9. Bittorren etxean
kizkitza etxea garbitzen eta txukuntzen ari da. Etxean aldaketak ikusten dira; izan ere, den-dena txirrindularitzako posterrez josita dago, eta bazter guztietan daude maillotak, kuloteak, bidoiak, eskularruak, aldizkari mordoa, gurpilak, llantak, bizikleta-koadro oso-oso bat... eta estatika. kizkitzak, etsi-etsi eginda, spray bat hartzen du lurretik eta irakurtzen hasten da.
KIZKITZA: “Aceite para precalentamiento ozonizado. Llevad a vuestros músculos a la temperatura de ejercicio con el aceite para precalentamiento ozonizado”. Etxe honetan ez dago ez precalentamientorik, ez calentamientorik, ez tres en uno!; trasteak besterik ez!
Eskuz idatzitako papertxo bat aurkitzen du
KIZKITZA: “Andre maitea, mesedez presta itzazu espagetiak edo makarroiak afaltzeko, karbohidratoak oso energia-iturri garrantzitsua direlako kirolariontzat”.
kizkitzak lurrera botatzen du papera, amorruz.
KIZKITZA: Emango diadan belarrondokoarekin ikusiko duk ze karbohidrato ta zer precalentamiento!
Atean joka norbait; badoa kizkitza, tarrapataka. ibon eta aiban sartzen dira, biok heltzen diote tente egoteko gauza ez den bittorri. bittor kontziente dago, baina mozkorraren itxura eta hizketa du.
KIZKITZA: Ai, ama! Zer gertatu da? Zer moduz zaude, maitea?
Aurpegia laztantzen dio bittorri.
BITTOR: Putonio! Silikona! Biela!
KIZKITZA: (zaplazteko txikiak emanez) Aizu! Etorri zure onera! Baina zer gertatu da?
IBON: Zera... conmoción cerebral du.
AIBAN: Cerebral ez, general. Biharko ondo egongo omen da, ez du ezer puskatu. Etzi daukagu Txordiziako Klasika, sasoian egongo ahal da ordurako!
KIZKITZA: Zer egin da? Erori?
IBON: Kontatu dizu inoiz Tortellinirena?
KIZKITZA: Ez.
AIBAN: Gure ekipokoa zen, Moskatel Teamekoa, italiarra, Amezketako Klasikan 284 km egin zituen ihesean bakar-bakarrik...
IBON: Eta iristeko 40 metro falta zitzaizkiola... plasta!
AIBAN: Behi plasta batean irristatu eta...
KIZKITZA: Eta erori.
AIBAN-IBON: Bai.
KIZKITZA: Eta gure Bittorri zer gertatu zaio?
IBON: Hain zuzen ere, plasta hura bota zuen behi berberaren kontra jo du gure Bitorrek.
AIBAN: Bai, bai; seguru nago, behi pintoa.
kizkitzak bittorren hankartea seinalatzen du, izugarri hanpatua dago.
KIZKITZA: Amatxo maitea! Eta hau?
IBON: Konturatu gara, bai. Hori, nire ustez, kolpearen ondorioz sortutako arazo neurologiko txiki bat izan daiteke...
kizkitza ukitu eta ukitu ari da; ibon eta aiban, lotsatuta, alboetara begira.
KIZKITZA: Txikia? Bai zera, txikia! Hau ez da nire Bittorren... aizue, nire gizonaren... em... intimidadea ezagutzen dut, e?
kizkitzak behi adar bat ateratzen du bittorren kulotetik.
IBON: Hara! Hurrengoan inongo dudarik gabe ezagutuko dugu!
AIBAN: Behi pintoa, adar bakarra!
KIZKITZA: (adarra harrika botatzen du) Bueno, eskerrik asko ekartzeagatik, lagunok; uztazue nire kontura elementu hau.
ibon eta aibanek askatu eta ziplo lurrera bittor.
IBON: Gero arte.
AIBAN: Ondo segi; em, hobeto segi.
kizkitzak ate aldera bultzaka ia, daramatza. bittor lurretik hartutako aldizkari bat irakurtzen hasten da, etzanda, luze-luze eginda.
BITTOR: (oso oso azkar irakurtzen du, tonu pedagogikoarekin) A diferencia de los metales, las fibras sintéticas (carbono, kevlar, aramida... ) se pueden fabricar bajo especificaciones muy concretas. Esto es posible gracias a que durante la conformación del tejido que dará como resultado el tubo o panel final...
kizkitzak beso azpitik heldu eta arrastaka darama senarra.
KIZKITZA: Ohera, Iturmenditar Bittor!
BITTOR: ... se van superponiendo fibras artificiales en diferentes direcciones, para conseguir una resistencia multidireccional uniéndose con varias capas de resinas (epoxitas o fenoles). Interesgarria benetan! Ez, aizu?
KIZKITZA: (arrastaka daramala) Oso interesgarria! (garrasika)
Estatikaren ondotxotik ari dira pasatzen.
BITTOR: Hombre! Trojari estatikan 100 km zor dizkiot, oraintxe egingo ditut!
Altxatu nahian hasten da bittor, kizkitzak ez dio uzten.
KIZKITZA: Ohera, demontre!
BITTOR: Benga, utzi, joooo! 80 km bakarrik!
Lurretik gurpil puzgailua hartu eta horrekintxe jotzen du buruan kizkitzak, hots handia ateraz. Zerraldo erortzen da bittor.
KIZKITZA: (arrastaka daramala, erdi negarrez) Duela oso gutxi zeuk eramaten ninduzun besoetan ohera! Hau ez da justua, hombre! Mekauen Txordiziako Klasika, Milan-San Memo eta Italiako Tourra!