Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

4. JOKALDIA

 

(narziso, chaho, aitor eta garibai ageri dira eszenarioan; guztiak jarririk eta hitz egiten, baina nartzisok ez die jaramonik egiten: mirailari so dago irmoki).

 

GARIBAI: Nik geroagokoaren berri ez dakit, baina antzinako Euskal Herria, behintzat, hura da nik ezagutzen dudana; oso herri baketsua eta zentzuduna zen. Egia da zenbait gauza asmatu genituela, baina inori ez genion kalterik egiten. Nire denboretan etengabeko gatazka bat bizitu zuten euskaldunek. Batzuk besteren kontra Euskal Herri guztia armetan jarria zegoen, bando bat bestearen aurka borrokatuz.

CHAHO: Bandoen gerrateaz ari zara, noski. Jakina da, bai, euskaldunak leinuetan zatikatuak zeudela eta, batzuk besteren aurka, gizaldiak iraun zuen gerla burutu zutela.

GARIBAI: Ez zen ezer errespetatzen, hiriak eta herriak sortu berriak ziren artean, eta ahaide nagusiek ezin zuten eraman hiri sortu berrien izaera librea; haien kontra ekin zuten eta neronen herria, Arrasate, odol eta sutan itoa eta errea izan zen. Urte gogorrak izan ziren, bai, haiek. Zerbait bururatu beharrean ginen euskaldunok gure egoera jasangarriagoa egiteko. Zergatik ez esan Tubalengandik gentozela? Zergatik ez esan guztiak ginela noble eta libreak, hain zorigaitza larrian bizi ginenez? Behar zen zerbait kontsolagarria, halako lur zekenak gosea eta pobrezia eragiten zuen erresuman. Hargatik eraiki genuen, aingeruaren haserrea eragiten duen ideologia hori. Baina zer kalte egiten genion inori, geure erabilerako ideia haiek sortu bagenituen?

AITOR: Galarazita dago, nonbait, amets egitea. Ez da zilegi benetako bizitzari ihes egitea. Begira hori (nartzisori buruz apartea eginaz), bere ispiluan sarturik dauka gogoa eta animoa. Ispilua da bere mundua eta hor bere burua soilik dakusa. Ez da ezer existitzen bere buruaz kanpo. Honek ere amets egiten du etengabe, ametsaren erresuman bizi da. Benetako izaeratik beste eginik.

CHAHO: Mundua eta norberaren izaera okerrak direnean, zilegi beharko luke izan ameslari izatea.

GARIBAI: Batez ere benetako bizitza, atsekabez itoa ageri denean. Horrelakoa zen nire garaiko Euskal Herria. Azaletik oso barea eta zoriontsua zirudien, baina barrendik zegoen ajeak jota. Ajea elkar ezin ikusia zen. Nor gehiagokoaren gaitza. Eta ez dago norgehiagoko okerragorik, pobrearena baino. Garai hartan ez genuen erlijioaren kontsolamendurik ere, guztia zen apala eta gotorra, hargatik ekin genion ametsari.

NARZISO: (Beste mundu batetik baletor bezala).

Non daude laminak? Non dago Venus? Ez ote dute etorri behar nirekin dostatzera? Nor zarete zuek? Nire miresleak, agian?

AITOR: (Buruan hatza jarriaz eta bestea erotzat joaz).

            Bai, ziur gaudela zure ederrak jota. Nik behintzat ez nuen inoiz hain gizon dotorerik ezagutu.

NARZISO: Hala iruditzen zaizu?... Ez zara bakarra.

AITOR: Dudarik ez, baina hala ere jakin nahi nuke zergatik begiratzen zaren etengabe ispiluan. Honezkero ongi asko ezagutzen duzu zure aurpegia.

NARZISO: Ezagutzen dut, bai, baina ez naiz aspertzen nire irudia ikusteaz. Inguruan hainbeste gauza zatar ageri denean premiazkoa da eskuragarri dugun ederra mirestea. Gainera, nire burua hobeto ikusiaz, hobeto ezagutzeko aukera dut. Badakit zuen herrian ere badela jainkosa bat Mari izena duena eta beti ispilura so dagoena. Agian biak parekatzea nahi izan dute zerukoek.

AITOR: Ez da gauza ziurra Mari honantz etorriko denik. Mari ez da gizakia eta ez du epaiketara agertzeko premiarik. Hark irabazia du zerua bere izatez. Baina gauza harrigarriagorik ari gara ikusten gaurko egun honetan.

CHAHO: Nahikoa dugu berriketaz. Non sartu da jendea, edo gu bakarrik gara epaiketara deituak?

GARIBAI: Hemen itxaroteko esan digu San Migelek. Laster ditugu guztiak gurekin.

CHAHO: Aingeru horrena ez daukat nik oso garbi. Ez al da Euskal Herriko zaindaria?

AITOR: Horrela da, bai.

CHAHO: Ez dirudi, bada, gure oso laguna. Purrustadak eta errierta baino ez dauka guretzako. Areago dirudi gure etsaia, laguna baino.

 

(Kanpoan zarata handia sumatzen da eta nartziso bera ere atera da bere miresmenetik. Ateari so jarri dira guztiak).

 

GARIBAI: Hemen dira falta zirenak.

 

(Kanpoko aldean san migelen ahotsa entzuten da).

 

            Guztientzako dago tokia, baina sar zaitezte banaka eta lasai. Hau ez da feria ez eta ere sagardotegia. Josafaten zaudete, jaunak, eta hemen ez du balio taldeak eta bortxak. Pasa banan-banan eta bakoitzak aurkeztu dezala bere burua; ez gara hemen ibiliko kortesiatan denbora galtzen.

 

(Banan-banan sartzen dira kanpokoak eta orain zutik jarri dira eszenatokian zeudenak txandaka agurtuaz. Sartu ahala bakoitzak bere izena esango du, aurkezpen gisara. Aurkezpen honek nahiko denbora eramango du eta pertsonai bakoitza ahal den modu nabarmenean karakterizaturik ageriko da).

 

AXULAR: Kaixo jaunak! Ni Axular naiz. Sarako erretorea.

LOIOLA: Eta ni Inazio Loiolakoa naiz.

LARRAMENDI: Manuel Garagorri naiz ni, baina mundu guztiak Larramendi bezala ezagutzen nau. Nahi duzuen bezala dei nazakezue.

MUNIBE: Xabier Munibe naiz ni. Peņafloridako kondea.

SABINO ARANA: Ezagutzen nauzue, noski, ni Aranatar Sabin naiz. Euskeldun Batzokija sortu zuen ber-bera.

UNAMUNO: Migel Unamuno naiz.

BARANDIARAN: Joxe Migel Barandiaran naiz. Ataundarra.

SANTA KRUTZ: Ni Manuel Santakrutz naiz. Santakrutz apaiza. Apaiza eta gerrilaria naiz, Gipuzkoako Elduainen jaioa eta Ameriketan zendua. (etakidea hurbildu zaio eta besarkada bat ematen dio)

SAN MIGEL: (Besarkatzen direnei)

            Eh! Eh!.. Aski duzute zuek biak.

ARESTI: Gabriel Aresti izena dut. Poeta nintzen Bilbon.

MIRANDE: Ni ere poeta nintzen, baina Parisen.

ETAKIDEA: Barkatu baina nik ez dizuet izenik emango. Erakundekoa naiz, hori bai.

SAN MIGEL: (Paper bat darama eskuan eta astiro begiratzen du bertan)

            Oker ez banago Hiriko falta da hemen eta Mari ere bai, beste guztiak hemen zaudete.Banator segituan, falta direnen bila noa.

 

(san migel irtetean iluna egiten da).