Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Kutxa Fundazioa, 2005

 

13. Beilatokia

 

bittor jendeari begira dago, irribarretsu-irribarretsu, hilkutxa batean sartuta. Bular gainean ogi barra eta lore sorta, Moskateleko maillota soinean. ibon eta aibanek ohorezko guardia egiten diote ezker-eskuin jarrita. troja eta kizkitza, elkarri helduta, negar egin eta negar egin.

 

PANO: (jendeari) Kizkitzak, alargunak, adierazi digunez, Bittor txirrindularitzaren munduan sartu nuenetik senar-emazteek ez zuten... ez dute... ezer ez, alegia. Kizkitzaren hitzetan; “Se acabó el Tres en Uno”.

            Ibon eta Aibanek kontatu digute lehenengo egunean, bromatan, nola eman zioten Bittorri kulote txiki-txiki-txiki bat, baina pentsatzen zutela gero berak normal bat jantziko zuela. Ez, autopsian garbi asko ikusi dugu lehenengo eguneko txiki horrekin irabazi duela Txordiziako Klasika.

            Gaurkoan egin du gure Bittorrek bizikleta gaineko bizitza guztiko saiorik luzeena, alde handiz. Badakizue nola esertzen diren hauek bizikletan, postura horretan prostatak, barrabilak eta inguru guztiak masaje sendoa hartzen dute, presio indar latzak, eta hori dena, kasu honetan, kulotearen txikitasunak eta azken honetako abstinentziak areagotua.

            Irabazle ikusi duenean bere burua, poz-pozik, musuak ezker-eskuin, gure Bittorrek... zera... orgasmo multidimensional bat izan du, 200eko koefizientekoa nire ustez... orgasmo bat.

 

pano eta beste guztiak badoaz; eszenatik irten baino lehen “esnatzen” da bittor eta hilkutxatik ateratzen da.

 

BITTOR: (jendeari) Aizue, ni benetan hilda nago, e? Zinera joaten bazarete gogoratuko duzue “El sexto sentido”-n Bruce Willis hilda nola zegoen, eta Nikole Kidman “Los otros”-en; hau oso normala da gaur egun.

                        (Poltsikotik eskutitz bat ateratzen du)

            Eskutitz hau iritsi da, frantsesez dago; irakurriko dizuet eta Kizkitzak egingo du itzulpena. Kizkitza, etorri!

                        (Badator kizkitza, zintz eta malko; bittorrek kontsolatu egiten du)

            Nire alargun maitea...

ESKUTITZA:

            Chersamis:

            Le Tour de France est une organisation tres importante, et nous avons aussi un grand coeur (kizkitzak Eiffel dorre txiki bat ateratzen du nonbaitetik eta bueltak ematen ditu inguruan; bihotza seinalatuz “handia, handia” egiten du besoekin). Nous connaisson tres bien les fantastiques amateurs du Pays Basque (kizkitzak, txapela jantzita, animatzen duenaren keinu eta mugimenduak egiten ditu). Oh, mon dieu! Quel grand malheur est arrivé a la Classique de Txordizia, nous sommes tres tristes (kizkitza negar orruz); bon voyage, Monsieur Bittor Iturmendi (kizkitza aioka zapiaz).

            (Ozenkiago) Le Tour de France a decidé d'inviter l’equipe Moskatel Team a la prochaine edition, venez avec nous, chers amis! (kizkitzak bueltak ematen ditu Eiffel dorrearen inguruan Moskateleko garrafoiarekin, “etorri, etorri” eginez). Gego agte! Jean Marie Leblanc-directeur du Tour de France

 

bittor eta kizkitza ospatzen hasten dira.

 

BITTOR: Moskatel Tourrera!

 

Badatoz troja, pano, ibon eta aiban, jai-giroan; bizkarrekoak, besarkadak... eta denek Moskatel Team ekipoaren ereserkia kantatzeari ekiten diote.

 

 

ERESERKIA

 

MOSKATEL, MOSKATEL, MOSKATEL.

BIDEAN ALDAPAN GORA, BIDEAN ALDAPAN BEHERA,
MOSKATEL, MOSKATEL, MOSKATEL.

EURIAREN BELDUR GABE, KARRETERAN JAUN TA JABE
MOSKATEL, MOSKATEL, MOSKATEL.

ZALDI BIZKORRA DA ETA, LAGUN DUGU BIZIKLETA
MOSKATEL, MOSKATEL, MOSKATEL.

TOUR HANDIARI BEGIRA, GURPILA BIRA TA BIRA,
MOSKATEL, MOSKATEL, MOSKATEL.

TOUR HANDIARI BEGIRA, GURPILA BIRA TA BIRA,
MOSKATEL, MOSKATEL, MOSKATEL.

 

Denok txaloka eta bibaka ari zaizkiolarik bittor aioka eta garaipenaren

 

“V”a eginez sartzen da hilkutxara.