FRANKISMOAN
PATXO: Gerraren ostean Frankismoa etorri zen. Garai oso gogorrak, dudarik gabe. Baina gauzak zer diren, bolada luze hartan, etsaia kanpoan zegoenez, ez genuen gure artean borrokan egin.
MIKEL: Zelan borrokan egin, ez bagenion ondo ulertzen elkarri. Batua asmatu gabe zegoen oraindik, eta bizkaitarrak ez zion lapurtarrari ulertzen, ez zuberotarrak nafarrari ere. 70. hamarkadan gaude, Aberri Egunean.
patxok emakume-rola konposatu nahi du, baina ez zaio irteten.
MIKEL: Patxo, zure hauzokoa, zure azpian bizi dena.
PATXO: Mariasun!!
patxok erremango haundiko emakume baten rola jokatzen du.
PATXO: Firmiak estatutoaren alde!
mikel, neska jantzita hurbiltzen zaio. Mendigoizale bat darama.
PATXO: Aupa gizona! Hartu horrixa eta leitu. Ados basaoz, firmeu.
Orria ematen dio.
PATXO: Zelan ikutezu?
MIKEL: (Iparraldeko doinuaz) Ze lan? Orain ez nihaurk lanean, orain opoggetan nihaurk, bakantzatan.
PATXO: Bakantza… Guk behia esaten dautsagu, behia!
MIKEL: Bai, ni ere behira nihaurk, ikuspegi zoragarria, xarmangarria!
PATXO: Saman garria? Garria ez dago saman, gizona. Garria garrian dago eta sama saman.
MIKEL: Xaman? Xaman zira? Hetxizeroa? Hartzen düzüa peyote?
PATXO: Pello? Pello nire gixona da, arrantzalia. Orain tenporadan dao. Ni Juana naz, han andria. Beno, zer, firmaukozu estatutuaren alde?
MIKEL: Oh! Estatutua! Begira, ni Iparraldekoa niz eta estatutoan bazter utzi gaituzue, beraz, estatuto hau errefuxatu, arbuiatu eta deitoratzen dut.
PATXO: Esaizu baietz gizona, ze ondo eiten dozun berbie!! Gora estatutoa! Orduan kontatu ahal dogu zugaz?
MIKEL: Ni gaz? Ze gaz? (…) Oh… Itxoin. (Txiskero bat atera eta pizten du)
PATXO: Ez, ez dot fumetan. Itxi dotsat. Hau hartuten nago monua kenduteko.
patxok juanolak ateratzen ditu.
MIKEL: Oh… Mesedez, bat emanen?
PATXO: Ez, “emanem” ez, Juanola.
MIKEL: Ah… hola. Juan, hola.
PATXO: Ez, Juana. Hara bestia, Juan ez dit ba deitu!!
MIKEL: Baina zergatila ez deraustazu bat ematen? Franko düzü.
PATXO: Franko hilzorian dao. Laster kaput, gizona!
MIKEL: Oh! Gizona kapüt? Alargüntüa zira?
PATXO: Ze tia? Nire tia ez da etorri.
MIKEL: Ez da jin?
PATXO: Ez Yin eta ez Yan.
MIKEL: Yan?
PATXO: Ondiño ez. Baina ez da ideia txarra. Gosiak amorratuta nao.
MIKEL: Amoratuta zira? Ze erromantikua. Bizkaitarra izaiteko, arras gosua zira.
PATXO: Gosua? Guk gosia esaten dogu. Tripazorria!
MIKEL: Zoria bai, zoriona emaiten du amoratuta egoitea.
PATXO: Zeu ere gosetute, eh? Goazen jatera.
MIKEL: Zer eggan düzü?
PATXO: Edan ere, mozkortu arte, gurebozu, ardoa eta patxaran.
MIKEL: Bai, ni patxadan nago, opoggetan.
PATXO: Ederto entendiduten gara gu biok! Hor taberna bat dao legatsa primeran preparetan dauena.
MIKEL: Oh, ez düzüt konpreni, malerusa ni.
PATXO: Maleruza, hori da, legatsa, saltsa berdean. Ea, goazen.
mikel besotik hartu eta eraman egiten du.
MIKEL: Oh, baina… Zu nirekila?
PATXO: (Irribarrez) Zure “kila”… Ai pikaron! (Badoaz) Zelakoak direzen prantses hauek!! Ai hogei urte gitxiago baneu!!
patxok ipurdiko bat ematen dio. mikel moskeatu egiten da.
MIKEL: Ontsa da, zurekila joanen niz, baina argi gera dakizula ez dudala fitsik izenpeturen nehon eta nehoiz!
PATXO: Ze ondo eitten dozun berbie, amante! Baina egixa aitortuko dautsut, ez dotsut piperrik entendidu. Zer ez neuke nik emongo zuri entenditzeagatik!!
Argi zenital bat pizten da. Musika zerutiarra. Offeko abotsa entzuten da. Good-en abotsa da.
OFF: Juana Elantxobekoa, nire artaldeko ardi errukaria!! Zure arrengura entzun dut, eta zurenahia betetzera noa. Elkarri ulertu nahi diozue? Hala bedi! Euskera Batuaz hitz egingo duzue hemendik aurrera.
Argia joaten da.
JUANA: O!! Uler diezadakezu?
MIKEL: Uler diezazuket, bai!
JUANA: Oh!! Elkarri uler diezaiokegu! Gora batua!
MIKEL: Gora bai! Akabo betiko ezin ulertuak! Etorkizun zoragarria datorkio Euskal Herriari!
JUANA: Orduan goazen harira. Sina zeniezadake estatutoaren aldeko orritxoa? Zinez eskertuko nizuke!!
MIKEL: Zer? Estatutoa berriro??? Mesedez, ez zakizkit horrekin berriro etorri!!
JUANA: Lasai, amante, oihurik ez. Ni borondate onez hurbildu natzaizu.
MIKEL: Ea uler dizadakezun: estatuto honi saldukeria deritsot.
JUANA: Hau lehenengo pausua besterik ez da. Hiru probintziak estatutoa lor bageneza, zuek egunen batean ere sar zintezketen.
MIKEL: Egunen batean? Noiz? Kardanberak loratzen direnean?
JUANA: Aizu, amante, potroak ikutzera etorri bazatzaizkigu, hobe zenukeen zure etxean geratu izan bazina!!
MIKEL: Ba ideia ona, nire etxera noa. Hor konpon! (Badoa) Posibilista!!
PATXO: Erradikala!!
MIKEL: Erreakzionarioa!
PATXO: Iraultzailea!!
MIKEL: Espainolista!!
PATXO: Gabatxo!!
Ileordeak kentzen dituzte.
PATXO: Nola ibili garen beti, e? Beti muturka, betiliskarrean…
MIKEL: Ondo konpontzeko modu bakarra elkarri ez ulertzea izan da.
PATXO: Galdetuko duzue, hau zer da, patua, madarikazio bat?
MIKEL: Hain zuzen ere, azkeneko eszenan horren zergatia azalduko dugu…
PATXO: Goazen egitera.
MIKEL: Ah, Patxo, emakumearena bikain egin duzu. Ea, ze paper egin nahi duzu orain?
PATXO: Caracruzean egingo dugu?
mikelek txanpon bat ateratzen du.
MIKEL: Kara edo kruz?
PATXO: Kara.
Txanpona botatzen du.
MIKEL: Zuk Ongia eta nik Gaizkia.
biak pozten dira.
PATXO: Jaun andreak, segidan azkeneko eszena, non azaltzen dugun nondik datorren euskaldunen liskarrerako joera hau. Baina horretarako, berriz ere denboran atzera egin behar dugu, mundua sortzen ari zen egunetara. Garai mitologikoetara.