Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Booktegi, 2017

 

ORREAGAKO GATAZKA

 

MIKEL: Gauzak horrela, Erdi Aroko euskarak sekula ezagutu duen mailarik altuena lortu zuen. Garai hartako trobadore euskaldunak munduko onenak ziren.

PATXO: Hain ziren onak, e, Mikel, ze esate baterako, poemak errezitatzen zituten, hitz guztiak letra berdinarekin hasita. Eta hori erakusteko, segidan, Mikelek, trobadore baskoiak, Orreagako gatazkaren erromantzea errezitatuko du, hitz guztiak a-rekin hasita.

 

mikelek trobadore jantzia eskaintzen dio patxori.

 

MIKEL: Ba ez, Patxok errezitatuko du. Ez duzu ba lehen esan baskoiarena egin nahi zenuela, niri tokatzen zaizkidala beti paperik onenak? Ba egin, bat sor nizun.

PATXO: Baina osoa?

MIKEL: Bai. Mila aldiz entzun didazu niri. Gogoratzen duzu, ezta? Orreagako gatazka: viii. mendean gertatu zen. Karlomagno, enperadore Frankoa, bere ejerzitoarekin Pirineoak zeharkatzen ari zenean, baskoiak, musulmanen laguntzarekin, mendi puntatik, erretaguardiari eraso zioten harrika. Karlomagno boteretsuaren porrot bakarra izan omen zen. Eta Patxok erromantze osoa errezitatuko du hitz guztiak A-rekin hasita.

 

Erdi aroko musika entzuten da.

 

PATXO: Aspaldian, Aezkoako alderdi aldapatsuan, ardiak aharrausika. Alabaina, arbolen artean, Almoravideen aurka altxaturiko armada agertzen ari, aguro, adin askoko armagizon ausart, animoso, armaduraz apaindurikoak.

MIKEL: A-rekin ederki ari zara. Baina zailagoa oraindik. Zuk ahal duzu eta. Orain B-rekin!

PATXO: Bitartean, bailarako baserritarrak bakean, batere barrundatu barik basoko bidexketan baturiko burdineria burrunbatsua. Baserritarra baketsua beti, baina borrokalaria bere, bilaukeriaz, begiramendu barik borrokatzen baldin badiote.

MIKEL: D!

PATXO: Ditxa di-da desagertu da denbora dexenterako, doilorrek dardo distiratsuak deskargatu dituztelako dohakabe desarmatuenera. Dolua! Dolorea! Dolumina! Deskiterako deialdi desesperatua!. “Daukaguna defenda dezagun”!

MIKEL: E!

PATXO: Ez eukien edonolako erronka. Euren etsaia Europako Enperadorea. Ezkerrean Erroldan, ezpata ezagunaren eramalea. Euskaldunak, erromes eskaleak, erdipurdiko erremientekin. Estrategia erabaki eben: erretaguardiaren esperoan ezkutatu enboskada egiteko.

MIKEL: F!

PATXO: Faenako funtzio faktiko fundamentalak funtsaturik, ferrak funditu fusteko fusilak fabrikatzeko, fortunatuenak fundamentuz fornikatu, fortunagabeek familiakoak formalismoz ferekatu, fite frankoengana.

MIKEL: G!

PATXO: Gailurrera gindoazen, gaizkileak garaitu guran. Gudaloste galoa genekusan: gudagizon gazte galantak, gihartsuak… “Gu gezirik gabe, gerrara goaz?”, genioen, “Galdurik gaude!! Gogoz gainbehera goazela, gudaburuaren garrasia: “Geldi!!” Gainbegiratu genuen: galoen gudalostaeren gibelari gaizki gordea generitzon.

MIKEL: H!

PATXO: “Haika, hartu haitzak herkideok, harrikatu!” Harriak hegan, hasi hituen, hemen, hor, han… Horrenbestez hasi huen hiritar harro haien hondamendia. Hemengo honek hanka hautsia; horko horrek histeriak hartuta, hango hark hezurrrak hondaturik. Hekatonbea!

MIKEL: I!

PATXO: Ibanetako ibar ilunean ikuspegi ikaragarria. Infernua irudi. Iparrekoak, ibilera izuaz, inpotentziaz inora itsuan ihesi. Irabazleek izugarrizko irrintziak iraultza iragartzeko.

MIKEL: J!

PATXO: Jakaz jantzitako jeneralak, jipoia jasota joan joakuz jaisten, jarraian jaikitako jende jatorrak jazarpena jarraitzen.

MIKEL: K!

PATXO: Karlomagnoren kapitainak kikilduta, kontrarioen kaskatekoak kaskoen kontra kolpatzean. Karlomagno koitadua kabreatuta, karrasika, kornetari kantua konkretatuz: “Krisatauok, kanpora, korrika, kakapirrika!!”

MIKEL: L!

PATXO: Lintxamensuaz libratzeko lainopean lasterka Lapurdiko lautadarantz, lantzean latinezko lantu lazgarriak libratuz, lekuko laborarientzat landak libre lagata. Lurpeko leizeetan lotuko lirateke, lasasi-lasai, larritasunaren larritasunaz.

MIKEL: M!

PATXO: Menditarrak, mahomatar musulman mairuekin, mendia menderatzean, mutu: Militar maltzur miserableak mugatik mudatuta, materiagabetuta! Misterioa! Mirari metafisikoa! Mendebaldeko mandatari mitikoa menderatuta!

MIKEL: N!

PATXO: Nonbait nazio nagusiko nobleak nomadak Nafarroan. Nekearen nekeaz noraezean, nonahi, nahasmenduan. Negargarri.

MIKEL: Bale!! Nahikoa da. Gehiegi luzatzen ari gara. Zeinen abila zeren ikusi dugu, baina aurrera egin behar dugu, bestela oso…

PATXO: O!

MIKEL: Jode!

PATXO: Ohartu ondo, Orreagan organizaturiko oldarketa. Oiloak oilartu ondoren, odolezko ordaina. Oroitu: okupatzekotan, ohea okupatu, osaba.

MIKEL: Bale, Patxo, ez izan plasta…

PATXO: P! Parisen, palazioko poetak pasadizuaren poema prestatu, patroiaren partaidetza pirrikoa ponpaz puztuz; partisanoen protagonismoa pobretuz. Propaganda politiko penagarria.

            S! Simetrikoki sorlekukook sarraskiaren sentimendu subjetiboegia, seguraski, sarkina satirizatuz, subiranotasunaren sustraiaren sinboloa sortuz. Susmo sabiniano samarra.

            T! Tira. Transpiriniarrentzat, turkoek tramaturiko traizioa, trauma trajikoa, ta tragu traketsa. Tokiko tribuarentzat, trukean, taldelanaren tradizioaren tontorra.

MIKEL: Utzi behingoz!

PATXO: U! Urtez urte urak urtuko urraduraren ubeldura. Udaberriari uda urratsez urrats uztartuko. Urrikalmenduaren unea. Ultramontanismoak uzteko unea.

            Eta Z! Zenbat zauri, zenbat zartada zerupean! Zera, zetarainoko zerrenda zinez zaila zen. Zauriak zabaltzekotan, zakarrontzira zuzen zuzenean. Zuzentzekotan, zoragarria zitekeen. Zalantzak zalantza, zirikatzaile zitala zikiratuta. Zuek zarete zorroen zaindariak. Zergatik zaudete ziplo zozo? Zuen zorion zaparradaren zain, zuen zerbitzariak.

 

Desagertzen dira biak. mikel marmarka.

 

iluna