Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Kutxa Fundazioa, 2005

 

11. Estrategia

 

aiban, ibon, bittor, pano eta troja bileran, Txordiziako Klasikaren bezperan.

 

TROJA: Iritsi da eguna, mutilok; bihar dugu Txordiziako Klasika. Estrategiari begira, erabaki baino lehen zuen proposamenak entzun nahi nituzke.

 

Isiltasuna nagusi. bittor, luze iritzita.

 

BITTOR: Nola jokatu izan duzue bestetan? Zein izan da orain arte ondoen funtzionatu dizuen estrategia?

 

ibon eztulka, aiban burua azkuratzen, troja eta pano elkarri begira.

 

PANO: (trojari) Egia berdaderoa esan beharko diogu mutilari.

TROJA: Bai, bai.

AIBAN: (bittorri) Esan genizun, gogoratuko zara, txirrindularitza sakrifizioz betetako kirola zela, gurutze-bidea...

 

bittor baiezka buruaz.

 

IBON: (bittorri) Eta gero garaipenak, lore-sortak, loria...

AIBAN: (bittorri) Ba, oraingoz, lehenengo partean gabiltza.

BITTOR: Sakrifizioen partean?

AIBAN-IBON-PANO-TROJA: Bai.

BITTOR: Gurutze-bidean?

 

laurek baietz buruaz.

 

BITTOR: Eta garaipenik...

 

laurek ezetz.

 

BITTOR: Lore-sortarik...

 

laurek ezetz.

 

BITTOR: Loriarik...

 

laurek ezetz.

 

BITTOR: Ya.

PANO: Amezketako Klasikan ia ia...

IBON: Behin eta...

AIBAN: Behin eta behia.

TROJA: Gure biharko estrategia klasikoa izango da; alegia, ekipoak lan egingo du liderrarentzat, hau fresko egon dadin momentu garrantzitsuetan, jata denak txikitu ditzan.

BITTOR: (animatuago) Nor da liderra?

IBON: Ni ez ninteke...

AIBAN: Nik ez nezake...

BITTOR: PANO: Nik ez nuke... Zure baimenarekin, zuzendari andrea. Moskatel ez da ekipo klasiko bat; gure estrategia, nire ustez... em... ahal duzuena egin, mutilok; ez erori, ez minik hartu, eta animo!

 

pano altxatu egin da, azken hitz horiek esaten ari zela. troja ere altxatu da, elkar besarkatzen dute, badoaz.

 

hiru mutilak tente.

 

IBON: (aibani, bostekoa eta bizkarrekoak) Suerte, Aiban!

AIBAN: Suerte, Ibon!

 

Berdin-berdin ibon bittorrekin eta aiban bittorrekin. Hirurek elkarri heltzen diote.

 

IBON: Garaipenak!

AIBAN: Lore-sortak!

BITTOR: Loria!