Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Kutxa Fundazioa, 2005

 

6. Okindegian

 

bittor jo eta ke ari da estatikan, txirrindulari jantzita; bezeroa sartzen da.

 

BEZEROA: Beraz... egia zen gizakia ogi hutsez bizi ezin zelako hura? Ogi saltze hutsetik, zure kasuan?

BITTOR: Barkatu, baina kontrarrelojean ari naiz! Zer nahi duzu?

BEZEROA: Gaur zera pentsatu dut, ogia eta esnea eramatea.

BITTOR: Ogia ezkerrean, esnea eskuinean!

BEZEROA: Hombre, konturatu naiz, honezkero urte asko dira okindegietara sartzen naizela.

BITTOR: Gari irinezko ogi normala ofertan daukagu!

BEZEROA: Eta zekalea, oloa, garagarra, intxaurrak, sesamoa eta mahats-pasak?

BITTOR: Horiek ez!

BEZEROA: Horiek ez daude ofertan?

BITTOR: Ez, ez; horiek ez dauzkagu!

BEZEROA: A! (ogi bat hartzen du) Ze esne daukazu... ofertan?

BITTOR: Eskuineko hori!

BEZEROA: Banuen horren errezeloa (bat hartzen du). Zenbat da?

BITTOR: Borondatea!

BEZEROA: Kontua da... hamarreko billetea besterik ez dudala (mostradore gainean ipintzen du).

BITTOR: Oso borondate onekoa zara! Eskerrik asko!

 

bezeroak zerbait esango duela ematen du; baina ez, badoa.

 

BEZEROA: Asko falta zaizu kontrarreloja bukatzeko?

BITTOR: Hiru bat ordu!

 

bezeroak ezker-eskuin mugitzen du burua, badoa.