Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
[aurkibidea]

 

1

GALILEO GALILEIK,
MATEMATIKA IRAKASLE PADUAN,
COPERNICOREN SISTEMA UNIBERTSALAREN
BALIOTASUNA ERAKUTSI NAHI DU.

 

 

Mila seiehun eta bederatzigarren urtean

Paduan, etxetxo apalean

Zientziaren argiak liluratu egiten gintuen.

Galileo Galileik kalkuluak egiten zituen

Eguzkia mugitzen ez dela eta

Lurrak grabitatu egiten duela.

 

 

 

GALILEOren gela apala Paduan. Goizean goiz. Mutiko batek, ANDREAk, etxeko giltzariaren semeak, edalontzi bete esne eta ogitxo bat dakar.

 

GALILEO: (Bular aldea garbitzen ari da bafada alaiak eginez.) Utzi esnea mahai gainean, baina ez itxi libururik.

ANDREA: Esne saltzaileari ordaindu behar diogula esan du amak. Bestela, etxearen inguruan biraka hasiko da laster, Galilei jauna.

GALILEO: Esan hobeto zirkulua osatuko duela, Andrea.

ANDREA: Zeuk esan bezala. Ez badiogu ordaintzen, zirkulua osatuko du gure inguruan, Galilei jauna.

GALILEO: Epaitegiko udaltzaina aldiz, Cambione jauna, zuzen eta artez etorriko duk gugana, eta zein marra mota aukeratuko dik puntu biren artean?

ANDREA: (Imintzio eginez.) Laburrena.

GALILEO: Ederto. Gauza bat erakutsiko diat. Begira ezak astronomia taulen atzean.

 

(ANDREAk Ptolomeoren sistemaren modelo bat ateratzen du taulen atzealdetik.)

 

ANDREA: Zer da hau?

GALILEO: Astrolabio bat; traste horrek erakusten dik, antzinakoen ustetan, nola ari diren astroak Lurraren inguruan biraka.

ANDREA: Nola?

GALILEO: Aztertu egin behar diagu. Lehenengo lehenengokoa: deskribapena.

ANDREA: Erdian harritxo bat dago.

GALILEO: Lurra duk.

ANDREA: Bere inguruan, elkarren gainean, eraztunak daude.

GALILEO: Zenbat?

ANDREA: Zortzi.

GALILEO: Kristalezko esferak dituk.

ANDREA: Eraztunetan bolatxoak daude itsatsita...

GALILEO: Astroak.

ANDREA: Eta hor hitzak idatzirik dituzten xingolak daude.

GALILEO: Zein hitz?

ANDREA: Izarren izenak.

GALILEO: Adibidez?

ANDREA: Beheko bolatxoa Ilargia da, hori jartzen du. Eta gainean Eguzkia dago.

GALILEO: Eta orain Eguzkia mugiaraz ezak.

ANDREA: (Eraztunak mugiarazten ditu.) Polita da. Baina hain Itxita gaude...

GALILEO: (Bular aldea lehortuz.) Bai, horixe bera sentitu nian tramankulu hori lehenengoz ikusi nuenean. Batzuei horrela gertatzen zaiguk. (ANDREAri botatzen dio esku-oihala bizkarra lehor diezaion.) Harresiak, eraztunak eta gelditasuna! Bi mila urtetan zehar Gizadiak uste izan zian Eguzkia eta gainontzeko izar guztiak bere inguruan biraka ari zirela. Aita Santuak, kardinalek, printzeek, jakintsuek, kapitainek, merkatariek, arrain saltzaileek eta ikasleek kristalezko esfera horretan geldi zeudela uste zitean. Baina orain gu irten egingo gaituk, Andrea, bidaia handi bat egiteko. Garai zaharrak igaro direlako eta orain aro berri bat delako. Azken ehun urtetan Gizadia zerbait itxaroten balego bezala duk.

            Hiriak txikiak dituk, eta buruak ere bai. Sineskeria eta izurritea. Baina orain zera esaten duk: gauzak horrela izateak ez dik esan nahi horrela jarraitu behar dutenik. Dena mugitzen baituk, laguna.

            Hau guztia itsasontziekin hasi zela pentsatzea atsegin diat. Antzina-antzinako garaietatik, gizonak kostaldetan zehar arrastaka aritu baino ez zian egin, baina halako batean utzi egin zitean eta Itsasoak zeharkatzen hasi huen.

            Gure kontinente zahar honetan zurrumurru bat zabaldu duk: beste kontinente batzuk ere badituk. Eta, gure itsasontziak haietara jotzen dutenetik, bazter guztietatik esaten duk, barreka ari diren kontinenteetan, itsaso handi eta izugarri hori putzu txikia baino ez dela. Eta gauza guztien zergatiak aztertzeko gogo handia zegok: zergatik erortzen den eskutik askatzen den harria eta nola igotzen den zerurantz jaurtikitzen denean. Egunero asmatzen duk zerbait. Ehun urtekoek ere, asmatu den berrikuntza belarrira oihukatzeko eskatzen ditek gazteei.

            Gauza asko asmatu dituk honezkero, baina asmatzeko gehiago zeudek. Eta horrela egin behar izango ditek belaunaldi berriek ere.

            Sienan, gaztetan, Ikusi nian etxegintzan ari ziren langile batzuk bost minututan eztabaidatu ondoren granitozko bloke handiak mugitzeko era zaharra soken antolakuntza berri eta zentzuzkoagoagatik aldatzen. Han eta orduan jakin nian: garai zaharrak amaituak hituen eta berri bat hasten zuan. Laster jakingo dik Gizadiak zer gertatzen den bere etxeaz, bizi den izarraz. Liburu zaharrek diotena ez duk nahikoa izango.

            Mila urtetan fedea gailendu zen tokian, hantxe bertan, zalantza nagusitu baituk. Mundu guztiak esaten dik: bai, liburuetan zetorrek hori, baina ikus dezagun geure kabuz. Egiarik goretsienei txaloak jotzen zaizkiek bizkarrean; sekula ere zalantzan jarri ez zen hura kezkatan jartzen duk gaur.

            Horrela printzeen eta prelatuen urrez brodaturiko soinekoak ere jasotzen dituen haize korrontea sortu duk, eta hankak ikusten zaizkiek azpitik, lodiak ala argalak, geure hankak bezalako hanka batzuk. Zeruak, ikusi den bezala, hutsik zeudek. Eta barre zantzoka lehertu dituk.

            Baina Lurreko urak errota goru berriak mugiarazten ditik, eta untzitegietan, eta soka eta untzi-oihal lantegietan, bostehun esku mugitzen ari dituk era batera eta antolaketa berri batez.

            Gu hil baino lehenago, azoketan ere astronomiaz hitz egiten entzungo dugula iragartzen diat nik. Arrain saltzaileen seme-alabak ere eskolara joango dituk. Geure hirietako gizonek, berrikuntzez irrikitzen, Lur gainean astronomia berri bat mugitzen has dadin atsegin izango baitute. Beti esan ohi duk astroak finko loturik zeudela kristalezko ganga batean jaus ez zitezen. Orain indar berriak hartu eta aske utzi dizkiagu hegan flotatuz, euskarririk gabe, eta bidai luzea hasi ditek, geure itsasontziek bezala.

            Eta Lurra biraka ari duk alai Eguzkiaren inguruan, eta arrain saltzaileak, merkatariak, printzeak eta kardinalak, eta Aita Bantuak ere, berarekin batera ari dituk biraka.

            Unibertsoak aldiz, galdu egin dik bere erdigunea gau batean, eta hurrengo goizean kontaezinak zituan bere erdiguneak. Horrela denek eta batek ere ez diate ematen erdigune hori, bat-batean leku handia dagoelako.

            Gure itsasontziak urrutira doazkik, gure astroak bira handiak ematen dizkiate espazioan eta xake jokoan ere dorreak askoz ere harantzago doazkik oraintsu arlo guztietan.

            Hola ziok poetak? “Oi egunabar goiz hori...”.

ANDREA: “Oi hasierako egunabar goiz hori!

                        Kostalde berrietatik heltzen den

                        Haize bolada!”

                        Eta zuk esnea hartu behar duzu, laster jendea etorriko delako berriro.

GALILEO: Bitartean, ulertu duk atzo esanikoa?

ANDREA: Zer? Kippernico eta bere jira-bira haiena?

GALILEO: Bai.

ANDREA: Ez. Zergatik nahi duzu neuk ulertzea? Oso zaila da, eta urrian hamaika urte baino ez ditut beteko oraindik.

GALILEO: Horrexegatik, hain zuzen ere, horrexegatik nahi diat ulertzea. Ulertua izan dadin lan egiten diat nik eta erosten dizkiat hain garestiak diren liburu horiek, esne saltzaileari ordaindu beharrean.

ANDREA: Baina nik eguzkia, arratsaldean, goizean egon ez den tokian dagoela ikusten dut. Horregatik ezinezkoa da geldirik egotea! Sekula ere ezi.

GALILEO: Hik ikusten duk! Zer ikusten duk? Ez duk ezer ikusten. Begiak zabal-zabal ireki baino ez duk egiten. Begiak zabal-zabal irekitzea ez duk ikustea. (Gelaren erdian konketaren burdinazko euskarria jartzen du.) Hau Eguzkia duk. Jezarri. (ANDREA jezarri egiten da aulkian, GALILEO bere atzean geratzen da zutik.) Hon zegok Eguzkia, hire ezkerrera ala hire eskuinera?

ANDREA: Hire ezkerrera.

GALILEO: Eta nola hel zitekek eskuinera?

ANDREA: Zeuk eramaten baduzu, jakina.

GALILEO: Horrela baino ez? (Jaso egiten du aulki eta guzti eta bira erdia ematen dlo.) Mon zegok orain Eguzkia?

ANDREA: Hire eskuinera.

GALILEO: Eta mugitu duk?

ANDREA: Ez.

GALILEO: Hor mugitu duk?

ANDREA: Heu.

GALILEO: (Oihuka.) Gezurra! Tentel hori! Aulkia!

ANDREA: Eta ni berarekin!

GALILEO: Jakina. Aulkia Lurra duk. Eta hi bere gainean hago.

SARTI ANDREA: (Ohea egiten sartu da.) Zer egiten ari zatzaizkio nire semeari, Galilei jauna?

GALILEO: Ikusten erakusten diot, Sarti andrea.

SARTI ANDREA: Gelan zehar leku batetik bestera eramanda?

ANDREA: Utzi, ama. Zuk ez duzu ulertzen.

SARTI ANDREA: Ez, e? Eta hik bai, ezta? Ikasgaiak hartu nahi dituen zaldun gazte bat dago. Oso ondo jantzita eta gomendio gutun bat eskuan. (Eman egiten dio.) Azkenean nire Andreak bi eta bi bost direla esatea lortuko duzu. Zuk esandako guztia nahasten du. Atzo gauez, Lurra Eguzkiaren inguruan biraka ari dela erakutsi zidan. Sinestuta dago Kippernico izena duen jaun batek horrela kalkulatu duela.

ANDREA: Ez du ba Kippernicok kalkulatu, Galilei jauna? Esaiozu zeuk!

SARTI ANDREA: Hola? Benetan kontatzen dizkiozu halako astakeriak? Gero eskolan esan ditzan eta eklesiastiko jaunak nigana etor daitezen santutasun urriko gauzak baino ez dituelako esaten. Lotsatu behar zenuke, Galilei jauna.

GALILEO: (Gosaltzen.) Geure Ikerketetan oinarrituz, Sarti andrea, Andreak eta biok, eztabaida gogorren ostean, munduari gehiagotan ezkutatu ezin dizkiogun aurkikuntzak egin ditugu. Aro berri bat hasi da, sekulako garaia, zeinetan bizitzea plazer hutsa izango baita.

SARTI ANDREA: Ba oso ondo. Ea aro berri horretan esne-saltzaileari ordaindu ahal diogun, Galilei jauna. (Gomendio gutuna erakutsiz.) Ez ezazu berriz ere bidali, egidazu mesede hori gutxienez. Pentsa ezazu esne-saltzaileari zor diogunaz. (Irteten da.)

GALILEO: (Barreka.) Utz iezadazu esnea hartzen behintzat!..; (ANDREAri.) Zerbait ulertu genian atzo, beraz!

ANDREA: Berari bakarrik esan nion, harriturik uzteko. Baina ez da egia. Zuk aulkia baino ez duzu mugitu, eta ni berarekin batera, bere gunearen inguruan eta alde batera, eta ez honela. (Besoaz aurreranzko mugimendua egiten du.) Bestela jausi egingo nintzatekeen, jakina. Zergatik ez du aulkiak aurreranzko birarik egin? Orduan ikusiko litzatekeelako ni ere Lurretik jausiko nintzatekeela berak horrelako birarik egingo balu. Ikusten duzu, ba.

GALILEO: Baina nik erakutsi egin diat...

ANDREA: Eta nik gaur gauean ulertu dut Lurrak-horrelako birarik egingo balu gauez, ni buruz behera zintzilika egongo nintzatekeela, eta hori horrela da.

GALILEO: (Mahai gainetik sagar bat hartuz.) Hara, hau Lurra duk.

ANDREA: Ez erabili horrelako adibiderik, Galilei jauna. Horrela betl irabazten duzu.

GALILEO: (Sagarra berriro utziz.) Ondo duk.

ANDREA: Adibideekin beti irabaz daiteke argia izanez gero. Baina nik ezin dezaket nire ama aulki batean jaso zuk nirekin egiten duzun bezala. Horregatik ez da adibide ona. Eta zer gertatuko litzateke sagarra Lurra balitz? Ez litzateke ezer gertatuko.

GALILEO: (Barreka.) Gertatzen dena duk, hik ez duala jakin gura.

ANDREA: Har ezazu berriro. Zergatik ez litzateke gauez buruz behera zintzilik geratuko?

GALILEO: Beraz, hau duk Lurra eta hemen hago hi. (Zotza sartzen dio sagarrari.) Eta orain Lurra biraka ari duk.

ANDREA: Eta orain berriro nago ni buruz behera.

GALILEO: Zer? (Berriro ere bira ematen dio sagarrari.) Ez ote zegok toki berberean? Ez ditek oinek behean jarraitzen? Zutik jarraituko al huke honela biraraziz gero? (Zotza atera eta bira eginarazten dio.)

ANDREA: Ez. Eta zergatik ez naiz konturatzen biraka ari denik?

GALILEO: Berarekin batera ari haizelako biraka! Hi eta hire gainean dagoen airea eta esferaren gainean dagoen guztia.

ANDREA: Eta zergatik ematen du eguzkia mugitzen ari balitz bezala?

GALILEO: (Sagarra biraka jartzen du berriro zotza eta guzti.) Hara, hire azpian Lurra ikusten duk, berdin jarraitzen dik, beti zegok azpian eta, hiretzat, ez duk mugitzen. Baina orain begira ezak gora. Orain argia duk buru gainean, baina zer duk buru gainean, hau da, goian, birarazten bahaut?

ANDREA: (Bira jarraitzen du.) Berogailua.

GALILEO: Eta non zegok argia?

ANDREA: Behean.

GALILEO: Hori duk!

ANDREA: Hori OSO ondo dago, txundituta utziko du.

 

(LUDOVICO Marsili, gizon aberatsa sartzen da.)

 

GALILEO: Etxe honek usategia dirudi.

LUDOVICO: Egunon, jauna. Ludovico Marsili dut izena.

GALILEO: (Aurkezpen gutuna aztertuz.) Holandatik al zatoz?

LUDOVICO: Zutaz askotan entzun dut bertan hitz egiten, Galilei jauna.

GALILEO: Zure familiak lurrak ditu Canpanian?

LUDOVICO: Nire amak munduan zer pasatzen zen eta hori guztia pixka bat ikus nezan nahi zuen.

GALILEO: Eta Holandan, esaterako, Italian neu nintzela gertatzen zela entzun zenuen?

LUDOVICO: Eta nire amak zientzietan zer gertatzen zen ikus nezan nahi zuenez...

GALILEO: Banakako eskolak: hamar ezkutu hilean.

LUDOVICO: Oso ondo, jauna.

GALILEO: Zer interesatzen zaizu?

LUDOVICO: Zaldiak.

GALILEO: Hara!

LUDOVICO: Hik ez daukat zientzietarako bururik, Galilei jauna.

GALILEO: Hara. Orduan, hamabost ezkutu izango dira.

LUDOVICO: Oso ondo, Galilei jauna.

GALILEO: Oso goiz eman behar dizut klasea. Kaltetua heu izango haiz, Andrea. Alde batetara utzi behar haut, jakina. Ulertzen duk, ezta? Nik ez duk ezer ordaintzen.

ANDREA: Banoa. Eraman dezaket sagarra?

GALILEO: Bai.

 

(ANDREA badoa.)

 

LUDOVICO: Egonarria behar izango duzu nirekin. Batez ere, zientzietan beti delako dena zentzuak esaten duenaren kontrakoa. Hor duzu, adibidez, Amsterdamen saltzen duten tutu berezi hori. Zehazki aztertu dut. Narruzko kutxa bat eta lente bi, bat honelakoa —(lente ahurra marrazten du keinu batez)— eta bestea horrelakoa —(lente ganbila irudikatzen du)— Batek handitu eta besteak txikitu egiten duela diote, eta zentzudun edozeinek uste izango luke neutralizatu egiten direla. Gezurra. Traste horrekin bost bider handiago ikusten dira gauzak. Hori da bere zientzia.

GALILEO: Bost bider handiago ikusten dela?

LUDOVICO: Elizetako dorreak, usoak, urrun dagoen guztia.

GALILEO: Zuk zeuk ikusi al dituzu elizetako dorre horiek handituta?

LUDOVICO: Bai jauna.

GALILEO: Eta tutuak lente bi zituela diozu? (Marrazki bat egiten du paper zati baten.) Honelako itxura al zuen? (LUDOVICOk baietz egiten du.) Noiz asmatu zen hori?

LUDOVICO: Ni Holandatik atera baino egun batzuk lehenago uste dut, azokan behintzat ez zen lehenago ikusi.

GALILEO: (Ia lagunkoi.) Eta zergatik izan behar du Fisikak? Zergatik ez zaldi hazkuntza?

 

(SARTI ANDREA sartzen da GALILEO konturatu gabe.)

 

LUDOVICO: hire amak beharrezkoa dela uste du zientzia apur bat. Gaur egun mundu guztiak edaten du bere ardoa zientziaz, ezta?

GALILEO: Berdin-berdin aukera zenezake hizkuntza hil bat ala Teologia. Errazagoa da. (SARTI ANDREA ikusten du.) Ongi da, zatoz astearte goizez.

 

(LUDOVICO badoa.)

 

            Ez begiratu horrela. Onartu egin dut.

SARTI ANDREA: Une egokian ikusi nauzulako. Unibertsitateko Idazkaria kanpoan da.

GALILEO: Esaiozu sartzeko, pertsona garrantzitsua da eta. Horrek oso ezkutu esan nahi du, agian. Orduan ez nuke banakako ikaslerik behar.

 

(SARTI ANDREAk sartzeko adierazten dio IDAZKARIAri. GALILEOk jazten bukatzen du paper zati batean zenbaki batzuen zirrimarrak egiten dituen bitartean.)

 

            Egunon, utz iezadazu ezkutu erdia. (SARTI ANDREAri ematen dio IDAZKARIAri zorrotxo batetik ateratako txanpona.) Sarti andrea, bidal ezazu Andrea optikoarengana lente biren bila; hemen daude neurriak.

 

(SARTI ANDREA irteten da papera hartuta.)

 

IDAZKARIA: Soldata 1.000 ezkututara igotzeko egin zenuen eskabideaz hitz egitera nator. Zoritxarrez, ezin naiz Unibertsitatean horren alde jarri. Zuk badakizu matematika ikasketek ez dituztela ikasleak unibertsitatera ekartzen. Nolabait esateko, Matematikak ez dira oso arte irabazizkoak. Eta ez da izango Errepublikak ez dituelako biziki estimatzen. Ez dira Filosofia bezain beharrezko, ezta Teologia bezain baliagarri, baina ezagutzen dituenari sekulako poztasunak ematen dizkiote!

GALILEO: (Bere paper gainean makurturik.) Lagun maitea, ezin dut 500 ezkuturekin konpondu.

IDAZKARIA: Baina, Galilei jauna, zuk bi aldiz ematen duzu eskola astean ordu bi. Zeure ospe Itzelak nahi dituzun ikasle guztiak ekarriko dizkizu, banakako eskolak ordain ditzaketenak. Ez dituzu banakako ikasleak?

GALILEO: jauna, gehiegi ditut! Eskola eman baino ez dut egiten eta noiz ikasiko dut nik? Jainkoarren, gizona! Ni ez naiz orojakilea, Filosofia Fakultateko jaun horiek bezala. Tentela naiz. Ez dut ulertzen ezertxo ere. Horregatik, behartuta nago nire jakituriaren hutsuneak betetzen. Eta noiz egin behar dut? Noiz ikertuko dut? Nire zientzia jakiteko egarri dal Arazorik nagusienei buruz hipotesiak baino ez ditugu gaur egun. Baina frogak eskatzen dizkiogu geure buruari. Eta nola egin dezaket aurrera, bizitzeko, ordain dezakeen artaburu guztiari sartu behar badiot buruan paraleloki dauden marra bik infinituan baino ez dutela elkar jotzen?

IDAZKARIA: Ez ahaztu Errepublikak, agian, ez duela zenbait Printzek bezainbeste ordainduko, baina horren ordez ikertzeko askatasuna bermatzen duela. Paduan protestanteak ere baditugu entzule legez! Eta doktore agiria ematen diegu! Cremonini jauna ez bakarrik ez genuen Inkisizioaren esku utzi, frogatu zitzaigunean, frogatu zitzaigun, Galilei jauna, erlijioaren aurkako aldarrikapenak egiten zituela, baizik eta soldata igoera ere eman genion. Holandan ere badakite Venezia dela Inkisizioak ahorik zabaltzen ez duen Errepublika. Eta horrek bere balioa ere badu zuretzat, astronomoa izaki, hau da, aspaldidanik, Elizaren aginduak betetzen ez diren sail batean ari baitzara!

GALILEO: Giordano Bruno Erromara eraman zenuten. Copernicoren teoria zabaltzen zuelako.

IDAZKARIA: Ez Copernicoren teoria zabaltzen zuelako, faltsua bestalde, baizik eta ez zelako veneziarra eta ez zuelako hemen lekurik. Beraz bazter dezakezu errea. Bidenabar, askatasun guztia izanik ere, komenigarria da lau haizetara ez oihukatzea Elizaren anatema zehatza jasan duen izena, hemen ere ez, hau da, ezta hemen ere.

GALILEO: Pentsakera askatasunarekiko duzuen babesa negozio polita da, ez da hala? Beste toki batzuetan Inkisizioa nagusi dela eta erre egiten duela gogoratzean, irakasle on eta merkeak lortzen dituzue. Inkisizioaren aurrean eskaintzen duzuen babesaren ordainean soldata txikiagoak ordaintzen dituzue.

IDAZKARIA: Ez da bidezkoa! Ez da bidezkoa! Zertarako nahi zenuke ikertzeko munduan den asti guztia izatea Inkisizioko edozein fraile ez-jakintsuk zeure ideiak debeka balitza besterik gabe? Ez da arrosarik arantzarik gabe, ezta printzerik frailerik gabe, Galilei jauna!

GALILEO: Eta zertarako ikerkuntza askatasuna ez badago ikertzeko astirik? Zer gertatzen da emaitzekin? Agian Signoriako jaunei erakuts niezazkieke grabitazioari buruz egin ditudan ikerketak —eskuizkribu batzuk erakutsiz— eta galdetu ea ez dituzten ezkutu batzuk gehiago balio.

IDAZKARIA: Askoz ere gehiago balio dute, Galilei jauna.

GALILEO: Askoz ere gehiago ez, 500 ezkutu gehiago, jauna.

IDAZKARIA: Ezkutuak sortarazten dituenak baino ez ditu ezkutuak balio. Dirua irabazi nahi baduzu beste gauza batzuk aurkeztu behar dituzu. Saltzen duzun zientziaren ordainean baino ezin duzu eskatu, erosten duenaz hartuko den bezala. Adibidez, Florentzian Colombe jaunak saltzen duen Filosofiak gutxienez 10.000 ezkutu urtean ematen dizkio irabazten Printzeari. Zure grabitazio arauek, Galilei jauna, iskanbila handia sortu dute, dudarik gabe. Parisen eta Pragan txalotu dituzte. Baina han txalotzen duten jaunek, ez dizkiote Paduako Unibertsitateari zuk sortutako gastuak ordaintzen. Aukeratu duzun ikerkuntza espezialitatea da zure zoritxarra, Galilei jauna.

GALILEO: Ulertzen dut: merkatal askatasuna, ikerkuntza askatasuna. Eta merkatal askatasuna ikerkuntzaz, ez da hala?

IDAZKARIA: Baina Galilei jauna! Hori bai arazoak ikusteko modu bitxia! Utz iezadazu esaten ez ditudala guztiz ulertzen zure ohar barregarri horiek. Loretan den Errepublikako merkataritza ez zait arbuiagarri egiten. Baina are gutxiago ausartuko nintzateke, Unibertsitateko Idazkari ohi bezala, ikerkuntzaz era horretan hitz egiten, zilegi bazait esatea, era arduragabe horretan. (Bitartean GALILEOk begirada minduak zuzentzen ditu bere lan-mahairantz.) Pentsa ezazu nolakoak diren gauzak geure inguruan! Beste toki batzuetan esklabutzaren zartailupean hasperenka ari diren zientziez! Han zartailuak egin dira narruzko infolio zaharrez! Han ez da jakin behar nola jausten den harria, baizik eta zer idatzi zuen Aristotelesek horren inguruan. Begiek irakurtzeko baino ez dute balio. Zertarako gorputzen erorketari buruzko lege berriak belauniko nola jausteko arauak baino ez badira garrantzitsu? Pentsa ezazu aldiz zein poztasun handiz hartzen dituen geure Errepublikak zeure ideiak, ausartegiak izanik ere! Hemen ikertu ahal duzu! Hemen lan egin ahal duzu! Inork ez dizu zelatan egiten, inork ez zaitu zapaltzen! Gure merkatariok, florentziarrekin lehian oihal hobeak izateak zer ekartzen duen ondo dakiten horiek, arretaz entzuten dute “Fisika hobe baten alde” egin duzun deia, eta zenbat zor dion Fisikak ehungailu hobeen eskabideari. Gure hiritar bikainak zeure ikerkuntzez interesaturik daude, bisitatu egiten zaituzte eta zuk egindako ikerkuntzak erakusteko eskatzen dute, astia urri duten hiritarrek egiten dute hori. Ez arbuiatu merkataritza, Galilei jauna. Hemen inork ere ez luke utziko, ezta urrutitik ere, zeure lanean molesta zaitzaten, ezta muturluzeok arazorik jar diezazuten. Onar ezazu, Galilei, hemen lan egin dezakezu.

GALILEO: (Etsita.) Bai.

IDAZKARIA: Eta, diruari dagokionean, erabil ezazu berriro, noiz edo noiz, zeure konpas proportzionala bezain gauza politen bat, zeinarekin, matematika ikasketarik gabe ere, (Atzamarrez kontatzen hasten da.) marrak irudika baitaitezke, kapitalaren interes konposatuak kalkulatu, lur-sailen krokisa berriz garatu eskala handiago ala txikiago batean eta kanoi baten balen pisua zehaztu.

GALILEO: Lelokeriak.

IDAZKARIA: Bertako jaunik gorenenak liluratu eta harritu eta eskudirua erakarri duen zerbaiti lelokeria esaten diozu. Stefano Gritti jenerala ere, tresna hori erabilita erro karratuak egiteko gai dela entzun dut!

GALILEO: Harrigarria benetan..! Pentsarazi didazu, Priuli. Agian, era horretako zerbait edukiko dut zuretzat. (Krokisa duen papera hartzen du.)

IDAZKARIA: Benetan? Irtenbidea litzateke hori. (Jaiki egiten da.) Galilei jauna, badakigu gizon handia zarela. Gizon handia baina asegabea, hala esan badaiteke.

GALILEO: Bai, asegaitz nago, eta hori ordaindu behar zenidakete, argiak bazinete! Nire buruaz ere asegaitz naizelako. Baina, horren ordez, zuetaz egon nadin saiatzen zarete. Onartu behar dut, veneziar jaunok, atsegin zaidala zuen armategiari, untzitegiei eta armagintzari denbora eskaintzea. Baina ez didazue astirik uzten nire zientzia arloan inguratzen nauten burubide ausartei jarraitzeko. Han garia jotzen ari den idiaren muturra estaltzen duzue. 46 urte ditut eta ez dut asetu nauen ezer ere egin.

IDAZKARIA: Ez nuke gehiago oztopatu nahi.

GALILEO: Eskerrik asko.

 

(IDAZKARIA irteten da.

GALILEO bakarrik geratzen da une batzuetan eta lanean hasten da.

ANDREA heltzen da korrika.)

 

GALILEO: (Lanari utzi gabe.) Zergatik ez duk sagarra jan?

ANDREA: Berari erakusteko bira egiten duela.

GALILEO: Gauza bat esan behar diat, Andrea: ez iezazkiek beste batzuei geure ideiak adieraz.

ANDREA: Zergatik ez?

GALILEO: Agintariak debekatu egin dik.

ANDREA: Baina egia dira eta.

GALILEO: Baina debekatu egiten ditik... Arazo honetan beste zerbait zegok. Fisikoek ezin diagu frogatu oraindik egiatzat duguna. Copernico handiaren teoria ere ez duk frogatu oraindik. Hipotesi hutsa duk. Eman iezazkidak lenteak.

ANDREA: Ezkutu erdia ez da nahiko izan. Jaka utzi behar izan dut. Ordainetan.

GALILEO: Eta zer egingo duk neguan jakarik gabe?

 

(Isilunea. GALILEOk lenteak jartzen ditu paperaren gainean, irudia jarraituz.)

 

ANDREA: Zer da hipotesi bat?

GALILEO: Zerbait zilegitzat ala gertagarritzat hartzea, baina horren frogarik izan gabe. Felice, hor behean, saski-dendaren aurrean, umeari titia ematen ari zaiola, hipotesia duk, esnea ematen diola umeari eta ez umeak berari, bertaratu eta ikusi eta erakusten ez den bitartean. Astroen aurrean, oso gutxi ikusten duten begi lausodun zizareak bezalakoak gaituk. Milaka urtetan sinestu ziren irakaspen zaharrak zaharkiturik zaudek; eraikuntza erraldoi horietan eutsi behar dituzten oinarrietan baino egur gutxiago zegok. Gauza gutxi erakusten duten lege ugari dituk, hipotesi berriak ordea, asko azaltzen duten lege gutxi ditik.

ANDREA: Baina niri dena frogatu didazu.

GALILEO: Horrela izan daitekeela baino ez. Ulertzen duk? Oso hipotesi ederra duk. Eta ez zegok kontra egiten dion ezer.

ANDREA: Nik ere fisiko izan nahi dut, Galilei jauna.

GALILEO: Sinesten diat, kontutan izanik geure arloan azaltzeko dauden hamaikatxo auzi. (Leihora hurbildu eta lenteetatik begiratzen du neurriz interesaturik.) Begira hemendik, Andrea.

ANDREA: Andre Maria neurea, dena hurbiltzen dal Dorreko kanpaiak bertan daude. Kobrezko letrak ere irakur ditzaket: Gratia Dei.

GALILEO: Honek 500 ezkutu ekarriko zizkiguk.