Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

13. JOKALDIA

 

(Pertsonai guztiak eszenatokian ageri dira. Arku bat osatzen dute eta erdian daude san migel eta dante. narziso ez dago arkuan eta zoko baten aurkitzen da, beti bere ispiluari so. Pertsonaiek ez dute ordena jakin bat, baina jokaldian zehar taldeka biltzen joango dira. Talde bakoitzak sententzia gisa bat jasoko du).

 

SAN MIGEL: Gauzak garbi daude dagoneko, eta epaiketari amaiera emateko moduan gara.

LARRAMENDI: Nolatan... amaiera eman, oraindik hasi ere egin ez denean. Zer da hau, ordea? Honek ez du ohizko epaiketaren antzik, ez ditu garantia minimoak betetzen.

SAN MIGEL: Eta nork esan dizu zuri, gauzak zure gisara antolatuko direnik? Zuk lurreko epaiketaren eredua duzu, baina hau Jainkoarena da.

LARRAMENDI: Non dago, bada, Jainkoa?

SAN MIGEL: Eta zuk galdetzen duzu, hori?

LARRAMENDI: Jakina, baietz. Nik ez dut oraindik Jainkorik ikusi.

SAN MIGEL: Beldur naiz, honetaz gero ez duzula sekula ikusiko. Zerua Jainkoa ikustean datza. Zer uste zenuen zuk?

LARRAMENDI: (Haserre eta beldurrez)

            Eta nork esaten dit guzti hau ez dela iruzur handi bat? Zuk, San Migel, antolatu duzun iruzurra?

SAN MIGEL: Hara hemen beste bat nirekin lehiatu nahi duena... Satanas izan zen azkena, ez azkena ez, azkenaurrekoa baizik. Aurre egin zidan azkena Artxueta mendiko dragoia izan zen, geroz ez da inor ausartu... Eta orain, Manuel Larramendi Andoaingo jesuita ospetsua, zu zauzkat aurrean Jaungoikoaren bikarioa bazina bezala. Zureak egin du Larramendi eta ez dizut hitz ba gehiago esango. Larramendiren iritzikorik besterik balitz jar dadila bere aldamenean.

 

(Isilune astuna. loiola hurbiltzen da larramendirengana eta belarrira hitz egiten dio, eta honek buruarekin egiten dio baietz gero eskua jasotzen du hitz egiteko baimena eskatuaz bezala).

 

SAN MIGEL: Zer duzu orain?

LARRAMENDI: Beroaldi bat izanda. Barka iezadazu San Migel Goiaingerua. Ez da berriro gertatuko.

 

(san migelek ez dio erantzuten eta hitz egitera doa berriro).

 

SAN MIGEL: Esaten nizuen gauzak nahiko garbi jarri direla prozedura hau luzatzeko. Ez dakit nik norbaitek hitza hartu nahi duen, zeren bestela aurrera egingo diogu epaiketaren azken faseari.

 

(Isilunea. loiolak jaso du orain besoa).

 

SAN MIGEL: Esadazu Loiola.

LOIOLA: Gauza jakina da ni Azpeitiarra naizela eta Gipuzkoarra beraz, baina nire bizitzako urte gehienak handik kanpo eman nituen Erroman batez ere. Beraz nik ez dut ikusten zergatik nauzuen talde honetan, alegia, euskaldunen taldean. Agian, egokiagoa litzateke ni erromatarren lotean sartzea. Edo eta bestela Jesuiten Konpainiarekin talde propio bat antolatzea.

SAN MIGEL: Taldeak... loteak. Zer gehiago entzun behar dut gaur. Aizu Loiola, nondik atera duzu talde bateko parte bezala juzkatua izango zarenik. Erromatar bezala, jesuita bezala edo eta euskaldun bezala... horrek ez du axolarik; gaur eta hemen Loiolako Inazio bezala izango zara epaitua eta behingoz denei garbi geratzea nahi nuke Jainkoaren aurrean guztiak zaretela berdinak. Lurrean izan duzuen karguak edo tituluak edo eta izenak ez dizute hemen ezer balio, karga eta neke moduan ez bada. Hemen pertsonak epaitzen dira eta ez taldeak edo herriak.

 

(sabino aranak keinu nabarmenak egiten ditu bere protesta adieraziz).

 

            Badakit euskaldunak oso emanak zaretela zuen buruak taldeen atzean ezkutatzen, ikusi besterik ez dago zuetako bat hiltzen denean nolako eskelak jartzen dituzuen aldizkarietan. Defuntuaren izenaren ondotik beti jartzen duzue zein alderdi politiko edo eta sindikatukoa zen. Patetikoa ez balitz barrea eragingo luke. Baina ikusten dut bai Arana jauna ez zaudela nire hitzekin konforme. Esan zure arrazoiak gura baduzu.

SABINO ARANA: (Haserre)

            Haserre nago bai, eta oso harrituta. Nire bizitza guztia, eta nik bezala beste euskaldun askok, Jaungoikoari goratzarre egiten iragan dut. Eta nire ondare hoberenak aberriaren faboretan eman ditut. Hori zelako bidea zerura heltzeko: Aberria Jaungoikoarentzako, eta Jaungoikoa Aberriarentzat. Guri Aberria inporta izan bazaigu Jaungoikoarengana heltzeko izan da. Gainera gu euskaldun fededun guztiekin batera saiatu gara Euzkadi kanpotarren kutsaduratik garbi mantentzen, hori zelako Jaungoikoaren borondatea...

SAN MIGEL: (Aranaren diskurtsoa etenaz)

            Eta nork esan dizkizu zuri kontu horiek guztiak?. Nork esan dizu Jaungoikoaren borondatea zela zuk aukeratu duzun jokabidea?.

SABINO ARANA: Idatzirik dago!

SAN MIGEL: (Haserre, orain)

            Non dago idatzia? Nork idatzi du?

 

(Isilunea. sabino arana, barandiaranengana zuzendu da eta keinu handiak eginaz mintzatzen da berarekin, azkenean honek jasoko du besoa mintzatzeko asmoz).

 

BARANDIARAN: (Mantso eta apal)

            Migel gurea, hainbeste aldiz lagundu gaituzuna. Nik ez dakit zer gertatzen zaigun denoi, baina gauzak neurriz kanpo jartzen ari gara. Badakit oso lanpetua zaudela eta erantzukizun larriak dauzkazula, baina izan ezazu kontuan gure herriak baduela hainbat dohain eta meritu naiz eta gaiztoak ere gure artean egon modu egokian Josafateko zelai honetan epaitua izateko. Ahantzi gure burugogorkeria eta harrotasuna, ahantzi, otoi, gure bekatuak eta izan gogoan zein kristau fidelak izan garen...

 

(Hitza kentzen dio aingeruak).

 

SAN MIGEL: Zaude, zaude Barandiaran ez jarraitu hortik, musika hori ezaguna zaigu, nahiz zure ahoan suabeago entzun. Ezin dugu egun osoa honetan eman eta sartu behingoz buruan hemen ez dagoela auzitan zuen Euskal Herri horren zortea. Euskaldun bakoitzaren epaiketa da hau eta ez zuen herriarena.

AXULAR: Zure baimenarekin, Arkangelu jauna, hitz bat esan nahi nuke auzi honetaz.

SAN MIGEL: Esan Piarres.

AXULAR: Honezkero garbi dago euskaldunok ez dugula gogoko norberaren merituaz epaituak izatea, hargatik eskatzen dizut, arren, ez gogoan hartzeko gure protesta hauek —nonbait gure izaeran datza hori—, zuen epaia ematerakoan.

SAN MIGEL: Gogoan izango dugu Axular, ez izan dudarik. Azken batean gainera epaia zuetariko bakoitzak emango duzue. Badakit euskaldunak autodeterminazioaren aldeko sutsuak zaretela, bada hemen eta gaurkoan zuetariko bakoitzak aukeratuko duzue zein talderekin nahi duzuen eternitatean bizi. Talde bakoitzari destino bat dagokio eta hori guk deliberatuko dugu Danteren laguntzarekin, baina taldeak zuek osatu. Eta besterik gabe gainera, osa ditzakezue taldeak.

 

(Guztiak aho zabalik gelditu dira orain, baina ez luzaroan, zeren laster hasi baitira guztiak marmarrean eta talde batetik bestera joaten. Eskuin aldean loiolaren inguru bildu dira larramendi, barandiaran, santa krutz, sabino arana eta chaho; ezker aldean bildu dira aresti, mirande, unamuno eta garibai; nora ezean gelditu dira etakidea eta axular; hiriko eta mari helduta albo batean saihesturik daude eta nartzisok bere arabera dirau hertzean. aitor, noraezean ibili bndoren bakarrik gelditu da eszenaren beste ertzean).

 

SAN MIGEL: Benetan aukera zuzenak egin dituzue, baina oraindik falta da talderik hautatu ez duenik. (etakideari) Non kokatzen zara zu?

ETAKIDEA: Ez daukat honetarako ordenarik, ez zidaten Erakundean ezer esan honetaz.

SAN MIGEL: Aukera zurea da.

 

(etakidea loiolaren taldera doa azkenik, baina larramendik taldetik bota nahi du eta borrokan trabatzen dira larramendi eta etakidea. Borrokan eszenaren erdira erortzen dira elkar joaz. Azpian dauka gudariak jesuita eta orduan loiola eta santa krutz datozte larramendi laguntzera. Uste gabeko borrokaren ondorioz jendea taldetan gotortu da eta axular arestiren taldean dago orain ezker aldean. Eskuinean, bestalde barandiaran, arana eta chahok talde propioa osatzen dute. Borrokaren ondorioz etakideak oso bortizki jotzen du loiola eta hau lurrera dator. mirande bere taldetik irten eta loiolari laguntzen dio. Zutik jartzen da jesuita miranderen laguntzarekin eta bere taldearengana ematen poetak jesuita...).

 

SAN MIGEL: Geldi mundu guztia. Ez mugitu gehiago. Garbi dago lau talde osatu dituzuela. Batetik Arestik, Mirandek, Loiolak, Garibaik, Munibe, Unamunok eta Axularrek osatzen duten taldea dago. Poeten taldea deituko diogu honi. Gero Barandiaran, Sabino Arana eta Chahoren taldea dago hauek abertzaleen taldea osatu dute beren kabuz. Hirugarren taldean etakidea, Santza Krutz eta Larramendi bildu dira (Ironiaz) honi gudarien taldea deituko diogu eta, azkenik, laugarren taldea osatzen dute Hirikok eta Marik. Nartzisorena eta Aitorrena beste kontu bat da. (loiolari mintzatuaz) Zure kasuan Loiola izan dira dudak eta zalantzak baina azkenik poeten taldean zaude. Badirudi (ironiaz) Miranderi zor diozula zure aukera. Egia esateko nik ez zintudan poeta bezala ikusten, bainan azken batean, zuk zure bizitzak ere poema bat dirudi. Izan ere, Iruiņean lur jo eta Loiolako zure etxean idazten hasi zinen bizitza berria gizonak bere bizia aldatzeko duen gaitasunaren lekuko da. Eta zer da poesia mundua eta norbera aldatzeko eginahala baizik. Gutxien gustatzen zaidana zure biziak lehen eta gero beti izan zuen soldadu kutsua da. Lehenik erregearen militar eta gero elizarena. Azken batean ere “ideien soldadu”.

DANTE: Loiolak gainera jakin zuen bere baitatik irten eta munduari begira bizitzen. Zuk San Migel poeten taldeaz mintzatu zara baina azken baten literaturaren taldea da osatu dutena. Axular bera ere naiz eta poeta ez izan pozik hartuko dugu gure artean idazle zintzo eta hitzen kudeatzaile bezala.

SAN MIGEL: Dena den, taldeak osatuak daude. Norberak hartu du determinazioa eta aukerak eginak daude. Orain talde bakoitza bere tokian jartzeko unea iritxi da.

 

(Iluna egiten da bat batean).