Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Booktegi, 2017

 

BERGARAKO BESARKADA

 

PATXO: Tira, Mikelen antzezpena ikusita zaila egingo zaizue sinestea, baina Ganboa benetan hil zen.

MIKEL: Nire lana kritikatzen ari zara publikoaren aurrean?

PATXO: Inola ere ez! (Publikoari) Mikel aktore komiko paregabea da. Hain da komikoa ze modu tragiko batez hiltzen denean ere, barregarri geratzen da.

 

mikel erantzutera doa.

 

PATXO: Bestalde, pertsona adiskidetsua eta tolerantea denez, kritikak oso humore onez hartzen ditu. Ezta, Mikel?

 

mikelek bere erantzuna irensten du.

 

PATXO: Eta orain saiatu zaitez moduz hiltzen.

 

mikel, minduta, berriro hiltzen da.

 

PATXO: “¡¡Ganboa Oinaz hil du!!” Oihua bailara osoan sakabanatu zen. Ergatiborik ez zegoenez, inork ez zuen ulertu nork hil zuen nor, Oinazek Ganboa ala Ganboak Oinaz. Badaezpada guztiak hasi ziren mendeku bila. Eta horrela hasi ziren banderizoen gerrak.

MIKEL: Euskaldunak mendeak eta mendeak egon ziren borroka bizian, ergatiborik ez zegoelako. xix. mendean, Espartinek eta Amorotok hauzia konpondu zuten, Bergarako Besarkadan. Gaztelaniaz, “La Paz del Nor Nori Nork”.

 

patxo eta mikel (Espartero eta Maroto) aurrez aurre jartzen dira. Haserre. patxok domina bat darama uniformeko bandan. mikelek ere domina jartzen du, berdin egoteko. patxok orduan beste domina bat jartzen du. mikelek orduan bi jartzen ditu. Orduan patxok bandari buelta eman eta dominaz josita agertzen da.

Musika hasi eta “Balkoira” igotzen dira.

 

MIKEL: Herritarrok. Gaurko egunez, eta Erregina Isabel Bigarrenaren mandatuz, erabaki dugu…

PATXO: …hemendik aurrera, eta herritarren artean bakea ezartzeko, aditz indikatiboen sujetoak, aurrerantzean Nork, “-k” atzizkia eramango duela, konplemento zuzenetik bereizteko. Konplemento zuzenak, berriz, aurrerantzean Nor, ez du atzizkirik izango.

MIKEL: Halaber, konplemento indirektoari, aurrerantzean nori atzizkia jarriko zaio.

PATXO: Nori erabiltzean “ri” atzizkia jartzen ez duenari 20 zigorkada emango zaizkio.

MIKEL: Nork erabiltzean “k” atzizkia jartzen ez duenaK, hilabeteko kartzela zigorra jasoko du.

PATXO: Halaber, Nor erabiltzean “-k” edo “-ri” atzizkia jartzen duena, enplumatua izango da plaza publikoan.

MIKEL: Eta orain, bakea sinatzeko, Esparterok Marotori besarkada emango dio.

PATXO: Halaber, Marotok Esparterori ere besarkada emango dio. Beraz,

BIAK: Besarkada elkarri emango diogu

 

Besarkada. Besarkadan, mikelek patxori uniformeko banda osoa, domina eta guzti, lapurtuko dio, patxo konturatu gabe.

 

MIKEL: Herritarrok, orain arte, borrokan egon gara, batzuk besteen kontra, zergatik jakin gabe.

PATXO: Nor-nori-nork legeari esker, borrokan jarraituko dugu, baina jakingo dugu zergatik!!!

 

Segidan Nor Nori Nork-en ereserkia entzuten da. “Eusko Gudari”-aren melodiaz. Esparterok eta Marotok, txanoak kenduta, ereserkia kantatzen dute.

 

PATXO eta MIKEL:

Nor nori nork behar dugu

Elkar ulertzeeeeko

“-k” ipini sujetoan

Ondo bereizteko.

Komplemento zuzenak

Ez dauka atzizkiriiiiiik

(irrintzi bat entzuten da)

Nori adierazteko

jarri bukaeran “-ari”

 

iluna