Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Booktegi, 2017

 

EUSKARAREN X MADARIKAZIOAK

 

PATXO:

 

1.

Zure hasierako bekatu honek sortuko du galzoria

Ez da batere samurra izango euskaldunen historia.

 

2.

Neolitikoan hitzik gaberik, biziko dira isilean

Keinuren bidez moldako dira ta hala ere osti txarrean.

 

3.

Edan ta Epa agertu eta haiekin sexu gogoa

Sexu gatazka sortuko data izango da “la hostoa”.

 

4.

Ekain ta ubelek hasiko dute hizkuntz arteko gatazka

Kri-kri kir-kir guau gau zaunk-zaunk jajaja edo kar-kar-kar

 

5.

Erromatarrak helduko dira bakean egon nahiean

Gaizki ulertuko dute eta gerran hasi bat-batean.

 

6.

Erdi aroan emakumeak matxismoaz nazkatuta

Haiek ere egon nahiko dute kezkatuta ta batuta

 

7.

Oinaz eta Ganboan garaian ergatiborik ez eta

Jana janda joan da Juan jauna, Juana jan gabe utzita.

 

8.

Nor nori nork legeari esker bakea behingoz ezarririk

Geroztik ere borrokan denak, baina jakinda zergatik.

 

9.

—Gerra zibila galduko dute, Esango dizut zergatik:

—Zeren euskaraz inporteena doa guztiaren atzetik

 

10.

Franko garaian baturik gabe euskara a ze nahaspila!

Legatsa saltsan edo malerusa, zurekin edo zure kila.

Hamar madarikazioak, bakar batean laburbiltzen dira:

Elkarren kontra egongo zarete per sekula sekulorum

Euskararen patua beraz, horra: Lingua Nabajorum

 

Elkarren kontra hasiko dira borrokan. Handik gutxira, banandu, barre egin eta karakterizazioa kenduko dute.

 

PATXO: Tira… hau broma bat izan da. Topikoarekin jolastu dugu: euskalduna liskarzalea omen da, borrokazalea, eta abar, eta abar.

MIKEL: Guk topiko hau apurtu nahi izan dugu. Egia da hemen gerrak eta konfliktoak egon direla beti. Eta non ez?

PATXO: Ikuskizun honetan erakutsi dizuegu nola konflikto horiei esker euskara sortu eta garatu den, bere heldutasunera heldu arte.

MIKEL: Eta geu ere heldutasunera heldu gara, ze gaur egungo euskaldunak adiskidetsuak gara, ezta, Patxo?

PATXO: Bai. Eta hurrengoan, borrokan egiten dugunean, kontuz ibili, ia ito nauzu.

MIKEL: Benetan? Gaur berriro ere?

PATXO: Ba bai!

MIKEL: Baina adiskidetsua zarenez, ez zaude haserre nirekin.

PATXO: Ez. Baina buka dezagun. Jende honek jakin nahi du behingoz zein izango den euskararen etorkizuna.

MIKEL: Kezkatuta zaudete, ez?? Zer gertatuko ote da? Euskara galduko da?

PATXO: Gure patua da? Maldizio bat da?

MIKEL: Hekatonbea? Apokalipsia?

 

biek kantatzen dute.

 

BIAK:

Etorkizunak ze ote dakarren esango dugu segidan

Ez dago paturik, ez maldiziorik, dena dago gure eskutan

Jaun andre onak, hauxe da dena, orain behar dugu amaitu

Ongik esanak gogoan hartu eta Gaizkik esanak oroitu.

…biok esanak oroitu

…eta umore ona zaindu.