Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Kutxa Fundazioa, 2005

 

5. Etxean

 

bittor bizkarra erakusten duela eserita dago aulkitxo batean. kizkitza hanken artean mozketan ari zaio, guraize hots handia entzuten da.

bittor dar-dar batean, ikara-ikara eginda.

 

BITTOR: Ai, ai! Kontuz, Kizkitza!

KIZKITZA: (gizonaren intziriekin nazkatuta) Kontuz-kontuz ari naiz! Zerorrek egin nahi duzu?

BITTOR: Ez, ez; ni ez naiz gauza, ezingo nuke. Ez dakizu ze sentsazio... zer-nolako ikara ematen duen guraizeekin hor ibiltzeak.

KIZKITZA: Ya, baina ile luze hauek... koxkorretan, aurrena, guraizeekin, eta izterretan elektrikoarekin, eta gero azal guztian argizaria.

BITTOR: Argizaria? Argizari beroa? Zuk hanketan eta bibotean ematen duzuna?

KIZKITZA: Bai.

BITTOR: Baina hori oso mingarria da, ezta?

 

kizkitzak baietz buruaz.

 

KIZKITZA: Uste dut txirrindularitza eunukoentzako kirola dela.

BITTOR: Badakizu Edu Ferkxek zer egin zuen? Bueno, ez jakitea hobe.

 

kizkitzak martxan jartzen du depilatzeko aparatu elektrikoa. Burrunbak areagotu egiten du bittorren izu-ikara. Besoak luzatzen ditu, kizkitzari ez dio hurbiltzen uzten.

 

BITTOR: Ez, ez, ez!

 

kizkitzak eskuan jartzen dio aparatua.

 

KIZKITZA: Egin zeuk, pelma!

 

kizkitzak argizaria duen eltzeari eragiten dio. bittor behin eta berriz saiatzen da aparatua izterretara eramaten baina bost zentimetrotara duela urrundu egiten du.

 

KIZKITZA: (Begiratu gabe) Pasa behin eta berriz, hartara argizariarekin min gutxiago.

 

bittor lehen bezala, ezinean. Hurbiltzen da kizkitza argizaria duen ontziarekin.

 

BITTOR: Non duzu zure amak oparitutako errosarioa?

KIZKITZA: (harrituta) Errosarioa? Kajoiren batean egongo da.

BITTOR: Ekarri, bilatu eta ekarri, mesedez.

KIZKITZA: Depilatzeko, errosarioa?

BITTOR: Zuk ekarri, bale?

 

Badoa kizkitza.

 

BITTOR: Dorletako Ama Birjina, lagun iezadazu momentu larri hauetan eta ni zure ermitara joango naiz non dagoen jakin bezain pronto!

 

Badator kizkitza. bittorrek zakilaren inguruan kiribiltzen du errosarioa.

 

KIZKITZA: (barrez) Seguru nago sakrilegio handiagorik ez dagoela egiterik.

 

kizkitza argizaria ematen hasten zaio.

 

BITTOR: Ze bero dagoen! Mekauen!

 

kizkitza barrez, algaraka ia.

 

KIZKITZA: Errosarioa pitilinean eta depilatzeko argizaria koxkorretan!

 

Heldu egiten dio neskak, erabakitasunez, lehortutako argizariari.

 

Serioturik kizkitza. Gorpu alaiagoak ikusi izan dira bittor momentu horretan baino.

 

KIZKITZA: Prest?

BITTOR: Lore-sortak, garaipenak, loria! Tira!

 

Argia itzaltzen da Tarzanen oihua entzuten dugunarekin batera. Argia pizten denean bittor palangana batean dago eserita. kizkitzak eskuetan hauxe du: bi argizari zerrenda, ilez beteta, izterra bezain luzeak; bi zerrenda horiek batu egiten dira koxkorretan jarritakoaren bidez; hor ere ileak, jakina, eta, baita ere, itsatsita, errosarioa.

 

KIZKITZA: (eskuan duenari begira) Impresionante, impresionante; errosarioa ere itsatsi egin da eta... zer moduz zaude, gizona?

BITTOR: Bueeeno.

 

kizkitza hurbildu eta palangana barrura begiratzen du

 

KIZKITZA: Dena osorik dagoela ematen du. (Musu ematen dio masailean) Gaur “Tres en uno” ez, ezta?

BITTOR: Gaur igual ez.