8. Entrenamendua karreteran
troja eta pano azaltzen dira aurrena. Bi aulki txiki gurpildunetan mugitzen dira, elkarren ondoan. panok bolante bati eusten dio, eta trojak bozgorailu batetik hitz egiten du; trojaren aldean “autoak” atea du, zeina trojak behin eta berriz jotzen duen aginduak ematerakoan eta animatzeko. Autoaren atzetik aiban, ibon eta bittor azaltzen zaizkigu, orden horretan, bizikletan jo eta ke, ahalegin betean.
TROJA: (bozgorailutik) Benga, benga, benga! Ez jaitsi kadentzia, Aiban! Ez dut metro bat baino gehiago ikusi nahi zuen eta autoaren artean! (panori) Zenbatean goaz?
PANO: Orduko 42.
TROJA: Igo 45era.
Autoak tarte txikia egiten du txirrindulariekin abiada azkartu orduko.
TROJA: Metro batera! Metro batera! Sartu errelebora, Ibon!
Esforzu handiz jartzen da ibon aurrena, aiban aurreratuz.
TROJA: Ondo, Ibon! Eutsi hor!
bittor pittin bat atzeratzen da.
TROJA: Ez atzeratu, Bittor! Sartu errelebora!
bittorrek zabu handiak eginez aurreratzen du aiban; ukitu egiten du, eta aibanek nekez kontrolatzen du bizikleta; ibon hobetoxeago aurreratzen du.
TROJA: (bittorri) Estatikan 100 km zor!
Aldapa batera iristen dira.
TROJA: Aldatu! Ya!
aibanek eta ibonek “klik” aldatzen dute, erraz asko. bittor hatz batekin saiatzen da, esku osoarekin gero eta bi eskuekin lortzen du azkenean.
Oso atzean geratu da. ibon eta aiban badoaz aldapan gora, tente bizikletan.
TROJA: Benga, Bittor, benga! Eman, eman, eman!
Aldapa pikua baina motza da, segituan hasten dira beheraka. ibon eta aiban jaisteko jarrera aerodinamikoan ipintzen dira, burua eskutoki parera beheraturik, betaurrekoak jarri dituzte. bittor tente-tente jaisten da, begiak erdi itxita haizeagatik.
TROJA: Gorputza aurreraka bota, Bittor! Non dituzu betaurrekoak? Ireki begiak!
Betaurreko bila hasten da bittor, han eta hemen ukituz, baina aurkitzen ez, ia alde egiten dio bizikletak.
Aldapa bukatzen denean bihurgune txarra dago ezkerrera, eta erdi-erdian behi bat lasai asko. Pasatzen da aiban, behiaren eskuinetik.
AIBAN: Kontuz! Behia!
IBON: Kontuz, Bittor!
ibonek ondo saihesten du ezkerretik. bittorrek ezkerrera jotzen du, eta behiak ere bai. Eskuinera bittor, eskuinera behia. Elkar jo eta badoaz biak lurrera zilipurdika.