BURDINEZKO GERRIKOA
PATXO: Frankoren armadak, Alemaniar hegazkinen laguntzarekin, laster hartu zuen mendean Euskal Herri osoa. Osoa? Ez! Bilbao inguruan defentsa sendoa ezarria zegoen, “Burdinezko Gerrikoa” izenaz ezaguna.
mikel sartzen da, gudariz jantzita, militar kasko bat eta mauser batekin, oraindik neskaren peluka daramala.
PATXO: Mikel, zertan ari zara?
MIKEL: Gudariarena.
PATXO: Peluka batekin??
MIKEL: Gudari emakumezkoa naiz. Nekatuta nago eszena hau beti berdin egiteaz. Bide berriak esperimentatu nahi ditut.
PATXO: Baina gerra zibilean ez zen egon emakume gudaririk!
MIKEL: Badakizu zer gertatzen zaizun zuri?? Inbidia didazula.
PATXO: Inbidia? Nik?? Zergatik?
MIKEL: Aktore kamaleonikoa naizelako. Zu, berriz, Patxo zara denbora guztian.
PATXO: Badakizu zer gertatzen zaizun zuri, “aktore kamaleoniko horri”?? Duintasunik ez duzula!
MIKEL: Duintasuna???
PATXO: Bai! Duintasun minimo bat bazenu ez zinateke irtengo eskenatokira piura horrekin!!! Ni enkasilatuta egongo naiz, baina gutxienez saiatzen naiz erridilukoa ez egiten.
MIKEL: Ba orduan igo brageta, koño!
patxok brageta jaitsita duela konturatzen da.
MIKEL: “Aktore duin hori”!!
patxok brageta igotzen du, lotsaturik.
PATXO: (Publikoari) Burdinezko Gerrikoa menderaezina omen zen. Zergatik erori zen, orduan? Hara: euskararengatik. Artxandako postua defendatzen ari zen gudari horrek gaztelaniaz hitz egin izan balu…
patxok militar kaskoa jantzi eta irratiz hitz egiten du.
PATXO: Atención, Alfa 1 llamando a Mochuelo 2…
MIKEL: Mochuela.
PATXO: (Hasperen) Alfa uno llamando a Mochuela 2, Alfa 1 llamando a Mochuela 2. Está a punto de pegarte un tiro…
mikel alerta, mauser-a eskuan duela.
PATXO: …un francotirador franquista que se encuentra enfrente de ti, a las dos…
mikelel lokalizatu egiten du.
MIKEL: Localizado!!
PATXO: …debajo de una encina y oculto bajo una manta de camuflaje…
mikelek tiro egiten dio.
PATXO: …provisto de un…
MIKEL: Tranquilo, camarada, asunto resuelto.
PATXO: …un fusil mauser, modelo 1893, de 7mm de calibre y provisto de mirilla telescópica. Buen trabajo, camarada. Eres un lince… Una lince.” (Publikoari) Baina gudari hori euskalduna zen, eta badakizue ze gertatzen den: inportanteena beti esaldiaren bukaeran esaten dugu, euskal sintaxia! Hara zer gertatu zen.
patxok irratia hartzen du.
PATXO: Adi, hemen Alfa 1 Mozolo… Mozolo Emea 2ri deika, Alfa 1 Mozolo Emea 2ri deika. Entzun: Artea baten azpian eta kamuflaietarako manta batez estalirik…
mikel lasai, eserita oraindik.
MIKEL: Bai…
PATXO: …7mm kalibredun eta mirila teleskopikoaz hornituriko Mauser bat duela…
MIKEL: Aha…
PATXO: Zure aurrean, ordu bietara…
MIKEL: Bai…
PATXO: Soldadu frankotiradore bat duzu…
mikel izututa altxatzen da.
MIKEL: Ostia, ¿non?
mikel bila hasten da, baina fusila hartzen duenerako, tiroa jaso eta lurrera doa.
PATXO: …zuri tiroa egiteko prest.”
MIKEL: (Dramatismo haundiz)
Eskribitzen badaustazu
Badakizu non nagoan
Infernu labanagoan
Deabruaren ondoan
PATXO: Ole ole eta ole!!
MIKEL: Bale, agian pasatu egin naiz, baina katxondeorik ez, mesedez.
PATXO: Ze katxondeo! Txundituta utzi nauzu.
MIKEL: Benetan?
PATXO: Ileak eskarpaik bezela ditut! Oker nengoen, Mikel. Pelukarena oso arriskutsua zen, baina kriston duintasuna eman dio heriotzari. Beste dimentsio bat.
MIKEL: Beno, ni dena ematen saiatu naiz. Eta lehen ez dizut esan, baina Orreagakoa primeran egin duzu.
PATXO: Ba… Goazen aurrera. Badaukazu beste peluka bat?
MIKEL: Baten bat bai, baina ez dut enkasilatu nahi.
PATXO: Ez! Niretzako!
MIKEL: Zuretzako?
PATXO: Bai, arrazoi zenuen. Arristatu beharra dago. Erridikuoa egiteko beldurrak uxatu!
MIKEL: Oso ondo, Patxo. Tori. Eta zorte on!
patxok peluka jazten du.