Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

8. JOKALDIA

 

(Eszenatokian lehengo hirurak ageri dira).

 

SAN MIGEL: Zuentzako asmo handiak ditugu.

HIRIKO: (Harriturik)

            Guretzako?

SAN MIGEL: Bai, zu eta Marirentzako. Jainkoaren aurrean grazia ukan duzue eta epaiketa uste dugun bezala bideratzen bada zuek izango duzue zer esanik eta zer eginik.

MARI: Gure meritu bakarra elkar maitatzea da.

SAN MIGEL: Garai hauetan hori zerbait da.

HIRIKO: Elkar ezagutu genuenetik ez gara elkarrengandik urrundu. Gainera, Mari maitatzen dudanez gero mundua begi berriekin ikusten dut. Guztia egiten zait maitagarri.

MARI: Gure ondare bakarra, maitasuna da.

HIRIKO: Baina horretan, bai, aberatsak gara.

MARI: Pena izan da, gizadiak horrela amaitzea. Elkar erail dute gizonek eta mundua simaurtegi bilakatu dute. Zergatik eta guztiek nahi zutelako nagusi eta garaile izan. Nor ni bezalakoa? Eta elkarren kontra ekin zuten gizonek beren izena gailen ikusteko. Herriak herrien kontra eta herritarrak herritarren aurka; guztiak galdu dira azkenik. Urteen poderioan metatutako arma hilgarriak eztanda egin zuten amaierarik gabeko katean. Norberak metatutako armak izan dira bakoitzaren sumendia eta heriotza. Horretan finkatu zen progresioa, batak besteak baino arma larriagoak eta hilgarriagoak egitean. Azkenik armetan ito da ludia eta lurbiran bizi zen gauza oro suntsitu da azkenik.

HIRIKO: Gu mundutik aparte bizi ginen elkar maitatuz eta nire artaldea zainduz, baina Urepeleko belardietara ere hedatu zen kaltea eta han bertan galdu ginen gure ardien herioa amaigabeko aienean erabaki arte.

MARI: Nik memoria luzea daukat, mila urtetako historia bizitu dut eta dagoneko ez zait inporta guztia bukatua izana. Milaka urtetan bizitu naiz ispilu bati atxikia, bertara etengabeko soa jaurtikiaz. Hirikok puskatu zidan miraila eta orain bere begietan ikusten naiz, baina ez naiz betikoa, emakume berri bat ernaldu da nire baitan.

HIRIKO: Oroitzen naiz urrezko ispilua apurtu nizunekoaz. Han zinen zu kobako atarian zure ile adatsa orrazten eta nik musu eman nahi izan nizun eta zuk ezetz. Nik baietz, eta borroka gozoan lotu ginen halako batean ispilua jausi eta apurtu arteraino. Negar egin zenuen orduan, mugarik gabeko negarrean, baina nik banan-bana xukatu nizkizun malkoak. Musuka milizkatu nizkizun begiak eta haietan ikusi nuen maitasuna sortzen, handitzen eta hedatzen. Nireganako maitasun eternala.

MARI: Eta ez zu bakarrik zure bitartez mundu osoa ikasi dut maitatzen. Lehen nire aurpegia bakarrik ikusten nuen urrezko mirailean, baina orain izadia eta gizadia osoa dakusat zure begietan. Zuk apurtu zenuen preso ninduen enkantamendua.

            Zuk libratu nauzu nire baitako espetxetik. (nartziso sartzen da eta bere ispilua eskuan harturik jartzen da bertara soj.

HIRIKO: Nor dugu hau Arkangelu jauna?

SAN MIGEL: Nartziso izena du.

MARI: Ez du euskaldun trazarik.

SAN MIGEL: Ez da, ez, euskalduna. Heladeko irletakoa da.

MARI: Ah! Zorigaiztoko mutila! Neronen burua dakarkit gogora. Honek ere bere burua baizik ez du ikusten eta ezin du, beraz, maitatu. Bere baitako amets gaiztoan zorabiaturik bizi da. Alafede! Norbaitek ispilua apurtuko balio!

SAN MIGEL: Sala honetan badago ez da euskalduna delako, baizik eta euskaldunekin zer ikusia duelako. Dante poetak ekarri zuen honat, nik ez dakit zein deseinuarekin, baina laster jakingo dugu zertarako deitu duen Dantek. (Isilune laburra) Baina, esan iezadazue, otoi, zein asmo dituzuen.

HIRIKO: Guk?

SAN MIGEL: Zuek, bai.

HIRIKO: Nik uste nuen hemen amaitzen zirela geure asmo eta ekimenak. Hemen agortzen zirela gogoaren iturburuak. Ez gaude, bada, Josafaten eta azken epaiketaren zain?

SAN MIGEL: Horrela da, baina horrek ez du esan nahi guztientzako bizia eta gogoa amaitu direnik. Oraindik ere hautapen zuzena egiteko gauza denak izan dezake itxaropenik. Azken batean judizioak ez du zertan suposaturik guztiaren akabera. Izan daiteke mundu berri baten hastapena ere. Nik orain ezin dizuet guztia argitu baina aurreratzen dizuet Jaungoikoaren borondatea dela munduari abagune berri bat ematea.

MARI: Abagune berri bat, esan duzu?

SAN MIGEL: Ondo entzun duzu, bai. Beste abagune bat.

HIRIKO: Zer esan nahi duzu horrekin?

SAN MIGEL: Begira, hemen, gezur handi baten biktima gara guztiok. Guztiok pentsatu dugu zerua han goian dagoela gu aingeruak bizi garen tokian, baina ez, hura ez da zerua. Zerua geure baitan bakarrik aurki genezake eta tokiren bat izatekotan ludia da zerua topatzeko lekua. Beraz, zerua han utzi duzue, munduan.

HIRIKO: Ez dut ulertzen.

SAN MIGEL: Gauza xinplea da, bada. Jainkoak mundua sortu zuenean bere izaeraren iratzarmendu bezala sortu zuen. Zitezkeen gauza hoberenak egin zituen. Eta bertan jarri zuen bizitzen bere gisara iratzarri eta sortu zuen gizona. Han zerua eraikitzeko, Jainkoa bera ere bertan bizitu ahal izateko... Gizonak ordea guztia lardaskatu eta alperrik galdu du, bere setakeria eta berekoikeriarekin baratze ederra izan behar zuena belar gaiztoen artean ito du. Zerua zitekeen hura, infernu guztien eredu bilakatu du gizonak... Baina, Jainkoak ez du oraindik etsi eta gizonei beste abagune bat ematea pentsatu du.

MARI: Zoragarria da, maitasunaren ahalmena eta ederra.

SAN MIGEL: Jainkoa da maitasuna bera.

HIRIKO: Amen!

 

(Isilunea).

 

SAN MIGEL: (Pentsakor)

            Arazo bat dago, ordea.

HIRIKO: Bat bakarrik?

SAN MIGEL: Jainkoak ez du nahi iraganeko erruak berriro errepika daitezen eta horretarako memoria luzeko norbait hautatu behar du.

HIRIKO: Marik oso memoria luzea dauka.

SAN MIGEL: Badakit, eta hargatik ari natzaizue hitz egiten.

MARI: Zer da Jainkoak errepikatzerik nahi ez duena?

SAN MIGEL: Jainkoari gutariko bakoitza zaio axola. Norberaren aberastasuna preziatzen du guztiaren gainetik. Baina gizonak ez du nahi norbera izan eta hargatik ezkutatzen da kolektiboetan. Leinua dela, edo eta partidu bat edo nazio bat... kolektibo horiek gizon bakanen ukazio dira. Gezurra badirudi ere, Jainkoak ez ditu maite herriak, nazioak eta estatuak... gorrotatzen ditu guztiak biziki. Denak baitira gizonen presondegi. Gizonak antolatu dituen erakunde guztien artean bada, ordea, bat besteak baino hobea dena eta hiria duzue hori. Hirian hiritarrak, hots, pertsonak dira gizonak eta beraien diferentzia guztiak barreiaturik gelditzen dira bertan. Mundu berri bat berriro eraiki behar balitz, mundu horrek hiri handi baten forma eta antolamendua beharko luke izan, han ez legoke ez arrazarik, ez federik ez inolako diferentziarik. Gizon bakoitzak izan behar du han “nor” eta horren baitan soilik eraiki daiteke mundu berria... Zeru berria.

MARI: (Irribarrez)

            Eta noski, hiri horretan, ez litzake miraila bakar bat ere egongo.

SAN MIGEL: Bete betean asmatu duzu Mari!

 

(Isilunea).