Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

2. JOKALDIA

 

(Argia egitean san migel eta dante agertzen dira eta kanpotik datorren hotsak jendetza handiaren istilua adierazten du. “Dies Irae” kantua entzuten da).

 

SAN MIGEL: Egunon izadi! Egun berri on, mundua!

DANTE: Edade berria hasten da gaurkoan.

SAN MIGEL: Egun gogoangarria benetan. Gaur entzungo da hainbaten hortz karraska. Jadanik suma daiteke askoren poza eta algara.

DANTE: “Dies irae, dies illa”. Haserreak gainezka egiten du zelaian, eta negarrak gailentzen ditu mendiak. (aitor sartzen da eszenara eta zoko batean geldituko da begira, eszenakoek berarengan erreparatu arte). Bere zorigaitzean mundua eder ageri da egun handi honetan zeren eta gizadiak ez du zertan tolestaturik. Guztia da argia eta garbia. Guztia ageri da, biluz.

SAN MIGEL: Zuzenak, gaur ezagutuko du Jaungoikoaren aurpegia.

DANTE: Eta gaiztoak berriz gaurkoan jasoko du bere kaltea. (aitor sumatuz) Nor zaitugu zu?

SAN MIGEL: Bai, nor zara zu? Nondik zatoz?

AITOR: Aitor izena dut, baina ez dakit oso ondo nondik natorren.

DANTE: Zer esan nahi duzu?

AITOR: Nire izena baldin badakit ere ez nago oso ziur nire izaeraz. Begira, nik ez daukat besteak bezalako izaera sendorik. Esan nahi dut, ez naizela aita eta ama jakin batzuen semea. Edo eta hobeto esateko ni ez naiz haragizko norbait. Poetak sorturiko kimera bat naiz ni.

DANTE: Lasaitu zaitez, gizon. Neurri batean edo bestean denok gara norbaiten kimera.

SAN MIGEL: Guztiok gara norbaitek sortuak.

AITOR: Badakit, bai, baina nire kasua nahiko berezia da. Ni egiaz ez naiz existitzen, baina nire ezerezean herri oso baten Patriarka naiz. Askazia oso baten aita.

SAN MIGEL: (danteri aparte bat eginaz).

            Entzun duzu? Musika hori ezaguna egiten zait.

DANTE: Euskaldunen kontua dirudi honek ere...

SAN MIGEL: (Ordenagailuan jarririk galdetzen dio).

            Barkatu gizon, baina esan duzu izena duzula?

AITOR: Aitor izena dut nik.

SAN MIGEL: Bai, baina zeintzuk dira zure abizenak? Nire zerrendan ez zara agertzen.

AITOR: Esan diot, aingeru jauna, nik ez dudala guraso jakinik. Diotenez Chaho izeneko poeta batek sortua omen naiz.

DANTE: Eta nongo Patriarka zarela esan duzu?

AITOR: Ni euskaldunen aita naiz!

SAN MIGEL: (Eskuekin burua hartuaz).

            Mila demonioen arraioa! Hau besterik ez genuen falta! Zu ere eromenaren partea zara, beraz.

AITOR: Barkatu baina ez dut ezer ulertzen. Badirudi ez naizela ongi etorria. Azken batean ni hemen banago ez da nire borondatez; norbaitek erakarri nauelako agertu naiz hemen.

DANTE: Lasai, San Migel. Aitor ez da erruduna. Berak arrazoi du. Norbaiten sormena denez, norbait hori litzateke guztiaren erantzule. Aipatu duen Chaho hori, adibidez.

SAN MIGEL: Dante, gu guztiok gara norbaiten sormenak. Jainkoaren sormenak gara gu guztiok, baina horrek ez du esan nahi gure erantzule Jainkoa denik. Norbera da bakoitzaren erantzulea eta ez bere sortzailea.

DANTE: Zaude, zaude San Migel. Ez gara gauza berdinaz mintzatzen ari. Gauza bat dira Jainkoak sortu dituen kreaturak, eta oso bestelakoak poetak sortuak. Jainkoak erabateko izaki osatuak sortu ditu, beren buruaren jabe direnak; aldiz, poetok ez ditugu izaki benetakoak sortzen; guk sortuak ez dira beren buruaren jabe eta poetaren baitan bakarrik lortzen dute izaera. Ez dira izaki libreak, beraz.

AITOR: Aizu, poeta jauna! Zer nahi duzu esan, ni ez naizela benetako izakia? Oso oker zaude horrela uste baduzu. Galde iezaiozu edozein euskalduni, ea ni banaizen edo ez, eta esango dizute nire berri. Zer axola dio, azken batean, Jainkoak edo eta poeta batek sortua izateak? Esadazu, esan, non dagoen diferentzia. Nik izaera euskaldunengan daukat eta beraientzat ni naiz euskararen aita eta euskal arrazaren iturburua. Ni naiz Aitor euskaldunen arbaso nagusia. Nire bizia eta izaera euskaldunengan datza. Eta zer, Jainkoa poetaz baliatu bada, ni sortzeko?

SAN MIGEL: (Apartekoa eginaz).

            Zoratuko naute.

DANTE: Honek ere, San Migel, zurearen antzeko kontua dirudi. Zoramenaren berberaren ondorioak dira, noski.

SAN MIGEL: Ikusten duzunez, Dante, hauek ez dira besteak bezalakoak. Zerua ere hankaz gora jartzeko gauza dira hauek. Ganora txarrean sartu nintzen historia honetan. Badaukat bai gogoa guztia amaitzeko eta argitzeko. Zure beharra izango dut honetatik onik ateratzeko. Gainera, kontua, hasi baizik ez da egin.

DANTE: Trankil San Migel, egun luzea dugu aurretik eta guztia jarriko da dagokion tokian eta izaeran. (Norbait ate joka da) Norbaitek deitzen du.

KANPOKO AHOTSAK: Ai, Maria!

SAN MIGEL: Aurrera!

CHAHO (Eszenara sartuaz eta aitorrengana joanaz eta besarkatuazj

            Seme!

AITOR: (chaho besarkatuzj

            Aita?

 

(Iluna)