Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Lingua nabajorum
Patxo Telleria
Booktegi, 2017

 

HEZURDANTZA

 

OFF: Nondik dator euskara? Noiz sortu zen? Inork ez daki. Soilik dakigu noizbait, duela hamar edo ehun mila urte, gizaki batzuk Kantauri alde honetara heldu eta betirako geratu zirela.

            Gizaki horiek beti zeuden borrokan, beti liskarrean. Zergatik?

            Bata Cro-Magnon zelako…eta bestea Neanderthal.

 

Makil dantza moduko bat entzuten hasten da, eta patxo eta mikel Hezur dantza dantzatzen dute. Hasieran dantza fina da, baina aurrera joan ahala, biolentzia gero eta haundiagoa da. Azkenean onetik guztiz irtenda bukatzen dute, arnasestuka.

Bukatzean, patxok eta mikelek, irriz, atrezoa kentzen duten bitartean.

 

PATXO: Tira… hau broma bat izan da. Topikoarekin jolastu dugu: euskalduna liskarzalea omen da, borrokazalea, eta abar, eta abar…

MIKEL: Guk topiko hau apurtu nahi dugu. Egia da hemen gerrak eta konfliktoak egon direla beti. Eta non ez?

PATXO: Hain zuzen ere, ikuskizun honetan erakutsiko dizuegu konflikto horiek moldatu eta garatu dutela gure hizkuntza heldutasunera heldu arte.

MIKEL: Eta euskararekin batera geu ere. Zeren eta gaur egungo euskaldunak erabat adiskidetsuak gara. Ezta, Patxo?

PATXO: (Oraindik ere irriz) Bai. Eta hurrengoan, kontuz dantza egiten dugunean. Hanka zapaldu didazu.

MIKEL: Oh!! Benetan? Gaur ere? Berriro???

PATXO: Ba bai!!

MIKEL: Eta hala ere ez zara haserretu, adiskidetsua zarelako.

PATXO: (…) Bai. Bide batez, ezetz jakin zein izan zen euskaraz sortu zen lehen hitza?

MIKEL: Maitasuna? (…) Pinpilinpauxa? (…) Egunsentia?

 

patxo mikelen oina zapaltzen du.

 

MIKEL: Ostia!!!

PATXO: Ba bai. Hori izan zen lehenengo hitza.