Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Kutxa Fundazioa, 2005

 

2. Kalean

 

okina, 25-30 bat urteko gizona, oinez; ogi barra bat besapean, egunkaria irakurriz doa. Trafiko hots handia. 60 bat urteko gizon bizar luze txuridun bat begira-begira ari zaio, nahiko nabarmen hasieran, oso nabarmen gero; atzetik doakio. zaharrak gorputz alde guztiei begiratzen die, hankei, ipurdiari, bularrari... okina konturatu da, eta zaharra konturatu da okina konturatu dela.

 

ZAHARRA: Eguerdi on, kaixo; barkatu.

OKINA: Kaixo.

ZAHARRA: Zu kirolaria zara?

OKINA: Kirolaria? Ez; bueno, lagunekin frontoian batzuetan, palan, baina...

ZAHARRA: Eta bizikletan?

OKINA: Bizikletan? Ibiltzen badakit, noski, baina karreterara irteteko ohiturarik ez daukat; etxean estatika bat daukagu... aizu! eta zergatik hainbeste galdera? Jakin liteke?

ZAHARRA: Bai, bai; horixe baietz. Begira, ni Moskatelekoa naiz, Moskatel ekipokoa; adituko zenuen, ezta? Moskatel Team (“tim”), txirrindulari ekipoa.

OKINA: Moskatel? A, bai, garrafoia, ezta? (bularra seinalatuz; zaharrak baietz buruaz) Eta maillot berdea. Eta zer zara? Zuzendaria?

ZAHARRA: Ez, ni... nola esan? Aholkularia naiz, eta sasi-medikua ere; petrikilo samarra naiz. Nire izena Benito da, baina jendeak Panoramix esaten dit, “Pano”.

OKINA: Panoramix? Asterix eta Obelixekin... ? Druida hura?

PANO: Bai, bai; esan dizut ba, petrikiloa eta bizar txuria... bueno, kontuari helduz, konturatuko zinen begira jardun dizudala, ezta?

OKINA: Bai, bai.

PANO: Zure gorputza impresionantea da, impresionantea. Daukazu Mikel Trilurain-en ipurdia, Edu Ferkx-en hankak, Bahamendis-en bular eta bizkarrak... (aipatutakoak ukituz, miresmenez). Zurea bizikletarako sortutako gorputza da; bizikletarako bizi, bai, horixe egin beharko zenuke. Zure hankekin Tourra irabazi liteke. Zein da zure izena, gazte?

OKINA: Bittor, baina batzuek “pino” esaten didate. (euforiaz)

PANO: Alvaro Pino txirrindulariagatik!

BITTOR: Ez, “Vespino” batean ibiltzen nintzelako.

PANO: A, bueno, aizu, ekipora etorri behar duzu proba batzuk egitera, etorriko zinateke? Mesedez, ordu pare bateko kontua! Ze lan egiten duzu?

BITTOR: (ogia erakutsiz) Okina naiz, panaderoa.

PANO: Oso lan noblea, eta karbohidratoak oso beharrezkoak dira esfortzurako. Hartu nire txartela! Bihar lauretan zer moduz? Siestaren ondoren?

BITTOR: Moldatuko naiz, bale; baina, aizu, zer egin beharko dut?

PANO: Ez kezkatu horregatik, oso gauza erraz batzuk. Tourra irabaziko dugu! Bihar arte!

BITTOR: Aio, bai.