10. JOKALDIA
(Argia egiten denean barandiaran, aresti eta mirande ageri dira eszenatokian).
BARANDIARAN: Ezagutzen ditut, Mirande, zure poesia lizunak.
MIRANDE: Orduan ez duzu nire poema bakar bat ere irakurri.
BARANDIARAN: Ez da egia, zure poemak ziren, eta badut zure nobela traketsaren berri ere.
MIRANDE: Berriro diot ez duzula nire poema lizunik irakurri, eta gauzak horrela dira, zeren nik ez dut sekula lizunkeriarik idatzi.
ARESTI: (Irribarrez)
Aita Jose Migel, Mirandek horrela badio nik sinesten diot.
BARANDIARAN:
Zu ere ez zara makala. A zer alproja parea...!
ARESTI: Nik asko miretsi dut zure lana, eta begi onez ikusi ditut zuk idatzitakoak nahiz eta ados ez etorri zure ideia guztiekin. Begirunez irakurri zaitut, baina zuk ez duzu gaurko gizonarekin gupidarik, nahiz eta historiaurrekoekin guztiz bat etorri. Horren esangura garbia da. Haiek —antzinako gizonek— ezin dira mintzatu eta zuk nahi duzuna jartzen duzu haien ahotan, hargatik zaude gustura haien konpainian. Zure garaikideei opa ez diezun begirunez miresten dituzu, baina zure denborakoak gogoangarri egiten zaizkizu.
BARANDIARAN: Ez dakizu zertaz hitz egiten ari zaren.
ARESTI: Ondo asko dakit zu eta zure modukoen tranpaz. Mundua zuen irudira tankeratu duzue eta irudi horrekin bat ez datorren guztia arbuiagarri egiten zaizue. Baina ez zarete benetako munduan bizitu, zuen irudimenak eraikitakoan baizik.
MIRANDE: Arestik irakurri baditu zure lanak ez dut nik horrelakorik egin.
BARANDIARAN: Ez naiz harritzen, eta pozten naiz gainera. Zuek eta zuen modukoak ez duzue sala honetan egoterik merezi. Hemen euskaldunak bildu gaituzte, baina zuek auskalo zer zareten. Euskaldunok badugu ezaugarri bereizgarri bat elkar ezagutarazten gaituena eta hori ez da ez euskara ez eta izen kontua: gizalegea da gure bereizgarria, eta nik duda egiten dut zuek lege horretakoak zaretenik.
ARESTI: Lehengora zoaz berriro. Zuk edo zuek —berdin zait— gizalegez ezagutzen duzuen euskaldun tipologia bat jaso duzue eta molde horretan sartzen ez den euskaldun oro, euskaldun gaiztoa da. Mirande eta neroni ere bai, esaterako.
BARANDIARAN: Gizalegea ez da nik sortutako eredu bat, gizartean ikus daitekeen jokamolde bat baizik. Belaunaldiz belaunaldi jokamolde berdina izan dute euskaldunek paleolitos garaiaz gero. Moldatzen joan da eredua, baina beti ere paradigma berdinari eutsiaz. Antzina Jainko bakarra gurtzen zuten euskaldunak, eta gero kristautasuna etorri zenean, Jainko bakarrari Kristo deitu zioten.
MIRANDE: (Ironiaz)
Ulertzen dut. Gure arbasoak Kristo mundu honetara etorri aurretik ere katolikoak ziren.
BARANDIARAN: Burlatzen zara, Mirande, eta argi dago zu ez zarela guretakoa. Euskaldun zintzorik ez da, gauza hauetaz irri egiten duenik. Zure lizunkeria eta blasfemiakin zerorri jartzen zara etxetik kanpo.
ARESTI: Zaude lasai Barandiaran jauna, hemen ez gaude zure herriko elizaren atarian, hemen Josafateko zelaian gaude eta zorionez ez zara zu epaitu behar gaituzuna, agian zu zeu ere epaitua izango zara eta nork daki Jainkoaren begietan graziarik ukanen duzun.
(mari eta hiriko sartzen dira baina barandiaran ikustean marik atzera egin nahi du. hirikori esker sartzen da azkenik).
HIRIKO: Barkatu jaunak baina Dante izeneko jaun baten bila gabiltza.
ARESTI: Aurrera, aurrera. Hemen ez dago orain, baina badakit etortzekoa dela. San Migelek esan dit.
BARANDIARAN: Zer moduz, Mari?
(marik ez dio erantzuten eta haren ordez hitz egiten du hirikok).
HIRIKO: Barkatu jauna, baina oraindik ez zaio zurekiko haserrea pasa. Ondo gaude, milesker.
BARANDIARAN: Sentitzen dut lehen gertatutakoa, Mari.
(marik ez dio erantzuten).
MIRANDE: (marirengana hurbilduaz)
Zer entzun dute nire belarriek? Mari esan dizute? Akaso zu, Mari, euskaldunon jainkosa ber-bera zara?
BARANDIARAN: Ber-bera, bai jauna.
MIRANDE: Oh! Zein gozoa den zure bista! Zorionekoa ni, azkenean, ikusi zaitudalako. Orain sar naiteke infernuetako zulorik sakonenean zu ikusiaz gero. Zu izan zara nire bizitzaren itsasargia eta ipar-izarra. Ederra irudikatzen zintudan, baina are ederragoa zara. Erosi ditudan emakume guztien loriek ez dute, metaturik ere, zure graziarik. Bedeinkatua zu Mari.
(dante sartu da eta bera ere, mari ikustean, harengana hurbildu da).
DANTE: Nor zaitugu neska?
MARI: Mari izena dut.
DANTE: Ni Dante naiz eta istant batean beste norbait etorri zait gogora zu ikustean. Beatriz izena zuen nire maiteaz oroitu naiz eta zure antza zuen.
MIRANDE: Bedeinkatua mila bider Josafateko zelaia, hemen betetzen baitira poeta guztien gutiziak. Danteren aurrean nago eta Mari miretsi dezaket bere haragi karnalean. Zorionekoa ni! (Eta ahospez jarri da mari eta danteren aurreari)
ARESTI: (mirande besotik hartuaz).
Jon Mirande... Jon, zu beti bezain bihotz bera. Zatoz zure onera eta goazen hemendik jaun hauek hitz egin dezaten. (barandiarani) Eta zu ere, zatoz.
DANTE: Ez, mesedez, gelditu zuek hemen, gu joango gara, San Migelen bila.
ARESTI: Nahi duzun bezala Dante. Egia, esan guk ez dugu nora joanik eta zain gaude, epaiketaren zain. Eta badirudi gauzak atzeratzen ari direla, baina gu hemendik ez goaz inora zerura edo infernuetara ez bada.
DANTE: (Irribarrez)
Edo linbora, agian, nork daki? Gero arte jaunak, eta ondo izan gelditzen zaizuen denbora apurrean.
GUZTIAK: Agur.
(Ateratzen dira hirurak eta argia itzaltzen da).