7. Masaje-Teorika
panok eltze handi misteriotsu bati eragin eta noizean behin zeozer botatzen du barrura. troja hiru mutilak masajeatzen ari da; ikusten dugunez aibanekikoak eginak ditu, hau minberatutako giharrak igurzten panoren ondoan baitago, zain. trojaren “eskuetan” ibon dago, garrasika; heldu hemendik eta handik, luzarazi; kolpetxoak, kolpeak eta kristoren zartakotzarrak eman... horrela ari zaio troja gupidagabeki.
TROJA: (iboni) Eltzekoaren kolara, alde!
ibon aibanen atzean jartzen da. bittor hezur-muinetaraino ikaratuta etzaten da masajerako. panok pelikuletan aizto gorigori batekin bala bat atera behar diotenari hozka egiteko ematen zaion zilindro formakoa jartzen dio hortz artean. trojak hankatik heldu eta tira, orpoa ipurdiaren kontra sakatu, lepotik heldu eta bihurrarazi... bittorrek libre dauzkan gorputz adarrak astindu eta sufrimendu aurpegi askotarikoak erakusten ditu.
TROJA: Itzekoaren kolara! Prest al dago, Pano?
Baietz panok, eta burruntzalikada bat eskaintzen dio aibani; iboni beste bat...
BITTOR: (mesfidati) Aizu, zer da hau? Niri txerrikeriarik ez, e?
PANO: Lasai, Bittor; hau ez da dopajea, hau potajea da, eta txerrikeriarik ez, baina txerrikiak bai ugari; odolkia, txorizoa, saiheskia...
Edaten du bittorrek.
BITTOR: Uuum... “cum laude”, aizu!
TROJA: Teorika!
aiban, ibon eta bittor eserita, ikasgelan baleude bezala. troja tente, batetik bestera pauso azkarrez. Zurezko erregela bat du zuzendariak, galdera bat egin norbaiti eta 2-3 segundoz itxoiten du; erantzunik ez badago edo erantzuna okerra bada bi kolpe azkar-azkar jotzen ditu erregelaz mahaian eta galdera, automatikoki, hurrengoarentzat da; norbaitek asmatzen duenean kolpe bat. pano txoko batean dago, liburukoteak irakurtzen, oso itxura zaharreko liburuak.
TROJA: (aibani) Zenbat pisatzen du Lans Omstrin-en bizikletak?
AIBAN: 6,6 kilo!
Bi kolpe trojak, erantzun okerra.
IBON: 6,8!
Kolpe bat trojak; erantzun zuzena.
TROJA: (bittorri) Zer dira mutur batean pedalei eta bestean pedalierraren ardatzari lotuta dauden palankak?
BITTOR: (oso urduri) Errepikatuko didazu, mesedez?
TROJA: (ozenkiago eta azkarrago) Mutur batean pedalei eta bestean pedalierraren ardatzari lotuta dauden palankak!
ibon eta aibanek besoa altxatzen dute, erantzuna badakitela adieraziz.
bittor dudan dago; beste inork ikusten ez duelarik, panok bi hatz erakusten dizkio bittorri.
BITTOR: Bi... bi...
trojak erregelaz bi kolpe jotzeko prest. panok esku batekin ela sindikatuko idazkari nagusiaren argazki handi bat erakusten dio, bestearekin, lehen bezala, bi hatz.
BITTOR: (euforiko) Biela!
Kolpe bat trojak.
TROJA: (aibani) Zein materialez egiten dira betaurreko onenak?
AIBAN: Zilar-titanioa!
Bi kolpe trojak.
TROJA: (aibani) Bigarren hutsa. Estatikara, 100 km.
aibanek kopetilun ekiten dio.
TROJA: (iboni) Betaurreko onenak egiteko material hori?
IBON: Karbonozko sulfatoa!
Bi kolpe trojak, eta bittorri begiratzen dio. panok pluto txakurraren poster handi bat ateratzen du nonbaitetik, beti bezala bittorren begientzat bakarrik.
BITTOR: Pluto... nio!
Kolpe bat trojak.
TROJA: Oso ondo, Bittor; asko ikasi duzu oso denbora gutxian. Azken galdera. (iboni) Zein lubrifikatzaile erabiltzen da ardatzetan?
IBON: Baselina neutroa!
Bi kolpe trojak.
TROJA: Bigarren hutsa. Estatika okupatuta dago... hasi fleksioak egiten. (Hasten da ibon, estatikan jo eta ke ari den aibanen ondoan) Bittor, zein da ardatzetarako lubrifikatzailea?
panok Ana Obregonen poster handi bat ateratzen du eta titiak seinalatzen ditu.
BITTOR: Silikona!
Kolpe bat trojak.
TROJA: (irribarre zabalez) Zorionak, Bittor, bene-benetan. Segi horrela. (aiban eta iboni) Utziozue; (aibani) 95 km zor, eta zuk (iboni) 400 fleksio. Prestatu azkar, karreterara goaz.