Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

11. JOKALDIA

 

(Lehengoan eszenan).

 

BARANDIARAN: Eta Dante delako horri nork eman dio kandela euskaldunon kontuetan?

ARESTI: Bere poema galanta idatzi zuenetik zeru eta infernuetako gauzetan aditua da. San Migelek hartu du aholkulari eta badirudi gainera bere iritzia erabakigarria izango dela epaiketan.

MIRANDE: Ez dago gaizki. Esku onetan gaude, beraz.

BARANDIARAN: Nahiago nuke jende zibil eta legoen tartean ez balego.

ARESTI: Horretan ere, Barandiaran jauna, gauzak ikusteko daude. Zuek apaizok aisa ohitu zarete arimen munduan azken hitza izaten eta ohituraren poderioz uste duzue zuek bakarrik zaretela gizona juzkatzeko gai. Baina gezurra litzake hori agian eta badaiteke zuek egiatzat duzuena gezurra borobila izatea.

MIRANDE: Ziur, dena gezurra dela zuek asmatu duzuena.

ARESTI: Harrokeriaz jokatu duzue guztia zuen irudira egina zegoela pentsatuaz. Zerua goian eta infernua behean. Eliza jainkoaren ordezko. Apaizak jainkoaren hiztun... Baina zerua goran eta infernua behean ez baleude zer? Eta zer eliza Jainkoaren baitan idolatria soila balitz? Eta nork esan dizue apaizei Jainkoaren artekariak zaretela?... Guztia zuen irudimenaren moldera taxutu duzue, zuen interesen arabera moldatu duzue. Eta orain zer?

BARANDIARAN: Orain Jainkoak ezagutuko gaitu.

MIRANDE: Eta Jainkoak arbuiatzen bazaituzte?

BARANDIARAN: Hori ez da posible! Utikan zuek! Ni banoa hemendik ez dut zuen hitzik gehiago entzun nahi. Jainkoak egingo du bere justizia eta zintzoak ezagutuko ditu. Fededunek ukanen dute beren promesa. Hor konpon zuek!

 

(Haserre ateratzen da apaiza eta isilunea egiten da, sabino arana etakidearekin batera sartu arte).

 

SABINO ARANA: Agur Jaunak!

MIRANDE: Jaunak Agur.

SABINO ARANA: Bero egiten du hemen.

MIRANDE: (Irriz)

            Seinale infernua gertu dugula.

SABINO ARANA: Ez dut nik harat joateko asmorik.

ARESTI: Nork jakin?

SABINO ARANA: Bizitza osoan zuzen jokatu dugunok eta gure lematzat Jainkoa izan dugunok ez dugu beldurrik izan behar.

ARESTI: Eta zer dio kapusaia daraman gudariak?

ETAKIDEA: Ez dut nik beldurrik. Aberriaren osasunean soilik ahalegindu naiz. Herriaren askatasuna izan da nire lema. Gainera ni ez naiz bakarra, Erakunde bateko mutila naiz eta ez dio axolarik norbanakoaren zorteak.

MIRANDE: Bai, baina infernuko surtan zure ipurdia izango da erreko dena, ez Erakundearena.

SABINO ARANA: Utz ezazue bakean, mutil gizajoa, berak ordenak bete ditu. Gudari bat baizik ez da.

ARESTI: Krimenak, ordea, ordaindu beharrekoak dira eta sosetan gainera.

SABINO ARANA: Harritzen naiz zuek bezalako euskaldun batzuk beste euskaldun bati hain gaizki nahi izatea.

MIRANDE: Gizakiak gara lehenik eta euskaldunak gero.

ARESTI: Hori esan zuen Mitxelena ospetsuak. Eta orain konturatzen naiz ez dudala oraindik agurtu. Non ote dago Mitxelena Josafateko zelai honetan?

MIRANDE: Agian zeruan dago jadanik. Hark bere bizitzan pairatu zuen purgatorioa. (etakideari mintzo zaio orain) Eta zuk zergatik ez duzu kapusaia kentzen, zure lagunak esan du hemen bero egiten duela.

ETAKIDEA: Ondo nago honela. Ez dut berorik.

MIRANDE: Behar bada bururik ez duzu eta horregatik mozorrotzen zara.

SABINO ARANA: Utz ezazu bakean mutila!

ARESTI: Esan daiteke zure babesean hartu duzula.

SABINO ARANA: Eta zer horrela balitz?

ARESTI: Niri bost axola. Ez naiz gehiegi harrituko.

SABINO ARANA: Ni oso ehiztari zaletua nintzen, baina ez diot sekula tiro egin basurdeari, erbiari edo oilagorrari ez bada. Hala ere, kontuan hartzekoa da aberriarengatik armetan jartzen dena. Gudariak dira aberriaren zaindari eta gordailu.

ARESTI: Zuk gudariak dituzu maite, eta nik biziki gorrotatzen dut beren harrotasuna eta bortxa. Nik ez dut nahi fusilekin lortutako aberririk. Nazka ematen dit ideia batengatik gizona hiltzen duen borreroak. Ez dut nik izan nahi borreroen herrikide. Gorrotatzen ditut ideien soldaduak.

SABINO ARANA: (etakidea besotik hartuaz)

            Goazen adiskide, bistan da hemen ez gaituela maite. Poetarik hoberenak mutuak dira. Hor konpon zuek! Gu bagoaz euskaldun garbien bila. Laster ikusiko duzue Jainkoa noren partetik dagoen. Gu fededunak gara eta zuek berriz ez dakizue zer zareten eta nongoak. Goazen hemendik eta akaba bedi behingoz hainbeste lotsagabekeria. Nork esan behar zigun euskararen aitzakiaz, geure etxe barruraino sartuko zitzaigula etsaia.

MIRANDE: Zoazte, bada, gu hemen gelditzen gara Jaungoikoaren zain, zuek baino errukiorragoa izango ote da. Alafede!

 

(Bi poetak gelditzen dira eszenatokian).