Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Kutxa Fundazioa, 2005

 

4. Moskatelen egoitzan

 

pano hizketan ari da gizonezkoen traje batekin jantzitako emakume batekin, Moskateleko zuzendariarekin. bittor zain dago hiru metrora, ogi barra bat besapean. panok behin eta berriz aipatutako gorputz aldeak seinalatzen ditu bere gorputzean, imintzio ikusgarriak eginez.

Ezker-eskuin bizikleta gurpilak zintzilik nonahi, eta kartel handi batean “moskatel team” letra handietan, letra arrosak fondo berdearen gainean, eta baita botila bat ere, garrafoi tankerakoa.

 

PANO: A ver, Bittor; hurbildu, mesedez.

 

Hurbiltzen zaie.

 

PANO: Hau Trojaola da, Lurdes Trojaola, Moskateleko zuzendari ejekutiboa; “Troja” esaten diogu (bostekoa elkarri). Hau Bittor, promesa handia.

 

lurdes zakarra da egiten dituen gauza guztietan.

 

TROJA: Pozten naiz; eta ogi hori?

BITTOR: (oso urduri) Seguridadia ematen dit.

 

trojak goitik behera begiratzen dio; kolpe txikiak ematen dizkio bularrean (bittor eztulka), izterra eskuez estutu, jirarazi eta ipurdiko batzuk eman...

 

TROJA: Itxura ona daukazu, bai. Panok uste du fenomeno bat zarela, kontua da norbaiten beharrean gaudela, Tortellinik alde egin digu.

 

bittor panori begira.

 

PANO: Italiarra, fenomeno bat hori ere, ez zure kategoriakoa, baina ona, ona; Amezketako Klasikan 284 km egin zituen ihesean...

TROJA: Eta iristeko 40 metro falta zitzaizkiola... plasta!

PANO: Behi plasta batean irristatu eta...

TROJA: Horren ondoren aitaren pizzeriara bueltatzea erabaki zuen. Enfin, elektroa egingo dizugu, bale? (badoa, zerbaiten bila)

BITTOR: (ikaratuta) Elektroa?

PANO: Proba txiki bat, ia ez du minik ematen, benetan; bost minutuko kontua (badoa bera ere).

 

trojaola bueltatzen da, gurpil txikien gainean arrastaka dakarren tramankulu bati bultzaka. Gasolindegiko hornigailu bat dirudi, baina tutu-malguak eduki beharrean kable mordoa dauzka. Kableen muturretan gorputzari eransten zaizkion goma-aparrezko piezatxo borobilak. panok tenteka kokatzen den zurezko ohol zabal bat dakar; honek eskumuturrak eta orkatilak lotzeko burnizko piezak ditu. bittor beldurrak aidean dago.

 

TROJA: Honekin zure gorputzaren ahalmenak neurtuko ditugu. Jarri biluzik, mesedez.

BITTOR: Biluzik? Erabat?

TROJA: (pazientzia gutxi du) Hor atzean erantzi! Bildu gerrialdea toaila batekin! Mugi!

 

panok darama bittor, besotik helduta, bionbo baten atzera. Airean doaz kamiseta, bakeroak, ogi barra, galtzontziloak eta galtzerdiak.

 

bittor toailan bilduta agertzen da, pano bultzaka ari zaiola. Zurezko oholean kateatzen dute eskumutur eta orkatiletatik, eta goma-aparrezkoak itsasten buruan, bularrean, abdomenean, zakilean (toailaren gainetik) eta izterretan.

 

PANO: (bittorri) Lasai, normalean ez da ezer larririk pasatzen.

 

trojak palanka bat jaisten du, tramankulua zarataka hasten da, koloretako dozenaka argitxo pizten zaizkiolarik. troja eta pano apunteak hartzen makinari begira. bittor dardar handiak eginez, konbultsionatuta, aulki elektrikoan bailegoen. 20 segundu eta trojaolak palanka igotzen du.

 

TROJA: (harrituta, euforikoa, Panori) Zenbat ateratzen zaizu batez besteko koefizientea?

PANO: (euforikoa hau ere)

TROJA: Niri ere bai! Zenbat zeukaten Ferkxek-eta?

PANO: Ferkxek 145, Trilurainek 144 eta Bahamendisek 143,5!

Panok eta Trojak elkar besarkatzen dute, pozarren, eta irribarre zabalez aritzen dira entzuten ez ditugun gauzak komentatzen. Bittorrek begirada galdua du oraindik, besteek askatzean bizkortzen da.

BITTOR: Ze... zer moduz?

PANO-TROJA: Ezin hobeto! Bikain! Zoragarri! Zorionak!

BITTOR: (harridura goxoz) Mila esker, eskerrik asko.

TROJA: (bittorri, besotik helduz) Mosketeroa izan nahi duzu?

BITTOR: (panori begira) Mosketeroa?

PANO: Hombre, “moskateleroa” baino politagoa iruditu zitzaigun.

BITTOR: (trojari) Bai, bai; gustura asko.

 

trojak hartzen estiloan besarkatzen du. panok Moskatelen maillot bat eta bixera dakartza, jantzarazi egiten dizkiote. Toailarekin segitzen du.

 

TROJA: Beste mosketeroak ezagutzeko momentua da (badoa, ezkutatu egiten da).

PANO: Ibon Junio eta Aiban Zuberoa.

BITTOR: Eta horiek zenbateko koefizientea atera zuten?

 

panok eskuarekin “hola, hola” adierazten duten keinuak egiten ditu.

 

Badator troja bi horiekin. ibon eta aiban, noski, Moskatelen uniforme osoa jantzita datoz; alegia, maillota, kulotea eta zapatillak; bixerarik ez, kasko super-aerodinamikoak baizik, betaurreko atomikoak. Bizikleta bana dakarte. “Bizikletak” dira kolore biziko barra bat, gurpil bat atzean eta eskutokia aurrean.

 

TROJA: Hau Ibon Junio da, Aiban Zuberoa... Bittor... abizena?

BITTOR: Iturmendi.

PANO: (bere kolkorako) “Tur” eta “mendi”.

 

Mosketeroak elkarri bostekoa ematen, “zer moduz?”, “kaixo”, “pozten naiz”; bittor umil-umil, besteak harroxko.

 

TROJA: Bittor Tortelliniren ordez ariko da gurekin; esperientziarik ez du, baina Pano eta biok seguru-seguru gaude diamante bruto bat dela.

PANO: En bruto, en bruto.

TROJA: Orain zuen esku utziko dugu, elkar ezagutu eta materiala eman diezaiozuen. Badakizue zein den Moskatelen ametsa, egunen batean Tourra irabaztea, baina horretarako lehenengo pausoa Tourrera joateko gonbita jasotzea da. Laster dugu Txordiziako Klasika, hor Moskatelen izena ederki asko ezagutarazi beharrean gaude. Cogor jardungo dugu entrenatzen. Bueno, ongi etorri, Bittor; gero arte denoi.

 

pano ere badoa trojarekin, bittorri bizkarrekoa emanda.

 

Denok “gero arte”ka, noski; ibon eta aibanekin bakarrik geratzen denean bittor ogi barraren bila doa. Segitzen du maillot, bixera eta toailarekin, oinutsik.

 

BITTOR: (biei, ogia seinalatuz) Seguridadia ematen dit.

IBON: Bizikleta gainean horrekin ibiltzea ez duzu pentsatuko, ezta?

BITTOR: Ba... karbohidratoak oso onak dira esfortzurako, ezta?

AIBAN: Bittor, ezta?

BITTOR: Bai, eta zu Ibon.

AIBAN: Ez, ni Aiban naiz.

BITTOR: A, bai, barkatu; Aiban Junio.

AIBAN: Aiban Zuberoa.

BITTOR: Barkatu, barkatu; zu zara Iban Junio.

IBON: Ibon Junio.

BITTOR: Ibon, Ibon; noski, noski.

 

Isiltasuna, tentsioa.

 

IBON: Ekipoa ekarri beharko dizugu, izan ere, piura horrekin... (aibani) Ekarriozu kulotea, nik astoa, bale?

AIBAN: Bale.

 

Badoa ibon.

 

BITTOR: Astoa?

AIBAN: Hala esaten diogu bizikletari. Txirrindularion argota; ikasiko duzu.

BITTOR: (ikasten)

 

Astoa; bizikleta, astoa.

 

AIBAN: Ekarriko dizut kulotea.

BITTOR: Eskerrik asko.

 

Badoa aiban eta badator ibon. bittorrentzako astoaren barra, dudarik gabe, erratz edo fregona makila da.

 

IBON: Hemen duzu, asto bikaina.

 

bittorrek heldu, pozik, eta begira hasten zaio. Konturatzen da, noski, material ezberdinekin eginda daudela bere astoa eta besteenak.

 

BITTOR: Aizu, zure astoa zein materialez dago egina?

IBON: Bueno, aleazio bat da, e? Karbonoa, noski; badakizu karbonoa gogorra eta erresistentea dela. Kobaltoa, eta kobajoa. Kromoa, urradura eta korrosiorako; manganesoa, kolabilitatea handitzeko eta, noski, higadura saihesteko; molibdenoa, hauskortasuna gutxitzeko eta beroaren aurreko newtontasuna orekatze aldera; nikela, %7,37, antikorrosibo bikaina da; silizioa, silizioa e-las-ti-ko-a delako, ulertzen?; tungstenoa, 0,4mm, Nivacrom Columbus, jakina, Nemo Genius proiektuak huts egin zuelako; vanadioa, nola egingo duzu gaur egun vanadiorik gabeko astorik? Eta azkenik niobioa!

BITTOR: Nobiua zertarako da?

IBON: Ideiarik ez.

 

Badator aiban, kulote txiki-txiki-txiki batekin. ibon konturatzen da eta isileko galdera egiten dio. aibanek irribarre egin eta isiltzeko adierazten dio keinuka.

 

BITTOR: (iboni) Nire astoa beste material bat da, ezta?

IBON: Zurea oso-oso ona da. Tetonioa da.

BITTOR: Titanioa?

IBON: Ez, ez, tetonio; askoz hobea da titanioa baino.

BITTOR: Aaaa...

AIBAN: Tori kulotea, Bittor.

BITTOR: Ez al da oso txikia?

AIBAN: Txikia izan behar du, gizona, abiada bizi-bizian zoazela aireari ahalik erresistentziarik txikiena egiteko!

BITTOR: Noski, noski. Jantzi egingo dut.

 

Ezkutatu egiten da bittor bionboaren atzean. ibon eta aiban barrez.

 

Toaila agertzen da bionboaren gainaldean.

 

AIBAN: (bittorri) Zer moduz duzu?

BITTOR: (ezin du hitzik ere egin) On... do; estu samarra igual.

IBON: Ohitu egingo zara, lasai; guri ere kostatu zitzaigun.

 

Badator bittor, ibili ezinik. Beste biak barreari eusten.

 

BITTOR: Buf... a ze... zer moduz koxkorrak zuek?

AIBAN: Koskabiloak aerodinamikaren etsai handiak dira, zenbat eta zanpatuago, hobe! Ez dakizu Edu Ferkxek egin zuena?

BITTOR: Ez, zer egin zuen?

 

aibanek hatz erakusle eta erdikoarekin guraizeekin mozten duelako keinua egiten du. ibon bi eskuekin eusten barregureari.

 

BITTOR: Benetan?

AIBAN: Eta gero bost Tour irabazi.

 

aiban eta ibonek depilatuta dauzkate hankak; bittorrek, berriz, Kristoren bizarrak.

 

IBON: Bueno, biharko etxeko lanak agintzea erraza daukagu.

AIBAN: Oso erraza, bai; depilazioa.

BITTOR: Depilazioa? (Bere hankei eta besteenei begira) Bai horixe, bihar hankak ondo depilatuta etorriko naiz.

IBON: Hankak bakarrik, ez, gizona; ai, hori bakarrik izango balitz!

AIBAN: Edu Ferkxena ez duzu egingo, ezta?

 

bittorrek hatzekin guraizeen keinua egiten du, isilean galdezka; aibanek baietz buruaz, eta bittor, nabarmen, ezetz.

 

AIBAN: Orduan koskabiloak ere...

BITTOR: (koskabiloei amoroski heltzen) Koskabiloak depilatu?

IBON: Bai, bai; eta ile bakar bat utzi gabe, oso erraz infektatzen dira.

AIBAN: Txirrindularitza sakrifizioz betetako kirola da, gurutze-bidea.

IBON: Baina gero... garaipenak, lore-sortak, ospea, errekorrak, loria!

 

bittorren aurpegia argitu egin dute ibonen hitzek.

 

BITTOR: Loria... aizue, zuek zenbat garaipen lortu dituzue?

 

ibonek eta aibanek elkarri begiratzen diote. jakina, sekula ez dute ezertxo ere irabazi.

 

AIBAN: Ez da momentu egokia kontu horiek aipatzeko...

IBON: Ez horixe, ez da egokia.

BITTOR: (bere kolkorako) Ze pertsona umilak!

 

ibonek lepotik zintzilik medaila bat du, bittor begira ari zaio.

 

IBON: Dorletako Ama Birjina, txirrindularion patroia.

BITTOR: A, ez nekien; eta zergatik da Dorletako Ama Birjina txirrindularien... txirrindularion patroia?

IBON: Hombre, zergatik da San Isidro nekazarien patroia? Nekazaria zelako! Orduan, noski, Dorletako Ama Birjina txirrindulari izango zen!

BITTOR: Aaaa...

AIBAN: Bueno, gaurkoz nahikoa, Bittor; egin etxeko lanak txintxo-txintxo, e?

IBON: (bittorri bizkarrekoa emanez) Bihar arte, txapeldun.

BITTOR: Bihar arte.

 

Badoaz ibon eta aiban, barre txikiak eginez. bittorrek jendeari begiratzen dio, potroei heldu-heldu eginda.

 

BITTOR: Aiii...