Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
[aurkibidea]

 

4

GALILEOK VENECIAKO ERREPUBLIKA UTZI DU
FLORENTZIAKO GORTEAZ ORDEZKATUZ.
ANTEOJUAZ EGINIKO AURKIKUNTZEK
JAKINTSUEN SINESGAIZTASUNAZ
EGITEN DUTE TOPO

 

 

Zaharrak esaten du: beti izan naizena naiz oraindik.

Berriak esaten du: ez baduzu balio, joan zarelako da.

 

 

 

GALILEOren etxea Florentzian. SARTI ANDREA langela atontzen ari da gonbidatuak hartzeko. ANDREA, bere semea, jezarrita dago astronomia kartak txukunduz.

 

SARTI ANDREA: Zorionez, Florentzia guztiz goretsi honetara heldu ginenetik, erreberentziak eta ondrak ez dira gelditu. Hiri osoa dator tutu horretatik begiratzera eta gero nik zorua garbitu behar dut. Eta alferrik izango da. Aurkikuntza horiek garrantzirik izango balute, apaizgoa izango litzateke lehena hori jakiten. Lau urtetan egon nintzen Filippo monsinoreren zerbitzutan eta ezin izan nion bere liburutegi osoari hautsa kendu. Koadernaturiko liburuak zeuden sabairaino jarrita, eta ez bertsetak! Monsinore maiteak libra bi maskur zituen ipurdian Zientzia guztia haren gainean jezarrita egoteaz, eta ez ote zuen hau jakingo ba? Gaurko bisita handia porrot ederra izango da, eta bihar ezin izango diot berriro esne saltzaileari aurpegira begiratu. Banekien zer esaten nuen, jaun horiei afari on bat, behar den moduko artxo zati bat emateko esan nionean, tututik begirarazi baino lehenago. Baina ez! (GALILEOren antzak eginez.) “Zerbait desberdina antolatu diet”.

            (Deitu egiten dute behean. SARTI ANDREAk leihoko maratilatik begiratzen du) Jainko maitea! Duke Gorena da! Eta Galilei Unibertsitatean oraindik! (Korrika jaisten ditu eskailerak eta MEDICIS’TAR COSME, Toscanako DUKE GORENAri eta laguntasunean datozen TXANBELANA eta gorteko DAMA BIri sartzeko keinua egiten die.)

 

COSME: Anteoju hori ikusi nahi dut.

TXANBELARIA: Galilei jauna eta unibertsitateko beste jaunak heldu arte itxaron nahi izango du Berorren Gorentasunak agian. (SARTI ANDREAri.) Galilei jaunak astronomo jaunek berak oraintsu aurkitutako izarrak, Medicea deituak, azter zezaten nahi zuen.

COSME: Beraiek ez dute anteojuan sinesten, ezta inondik ere. Eta non dago?

SARTI ANDREA: Goian, langelan.

 

(MUTIKOAk keinu bat egiten du buruaz eskailerarantz, eta SARTI ANDREAren beste keinu baten ondoren korrika igotzen da.)

 

TXANBELARIA: (Oso gizon aguretua.) Gorentasun! (SARTI ANDREAri.) Hortik igo behar da? Ni, irakaslea gaixorik dagoelako baino ez naiz etorri.

SARTI ANDREA: Jaun gazteari ez zaio ezer gertatuko. Nire semea goian da.

COSME: (Goian sartuz.) Gabon.

 

(MUTIKO BIEK gur zeremoniatsua egiten diote elkarri. Isilunea. Gero ANDREA bere lanera itzultzen da.)

 

ANDREA: (Bere maisuaren antza zehatzak eginez.) Honek usategia dirudi.

COSME: Bisitari asko?

ANDREA: Hor ibiltzen dira behaztopa eginez, ahoa zabalik geratzen dira begira eta ez dute tutik ere ulertzen.

COSME: Ulertzen dut. Hori al da... ? (Anteojua erakusten du.)

ANDREA: Bai, hori da. Baina hor esaten du: “Ez ukitu”.

COSME: Eta zer da hau? (Ptolomeoren sistemaren egurrezko modeloa erakusten du.)

ANDREA: Ptolomeoren sistema da.

COSME: Eguzkia nola mugitzen den erakusten du, ezta?

ANDREA: Bai, hori diote.

COSME: (Aulkian jezarri eta eredua jartzen du bere belaun gainean.) Hire irakaslea hoztu egin da. Horregatik etorri ahal izan naiz lehenago. Ondo egoten da hemen.

ANDREA: (Urduri, batetik bestera doa oinei narraz eginda, ezbaikor, MUTIKO BEREZI HURA mesfidati begiratuz, eta azkenean, tentaldiari luzaz eutsi ezinik, beste modelo bat ateratzen du mapen atzetik, Copernikoren sistemaren irudikapen bat.) Baina egiaz honelakoa da, jakina.

COSME: Zer da hori?

ANDREA: (COSMEren modeloa erakutsiz.) Horrela dela diote, baina honela —(berak duen eredua erakutsiz)— da. Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten du bira, ulertzen duzu?

COSME: Benetan sinesten duzu?

ANDREA: Erabat. Frogatua dago.

COSME: Benetan? Jakin nahi nuke zergatik ez didaten agurea ikusten uzten. Atzo mahai aurrean zegoen oraindik afalorduan.

ANDREA: Badirudi ez diotela sinesten, ezta?

COSME: Bai, jakina baietz.

ANDREA: (Bat-batean COSMEk belaun gainean duen eredua erakutsiz.) Eman iezadazu, hau ere ez duzu ulertzen zuk!

COSME: Zertarako nahi dituzu biak?

ANDREA: Eman iezadazu. Ez da umeentzako jostailu bat.

COSME: Ez daukat emateko arazorik, baina adeitsuago izan zaitezke, badakizu?

ANDREA: Tentel hutsa zara zeure adeitasun horrekin, eta eman ala egurra hartuko duzu.

COSME: Ukitu gabe, aditu?

 

(Borrokan hasten dira eta laster daude pirrika lur gainean.)

 

ANDREA: Erakutsiko dizut nik modelo bat nola erabili. Eman amore!

COSME: Orain apurtu egin da. Eskua bihurtzen didazu.

ANDREA: Orain ikusiko dugu nork duen arrazoia eta nork ez. Esan Lurrak bira egiten duela ala kokotekoak joko dizkizut.

COSME: Sekula ere ez. Ai, kaskagorri hori! Adeitasuna erakutsiko dizut!

ANDREA: Kaskagorria! Kaskagorria ni?

 

(Borrokan jarraitzen dute. Beheko solairuan GALILEO eta Unibertsitateko IRAKASLE BATZUK sartzen dira. Bere atzean FEDERZONI.)

 

TXANBELARIA: Jaunok, ondoez arin batek eragotzi dio Surijaunari, Berorren Gorentasunaren irakasleari, honaino laguntzea.

TEOLOGOA: Ez ahal da ezer larririk izango.

TXANBELARIA: Ez horixe.

GALILEO: (Etsita.) Ez da hemen Berorren Gorentasuna?

TXANBELARIA: Berorren Gorentasuna goian dago. Ez luzatzeko erregutzen dizuet, jaunok. Gortea irrikitzen dago Unibertsitate gailenaren iritzia jakiteko Galilei jaunaren tresna apartari buruz eta astro berri horiei buruz.

 

(Igotzen dira.

MUTIKOAK lurrean geldi geratu dira orain, zarata entzun dutelako behean.)

 

COSME: Hor daude. Utzi jalkitzen.

 

(Zutik jartzen dira berehala.)

 

JAUNAK: (Igotzen diren bitartean.) Ez, ez dena dago oso ondo. Medikuntzako Fakultateak baztertu egin du Auzo Zaharreko gaixoak izurridunak izan daitezkeenik. Oraingo hozberoarekin, miasmak izoztu egin daitezke. Txarrena Kasu honetan izua da beti. Urtaro honetan ohikoak diren hotzeria bolada besterik ez. Baztertu egin da edozein susmo. Oso ondo dago dena.

 

(Goian, ongi-etorriak.)

 

GALILEO: Gorentasun, pozarren nago zure aurrean geure Unibertsitateko jaunoi berrikuntza hauek ezagutarazteaz. (COSME makurtu egiten da zeremoniatsu alde guztietara, eta ANDREArenganantz ere bai.)

TEOLOGOA: (Lurrean apurtuta dagoen Ptolomeoren eredua begiratuz.) Zerbait apurtu da hemen dirudienez..

 

(COSME makurtu egiten da arin eta ANDREAri ematen dio eredua adeitasun handiz. Bitartean, GALILEOk, gordeka, baztertu egiten du bestea.)

 

GALILEO: (Anteojura hurbilduz.) Berorren Gorentasunak ondo dakienez, astronomoek arazo handiak ditugu aspaldi honetan geure kalkuluak egiteko. Filosofiarekin bat datorren sistema oso zaharra erabiltzen dugu horretarako, baina tamalez sistema hori ez dator egintzekin bat. Sistema zahar honen arabera, Ptolomeoren sistema, astroen mugimenduak oso korapilatsuak omen dira. Venus planetak adibidez, honelako mugimendua egingo luke. (Arbel baten gainean marrazten du Venusen orbita epiziklikoa Ptolomeoren sistemaren arabera.) Hala ere, hain korapilatsuak diren mugimendu horiek onartuz ere, ez gaude astroen kokapen zehatza aurreratzeko egoeran. Ez ditugu aurkitzen, benetan, egon behar luketen tokietan. Horrez gain badira astroen beste mugimendu batzuk zeintzuentzat Ptolomeoren sistemak ez baitu inolako azalpenik. Horrelako mugimenduak egiten dituzte dirudienez, Jupiter planetaren inguruan, nik duela gutxi aurkitutako izar txiki batzuek. Jaunak ados badaude, Jupiterren sateliteak zehatz behatuz has gaitezke, Medicea Izarrak begiratuz...

ANDREA: (Anteojuaren aurrean dagoen aulkia erakutsiz.) Jezarri hemen mesedez.

FILOSOFOA: Eskerrik asko, mutiko. Beldur naiz ez ote den hau horren erraza izango. Galilei jauna, zure tutu ospetsu hori erabili baino lehenago, eztabaida bat izateko atsegina nahi genuke. Gaia: existitu daitezke planeta horiek?

MATEMATIKARIA: Behar bezalako eztabaida.

GALILEO: Nik uste nuen anteojutik begiratu baino ez eta sinetsita geratuko zinateketela.

ANDREA: Hemendik, mesedez.

MATEMATIKARIA: Jakina, jakina... hain zuzen ere, zuk badakizu, antzinakoen iritziz, ez dela posible Lurra ez den beste gune baten inguruan biraka ari diren izarrak egoterik, ezta Zeruan bere euskarria ez izatea ere.

GALILEO: Bai.

FILOSOFOA: Eta, izar horiek izan daitezkeela alde batera utziz, matematikoak —(MATEMATIKOAren aurrean makurtzen da)— hori zalantzatan jartzen badu ere nahi nuke filosofo legez, apaltasun osoz, ondorengoko galdera luzatu: beharrezkoak ote dira izar horiek? Aristotelis divini univesum...

GALILEO: Ezin genezake hizkuntza arruntean jarraitu? Nire lankidea den Federzoni jaunak ez du latinera ulertzen.

FILOSOFOA: Garrantzitsua al da uler gaitzan?

GALILEO: Bai.

FILOSOFOA: Barkatu. Uste nuen zure lente leuntzailea zela.

ANDREA: Federzoni jauna lente leuntzailea eta jakintsua da.

FILOSOFOA: Eskerrik asko mutiko. Federzoni jauna tematzen bada...

GALILEO: Mi tematuko naiz.

FILOSOFOA: Argudioak distira galduko du, baina zeure etxean gaude... Aristoteles gorenaren Unibertsoa, bere esfera mistikoki musikaz beteak eta kristalezko gangaz osaturik, eta bere zerutar gorputzen orbitez eta eguzki ibilbidearen inklinazioaz, eta satelite taulen sekretuekin eta hemisferio australeko katalogoaren izar aniztasunaz, eta zerutar globoaren arkitektura inspiratuak hain orden eta edertasunez beteriko eraikuntza osatzen dute ezen zalantzatan jarri behar baikinateke armonia hori haustekotan.

GALILEO: Eta Berorren Gorentasunak anteoju honetatik ikusiko balu ezinezko bezain alferriko diren izar horiek badirela?

MATEMATIKARIA: Zure anteojuak ezinezko dena erakustean, ez dela fidatzekoa erantzuteko zorian izango ginateke.

GALILEO: Zer esan nahi duzu horrekin?

MATEMATIKARIA: Askoz ere probetxugarriago litzateke, Galilei jauna, azalduko bazenizkigu Zeruko goi-esfera aldagaitzetan, astroak aske mugi daitezkeela susmatzera eragiten zaituzten arrazoiak.

FILOSOFOA: Arrazoiak, Galilei jauna, arrazoiak!

GALILEO: Arrazoiak? Izarrei eta nire oharrei egindako begirada batek fenomenoa argi erakusten dutenean? Ene jauna, eztabaida gustu txarrekoa iruditzen zait.

MATEMATIKARIA: Ziur banengo gehiago suminduko ez zinatekeela, esango nuke zure tutuan dagoena eta Zeruan dagoena gauza desberdin bi izan daitezkeela.

FILOSOFOA: Ezin daiteke adeitasun handiagoz esan.

FEDERZONI: Medicea izarrak lentean marraztu ditugula uste dute!

GALILEO: Iruzurra leporatzen didazue?

FILOSOFOA: Nola egin dezakegu? Berorren Gorentasunaren aurrean!

MATEMATIKARIA: Zure tresna, zeure semea izaki ala apopiloa baino ez, trebezia handiaz egina dago, zalantzarik gabe. Argi dago hori!

FILOSOFOA: Eta zinez konbentziturik gaude, Galilei jauna, ez zu ez beste inor ez litzatekeela ausartuko dinastiaren izen gorenaz apaintzen izar batzuk, horien izatea ez baitago duda guztiez gain .

 

(DUKE GORENAren aurrean makurtzen dira denak)

 

COSME: (Gorteko DAMAK dauden tokira begiratuz.) Okerren bat al dago nire izarrekin?

DAMA ZAHARRA: (DUKE GORENAri.) Dena ondo doa Berorren Gorentasunaren izarrekin. Jaun horiek, benetan ba ote diren baino ez dute galdetzen.

 

(Isilunea.)

 

DAMA GAZTEA: Tresna horrekin Hartz Nagusiaren gurdiaren gurpil guztiak ikusten direla diote.

FILOSOFOA: Bai eta Zezenean asma daitekeen guztia.

GALILEO: Orduan, begiratu egingo duzue, jaunok, bai ala ez?

FILOSOFOA: Jakina, jakina.

MATEMATIKARIA: Jakina.

 

(Isilunea. Bat-batean, ANDREAk buelta eman eta artez-artez zeharkatzen du gela. Bere amak harrapatu egiten du.).

 

SARTI ANDREA: Zer gertatzen zaik?

ANDREA: Tentelak dira. (Askatu eta joan egiten da.)

FILOSOFOA: Ume gaixoa.

TXANBELARIA: Berorren Gorentasuna, jaunok, gogora ahal diezazueket hiru ordu laurden barru dantzaldi ofizialari hasiera emango zaiola?

MATEMATIKARIA: Eta zertarako sartu dantzaldi honetan? Lehentxeago ala geroxeago, Galilei jaunak egitateak onartu behar ditu. Jupiterren bere planeta horiek esfera-estalkia zulatuko lukete. Oso erraza da.

FEDERZONI: Harrituko zarete baina ez dago horrelako esfera-estalkirik.

FILOSOFOA: Edozein eskola liburuk badela esango dizu, gizontxo.

FEDERZONI: Orduan eskola liburu berriak behar dira.

FILOSOFOA: Gorentasun, nire kidea eta ni Aristoteles gorenaren jakiturian oinarritzen gara.

GALILEO: (Lausengari ia.) Jaunok, gauza bat da Aristotelesen jakiturian sinestea, eta beste bat begi bistako egitateak. Aristotelesen esanetan, hor goian kristalezko esferak daudela diozue zuek, eta hori dela eta ezin daitezkeela halako ala bestelako mugimenduak gertatu, astroek esfera horiek zulatu beharko lituzketelako. Baina, eta mugimendu horiek badirela ziurtatu ahal bazenezate? Erakutsiko lizueke horrek kristalezko esferarik ez dela? Jaunok, apaltasun osoz, zuen begiez fidatzeko eskatzen dizuet.

MATEMATIKARIA: Galilei maitea, ekandu zaharkitua iruditzen bazaizu ere, Aristoteles irakurtzeko ohitura dut noizik behin, eta kasu horietan nire begiez fida naizela ziurta diezazuket.

GALILEO: Fakultate guztietako irakasleek gertaeren aurrean, ez ikusteko, begiak itxi eta ezer gertatzen ez denaren itxurak egin ditzaten, ikustera ohitu naiz. Nire oharrak erakusten dizkiet eta irribarre egiten dute beren baitarako, nire anteojua eskaintzen diet, sinetsita gera daitezen, eta Aristoteles aipatzen didate.

FEDERZONI: Gizon hark ez zuen anteojurik!

MATEMATIKARIA: Jakina, jakina.

FILOSOFOA: (Harroturik.) Lokatzez beteko baduzu Aristoteles, jakintsu onartua, ez soilik antzinako zientzia guztiak baizik eta Elizako Alta Santuak, alferrikoa deritzot eztabaida jarraitzeari. Uko egiten diot eztabaida desegoki honetan parte hartzeari. Eta kito.

GALILEO: Egia denboraren alaba da eta ez agintearena. Gure ezjakintasuna mugaezina da, gutxi dezagun milimetro kubiko bat! Zergatik hain azkarrak izan nahi, azkenean ere tentelkeria pixka bat gutxi dezakegunean? rtire eskuetan, Unibertsoaren zokotxo bat apur bat hobeto, ez askorik, ikusteko aukera eman didan tresna izateko zori asmaezin ona izan dut. Erabil ezazue.

FILOSOFOA: Gorentasun, jaun-andreok, honek guztiak noraino eramango gaituen baino ez nuke galdetu nahi.

GALILEO: Nire ustez, zientzia gizon legez ez genuke galdetu behar noraino eraman gaitzakeen egiak.

FILOSOFOA: (Haserre bizian.) Galilei jauna, nork daki nora eraman gaitzakeen egiak!

GALILEO: Gorentasun, gauotan, Italia osoan anteojuak zuzentzen dira Zerurantz. Jupiterren ilargiek ez dute esnea merketuko. Baina inoiz ere ez ziren ikusi eta, hala ere, badira. Horretatik ateratzen du herriko gizonak gauza gehiago ikus ditzakeela, begiak zabalduz soilik! Eta baieztatu behar diozue! Ez dira urrutiko astro batzuen mugimenduak Italiak arreta jar dezan eragiten dutenak, baizik eta aldaezin jotzen ziren teoriak zalantzatan jar daitezkeela zabaldu duen berriak, eta mundu guztiak daki teoria gehiegi dagoela. Jaunok ez ditzagun kolokan dauden teoriak defenda!

FEDERZONI: Zuek, maisu legez, jarri behar dituzue teoriak kolokan.

FILOSOFOA: Zure gizontxo honek eztabaida zientifiko batean aholkurik ez ematea eskatuko nizuke.

GALILEO: Gorentasun! Veneziako Armategi Handian eginiko lanak marrazkilari, tresna egile eta sortzaileekin kontaktuan jarri ninduen egunero. Horiek bide barri asko erakutsi zizkidaten. Ikastunak ez izatean bere bost zentzumenek erakutsitakoaz fidatzen dira, gehienetan irakaspen horrek nora eraman ditzaketen beldur izan gabe...

FILOSOFOA: Hara!

GALILEO: Gure itsasgizonen oso antzekoak, zeintzuk duela ehun urte gure kostaldeak utzi baitzituzten, jakin gabe beste zein kostaldeetara helduko ziren, eta beste kostalderik zegoenentz ere jakin gabe. Esan daiteke, gaur egun, Antzinako Greziaren benetako loria izan zen jakinmin zintzo hura aurkitzeko untzitegietara jo behar genukeela.

FILOSOFOA: Hemen entzun dugun guztiaren ostean, ziur nago Galilei jaunak miresleak aurkituko dituela han.

TXANBELARIA: Gorentasun, atsekabeturik ikusten dut eztabaida hezigarri hau gehiegi luzatu dela. Berorren Gorentasunak atseden apur bat hartu behar du dantzaldiaren aurretik. (Keinu baten ondoren, DUKE GORENA GALILEOren aurrean makurtzen da. Segizioa berehala joateko gertu da.)

SARTI ANDREA: (DUKE GORENAren aurrean jarriz gozoki plater bat eskaintzen dio.) Opiltxo bat, Gorentasun? (DAMA ZAHARRAk kanpora laguntzen du DUKE GORENA.)

GALILEO: (Atzetik korrika.) Baina tresnatik begiratzea baino ez duzue, jaunok!

TXANBELARIA: Zure baieztapenei buruz, Berorren Gorentasunak ez dio uko egingo bizirik dagoen astronomorik handienaren, aita Christopher Clavius Erromako Apezpiku Elkargoaren, iritzia kontsultatzeari.