospetsua. Berehala bota dezakezu. Ez du ezer balio, ezer ere ez.
SAGREDO: (Bueltaka urduri egon dena.) Zergatik?
IDAZKARIA: Ba al dakizu, zuk hamazazpi urte luzeko ikerketen ondoriotzat aurkeztu duzun asmakizun hori, Italiako bazter guztietan aurki daitekeela ezkutu batzuen ordez? Eta Holandan egina hain zuzen ere! Une hauetan, holandar untzi bat ari da bostehun anteoju portuan husten!
GALILEO: Benetan?
IDAZKARIA: Ez dut zure lasaitasuna ulertzen jauna.
SAGREDO: Baina zerk arduratzen zaitu? Utz iezadazu esaten tresna honen bidez. Galilei jaunak Unibertsoari buruzko aurkikuntza iraultzaileak egin dituela gaur bertan.
GALILEO: (Barreka.) Begira dezakezu zeuk ere, Priuli.
IDAZKARIA: Ba, utz iezadazu esaten nahiko dudala zirtzileria honegatik Galilei jaunari soldata bikoiztu dion gizona naizelako asmakizuna egiteaz. Kasualitate hutsa da, hemen bakarrik egin daitekeen zerbait lortu dutela uste duten Signoriako jaunek, lehen begirada batean, saltzaile ibiltari bat ez ikustea, aurreneko txokoan, honelako tutu bat saltzen ogi zati baten ordainetan.
(GALILEO barre algaraka.)
SAGREDO: Priuli jaun maitea, baliteke nik ezin neurtzea tresna horren merkatu balioa, baina Filosofiarako duen balioa hain da handia eze...
IDAZKARIA: Filosofiarako! Zein zerikusi du Galilei jaunak, matematikoa izaki, Filosofiarekin? Galilei jauna, aspaldian ur-ponpa egokia asmatu zenuen hirirako, eta bere ureztatze sistema oso ondo dabil. Ehuleek ere biziki ospatzen dute zure tresna hori, nolatan itxaron behar nuen honelakorik?
GALILEO: Ez joan hain arin, Friuli. Itsasbideak luze, ziurtasunik gabeak eta garestiak dira. Halako erloju zehatza behar dugu zeruan. Nabigaziorako gida bat. Orain arrazoi onak ditut, katalejuaz, erregularki mugitzen diren zenbait astro argi hauteman ahal izango ditudala uste izateko. Astronomia karta berriek milioika ezkutu aurrez ditzakete itsasketarako, Priuli.
IDAZKARIA: Utzi hori. Gauza gehiegi entzun dut honezkero. Hire adeitasunaren ordainetan hiritarren barregarri bilakatu nauzu. Baliorik gabeko kataleju batengatik engaina zezaten utzi zuen idazkaritzat gogoratuko naute. Hamaikatxo arrazoi dituzu barre egiteko. Zuk zeure bostehun ezkutuak dituzu. Esan diezazuket hala baina, eta gizon zintzoa da esaten dizuna, mundu honek nazka ematen didala.
(Ate danbada joaz irteten da.)
GALILEO: Haserre bizian dagoenean benetan atsegin egiten zait. Entzun duzu? Negoziorik egin ezin daitekeen munduak nazka ematen dio
SAGREDO: Bazenekien zerbait holandar tresna horiei buruz?
GALILEO: jakina, banuen entzutea. Baina nik askoz hobea egin diet Signoriako zeken horiei. Hola egingo dut lan epaitegiko udaltzaina ikasgelan dudala? Eta Virginiak ezkontza-saria behar izango du laster, ez da oso argia. Eta gainera, atsegin dut liburuak erostea, ez Fisikari buruzkoak soilik, eta gogoko dut ondo jatea ere. Gauzarik gehienak janari on baten aurrean bururatzen zaizkit. Garai ustela da hau! Horiek ez didate ordaintzen bere ardo kupelak ekartzen dizkien zamariari beste. Lau besakada egur Matematika eskola bigatik. Orain bostehun ezkutu ebatsi ahal izan dizkiot, baina zorrak ditut oraindik ere, batzuk duela hogei urte. Ikerkuntzarako bost urte lanik gabe izanda dena frogatuko nukeen! Beste gauza bat erakutsiko dizut oraindik.
SAGREDO: (Dudatan dago katalejuari hurbildu ala ez.) Beldurra eta guzti dut ia, Galilei.
GALILEO: Orain lainoetako bat erakutsiko dizut, esnea bezain distiratsua, Esne Bidearen lainoa... Esan iezadazu zerez osatzen den!
SAGREDO: Izarrak dira, kontaezinak.
GALILEO: Orionen konstelazioan bakarrik bostehun izar finko daude. Horiek dira mundu anitzak, mundu kontaezinak, erre zutenak aipatzen zituen urrutiko astroak. Berak ez zituen Ikusi, baina itxaroten zituen!
SAGREDO: Hala ere, Lurra izar bat balitz ere, oso urrun egongo ginateke oraindik Copernicoren baieztapenetatik, Eguzkiaren inguruan biraka ari dela, alegia. Zeruan ez dago beste baten inguruan biraka dabilen astrorik. Baina Lurraren inguruan Ilargia dabil beti.
GALILEO: Horixe, Sagredo, galdetzen diot nire buruari. Herenegunetik nago galdera bera buruan dudala. Hor dago Jupiter. (Fokatu egiten du.) Tutuaz ikus daitezkeen lau izar txikiago ditu hurbilean. Hik astelehenean ikusi nituen, baina ez nuen bere posizioa zehatz idatzi. Atzo berriro begiratu nuen. Laurak mugitu zirela zin egingo nukeen. Zehaztasunak idatzi nituen orduan. Eta orain, berriro mugitu dira. Baina zer da hau? Uik lau ikusi nituen. (Mugituz.) Begira iezaiozu zeuk!
SAGREDO: Nik hiru ikusten ditut.
GALILEO: Non dago laugarrena? Hemen daude taulak. Egin zitzaketen mugimenduak kalkulatu behar ditugu. (Lanari ekiten diote urduri. Iluntzen du eskenatokian, baina Jupiter eta bere sateliteak ikusten dira oraindik ostertzan). Argitzen hasitakoan, jezarrita jarraitzen dute oraindik bere neguko berokiak soinean.) Egiaztaturik dago. Laugarrena, Jupiterren atzean baino ezin daiteke egon, ikusten ez den tokian. Hor duzu astro bat inguruan beste batzuk biraka dituena.
SAGREDO: Baina eta Jupiter finkaturik dagoen kristalezko esfera?
GALILEO: Bai, non dago orain? Nola egon daiteke Jupiter finko beste astro batzuk bere inguruan biraka ari direnean? Ez dago euskarririk Zeruan, ez dago ezer finkorik Unibertsoan! Jupiter beste Eguzki bat da!
SAGREDO: Lasai zaitez. Arinegi pentsatzen duzu.
GALILEO: Nola arinegi? Mugi zaitez! Ikusi duzuna ez zuen inork ikusi. Arrazoi zuten!
SAGREDO: Nork? Copernicoren kideek?
GALILEO: Eta besteek ere bai! Mundu guztia zegoen bere aurka, baina arrazoi zuten. Hau Andreari interesatuko zaio! (Aterantz doa korrika bere senetik aterata eta dei egiten du.) Sarti andrea! Sarti andrea!
SAGREDO: Galilei, lasai zaitez!
GALILEO: Sagredo esna zaitez! Sarti andrea!
SAGREDO: (Anteojua bira araziz.) Utziko diozu zoroak bezala zarata egiteari?
GALILEO: Utziko diozu bakailaoa bezain geldi egoteari, egia asmatu dugu-eta?
SAGREDO: Ez naiz bakailaoa bezala geratzen, dardarka nago ordea egia izan daitekeela pentsatzeaz.
GALILEO: Zer?
SAGREDO: Sena galdu ote duzu? Benetan ez dakizu zertara arriskatzen zaren ikusten duzun hori egia bada? Eta enparantza guztietan oihukatzen baduzu Lurra izar bat dela eta ez Unibertsoaren gunea?
GALILEO: Bai. Eta ez Unibertso erraldoi guztia, bere astro guztiak eta guzti, gure Lur ñimiñoaren inguruan biraka ari dela, denek uste duten bezala!
SAGREDO: Beraz, astroak baino ez daude!... Eta non dago Jaungoikoa?
GALILEO: Zer esan nahi duzu?
SAGREDO: Jaungoikoa! Non dago Jaungoikoa?
GALILEO: (Sututa.) Hor ez! Lurrean aurkituko ez luketen bezala hor izaki bizidunak izan eta hemen bila ari balira!
SAGREDO: Eta orduan, non dago Jaungoikoa?
GALILEO: Teologoa al naiz apika? Matematikoa naiz.
SAGREDO: Ezer baino lehenago gizakia zara. Eta nik galdetzen dizut: non dago Jaungoikoa zure sistema unibertsal horretan?
GALILEO: Gugan ala inon ere ez!
SAGREDO: (Oihuka.) Sutan erre zutenak esaten zuen bezala?
GALILEO: Sutan erre zutenak esaten zuen bezala!
SAGREDO: Horregatik erre zuten! Hamar urte ere ez dira oraindik!
GALILEO: Ezin izan zuelako ezer frogatu! Baieztatu besterik ez zuelako egin! Sarti andrea!
SAGREDO: Galilei, gizon zuhurtzat hartu zaitut beti. Hamazazpi urtetan zehar Paduan eta hiru urtetan Pisan, eroapen guztiaz irakatsi zenien ehunka ikasleri, Elizak predikatzen duen eta Eliza oinarritzen den Idazki Sainduek baieztaturiko Ptolomeoren sistema. Erratu bidetzat zeneukan, Copernicorekin batera, baina Irakatsi egiten zenuen.
GALILEO: Ezin nuelako ezer frogatu.
SAGREDO: (Sinesgabe.) Eta uste duzu horrek gauzak aldatzen dituela?
GALILEO: Erabat! Begira Sagredo! Fedea dut gizonengan. Eta horrek esan nahi du bere arrazoian dudala fede! Fede hori gabe ez nuke izango goizean ohetik jaikitzeko indarrik.
SAGREDO: Orduan zera esango dizut: nik ez dut federik beraiengan. Berrogei urtek gizonen artean erakutsi didate behin eta berriro ez direla arrazoirako gai. Erakutsiezu kometaren isats gorria, sar iezaiezu zentzugabeko beldurra eta bere etxeetatik korrika ateratzen eta hankak hausten ikusiko dituzu. Baina esaiezu arrazoizko zerbait eta froga iezaiezu zazpi argudio erabilita eta iseka egingo dizute.
GALILEO: Hori gezurra da erabat eta gezur beltza. Ez dut ulertzen nola hori sinesturik maita dezakezun Zientzia. Milak bakarrik uzten dituzte hain epel arrazoiek!
SAGREDO: Nola nahas dezakezu bere zuhurtzi errukarria arrazoiaz?
GALILEO: Ez naiz bere zuhurtziaz ari. Badakit astoari zaldi esaten diotela saltzerakoan eta zaldiari asto erosi nahi dutenean. Hori da bere zuhurtzia. Gauean, bidaian atera baino lehenago, bere esku ihartuaz mandoari, belar azao bat gehiago ematen dion atsoa, jakiak erosterakoan, ekaitza eta barealdia kontutan dituen itsasgizona, euria egin dezakeela erakusten zaionean txapela jazten duen umea, horiek dira nire itxaropena, arrazoiak aintzat hartzen dituzte denok. Bai, fedea dut gizonengan arrazoiak eragiten duen indar eztian. Luzaroan ezin diote aurka egin. Inork ezin dezake luzaroan ikusi nola uzten dudan harri bat jausten —(harri bat jausten uzten du)— eta nola esaten dudan era berean ez dela jausten. Inor ez da horretarako gai. Froga batek darion lilura handiegia da. Gehienek etsi egiten dute horren aurrean, eta azkenean denek. Pentsatzea gizakiaren gozamenik handienetako bat da.
SARTI ANDREA: Behar duzu zerbait, Galilei jauna?
GALILEO: (Berriz anteojutik begira eta zehaztasunak idazten ari dela, oso era atseginez.) Bai, Andrea behar dut.
SARTI ANDREA: Andrea? Ohean dago, lo.
GALILEO: Ezin duzu esnatu?
SARTI ANDREA: Zertarako behar duzu?
GALILEO: Poztuko duen zerbait erakutsi nahi diot. Lurra Lur denez geroztik gutaz gain beste gizonik oraindik ikusi ez duen zerbait ikusi behar du.
SARTI ANDREA: Zeure tutuarekin zerikusia duen zerbait berriz ere?
GALILEO: Nire tutuarekin zerikusia duen zerbait, Sarti andrea.
SARTI ANDREA: Eta horretarako iratzarri behar dut gauerdian? Zeure onean al zaude? Lo egin behar du. Ez dut esnatuko.
GALILEO: Benetan ezetz?
SARTI ANDREA: Ezetz, benetan.
GALILEO: Sarti andrea, orduan lagun nazakezu agian. Hara, arazo bat sortu da, eta ezin dugu horretan ados jarri, liburu gehiegi irakurri ditugulako ziur asko. Zeruari buruzko arazoa da, astroei buruzko arazoa. Hauxe da arazoa: pentsa daiteke handia txikiaren inguruan ari dela biraka ala txikia handiaren inguruan?
SARTI ANDREA: (Fidagaitz) Zurekin ez da inoiz jakiten zeri eutsi, Galilei jauna. Galdera serioa da ala nitaz barre egiteko asmoa duzu berriro?
GALILEO: Galdera serioa da.
SARTI ANDREA: Orduan laster izango duzu erantzuna. Janaria nik zerbitzatzen dizut zuri ala zuk zerbitzatzen didazu niri?
GALILEO: Zuk zerbitzatzen didazu niri. Atzo pixka bat erre zitzaizun.
SARTI ANDREA: Eta zergatik erre zen? Bazkaria egiten ari nintzela zapatak ekarri behar izan nizkizulako. Ez al nizkizun zapatak ekarri?
GALILEO: Litekeena da.
SARTI ANDREA: Zeu zara ikasi duena eta ordain dezakeena.
GALILEO: Ulertzen dut. Ulertzen dut funtsean ez dagoela arazorik. Egunon, Sarti andrea.
(SARTI ANDREA joan egiten da, jostari.)
Eta hau al da egia uler ezin zezakeen jendea? Berehala harrapatzen dute!
(Kanpai bat goizeko otoitza jotzen hasi da. VIRGINIA sartzen da berokia jantzita, farola du eskuan.)
VIRGINIA: Egunon, aita.
GALILEO: Zergatik zaude jalkita hain goiz?
VIRGINIA: Goizeko otoitza egitera noa Sarti andrearekin. Ludovico ere etorriko da. Bolakoa izan da gaua, aita?
GALILEO: Argia.
VIRGINIA: Begira dezaket?
GALILEO: Zertarako? (VIRGINIAk ez daki zer erantzun.) Ez da jostailu bat.
VIRGINIA: Ez, aita.
GALILEO: Beste alde batetik, tutu hori etsigarria da, laster entzungo duzu esaten alde guztietatik. Hiru ezkuturen ordainean saltzen dute kaleetan eta Holandan asmatua zegoen jadanik.
VIRGINIA: Ez duzu berarekin ezer berririk ikusi Zeruan?
GALILEO: Ez interesatzen zaizun ezer. Mantxatxo lauso batzuk besterik ez izar handi baten ezkerraldean, arreta deitu behar dut nolabait horien gainean. (SAGREDOri hitz egiten bere ALABAren gainetik:) “Medicea Izarrak” deituko ditut agian, Elorentziako Duke Gorenaren omenez. (VIRGINIAri berriro) Jakin behar duzu, Virginia, ziur asko Florentziara joango garela. Gutun bat idatzi dut ea Duke Gorenak bere Gortean hartzen nauen matematikotzat.
VIRGINIA: (Pozarren.) Bere Gortean?
SAGREDO: Galilei!
GALILEO: Adiskide maitea, lasaitasuna behar dut. Frogak behar ditut. Eta lapikoa haragiz betea nahi dut. Eta lan hori lortzen badut ez diet banakako ikasleei Ptolomeoren sistema buruan sartu behar izango, aitzitik astia nahiko izango dut, astia, astia, astia! Frogak biltzeko, oraingoz ditudanekin ez baita nahikoa. Hori ez da ezer, eraiketa ziztrina! Horrekin ezin naiz mundu guztiaren aurrean aurkeztu. Oraindik ez dago froga bat ere zerutar gorputz batek Eguzkiaren inguruan bira egiten duela erakusten duenik. Baina nik horren frogak erakutsiko ditut, mundu guztiarentzako frogak, Sarti andrearengandik eta Aita Santuarenganaino. Gorteak ez onartzea da nire ardura bakarra.
VIRGINIA: Jakina onartuko zaituztela, aita, izar berriak eta guztiarekin.
GALILEO: Zoaz zeure mezatara.
(VIRGINIA irteten da.)
SAGREDO: Gutxitan idazten dizkiet gutunak hiritar ospetsuei. (Gutun bat ematen dio SAGREDOri.) Uste duzu ondo dagoela?
(Ozenki irakurtzen du GALILEOk emandako gutunaren bukaera.) “Berorren Gorentasunarengandik, aro berri hau argituko duen eguzki jaioberriarengandik hurbil egotea besterik ez dut itxaro”. Florentziako Duke Gorenak bederatzi urte ditu.
GALILEO: Hala da. hire gutunari apalegi deritzozula uste dut. Nahiko apala ote den kezka dut, eta ez ote den formalegia, benetako otzantasuna falta balitzaio bezala. Aristoteles demostratzeko ohorea izan duenak gutun neurritsua idatz dezake, baina ez nik. Ni bezalako gizonak sabela gainean arrastaka eginez baino ez dezake lor hala moduz duineko den lana. Eta badakizu mesprezua diodala sabela betetzeko gai den burua ez duen edozeini.
(SARTI ANDREA eta VIRGINIA gizon bien ondotik igaro eta mezatara doaz.)
SAGREDO: Ez zaitez Florentziara joan, Galilei.
GALILEO: Zergatik ez?
SAGREDO: Han fraideek agintzen dutelako.
GALILEO: Florentziako gortean izen handiko jakintsuak daude.
SAGREDO: Lekaioak.
GALILEO: Burutik oratu eta anteojuraino eramango ditut narraz. Gizonak dira apaizak ere, Sagredo. Eurek ere amore ematen diote frogen lilurari. Copernicok, ez ahaztu hori, bere kalkuluetan sinesteko eskatu zien, nik bere begiei sinesteko baino ez diet eskatuko. Egia ahulegia denean bere burua babesteko, erasoari ekin behar dio. Burutik oratu eta anteoju horretatik begiratzera behartuko ditut.
SAGREDO: Galilei, bide lazgarriari ekiten ikusten zaitut. Gizonak egia ikusten duenean, zorigaitzezko gauari ematen zaio hasiera. Eta itsukeria une bati, gizakiaren arrazoian sinesten duenean. Hortaz esaten da begiak irekita egiten duela aurrera? Bere hondamendira doanaz. Nola utziko liokete ahaltsuek egia ezagutzen duenari aske ibiltzen, nahiz eta izarrik urrutikoenei buruzko egia izan! Uste duzu Aita Santuak zure egia entzungo duela erratuta dagoela esaten badiozu, erraturik dagoela ere entzun gabe? Uste duzu bere egunerokoan idaztera mugatuko dela: 1610eko urtarrilak 10, Zerua indargabetua izan da? Nola nahi dezakezu Errepublikatik alde egin, zure egia poltsikoan duzula, zure tutu hori eta guzti printze eta fraideen trikimailuetan jausteko? Zeure Zientzian hain mesfidatia izanik ere, umea bezain sinesbera zara haren azterketa erraztuko dizula deritzozun guztiaz. Ez duzu Aristotelesengan sinesten baina bai Florentziako Duke Gorenarengan. Lehenago anteojua eskuan ikusi zaitudanean, izar berri horiek begiratzen, zure oinak egur kartsuen gainean ikusten nituela iruditu zait, eta frogetan sinesten zenuela esan duzunean, haragi errearen sunda . Zientzia maite dut, baina maitasun handiagoa dizut zuri, adiskide. Ez zaitez Florentziara joan, Galilei!
GALILEO: Onartzen banaute, joan egingo naiz.
(Oihal batean gutunaren azken orria ageri da.)
“Aurkitu ditudan azken Izarrei Medicis Etxearen izen entzutetsua ematean, jakitun naiz Jainko eta heroien izenak zeru izartsura jasotzeak aintzatu dituela, baina oraingoan, aldiz, Medicis-tarren izen ospetsua izango da izarroi betiko oroimena emango diena. Nire aldetik, Berorren Gorentasunaren eskuetan jartzen dut neure burua, berorren zerbitzaririk fidelenetako eta sutsuenetako bezala, ohorerik handienetakoa legez hartzen duena berroren meneko jaio izana. Berorren Gorentasunarengandik hurbil egotea baino ez dut nahi, aro hau argituko duen eguzki berri hori”.