Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

14. JOKALDIA

 

(Eszenatokia hutsik ageri da eta prozesioan bezala sartuko dira guztiak, taldeka, ordena honetan: san migel eta dante aurretik, hiriko eta mari gero, aresti, loiola, mirande, munibe, garibai, axular eta unamuno jarraian, eta hauen ondoren barandiaran, chaho, sabino arana eta hauekin narziso, azkenik etakidea, larramendi eta santa krutz sartzen dira. Taldeak jarrera eta egokiera berezian —nahasi gabe— jardungo dute jokaldi guztian. san migelek bakoitzaren sententzia irakurtzean dagokion taldea eszenaren erdian jarriko da).

 

SAN MIGEL: (Modu solemnean)

            Auzia ikusia dago, eta erabakiak hartuak. Nik ebazpenak aldarrikatuko ditut eta Dantek adieraziko du pena edo sari bakoitzaren exekuzioa nola eta non beteko den.

 

(Isilunea. Paper bat hartzen du bertatik irakurriaz).

 

SAN MIGEL: (Irakurriaz)

            Jose Migel Barandiaran, Sabino Arana Goiri eta Agustin Chaho. (Isilunea. Deitutako hirurak eszenaren erdian jartzen dira zutik eta san migeli begira)

SAN MIGEL: Honela dio zuen ebazpenak: Josafateko zelaian eta munduaren azken egunean, honela deliberatzen dugu gauzak luze eta argiro ikusiaz gero. Jose Migel Barandiaran, Sabino Arana eta Agustin Chahok beren borondatez osatu duten taldearen partaide direnez Linboan konplituko dute beren pena eta harat abiatuko dira segituan Nartziso delakoaren konpainian. Talde honen okerra beren buruaz neurriz kanpoko miresmenean zoratzea eta beste herrikide askoren zoramena eragitea izan da. (Negar isilean hasi dira hirurak eta buru makur daude oraindik dantek hitza hartzen duenean)

DANTE: Zergatik Linbora eta zergatik Nartzisoren konpainian? Nartzisoren gaitzak nartzisokeria izena du. Nartzisok bezala gaur hemen kondenatzen ditugun taldekideak beren baitako ispiluari so bizitu dira, beren buruaz kanpo besterik ez begiratuaz eta ondoren beste gizon eta herriekiko harremanak gaiztotuaz eta gorrotatuaz. Norbera maitatzea ez da gauza okerra, baina norberaren maitasun gehikeriaz besteak gorrotatzea bai. Hargatik kondenatzen dira sekula sekuletan ispiluari begira egotea beren imajina baizik ikusiko ez dutelarik.

SAN MIGEL: Bete dadila ebazpena!

 

(Pasabide bat irekitzen dute guztiak eta handik iraganez irteten dira nartziso aurretik dela Linborako bidean. Isilunea).

 

SAN MIGEL: Larramendi Manuel, etakidea eta Santa Krutz.

 

(Deitutako hirurak eszenaren erdian jartzen dira).

 

SAN MIGEL: Zuek hirurak, militar edo eta gerlaren eragileak infernuetan beteko duzue kondena.

 

(etakideak ukabila jaso du, eta santa krutz negarrari ematen dio, larramendik burua makurtu gabe ezezko keinua egiten du. Isilunea. santa krutzen negarra entzuten da).

 

DANTE: Munduaren hondamendia etorri bada gizon bakoitzak norberaren zorionari soilik begiratuaz, lagun hurkoa gorrotatzera heldu delako izan da. Gugandik bestea dena suntsitu nahiz edo eta eraileen buruak berotuaz. Hargatik zarete infernura kondenatuak batzuk balaz eta besteak hitzez heriotzaren goratzarrean bizitu zaretelako

 

(Lehen bezala pasabide bat irekitzen da eszenan eta hiru kondenatuak badoaz infernuetara).

 

SAN MIGEL: (Beti bezala paperean irakurriaz)

            Axular Piarres, Aresti Gabriel, Xabier Munibe, Jon Mirande, Esteban Garibai eta Unamuno.

 

(Seiak jartzen dira eszenaren erdian).

 

SAN MIGEL: Zuek seirok ez zarete ez zerurako ez eta lurrerako. Zuek Danteren graziari esker Parnasora joango zarete. Hala ere garbi utzi nahi dugu gure ondoeza Garibai eta Miranderen kasuetan. Zuek hautatu duzue taldea eta tribunal honek ez du bere hitza jango hargatik, baina jakin behar du Garibai historiagileak ez dela zilegi gezurrak asmatzea gero herritarrak asmakizunetan bazkatzeko. Tubalen gezurra eta antzeko besteak arbuiagarritzat dauzka tribunal honek. Arbuiagarritzat dauzkan bezala Miranderen zenbait zorakeria arrazei buruzkoak. Mirande, hitza emana dudanez, Parnasora joango da baina hango musen faboreak ezin izango ditu dastatu datozen mila urtetan. espero dut gainera Axularren zuhurtziaz zerbait ikasiko duzula, ez zaude konpainia txarrean...

 

(jon mirande ahospez jarri da san migelen aurrean eta honela dio handik zotinka).

 

MIRANDE: Eskerrak, eskerrak anitz! Zer dira mila urte eternitatean barne. Milesker Dante eta aingeru guztiak.

 

(san migelek hatza ahoan jarriz isiltzeko keinua egiten dio).

 

MIRANDE: (Apalki)

            Barkatu ... barkatu.

DANTE: (Taldekoei)

            Zuek geldi zaitezkete hemen, gero neronek lagunduko dizuet Parnasora. Zorionak denei!

 

(aitor bere hertzean bakarrik gelditu da eta orain besoa jasotzen du hitz egin nahian).

 

SAN MIGEL: Esaiguzu, Aitor.

AITOR: Barkatu jaunak, baina nik ez dut toki egokirik aurkitu. Ez dakit zein talderekin joan behar dudan.

 

(Isilunea. san migel eta dante belarrira mintzatzen dira. Beren keinuaz gauza nabaria da aitorrez ari direla hitz egiten; poetak hitz egingo du azkenik).

 

DANTE: Zu ez zara. Beraz, ez dagokizu epaiketarik.

AITOR: Nolatan ez naizela?

SAN MIGEL: Ondo esan du Dantek, zu Chahok sortutako izaki literarioa zara. Beraz ez duzu nortasun juridikorik epaiketa honen harirako.

AITOR: Bistan da ordea, ni banaizela.

UNAMUNO: Zure baimenarekin, Arkangelu jauna... egia da guk bezalako izaera haragizkorik Aitorrek ez duela, baina Chahok bere egunean sortu zuenetik Euskaldunongan izan du izaera eta ez nolanahikoa ere; Aitor izan da Euskal Herriaren narrazioari batasuna eman dioena. Aitor da, bestalde, euskal imajinario mitikoaren sorburua ere.

SAN MIGEL: Barkatu Unamuno jauna baina gaur Josafaten epaitzen dena, ez da fantasmen izaera.

UNAMUNO: Garbi dago hori, baina nik esan nahi dudana zera da, alegia, bere izaera literarioa bada ere herriarengan izan du eraginik. Aitor, Chahok sortu zuenetik ez da fikziozko kreatura soila, benetako izaera izan du euskaldun askoren baitan eta askok hartu dute bere izena ahotan Euskal Herriaren kontakizuna burutzerakoan. Zeren azken batean kontakizun bat baino ez da Euskal Herriaren arima. Zentzu honetan munduko herririk literarioena osatzen dugu euskaldunok. Paperean baizik ez duenez izaera eta existentzia. Aitor gure herriko bat gehiago litzateke, beraz.

SAN MIGEL: Ulertzen dut adierazi nahi duzuna eta zentzu horretan Aitor existitzen da, baina hori ez da bere errua izan, ezin dugu horregatik epaitu, bera ez da izaki librea borondaterik ez duenez ezin du bere burua autodeterminatu.

 

(Isilunea. Berriro dantek belarrira mintzatzen zaio aingeruari eta azkenean poeta izango da mintzatuko duena).

 

DANTE: Nire ustez Aitorrek Linbora joan beharko luke besteekin batera. Arrazoia du Unamunok bere izaera ezin ukatua baieztatzean, baina aingeruak ere egia dio Aitor ez delako erabateko gizakia. Beraz, Linbora joan beharko luke bere izateaz galdezka, azken batean hara kondenatu direnak ere ez dute izaera erabatekorik, beren baitaz miretsirik besteengana jaio eta ernaldu ez direnez.

SAN MIGEL: Zure arrazoiak ikusten ditut Dante, eta zilegi iruditzen zait zuk diozuna. Beraz, Aitor zoaz Arana, Barandiaran eta zure aita den Chahorekin Linbora, baina zuk ispilurik ez duzunez, zure denbora, besteei beren izaera kamutsa gogoratzen, pasako duzu.

 

(aitor, Linborako bidean jartzen da, eszenatik atereaz).

 

SAN MIGEL: Bukatu dezagun, behingoz... (Eta paperean irakurriz hots egiten duj Hiriko eta Mari!

 

(Deiturikoak eszenaren erdira datoz).

 

SAN MIGEL: Zorionekoak zuek maitasunean aurkitu duzuelako elkar. Zu Hiriko mendi gainetan bizitu zara artzain, baina orain ostera itzuliko zara lurrera han zeru berri bat eraikitzeko. Hiri handi bat eginen duzue eta han gizon berriak sortuko dira akabatu denaren erakutsiak gogoan izango dituena. Maitasuna izanen da bertako legea. Eta naziorik ez da han izango mundu osoa izango baita maitasuna eta anaitasunaren Hiria. Zoazte bada eta populatu ezazue zuen maitasunaren fruituaz. Zu, Hiriko, Urepeleko artzain ohia, zeru berriaren aita izendatzen zaitut, eta zu Mari koba, zulo eta emetasun guztien sorburua, zeru haietako ama izendatzen zaitugu.

DANTE: Zorionak Hiriko eta Zorionak Mari. Niri dagokit zuen zeruaz zerbait esatea. Zerua lortu duzue meritu propioz eta Jainkoaren graziaz. Maitasunak, Mari, apurtu zuen zure miraila eta bertan ikusi ahal izan zenuen Hiriko; zuk, beraz, hautsi duzu zure baitaren ortzia eta han aurkitu duzu zerua. Zeren dagoeneko guztiak egongo zarete zeruaz galdezka. Non dagoenekoa. Zer nolako den. Eta zer gertatzen den Jaungoikoarekin... Jaungoikoaren aurpegia ikustea da zerua. Horixe, bakarrik. Hain gauza xinplea eta hain gauza nekeza. Zuek ez duzue oraino ikusi baina bidean zarete Jaungoikoaren aurpegia ikusteko. Han zuen lurreko zeruan maitasun jite bakoitzean ikusi eta aurkituko duzue Jainkoa.

GUZTIAK: Amen! Amen!

SAN MIGEL: Hiriko eta Mari, zoazte, bada, zuen zeruaren bila. Jainkoa lagun duzuten bitartean, zuek zaudeten tokian izanen da zerua. Han ikusiko dugu elkar guztiok.

 

(Musika hasi da entzuten suabe lehenik eta ozenki gero “Urepeleko artzaina” kantua da entzuten dena).

 

amaia

 

Leire, 2006 uztailak 31